ARESTIREN MAILUMA - 3

 

Maizegi ematen diogu negarrari

Umezurtz gaudela umezurtz utzi gintuzula

Poeta beti umezurtz ez balego bezala eta bakar

Orain Barcelonako euskaldun unibertsitate mutil haiek

Beleak bilakatu dira eta mokoa gure bihotzean odoldurik

 

nevermore

 

Errepikatzen digute ankerki

Etxekotu egin baitira kanpoko errainu beltzak

Eta ilunpearen eremua zabaltzen dute luma zuriko

Ohatze xamur bat eskaintzen digute

Kontestazio korrektoan

Mokoan dute gure galde guztien erantzuna

 

nevermore

 

Hegan nahi ezik zuhurtziaren patxadan

Eta erantzuna bera dute izena

 

nevermore

 

Inoiz sekula gehiago poemarik b¡luzi poema biluzirik

Inoiz sekula gehiago urak bide egin dezan utzi

Urari bidea egin behar zaio mea culpa mea culpa

 

nevermore

 

Ez dute sinetsi nahi hondarrean bizi garela

ltsas hondarrean Bizi hondarrean

Uhinik heltzen ez den hilondartza

Eta mokotan hartzen zaituzte eta laudatzen

Ez dakizu zenbateraino behar dituzten zure harriak

Luma damutuek

 

nevermore

 

Mea culparik abestu ezak salbatuko zaitu gure kondenatik

Urre orritan oparitzen da zure poesia

Eta merke saltzen da Arestik maitatu zuen puta hau

Ez dizkiote aberriari bihotzaren mugak aitortu nahi

 

nevermore

 

Poeta zikiratua etzan zaituzte luma lehortzan

Ez gaituzu irakurriko baina konjuratzen zaitugu

Badaukagu zurekin solas biren zorra

Zaurietarik hartzen dugula arnas galdua dela zure askazia

Errentariak jabetu direla zure aitaren etxeaz

Kabia egina dutela gure zaurietan ez dute irten nahi

 

nevermore

 

Lagun iezaguzu beleak eta errentariak harrika uxatzen

Ala ez duzu nahi zure aitaren etxea gure balizko errota

Haizatuko ditugu eta ez dira jazarrera bilduko

Ez dituzte lantzak atxikiko ez dira kixoteak

ltxura hutsekoa dute zoramena

Orru eginen digute barrikadarik argazkigarrienetik

Edo Gernikako Arbolan eginen dute kabia

Herri madarikatu honen umerik jatorrenak urkaturik dauden adarretan

Eta ez diegu itzulten utziko

 

nevermore

 

Eta datozela ur debekatu guztiak zure aitaren etxeari lur jo eragitera

Eta azpian harrapa gaitzala

Utzi zenigun poesia mailu bilakatzen ez badugu

Utzi zenigun mailua poesia bilakatzen ez badugu

Adorerik gabeko poe

 

nevermore

 

© Koldo Izagirre


susa-literatura.com