HODEIPEKO OROIMENA |
Atzamarrek zura laztandu zuten haztaka
Gurutzefikatu baten zauriak bilatzen genituen
Zaharberritzaileak ginen eta ukimenetik
Korastak karelak tapikuak sortu ziren
Bonantzako Kristoren elizako ate berdean
Txalo egin genuen klarionaren hautsa kentzeko
Buruketa zail bat egin bagenu bezain harro
Petrilean jarri ginen argazkilariaren ondoan
Itxaron dezagun eguzkia hodeipetik irten arte
esan zigun
Argazkia egin zuenean hurbildu ginen ostera
Eta atzamarrak listuan bustita ezabatu egin genuen
Gure lana inork kopia ez zezan
Irakaslerik gabeko arbel miragarri hartarik
Trabesak egin izan genituen nork arinago marraztu
Buruz ikasi genituen ate hartako pailebotak
bergantinak goletak
Baina orain galdua dugu umeak gineneko
itsutasun argia
Zura margotua izan da aldiro
Baliorik gabeko Kristo bat balitz bezala
Polikromatuan hondoratu dira ontziak
Labankada haiek gure aitonen aitonek eskainiriko
otoitzak
Balira bezala Ternura baino lehen bonantza eskatuz
Eta gure atzamarrek ezin dituzte jadanik azalera ekarri
© Koldo Izagirre