HAZTAMUKA GABILTZA
Haztamuka gabiltza itsuok ilunbetan,
ezin ditugu gainditu
aurremarkatutako mugak,
katu itsuok.
Ez dugu jaberik, ez dugu behar
geure eremuan ibiltzeko,
egun eta gauetako ehiztari trebeok.
Berotan eguzkia nabarmentzen dugu
eta eguna oihuen bitartez.
Urragarriagoak dira oihuak gauez,
eta gurgurak goibelagoak ere.
Koliseo-n bizi gara azken sasoi honetan,
ehunka, turistei laguntzen.
Dekoratu historiko honetako
gauzarik biziena geu gara, katu itsuok.
hauxe dugu gure etxea
eta haiek arrotzak dira;
inoiz ez dute Erromaren haunditasun
zaharra konprenituko,
gure begiekin batera itzali zelako.
Geu gara kontu horren zelatariak,
jakin bait dakigu zehatz mehatz
Julio Cesar zergatik hil zuten,
baina hori da gure sekretua;
hauxe bait dugu gure etxea
eta haiek arrotzak.
Venezian-n gaude ehunka ere bai,
hiltzen ari den hiri fantastikoa zaintzen,
eta egun hauetan ez dugu
rnozorrotu behar, katu itsuok,
beti ihauterietan bait gabiltza,
zanbuluka, hordituriko, ipuin batean
amestutako karriketan.
Geu gara gondolarien gidariak
jakin bait dakigu zehatz mehatz
itsasoa zergatik iraungitzen ari den,
baina hori da gure sekretua;
hauxe bait dugu gure etxea
eta turistak arrotzak dira.
Hemen gaude ere ehunka, milaka,
karrika, zulo, espaloietan,
zelai, sakan, baso, mendietan,
eta ongi zainduak etxeetan ere,
haztamuka gabiltzan katu itsuok.
© Joakin Balentzia