18

 

Zurekin nago Bilbon

Non uralitazko zeru horrek gure begi nekatuak ausikitzen dituen

Non goizero betiko irudi ilunak gertatu eta deuseza

Deuseza sukarrez populatzen den

 

Zurekin nago Bilbon

Non ilunabarrak urturik erortzearekin batera

geldiro zatikatzen duen eguzki grisa ibai ahaztu baten eskeletoa

zubiak ahoa zabalik negarrez ari direla

 

Zurekin nago Bilbon

Non deus ere ez den zeharo egiazkorik ez kautxozko malkoak

isurtzen dituen jainko metaliko hau

ez kiratsa darion gonbite larria

ez berripaper puskatuen bidez itzultzekoa dela

gogorarazten digun gaua ere

 

Zurekin nago Bilbon

Eta nire begiek hiri maskaratuaren kolorea daukate

 

Zurekin nago Bilbon

Non gogo gazteak euren paradisu laburrean alferrikaltzen diren

gauaren makineriaren kontra

Non lilurapenak setiatu dituen ur izoztuak begi keinuka ari zaizkien suzko zalditan

datozen aingeru beltzei

Non jaberik gabeko gorputzek gela ormagabetan makurtu eta

haragi zuriez & zakilez & ejekulazioez & drogaz

& ezinezko maitasunez egiten duten amets

leihoan zehar Horroreari begira

Eta Horrorea etorri dator eskizofrenia eta stress &

kafesnez blaitutako papurrak eta pan zuhaitzak

& ilargi kerrako ataka eta tronpeta urrunen artean

 

Zurekin nago Bilbon

Non gogo hoberenak herrestan doazen bele beltzen heriotzak

erreinatzen duen unibertsitateko pasiluetan barrena

Non eguzkitan etzanik azkeneko belarrarekin batera

azkeneko hasperenak askatu eta otoi egiten duten isilka

speed irentsi eta aintzinako ezagutzaz jabetzen diren

euren ezpainak odoleztatzen direlarik

Non leunki garandutako ametsak eraikitzen diren baina

eros ezazu gure produktua-ren mafia ilun batek ipurdia

apurtzen dien

Non jendeak indarra galtzen duen maitasunaren inguruan

berbetan

erostetxe haundiko plastikozko poltsetan maitasuna bera ahaztuta

 

Zurekin nago Bilbon

Eta nire begiek zure esperantza zorroaren kolorea daukate

 

Zurekin nago Bilbon

Non taberna honen ahoak okatu eta hurrengoarenak irentsiriko

peripatetikoen batailoiak ez duen amaierarik ikusten eta

Babel Dorre mota berri bat eraikitzen saiatu den

Non esku ameslariek suari zaunka eta isiluneari ekortu egiten

dioten hego haizearen izerdiak sufrituz goiz grisaren etorkizun

gazteluak margotuz gure buruak bakean suntsi ditzagun

hots eginez

Non hilzoria biluzturik aditzera ematen den kaleetan

euren etsipenez eta deusezko intoxikazioa beste inongo krimenen

errurik gabe

 

Zurekin nago Bilbon bai baby yeah

Benetan I've seen the best minds of my generation

etabar makabro bat

 

© Joanes Urkijo


susa-literatura.com