IZENA

 

Ilunabarrero

esklabuen artetik,

eta katenbegi bat gehiagoz nere kate luzean

(honenbestez hain luzea!)

sukalde ilunera osteratzen naizela,

kriseilua piztu

eta abarketak jantzi ondoren,

nozitzearen plazerrari hain emana,

oroimeneko zaborra

arakatzeari ekiten diot gogo biziz

eta hainbeste lizunkeria, ustelkeria,

hainbeste plastiko,

metalezko hondakin herdoilduen artean

zu zara, egoskor,

bizirik dirauen bakarra,

nere barrenetako basurde asekaitzak

irentsi ez duen lore bakar eta bakana.

Eta nola izan lasai

hainbesteko edertasunaren aurrean.

Nola eutsi negarrari

eguzkiloreak oro zureganantz

bihurtzen direnean banan-banan,

kilkerrek zure izena

errepikatzen dutenean behin eta berriro,

nekaezin,

zure izen xaloa,

hainbeste goizetan nere eztarria

garbitu, ferekatu zuena.

Nola eragotziko dut negarra

neuk, garai batean

zure lehen musuaren eztiaz

gosaldu ohi zuena?

Orain eskukada bete euli

ahoratzeko besterik ez duena?

Neuk,

bere burua gorrotatu arte

maite zintuena.

 

© Xabier Montoia


susa-literatura.com