HERRIMINA
Hau ez da New York
baina, halere, neoiena dugu
garbitzen gaituen ur bakarra,
jazten gaituen ama ubela.
Hemen Vitoria-Gasteizko hondar biguinezko plaietan,
eskeletoak datzate irribartsu,
farolen mila eguzkien indarrak
bihotza
atzera emango dien esperantzaz,
eta hemendik ere, nola ez ba?
harro pasiatzen da
azabatxezko pantera,
betidanik lelotu ohi gaituen berbera,
begi urrikalgarriez arrenka ari zaizuna:
Laztan, laztan nazazu...!
Ez, ez luzatu eskua, ez...!
algaraka agintzen dizu zuhurtzi ibiliak.
Baina alferrik.
Zer ez zenuke zuk emango
bere bizkar fosforargitsuaren ukipenak
eragiten dizun hotzikararen truke?
Lousiana estatuko espetxeetan,
aulki elektrikoan eseriko den azkena
nahi zenuke izan
eta borrero, apaiza eta argazkilarien aurrean
oihu egin ozenki:
Hartu, nere zainak zuentzat!!!
Bareak utzitako bidezidorrean barrena
abiatzen dira gau-aeroplanoak tropelka,
flipper-en malkoak erregai,
xaguzaharren bihotz niminoak xedetzat.
Baina ez dakite gizarajook
aurrean zai daukatena.
Ez dute inoiz entzun
orratzen zitalkeriaz,
olagarroaren beso tatuatuen kemenaz,
magnolioen arriskuaz.
Ez dute inoiz entzun
belarriak
har berdez bait dituzte beteak,
idiaren urdailtzar itzelak
-horma zuritik zintzilika-
dena gortzen bait du aieneka.
Wolfraniozko botila ikusgarrien laberintoan
galdu dira itsu,
denboraren ertz zorrotzetan zaurituz.
Eta elizok lortu dute azkenik
haien ametsik ezkutuena:
Gurutzea izan
apoaren hilobi sakratuan.
Hau ez da New York
ez, baina halere gau batzuetan
taxis bat harrapatzea ez da lan erraza.
© Xabier Montoia