BANDERAREN ZINA |
Günter hartuko dut izena bolondresa izanen naiz
Kondenatu baten alaitasunaz harrikatuko ditut
Bidean agurtuko nauten epelak
Emakumearen ikarak ekarriko nau gerlara
Günter hartuko dut izena U-115 urpekontzian
Kermeza batean bezala eginen dut dantza
Etsaien hondo-kargen artean algaraka
Hordituaren harrokeriaz irainduko zaituztet
Günter hartuko dut izena bagoi bati helduta
Hurbilduko naiz geltoki ondoko etxeraino
Trenbideak balira bezain lasai iganen ditut eskailerak
Etsaiaren hondoratzea argazkitan hartzeko bezala
dorrera
Günter hartuko dut izena eta portu okupatuak
Etxe gozo bat edukiko du geltoki ondoan
Heriotzatik banentor bezain ezaxolatua
Pastis bat eskatuko diot edozein Moniqueri
Günter hartuko dut izena III. Reicharen
Legea ezarriko dut ume baten ikarak mendekatzeko
Menturaz ez natzaizu eder izanen baina
Günter hartuko dut izena eta maitatu beharko nauzu
© Koldo Izagirre