Askatasuna nahi zuen herrikoak ginen

mendearen barbaria arruntaren mutilek

sufrantzari uztartu gintuzten artean.

legepean zamaketari trebe bihurturik

irri gogoa desagertu zitzaigun bihotz

ustelduen barnetik, eta gosez ginauden

ogia ez baitzen usu errez partekatzen

madarikatuak zirenen mundu herrestan.

 

eta gosez ginauden buruarekin hormetan

kolpeka, begi ondoan odola ixuri aldean.

mendeku hitsen moduan gero hurrupatzen

genuen negarraren hotsa ahanzterainoko.

heriotza gure bigarren gutizien bidean

esnatu zen azkenik, gosez ginaudelakotz.

hatsaren erreinuan zintzilik gelditzeko

minutuan eguzkia agertu zen ortzaizean.

 

© Itxaro Borda


susa-literatura.com