Zai

Ireki eskua jauna, etorkizuna iragarriko dizut.

Abenduaren hasiera izan arren bero egiten zuen. Cesar Telleria asper-asper eginda zegoen hiri itogarri hartako kaleetan bata bestearen segidan gainera botatzen zitzaizkion etorkizun igarleekin. Kale tarteetan barna jarraitu behar zuena jarraitzen ez zioten uzten, hori zen bestea. Txaketako patrikatik katalogotik erauzitako argazkia atera zuen eta espaloiaren bestaldean zihoan emakumearekin erkatu zuen. Bat eta bera ziren, dudarik gabe: Veronica bezala ezagutzen zuen emakumea. Izerditan blai zegoen Cesar, bizkarra erabat lika eginda, eta errua, pentsatu zuen, bere jakarena zen. Argazkia tolestu beharrik izan gabe nonbait, patrikaren batean edo sartu ahal izateko baino ez zuen jaka hartu. Hartu zuen ba eskoziar oihalezko partxea zuen jaka hura, hartu bazuen. Damutu zen.

Ireki eskua jauna, etorkizuna iragarriko dizut. Ehun eskudo, jauna. Ehun bakarrik.

Popatik atso madarikatua. Veronica bezala ezagutzen zuen emakumea galdu egin zuen, jendetzaren artean. Eguzkitako betaurrekoak kopetara altxatu eta inguru guztia eskuaretu zuen begiradaz. Ia etsitzear zenean, keinu ezagun bat atzeman zuen mila keinu arrotzen artean. Gutxigatik ez zion ihes egin. Han zegoen Veronica, jende saldoaren artean. Ez zuen oraindik galdu, beraz. Maleta zurrun bat zeraman ezker eskuan eta presaka zihoan orain ere. Maleta beltza zen eta ertz zilarreztatuak zituen, gainindartuak. Argazkilariek erabili ohi dituzten maleta haien itxurakoa zen. Kale are estuago batera jiratu eta ezker-eskuin begiratu ondoren lasto makilatxoz osaturiko errezela zeharkatu zuen emakumeak. Cesar Telleriak kanpoan itxaron zuen, bi hatzekin poxpolo bat piztu eta bi hatzekin zigarro bat errez.

Bi hatzekin, bai. Bakoitzak bere estiloa dauka. Eta estilo honetaz erritu, aldarrikapen, bizilegea egiten dugu, gainera. Nor bere burua eta bere pertsonalitatea eraikitzeko ezinbesteko bihurtzen da azkenerako bi hatzekin zigarroa piztu eta bi hatzekin zigarroa erretzea. Eta, ez gaitezen engaina, erabaki ttiki horiekin osatutako estiloa da ia beti lagun hurkoa eta etsai hurkoa limurtzeko emana izan zaigun bakarra.

Lokaletik atera zenean sartu zeneko maleta beltz bera zeraman emakumeak berekin. Lastozko gortina zeukan ezkaratzeko lokalaren zenbakia eta helbidea koadernoan apuntatu eta emakumeari jarraitu zion berriro ere. Veronicak taxi bat hartu zuen. Cesarrek beste bat. "Jarraitu aurreko taxi horri", txantxetan ari garela uste izaten du horrelakoetan gidariak, eta dirua aurretik eman behar izaten zaio, bi mila bat eskudo bai, behar adinako arreta jar dezan. Lehen taxia bidaia-agentzia baten parean geratu eta bidaia-txartelak ziruditenak eskuetan zituela atera zen handik Veronica, minutu gutxiren buruan. Gero, egunsentiko ordu goiztiarrean atera zeneko hotel berera itzuli zen, ertz zilarreztatuak zituen maleta beltz gainindartua inongo unetan eskuetatik askatu gabe.

