Hurbilketa

 

Zarata handiz aldarrikatu zuen Espainiako Gobernuak, 1999ko irailaren aurrenetan, ehun preso inguru hurbilduko zituela berehala. Halako letanietara ondotxo ohituak gaude presook, eta jukutria nolakoa zatekeen galdetu nion neure buruari berria entzun nuenean, Bonxeko kartzelan. Biharamunean egunkarietan irakurri nituen zerrendak: hurbilduko omen zituztenen izenak, nondik norakoak izango ziren aldaketak. Neure izena ikusi nuen haien artean, Palenciara hurbilduko nindutela. Eta Itziar (Bonxen zegoen hau ere) Avilara, bere lagun Errota lehengo lekuan utzita eta, era horretan, elkarrengandik bananduta. Gure lekuak betetzeko, Galiziara, Bonxera alegia, beste bi hurbilduko zituzten, Valenciatik bata eta Herreratik bestea. Besteren bat Valenciatik Ourensera, Jaendik La Lamara hurrengo bat, edo Puertotik Jaenera. Eta tankera horretan asko-asko.

Kartzela aldaketek amorrua, deserosotasuna eta tristura eragiten dizkigute presooi. Zauden lekura ohituta zaude nola edo hala, kartzelara egundo ohitzen ez zaren arren; espetxean egindako lagunekin sortua duzu halako harreman berezia, lotura estua, anaia edo neba bilakatzen zaituena. Beraz, bat-batean eten eta zapuztu egingo dizute espazioa. Inoren jolas zikineko osakin sentiaraziko zaitu kartzeleroaren gaztiguak trasteak prestatzeko agindutakoan, bazoazela-eta.

Oraingo kasuan, gainera, Espainiako Gobernuak halako zaratarekin aldarrikatu duen mugimenduaren fitxa zarela ikusita, zeure izaera eta kolektiboarena deuseztatzeko, senideei eta lagunei beste burla bat egiteko mugimendua baino ez dela ohartuko zara, lehengoak, urteetako murrikak, aski ez balira bezala.

Egonezinean eman nituen Bonxeko azken egunak, kunda heldu zen arte. Fiti, Joxe eta Errotarekin azken solasalditxoak egin nituen leihoetatik, adio gisa, auskalo noiz arte; Itziarri ere agur, bisitetako kabinetako leihotik.

Hurbilketa eguna heldu zen, bada, eta Bonxetik Palenciara bidean Leonera lehenengo jauzia. Bonxen furgoira igo bezain bizkor ohartu nintzen bazirela han beste adiskide batzuk, euskaraz ari baitziren. Ourensetik zetozen bi: Jokin Santxo eta Bizkai; Monterroxotik bestea, Zubeldia agian; ezagutzen ez nituenak hirurak ere. Leonen furgoitik jaistean egingo genuen elkarren ezagutza. Bi egun lehenago Leonera helduak ziren Rego aita-semeak, eta egun hartan bertan Leonen zen Espainiako erregea ere, beste kunda batean joana, jakina.

Leonen gaua pasa eta hurrengo goizean, Gerbaxio hartu ondoren, Valdemorora abiatu ginen. Urteak ziren Gerbaxio ikusten ez nuela; duela hamar-hamaika urteko berbera begitandu zait... baina hark ere halaxe ikusiko nau agian. Zenbat kontu ez ote dauka kontatzeko. Kundek duten gauza on bakarra horixe da, lagun zaharrak berriro ikusteko aukera ematen dutela, eta lagun berriak egitekoa ere bai.

Ostiral arratsaldean heldu ginen Valdemorora. Hainbat kartzelatatik gentozen hogei lagun inguru elkartu ginen han, denok batera patioan ibiltzeko aukerarekin: Roki, Goazen, Jota, Fernando, Mario, Zunbeltz, Astola... Lehendik ezagunak nituen batzuk, baina gehiago ziren ezezagunak. Beste espetxe batzuetara sakabanatuak izan aurreko egonaldi laburra izango genuen elkarrekin, lagunarteaz gozatzeko. Presaka hitz eginez, presaka paseatuz, ekonomatoko arduradunak zeuzkan kafe guztiak presaka hartuz igaro genuen ostiraletik astelehen gauera artekoa. Motz egiten da hiru-lau eguneko tartea, epe laburregia da urteetan egin gabeko berriketaldietarako. Urteetako pasierak eta kafeak beharko genituzke azken aldiz elkar ikusi genuenetik tolestu eta pilatutakoak esateko. Urteak beharko genituzke elkarrekin hartu gabe geratutako kafeak hartzeko, azken eskutitza heldu zaion galdetzeko, halako edo holako zelan dagoen jakiteko.

Goiz esnatu gaituzte asteartean. Amerikanetan gosaldu dugu Burgosera bidean joango den furgoian sartuko gaituztenok. Entzutegi Nazionaleko epaiketaren batera doazen batzuk ikusi ditugu. Badira guretakoak haien artean! Diosala egin diegu, animoak ematen. Furgoiko kaioletan binaka ipini gaituzte pikoloek, baina euskaldunik ez elkarrekin. Ohituta gaude pikoloen mendekuetara.

Valladolideko kartzelan Fermin igo dute furgoira, Topastik datorrena. Palenciara iritsitakoan agurtuko dut furgoiko karrajotik, bere kaiolako leihatilatxotik; nik agur eta hark irribarre. Oihu egin diet aurrera jarraitzen duten beste lagunei ere: Fer, Gerbas, Bizkai... Burgosen igaroko dute gaua.

Palencian Jokin Santxo jaitsi da nirekin, poltsak hartuta. Sarreran papeleoan ari dira kartzeleroak eta pikoloak. Arakatzeak eta gainerako zerak egin ondoren sarreretako moduluan gaude, hemen, Palenciako Dueñas-La Moraleja presondegian. Berria da, bi urte izango dira ireki zutela, eta berri itxura dauka denean, garbi itxura. Txaboloan dutxa dagoela ohartu naiz sartu eta berehala, nire atzean atea automatikoki itxi dutenean. Leihotik haratago: dorre handi bat, kartzelaren itzulian dauden alanbre hesiak, hormak nonahi. Moduluak ageri dira, kiroldegia datekeena, eta beste zenbait eraikin. Egituran ez du Bonxeko kartzelaren antzik.

Herri oso bat izan zitekeen, dena hain simetrikoki egina ez balego, hainbeste alanbre eta hesi eta burdina ez balego.

 

© Jokin Urain

 


susa-literatura.com