Ez dago estatistika baliodunik agertzeko pobrezia arrunta hor
dabilela gure atarietan zoko usaineko isolamenduan kolpeka
munduko hizkuntza biluzienetan mintzo dela desaragiturik eta ardo
txarrez blai.
estatistikek gainera ez dute erakusten ahal nola lotzen den
pobrezia larruaren horbainetan alabaina ez dira joanen SOFRESeko
aburu ikerle probatuak metroko biztanleei zenbat irabazten duten
RMI ala ASSEDIC? galdegitera soldaten moiena nazionalaren apal
arazteko arriskuarekin
satorrak zuloetarik atera dira.
goiz honetan italiako etorbideko merkatu irekian ikusi dut
amona mozkortu bat lurrean kuxkurtua etxegabea menturaz hotzak
hartua eskea egiten hiru urte duela Gif Sur Yvetten (ez dakit non
den) sortu bere arrahaur «Garbigne-Oyhana» ren asetzeko doia.
Front Nationaleko eta Alderdi Socialisteko militanteak
parrean golko pertsikoko gerlaz gatazka ozenetan.
nazka
ogia erostera abiatzeko indarrik apenas
© Itxaro Borda