Hoteleko kafetegian ura eta kafea edan zituen emakumeak eta bere arropetako poltsiko guztiak arakatu ondoren argazki batzuk atera zituen azken patrikatik. Banan-banan eta arreta gehiegirik gabe begiratu ondoren, argazkietako batean geratu zen: erditik puskatu zuen argazkia eta mahaiko hautsontzian utzi zuen argazkiaren zati bat. Beste erdia eta gainerako argazkiak hasierako patrikara bueltatu zituen. Bi gauzatan bazuen behintzat emakume hark bere antza: kafezalea zen eta arropatako patrikak edozer garraiatzeko erabiltzen zituen, berak ohi zuen bezala. Lastima zen, agian gauzak bestelakoak izan zitezkeen egoera ezberdin batean ezagutu balute elkar... Izan ere, oilanda ederra iruditu zitzaion emakume hura Telleriari. Aspaldi ez zen emakume batekin egon eta txorimalo batekin ere joko zukeen behin hartara ezkero, hori ere egia zen. Ordu laurden baten ondoren, kafetegiko mahaia utzi eta komunera zuzendu zen emakumea. Komunean ezpainak margotu eta margo gehiegi eman zuela iruditu zitzaionez, kleenex batekin xukatu zuen soberan zegoela irizten zuena. Bitarte horretan, Cesar, Veronica egon zeneko mahaira zuzendu eta emakumeak hautsontzian utzitako argazkia hartu zuen: argazki puskatu baten erdia zen, zehazkiago; bitan tarratatua izan zen argazki baten erdia. Veronica bera agertzen zen argazki desfokatuan, ohe batean, izara artean irribarrez. Ohean beste norbait ere egon izan balitz bezala zen, Veronicak berekin hartu izango zuen argazki tarratatuaren beste erdian. Argazkia hartu eta txaketan sartu zuen, Veronicaren artxiboko argazkiarekin batera. Harrera gelara zuzendu eta emakumea eskaileratan gora zihoala ikusi zuen, bere gelarantz.

Cesar Telleria hoteletik atera eta ahalik eta azkarren telefono kabina bat bilatzen saiatu zen. Kaleak mukuru zeuden oraindik. Azkenean aurkitu zuen bat. Txanpon dexente bota behar izan zituen. Linea ez zen oso garbia.

— Sarean daukat, alajaina. Harrapatu dut. Veronica da. Media Vida hotela dauka ostatu eta hegazkin txartelak erosi berri ditu. Usapala hiritik ateratzekotan dela dirudi. Maleta beltz bat dakar berekin, ertz metaleztatuak dituena, argazkilariek erabiltzen duten horietakoa. Estu-estuko laguna du. Azkazal pare bat emango nituzke barruan zer daukan jakitearren.

Ehun eskudo. Osasuna, dirua, maitasuna. Jakin nahi duzun guztia. Ireki eskua, jauna, ireki eskua.

Honezkero ezagutzen zuen amarrua: ezker eskuaren irakurketagatikoak ziren ehun eskudoak, gero beste ehun kentzen zituzten eskuinekoa irakurtzeagatik. Egun hartan ordea, eskuinekoa dohainik irakurtzen omen zuten, behin ezkerrekoaren irakurketagatiko zerga ordaindu ondoren.

Veronica ez, baizik eta benetan beste edozein izen izango zuen Veronica harenak egin zuen. Oraingoan ere, zortea alde lerratu zitzaion Cesarri. Eta zorte huraxe berekin luzaro egongo zeneko sentipen irmoa zuen. Hain gustura sentitzen zen bere buruarekin, zorte hark sekula ihes ezin egingo zioneko pentsamendu lausoa baitzuen buruan. Eta zorteak noizbait abandonatzen bazuen, hark alde egiterako, jada ez zuela zorterik behar izango, eta bost axola izango ziola galera hark, hala pentsatu zuen, patuarekiko mesfidantza izpi ttikienik gabe.

Gauzak ongi ari zitzaizkion ateratzen eta baikor sentitzen zen Cesar Telleria eguerdi sargori hartan. Kalean zehar barreiaturik zeuden aulki xixtrin haietako batean eseri eta ezker eskua ireki zuen, erdi txantxetan, latorrizko txanpon zerrenda bat buruan diadema bezala jarrita zuen atso haietako baten aurrean, irribarrez.

