Kea behelainopean bezala

 

Gereziondo bat hazten ari dun nire zainetan

benazko entseiu hodi matxuratuak bihurtuz

takigrafiatu dizkinate musuak hire bularretan

agortu dun hondarra

sahara gobi eta basamortu gehiago ere

tatuatu dizkinate jainkoen bizkarretan

itsasoa aho bakarreko mintzagi

obenkeek ezin eutsi lain bihotzari tenk

biriketako naufragioan

sistoleak eta diastoleak garabiak kezko

uhildo lurrunak

milaka postale heldu ditun mundu osotik

ez al dun gogoratzen

hilak heriotza oso bat betetzen din gaur

kandelak itzaliak dizkin

desio bat eskatzea zilegi badun

ez dinat aingeru errudunen hegorik nahi

uhildo lurrunetan aske

zebilen nire arteriatan hire kresala

kea behelainopean bezala

 

gabian bukatzen dun iparra gereziondoan

hasten ditun nire zainak

 

 

© Harkaitz Cano

 


susa-literatura.com