MARTIN MANN-EK

(BERLIN)

-e-

 

Esanen duzue

zer egiten zuen alemaniar batek

Euskal Herria deitu leku batean

han 42. urte inguruan?

 

Horroretik desertatu.

Ez zen leku egokiena, badakit,

baina Hitlerrek lortu ez zuena

ez zuen Francok lortuko.

 

Irrati aparailuak konpontzen nituen

herriz herri, etxez etxe.

Gaztea nintzen eta

larrua salbatu izanak

bizitzara amildu ninduen.

Ez dago arriskua bezalakorik

pasioaren ziztada potintzeko.

 

Ederra zen

eta nik loreak eramaten nizkion

promesa gazteekin batera. Atertzean

uhalde ertzetik ibiltzen ginen

ihesi zihoazen hodeiei begira.

Gerra amaitu egin zen

eta ni Berlinera itzuli,

orduan bete uste nituen promesekin.

Posgerra latza izan zen

oso latza.

 

Berlinek oinezkoen hilerria zirudien,

karriketan zebilen jendea

deslai, ogi bila

eta errua jaten.

 

Agian oraindik bizirik dagoke;

eta nork daki,

gauaren mozorropean

bere senarraren ondoan etzanik

ni nauka gogoan

oinazturak, une ilaun batez,

iraganeko gela itxi bat argitzean.

 

© Juanjo Olasagarre


susa-literatura.com