DRAMA BATEN BI ESKENA

 

-I-

Sufrimendua, oinazea, mina:

bizitza gogorra dugu gizakiok.

Baina egin ditzakegu galderak,

zeruari edo infernuari,

geure buruari,

eta nolabaiteko erantzunak aurkitu.

Beste animaliek, ez,

eta agian horregatik askoz gutxiago

sufritzen dute, bakartiak,

beren txokoetan isolaturik,

beren baitan sarturik,

minari mugak paratzen saiatuz.

Oinaze, sufrimenduak berariaz

murriztu behar genituela, erran nizun,

gure aldamenean tragedia gehiegirik

ez sakabanatzekotan,

sufrimendua ere

giza konbentzio bat dela aipatuz...

Baina hori erraza da erratea, erran zenidan,

sufritzen ari garela,

besteen, lagunen edo munduaren aurrean

antzezten bait dugu gure papera, noski,

baina premiazkoa dugu hori

lagunek bederen, greziar eraz,

'pertsona'tzat hartu gaitzatela,

horrela gure sentimendua nolabait

gurekin konpartituko dutelakoan bait gaude;

gizakiok, azken finean, pertsonak gara,

aktoreak, ez animalia arruntak,

gure bizitzaren beraren antzezpenak

ahalik eta hoberen eginez,

egiazko bizia komunikaezina

dugun bitartean.

 

-II-

ŤOso latza izan dať,

erran omen zuen Josebak

torturaturik hil baino lehen.

Hori bakarrik,

bere epitafioa idatzi nahian bezala,

Ťoso latza izan dať.

Hauxe izan zen heroiaren

bere papera, hitzez, arrunt motza,

bere bizitza eta heriotzaren sekretua

berarekin eramanez, agian

geure euskal tragedia

gehiegi ez sakabanatzeko asmotan,

gure eskuetan utziaz.

Etsaiek, pizti bihurtuek, berez

ulertzen ez duten hizkuntzaz

ahozkatu zuen Josebak

euskaldunok idazten ari garen

poema epiko honetan

bera ere pertsona zela,

oinaze anitzen zentzu sakona

horrela maisuki laburtuz.

Esaldi-epitafio hori ere, berez,

ezin da beste hizkuntzetara aise itzuli,

herri ia oso batek bere drama,

tragedia edo komedia propioa bereganatu,

txontxongiloa ere ez dela,

protagonista baizik, aldarrikatu,

munduan bere papera eta teatro-lur osoa

barreskuratu,

berezko konbentzioak,

lainoa eta eguzkia hartzeko

eta heriotzarantz joateko modu berezia

sortu nahian dabilenean.

ŤOso latza izan dať, beraz,

ezin da aise itzuli guzti hori,

etsaiek, piztia bihurturik daudenez,

pertsonak ere izan nahi ez dutelako.

 

© Joakin Balentzia


susa-literatura.com