ITZALETATIK GUTUNA
Betiko adiskide maiteok:
Ez zekiat
zuen oroimenaren tolesduraren batean
izango ote duzuen txokotxo bat neretzat,
edo nere izena
zuen afalosteko ke laxoetan inoiz
korabilkatzen ote den oraindik.
Ez zekiat ezer, hemen
-muskerren agindupeko herrialde honetan-
zaila bait duk
herbestetik albisterik jasotzen.
Baina, horrela balitz halabeharrez,
libre nahi zaituztet utzi, erabat libre.
Ez dezan
-ezta lipar bakar batez ere-
nere izanak, nere izenak
zuen asti premiazkoa ohostu.
Ez ditzan, sekulan,
ari zaizuen memelo petral honek
zuen erabaki, zuen ekintza nahitaezkoak eragotzi.
Hainbat eta hainbat oroitze neketsuren zama
neronek eramango diat aurrerantzean.
Neroni abiatuko nauk erromes
erresuma goibeleko bideetan barrena,
harkaitz barneliluratuen laguntzaz,
ortzearen begi zorrotzen menpean.
Eta nere oinek
harrotuko duten hautsaren artean,
beste oin batzuk
(umeren batzurenak)
ikusi ahal izango dizkiat
(zapaltzen zitalkeriaz neureak)
eta hegohaize onbera
zauritzen duen mingain ankerra
eta oilarraren burua katuek janda,
zuen kopeta ederresten duen odol eskerga.
Ez duk inon basamortu
nahikoa handirik egongo
non nere gorputz satsua
nere gogo okerra ehortzi;
non nere bizarra erre
eta arrubio ederrei
begi akitu hauek eskeini;
non helikoptero goseti baten antzera
besoak amorru biziz astindu
eta iletik tira egin,
arratoi hilek eta zapata ustelduek
mutu betetzen duten urlo kiratsua
agerian laga arte;
non nere lerdeak uzten duen arrastoa
jarraitu tematsu arrengurak.
Ez duk inon basamortu
nahikoa handirik egongo
elkar ezagutu genuen eguna
ahal izateko deitoratu.
© Xabier Montoia