BIHAR - 1

 

Azken barrikada lastozko andramaloak eta trapuzko

gizontxaperoak eta zuhaitz genealojiko guztiak sutan

Ederra izanen da gau edo egun

Eta beharbada lortuko dugu minutu horretan herri honetako

estatua guztiek minutu beteko isilaldia gordetzea

Bai bihar egun baino egunagoa izanen da

llargi berdinetik edanen dugu

Bihotz guztiak esku guztiak bihotz

Pozik egonen gara behar adina pozik

 

Bilduko zaizkigu hika jainkoari bakarrik egin ahal izan diotenak

Erregeren lepoari zerion arnoaz eginiko odolkiak lepoan

Alostorreko leihoetarik behatuak izan z¡renak

Arbasoen basotik ihes eginiko basajaun makilatuak

Siberia guztietarik helduko zaizkigu eskuak

Arma eske Ezpainlapitzik gabeko putarik ez

Estrapozo eginen dugu estatua suntsituekin

Kale guztietako izenak aldatuak izanen dira amodiozko

mehatxuak nahastearren

Hainbeste bider naiz irakurria eta hainbeste hizkuntzatan dago

idatzia non euskara bera asko den iadanik bihar osoa ikasia izateko

Entzun inozoen proposamen zoroa Orain mozten ahal dugu bizarra

 

Doan izanen da maitasuna kanposantuko paretean doan afusilatuko dugu

Eta baten batzuek boluntario

Urria izanen ez den oktobre bateko eguna izanen da bihar

Denok aspaldiko ezagunak izanen gara ez da zaila

Norbaitek gogoratzen al zarete esanen digu eta oroitzen ez garen

solidaritate batez mintzatuko zaigu ezizenak arinki emanez

Baietz eginen dugu eta zurruta eta zurruta ez diezaguten esan festazaputz

Hasiko zaizkigu zangoak hizketan eta sudurra ikusten

Zoriona ezinezkoa ez delako froga

 

Ilargi berdinetik edanen dugu

Minutu beteko edertasuna

Besarkatuko gaituzte eta ez ditugu besoak sobera estutuko

Goraki oihukatzen duten beleei erreparatuko diegu

Eta kanposantuko lainotik datozen zuloei

Bihar ez da egun ez da eguna

Biharamuna da

 

© Koldo Izagirre


susa-literatura.com