Bustiz
Euriak ez zinan bustitzen eta
berunezko telefonoak bezala ibiltzen hunan jendea
gaur kaleak luzatu egin ditun malenkoniaren
kateetara damuturik
behar bada bilatu gabeko bakardadeen biderkatzez
behar bada maitasuna maiztasunarekin
ezin uztartzez edo
ezin ahoskatuz keaz ezin
bustiz bustiz bustiz putzuak
zer egingo lukete maiteminduek zaparradarik ez balego
lehen behintzat aterkirik gabe baino
ezin izan gintezkenan benazko etzidamuko uhinetan
hemen beste itsaso bat hasten dun urrutiago
baina hik dion ezer ez dela jada berdin
ordea kaleak ez ditun sekula aldatzen izenak apika
higa daitezke berunezko telefonoak bezala ibiltzeagatik
kale alaienak kale hutsak ditun
bustiz bustiz bustiz putzuak
gaztain erreberrien usaina begiak ere erre ditzaken
inoiz loratuko ez diren jardin ertzetan
hemen itsaso ozenago bat hasten dun
ezkaratzaren ondoan hogeitazortzi zigarrokin
maitaleak beti daude zain peora ilunetan
behin egindakoa mila eta seirehun aldiz
pareta hezeegietan bermaturik ezker oina
bustiz bustiz bustiz putzuak ezin
belarria lerratuz eskaileren egur naufragora
berunaren pausoak bereganatuak dizkin
amorante hilen urratsak suma ezinak
kate alaienak kate hautsiak
orain guardasolak ditun nahiago
zenbat aldatu haizen
brujula askotako distantzia batean
© Harkaitz Cano