Uztailak mertxika ilunez

bete zituen ene ahurrak

zeru sabaia hari urtsuetan

desegiten zen tenorean;

heuretako uretan sekula

murgildu bako ibaiak

ziren zure begiak

telurikoak bezain

bustiak;

haruntzago, oihana

oihartzun misteriotsuz betea

hegazti ezezagunen hegal eremua,

kristalezko hots-kaleidoskopioa,

lur usaina zerion zorabioa;

egunsentian

izpazterra,

ninietan isladatutako

eguzki izpietan blai

eta nire bihotza izaroa

eldarnio urez inguratuta.

 

© Edorta Jimenez


susa-literatura.com