POSTRERIK GABE
Lantzean behin badirudi
heriotzak ez duela oro bete,
ez dituela bere ke zurixkak
etxe honetako gela
zoko guztiak belztu,
baduela irribarrak non jolastu,
non bizi, non geratu,
non atseden hartu,
badagoela une bat
-une bat sikiera-
leihoa irekitzeko,
arimaren jeranioa izoztu gabe
etsipenak.
Lantzean behin
oso lantzean behin,
ez ditugu hiriaren hagin
zorrotzak ikusten.
Beraren ezpain moreei
darien lerde nazkagarri horri
likore garden eta atsegina
deritzogu alaiki, eta nahiko genuke
musu bana eman zezaten
gure begietan eta berriro ikusi,
ikusi ezpain itzel horiek
mirakulu berri bat burutzen:
hilik, aspalditik hilik
zetzan zakil ahantzia berpiztu
eta elur zurienetaraino igoarazi.
Lantzean behin,
beti lagun dugun oinaze zaharrak,
mahaira mamu artean eseri araziz
barre egiten digu bere txantxa zitalaz,
eta hainbeste janani mikatz
irentsi ondoren,
asto gorotzari ere deritzogu gozo.
Postre finegia guretzat maitasuna.
© Xabier Montoia