AITORPENA |
Nik,
hainbat urtetan pistolari lotuta egon ondoren,
damu dut.
Alai bitez egunkariak
betetzen dituzten ipurdi gorriko mandrileak!
Topa egin bezate jatetxeak
betetzen dituzten moko okerreko demokratek!
Dantza egin bezate putetxeak
betetzen dituzten kolore guztietako txakurrek!
Damu dut
galdutako urte guztiez ohartua,
nere ihardunaren alferraz jabetua.
Damu dut
eta zin dagit aldi berean:
ez nauela berriro errebolberraren distirak itsutuko,
ez dudala aurrerantzean hutsik egingo,
ez naizela sekulan banan-banan gehiago arituko,
aukeratuko dudan arma
zehatza, azkena, erabatekoa izanen dela.
Laister
abiatuko naiz Amsterdam aldera
eta sagu txurien hiri
horretako mila eta berrehun zubien azpian,
The Dealer, Trafikante Gorena
aurkituko dut lanbro artean
eta nere labanaren argi gardenak
bere arrain-begiak itxiko ditu betiko.
Mozkorraren alaitasunaz,
atletaren harrotasunaz
paseatuko dut kanaletan barrena,
drogarik indartsuenaren jaun eta jabe
armarik perfektoena bihotz ondoko sakelean gordeta.
Alferrik miatuko naute jendarmeek.
Aduaneroek begirada zorroztuko dute alferrik.
NOTHING TO DECLARE. RIEN A DECLARER. NADA QUE DECLARAR.
Alferrik.
Ez nauzue kaleetan
zuen aldamenean igarotzen ikusiko,
baina hala ere hor izango naiz.
Ahaztezina.
Ez nauzue gehiago ikusiko
mamuok, monstruo txepelok!
Nik zuek ere ez, hori pena!
Eroritakoan,
lo astunaren makarrak kendu nahian,
komuna edo sukaldeko zolan erorita,
hortzak garbitzeko zepilo zorrotzetan zeharkatuta,
Larrun mendia baino bakartiagoak,
dardarka hasiko zarete, barrenak botaka:
mandeuliak, txinaurriak, azkengabeko esteak.
Nik,
mamu ikaragarriez lurra libratuko duena,
Clark Kent, Captain Marvel, superheroeak oro batera,
damu dut, damu naiz
pozoin isilaren abatailaz
berandu oso ohartu naizela.
© Xabier Montoia