Denbora asko behar da ulertzeko

hedoi urdinetik datorkigun euri

ttantta amodioa dela,

denbora asko ere garai batean

sahetsean genituen kideak

maite ditugula oraino sinesteko

denbora asko naski

jakiteko aldaketa sakonen ordez

higamena baino ez dugula

hatsartzea,

erretzen gabiltzala,

egunero denbora asko gau hartan

betirako pausatzeko,

denbora asko:

mineralizatzeko denbora...

 

© Itxaro Borda


susa-literatura.com