GAUR ARRATSALDEAN

 

Plaisir d'amour

ne dure qu'un instant

chagrin d'amour

dure toute une vie.

 

Gaur arratsaldean

maite duan lagun bategaz egon haiz berbaz,

etxean, bibliotekaren erdian

bazkaldu zareten mahai borobilaren inguruan.

Hotz zuan kanpoan eta

luze ibili zarete, astiro, honetaz eta hartaz,

Espriu irakurri duzue, eta Kavafis, eta

Miquel Marti i Pol eta Yeats, eta Machado,

maitasunaz mintzatu zarete, eta bakartadeaz,

eta horrelako abagadunetan aipatzen diren topiko guztiez,

beren buruekin bakea egin ez duten askok

hainbeste gorrotatzen dituzten gauzez.

 

Eta zoriontsu izan haiz

oso maite dualako adiskideori.

 

Azkenean baina,

itaundu dioanean adiskidantza

lotura sendoago batez josi gura lukeen,

ezetz erran dik, ezin duela,

eta zoriontsu izanagatik ere, nigar

egin duk heure bihozparrenean,

berak ez ikusteko moduan.

 

Agur egitean

maitasunez eman diok musu,

heriotzeak

bakartadean harrapa hintzakeelako

beldurrez betea.

 

© Andolin Eguzkitza


susa-literatura.com