ARRASTOEN BILA

 

Hire bularrean lerrotzen diren galderak

bere horretan jarraituko dituk oraingoz,

teilatuetako antenen eran

haizeak behin eta berriro zigortuak,

zirimolo ankerrak torturatuak,

kresala tematsuak herdoilduak.

Eta alferrik izango haiz

esku leunaren ozonozko ferekaren zai.

Bai, alferrik,

sekulan ez bait zaik iritsiko

dakienaren pake ekurua,

ezta beste hura sikiera:

hashisaren pake merkea.

Ahatik, haien inguruan

haziko dituk osinak,

laztatuko dituk sasiak,

haietatik gora igongo dituk

belar okerrak.

Sastraken artean itoak

desagertuko dituk betiko.

 

Eta saiatuko haiz, apika,

hainbat gauza berreskuratzen:

auzoko zinema ziztrin hartan

emandako ordu llaburrak,

bere aho mirakulutsuak

hire zakil herabetik

lili sortak

isurrarazten zituenekoak.

Edota tabernetako bero goxokoak,

lehen begirada goriek

alkoholak baino gehiago erretzen zutenean.

Bera ohitura alaia

besterik ez zenekoak behintzat.

 

Ez duk ezer ulertuko

ez bait duk inoiz

agerian dauden frogetan

erreparatuko:

Mahaitxoaren gainean datzan argazki zimela.

Bazterreko zapi morea.

Oraindik hire azala

aberasten duten karmin-hondarrak...

 

© Xabier Montoia


susa-literatura.com