Negar zotinka sortzen da musika

melodia tristeetan

bapatean flauta baten oroimin

doinua entzuten da

bihotza amets beraren paisaiapean aldentzen

gose den askatasuna

hildamua hedatzen inolako erresistentziarik gabe

gorpu gaineko lorea

taupadak oso astiro jaisten dira

euliak

doluaren zelaiak zeharkatuz urrunean den argira

 

tutu bat mihi gabeko ahotik

ez dakit ziur nora doan

odolez zikindu benda

itxaropena okerrena

bi edo hiru egun eta dena berdin berriro ere

odol lehortua darion lurra

beldur jarrai bera eskaratzean durunditzen

gaur gauen errepide bat hemendik kanpora

han egon behar dut

denbora hain nekaturik hazten da

ziztua entzun dezaket

eskua galdu behar dudala dirudi

patrikak lagunaren burmuinaz aseturik

 

eta oraindik korrika eta korrika ez atzera begira

gogoak ihes egin dezake

noiz arte ihesi noraino bidea galdu ondoren

urrun dorreetan izanen da andere bat

maitearen itzuleraren zain

gorpu gatibuan usteltzen

besoak zabalik besarkaturik

betiereko besarkada

adio eternala

 

ez izan beldurrik

trokatutako muinoen ondoren arbasoen lurrera noa

ama hizkuntzaz agurtzen dut jendea

ilargia sufesten modura altxatzen da ene herriaren gainetik

ezkilak entzuten ditut

ez egin negarrik

azkenik etxera noa anaien ondora

zerua izara zuria balitz bezala zabaltzen da

estaltzeko lur baten zain

 

© Xabier Aldai


susa-literatura.com