URRAKOAREN HARAINDIAN
J'ai rêvé la nuit verte
aux neiges éblouies
Baiser montant aux yeux
des mers avec lenteurs,
ARTHUR RIMBAUD.
I
Ausentziaren azal beltza sardeskatzeko
indarrik balitz
gutunak izkribatzeko edo soilik
trenak urruntzen direnean agurrak
banatzeko leiho ubeletarik
bagenuke zorionaren gostua ahosabaiean
lotzeko gutizia
zorionaren haizeak non dauden susmatu
gabean ere.
hiriez bakarrik dagigu amets
bizidunak argazkitan itxuratuz
hiriez bakarrik dagigu amets
II
haurra bigarren aldikoz munduratzeko ordua
etorri da
eta zeruko izarrek nolako sakontasuna
duten gauean miresten gabiltza.
konturatzen gara atzoko egunetan bezala
zaila dela urostasun horren
partekatzea
axolarik ez daukaten kideekin.
etorri da...
III
laino ilunen artetik ageri zen ilargia
gorriska
aturri gainean miratzen
mundua zartaturen zela ematen zuen
arrats uhargian
gorriska
mila pusketako beldurraren
ispiluetan disdirari
gorriska
hilgo ote gara?
odolak ixuri bide dira
neguaren ezpal hormatuak gozatuz
hilgo ote gara?
errauts mineral bihurtu garen
betikoak daukagu hatsa
gorriska
laino ilunen artetik ageri den ilargia
bezala hauts ontziak baino ez garelako
IV
astuna geratzen da eritasun osteko sukarraren
moduan
hezurretan
begiradaren ortzaizean geldo
maltzur
hain dorpea
izan dea heriotz
gose
munduko lagun?
pentsatzeak jadanik
ainitz kostatzen duenean eritasun osteko hats
jasankaitz
bahitua
urturik doa
pena ttikien eremuetan
hain dorpea izan dea
heriotz
gose munduko lagun?
V
aztiak idatzi zidan
lasai itzuliko haiz urratsez
urrats egunez egun
eta nik
365 egunez egun?
gauez gau 364?
nunca volveras zioten beti abesti lehorrek
herriko irratietako frekuentzia modulatuez
aztiak idatzi zidan artean
lasai
eta nik,
VI
seigarrenari bakardadearen izena erantsi
genion eta bazkide nagitsuek
onhartu zuten
bakardadearen izana gaitzetsiz halere
erran zuten:
begira
geldi dedila bakardadea eresiak
plegatzen dituztenen
altxor estimatu
ihardetsi genien segidan:
bakardadearen dudak
jendearen minak ere badira
erdiminak agian?
altxor estimatuaren erdiminak ote?
VII
norekin mintzatuko gara orlegitasuna goizeko
hamarretan
aharrosika itseskatuko denean?
amnesiaren aurka borrokatu ondoan oroitzak
ahanztearen erregebideetan
galduko direnean?
iratzarraldi bakoitzean usteko dukegu
elasturiaren haria hautsezina dela
edo desertuetako areekin bihurtuak garela.
maite ditugunak/maite gaituztenak? baino ez
esperatuz
musika airosek soleitzen dituzten plaza
borobiletan...
VIII
dena egia izan da bizitzaren orenean
zinezkoa guzia
senditua haragiaren ikara
herabearen haritik
dena egia izan da irria baratzeetan
euria ahurretan eta amodiozko solasa
geltokian
egia izan da gero bizitzaren orenean
negar gogoa arrastirian
haserrezko hitzen errondan
dena egia izan da bizitzaren orenean
oraingoan egia bera pairatzen baitoa
IX
hizkuntzak aldatuko zaizkigunean bihar
edo etzi iluminatuan
ez dugu jakingo nola diren ahozkatzen
aditzak eta indar gehiago beharko dugu
kristalak eztitzearren
hire alaba bizi bada
mauliala dün juanik
gauezko eskoletan sartuko gara
dislexiak zuzentzeko bezainbat
zorionaren deklinabide berriak
ikasteko
amak ützi nindizün
bedats azkenian
ikasteko
han züzün xedera
oi ene malürra
hizkuntzak aldatuko zaizkigunean bihar
edo etzi iluminatuan ortzeak gris nahi
X
harrapatu haunat donapaleuko argi zurpailen
itzalean osoki edana
ezkont eztiela beldürrez kantatzen
jautzika
urrezko lauburua papoan
atzoaren memoriaz hanturik
toka... noka... hika... ika... jautzika(***upa)
ilunaren sarraskiari
iraun dezakegunez eskatzen
pakean utzi arte utzi arte abesten
zintzurrak larrutzen
aspaldikoa
harrapatu haunat donapaleuko argi zurpailen
maldan agian agian jeikiko direla sinesten.
XI
eta gustatzen zaigu haranetarik altxatzen diren
laino arinek zein errez beztitzen
dituzten xurxuriak ikustea.
eta gustatzen zaigu ortzi grisetarik eurialdia
lantegi desertatuen herdoilaren joanean
nola den jostatzen entzutea.
eta gustatzen zaigu gaueko atari segretuetarik
mendi elurtsuei so egotea hurbil litekeen
amore laztanenaren haiduru.
eta gustatzen zaigu malko zaharraren aintziran
bihar bahituaren hormatzearren menpeko
ahur zaurituak bustitzea.
eta gustatzen zaigu goiz nabarretako argizpiek
sortalde amoltsutik gazteluko harresiak
gorritzen dituztelarik esnatzea.
eta gustatzen zaigu erreka hertsia hain garden
hiri mutuan zehar ixurtzen delarik
belarminen hobiraino segitzea.
eta gustatzen zaigu ortzaizean ubelaren lerroa
behatz dudakorraz betirakoan marraztea
haritzak zenbatu aldikal.
eta gustatzen zaigu hereneguneko kide bakartia
arto landa berrietako hildotxorien antzera
arinaren leihorrean kurutzatzea.
XII
..., ez dok hamairurik I.
edo bai. hamabigarrenaren pasartea duk
beraz:
ama 3
ainarak lokar arazteko erabiltzekoa
den zenbakia dela
dioat,
edo bai.
ama 3
igande hormatuak tren kontuak orain
sabel hutsen
zenbaki okerra
quai no1 voie 4
en direction de paris-austerlitz merde
latza
dioat,
edo bai.
AMA 3
neguko gutunak amodiozko koplez eta
jarrai
eskapatzerainoko lurrean
«hamabostean behin... etxerako bidea
buruz ikasia...»
dioat,
edo ez.
...,
AMA 2
euri uharrak kartzeletako teilatua
zaplastatzen
askazoriz
bizitza!
ama 2. astia. DIOAT. badiaguk. hemen. STOP
reagge: ... ... ... ... that train i need you sto
© Itxaro Borda