Sartaldetik datozen hedoien artetik
ainaren hegaldi arinak dakuskit
arrats apal lasaietan.
oihuka has nitake baina ondikozko
hasperen gordeak oro higatzen
zaizkit gauaren mortuan.
esperatzerik badea?
laparreko elorria eskutan hartzen dut
geroaren mikatz dardaratiaz
herabeki betetzeko.
ainaren hegaldi arinak dakuskit.
negar gogoarekin irriz nahiz nago
ortzeak hondorik ez duelako.
esperatzerik badea?
ipular dudakorretan denbora pasatzeko
haragi puskak bortizki plegatuz
atzoko arpegi larderiatsuak
astiro arrakonposatzen ditut
ordea satorren egunerokotasunean
nehor ez duket ezagutzen.
esperatzerik badea?
haize hormatuak ur gosez dauden artadi
zabalak aspertzeraino laztantzen ditu
bihiak irinaz hustuz betirako.
lurrean etzanik amesten dut behineko
amodioaz sangreatzen nautela
eta hire gorputzaz asekaitz ibiltzen naun.
esperatzerik badea?
esperatzerik badea?
esperatzerik badea...
© Itxaro Borda