Koordenadak
Almitza hazten den lekuetan bizi gintezke
Inoren saihetseko burdinen artean sartu eta itotakoei arnasa nola hozten zaien ikasi
Ibaiko sunda dute begiok eskuok urriko zeru bat bezala aldatzen gara
Berariaz dagoz aireportuak gugandik hain urrin laino itsuaz haruntzago
Ibaiko sunda du saminak ere, ibaitu egiten da oroimena zauriak ibaitu
Eta bakeak urpetu gabeko lurrotan elkar maitatzera egiten dugu
Alboan zaitudan egiaztatu koordenadak berritu
Eta atzokoan loak non lotu gintuen idazten dut
Idazten dizut jakitearren arrotz ez garen lekuan atzerritar garen
Urondoan pausatu garen orea lotan bezala ala abantean igaro gehiengoz bozkatu galernen peko
Erbeste ederra dateke zure bihotza urre gorrizko kaserna
Baina lurmendatu ezinezko talaiak ditu gure maitetasunak
Baimendu gabeko eremuak ahora ekartzeko gaitzak diren izenak
Haitzen gandorrak bezalakoak jitoak daramanarentzat
Orduan libre ez garela aitortzen diogu elkarri
Zerbait hiltzen zaigula barruan eta bizi ez gintezkeen herriak habitatzen ditugu
© Jose Luis Otamendi