Bizitzaren gaxura edaten genuen urteberriko gauean
hortzak tinkatzen genituen tabernetan sartzean eta
gero arpegi hormatuetan desgostua bezalako zerbait
antzematen genukeen, negua edo iluna zelako; segidan
gorrotozko keinu hutsak agertzen ziren ezpain ubel
eihartuetan, edo beldurrak zituen behakoak mikatzen
gogoratzen ginen nola apirileko arrats euritsuetan
bibolinak piano nostalgikoa ederki lauzkatzen zuen
maitemintzen gindoazela: ortzantzak usteltzen ziren
zeru griseko hedoi hurbiletan, ikaratzen, gure hatsa
erretzen genuen, Mozart aipatzerakoan hiri beltzeko
ate burdineztatu gehienak hertsi zizkiguten blanp!
ibai nagitsua itsasora ixurtzen zen kasik egunero
zubipeko harriak gozatuz eta belar malgoak bustiz
eremu desolatuetako ametsak betirako uretan urtuz
Pinpirina bilakatu zinen astean, ilargia irriz ari
zen uhainaren amodioaz asekaitz, ekaitz orlegietan
barna hain barna, erregin zuriak astiro zirikatzen
eskuartean mina kabitu zitzaigun: odoletan ibiltzen
ginen mendiak zeharkatuz, karrikako itzalean gordez
hizkuntza arrotzeko solas legunak ahalgez ahoratuz
urrikiz kurutzatzen gintuztenen begietan ez genuen
barkamendu izpirik irakurtzen, galdurik ginabiltzan
urradura gorriz hazten baitziren zauriaren arrosak
oihan hezeetan aurkitu genuen mendeetako gerizapea
iratzeak laztantzen genituen salda epelak irentsiz
telesailek ez baitzuten oraino haizerik iragartzen
bustinez aserik mintzaira elkorren larderiei ezetz
erraten genuen apalikan, baina ixiltasunak mututzen
zizkigun zintzurrak belarriak zilatzen karrakatzen
indartsuak zineten aitatik semera etxalde eroritan
barbariaren kromosomoak bekaizki bereizten aritzen
zinetenak, zuek, Aitorren hazi zorionez jaioak, linea
zuzenaren arbolako branka disdiratsuenak, moralaren
zaintzaleak, bihotz haren neutralizatzale hoberenak
zuek, munduaren akabantzan erdilik nahi gaituzuenak
urmael zizkolatsuen ezpondetan negar egiten genuen
goiz urdinez betetzen ziren kasko muhin brumatsuak
aspaldiko partez damuzko langar eztiak gutiziatzen
genituen, larruko laban minberetan hotza senditzeko
bularretan behera oroitzapenak hauts bihurtu diren
marmolezko haltzei eskatzeko, ainarak itzuli artean
maiatz mantsoko eguzki urrats horailak intzirikari
aditzen genituen, deiadarka, salbamen faltsuen mugan
leize ezkinetako kemen ahulak lainotzen, sua pizten
biharraren ortzaizean, eta gure urtxo xuria pausatu
zen haritzaren abarrik meharrenean, hegalen melodia
hasperenez, argi nabarrean, aire nekatuei oparitzeko
erreka hegietarik abiatu ginen orduan oinez ikatza
aintziretako leihorretan garbitzeko lehiaz, sabelak
kedarraz antzutzeko asmoaz, desiraren ezpalak munho
elorritsutan biltzeko, orbainen latza ordu beroetan
gantza arinez sendatzeko, edo ondartza bakartietako
sable hagundunean etzaten ginen gorputzak aurdikiz
herriko plazetan jendeak ikusten genituen banderak
agurtzen bizkar hezurrak konkorturik, gosea zer zen
etzekitelarik, laguntza apurra ardietsiko zutelakoz
hilotz uste gintuztenak, lau taula murriztuetan hor
ehortziak, esperantz jeloskorrenen malda karatsetan
sekulako amnesian desagertuak, mendekuaren baimenez
geroztik kaiertzetan azken trenen zain egoten gara
iragaiten diren lertsunei begira, haurrak sahetsean
eta bele sarraskituaren ipuina kontatzen dugu bost
minututan, eta seaska kanta xuxurlatzen, zure itxura
aldatze biderkatuen kronikak altzeirutan jarraituz
oinazezko malkoaren hildo kiretsen hitzak laudatuz
© Itxaro Borda