Autobusa bideko jatetxe batean gelditu zenean, Otxarkoaga eta Berangoko ama birekin suertatu nintzen mahaian afaritarako.

    Senitartekoen autobusak gauez egiten du Puertotik Euskalerrira eta orduan ez nekien lortutako Baimen bereziaren barruan agindutakoa baino minutu bi gehiago, adixkideei buruz, liburuez edo zineaz berbetan jarduteagatik Joseba berriz zeldetara zigortu behar zutenik. Artean 83an ginen.

    Ordurarte bezala gerora ere etengabea izan da Joseba Sarrionandiaren emaitza. Halere urteak iragan dira garai haietaz eta orohar gartzelari buruzko poema liburua osatzeko erabakia hartu duenerako. Gartzelako Poemak honetan ematen direnetatik erdia edo orain arteko beste liburu eta argitarapenetan topatzen ahal badira ere, egilearen ukitu berriekin datoz eta gaiaren inguruan luzatzen diren poema argitara berriekin batera eman nahi izan ditu, lehenengoz.

    «Mezua deitzen den horren aurrean zalantza handiak ditut jeneralean» esan du Joseba Sarrionandiak eta liburu honetan inplikatu egin da halako osotasun tematiko bat hautatuz, akaso beste edozein baino gaitzago zaion gartzelako honen inguruan. Batzuetan egoeraren interpretazioraino ere helduz, oihartzun literarioez beterikako poemak dira hauek. Autoreak urteotan erdietsi duen berezko berba eta imajinariarekin liburu honen lekukotasunak, testigantzak, idazlearen menera jarri dira bere ahotsa emanez poemak hurbiltasun ia fisikoaz eta askotan modu arrunt gordinean luzatzen digun munduari. Bere ahotsa emanez preso egon denaren idazlearen munduari.

    Baina ez zaigu hargatik komeni ahaztea egileak beti edukitzen duela obra helburutzat, sartu bide diren bitarteko guztiak onerako dituela baldin eta xede horrekin bat egiten badute.

Gartzelako Poemak hau, hurrinetik ailegatu den liburu hau, Joseba Sarrionandiaren biografiaren aldi ezagunenetik hurbilen duguna da. Hain hurbil gutako askorengandik non urteotako literaturan bereizi ezina bilakatu den hartaz ari den: gartzela, oinazea, heriotza... Non dago honi buruzko urrezko metafora?

    Josebaren testuak, hain gustoko dituen baforeen antzera, euren kasa nabigatzen dira beti, galarrenaren ikara barik, irakurleari desio duen ur ildoa utziaz.

 

Ruper Ordorika

1992

 

 

 

© Joseba Sarrionandia

 


susa-literatura.com