Pasai Antxo. Auto tailer mekanikoak, torloju bakoitzari koska bat estuago lotzean munduko makina-gelari eragiten ziotela ziruditen langile buzodunak eskuak galtza urdinetan igurtzitzen, tarteka eguzkiari zeharka so egiten ziotenarekin batera. Gasoil usaina, konpontzen jarritako sare lerroei arrainek behin erantsitako hozkaden lurrin urruna, behiala merkantzia sartu-irten eta jarduera handia izan zuten lokal orain hautseztatu eta leihorik gabeak, laurogeiko hamarkadan —Bahía de Pasaia kantuaren garaian— jonkien babesleku izandako komun apurtuak, dagoeneko geratzen ziren jonki apurrek ere leku erosoagoen mesedetan abandonatuak. Pasaiako portu inguruko pabilioiek osatu perfilak bazuen hortzadura izorraturik zuen agure zahar baten ahoaren antza: pabilioietako horma eroriak, falta diren hormak, eta horma batetik besterako koska irregularrak.

Abenduak bere bigarrena betetzen zuen. Pasaiako kaleak eta hormak afixaz beteta zeuden, Hernaniko Young Play dantzalekuan jokatzekoa zen boxeo lehia iragarriz. Normala zen alde batera, pasaitar gazte baten debuta ez baitzen egunero sortzen zen berria. Egunkariek ere, Paulino Uzkudun eta Paco Buenoren garaiko argazki hautseztatuak kaxoien hondo ozeanikoetatik berreskuratu eta beren argazkilari eta bekarioak zakurren gisan bota zituzten Pasaiako gimnasiora, barruko orrialdeetarako kutsu melodramatiko eta ukitu bogartardun kronikak idazteko aginduta. "Txiki-txiki egingo dut", "Begiak zapi batez lotuta ere irabaziko nioke", "Agure horrek jakin behar luke erretirada duela garaipenerako bide bakar, eta garaiz dago oraindik".

Olatzek bere apartamentutik ikus zitzakeen Pasaiako kaleak eta hormak zirrikiturik utzi gabe estaltzen zituzten afixa haiek guztiak, Martak leihora gehiegi ez ateratzeko agindua emana zion arren.

Olatzek hogeita bost urte zituen. Ile motza eta begirada oreinkumearena. Oinez zihoan ahala edo geldirik zegoela ere, sorbaldak kizkurtu eta lepo-keinu berezia egiteko joera zuen, keinu erreflexu eta kontrolaezin bat, denbora guztian zerbaitegatik barkamena eskatzen ariko balitz bezala. Gorputz meharra eta erkina izanagatik ere, bere bizitzan korrika saio gehiegi ez egin izanaren itxura zuen. Hatz luzeak eta meheak, eraztunez beteak. Sei hilabete baino ez ziren erretzen hasia zela, Martarekin bizitzen zeramatzan sei hilabete haiek berberak. Ez zuen egunero dozenerdi bat zigarro baino gehiago erretzen, hala ere. Anaia kartzelan zuen. Ama auto istripu batean hila, kartzelan zuen semea bisitatzetik etxera itzultzear zela. Informazioa biltzea izan zen beti Olatzen ardura, baina ardura horrek espero ez zuen leku bateraino eraman zuen azken sei hilabete haietan. Pasaiako bere apartamentuan bakarrik bizi izan zen ordura arte eta ez zuen zalantza une bat bera ere izan leku seguru bat ezagutzen ote zuen galdetu ziotenean. Edo agian bai, agian izan zuen zalantza une bat. Zalantza uneak izaten dira, geure buruari izan direnik aitortzen ez diogunean ere. Beste gauza bat da zalantza une horrek, aitorgarria izan dadin, une batekoa baino apur bat luzeagoa izan behar izaten duela. Beldurgarria litzatekeelako albora begiratu eta ohartzea zalantza izan dela egun daukagun eta ez daukagun guztiaren errudun. Baina azken batean, mundua elefante batek sustengatzen zuela uste bazen duela ez hainbeste urte, eta elefante hori bigarren elefante batek eta bigarren hori dortoka batek, argi dago dortoka hori zalantzak bakarrik sustenga dezakeela.

Martarekin bizitzen hasi zen arte Olatzek ez zuen sekula errebolber bat ikusi. Azken sei hilabeteetan ikusi bai, baina ez zuen bat bera ere ukitu nahi izan. Ez zitzaizkion armak gustatzen. Lanen banaketa hasiera hasieratik egon zen garbi, bera auto gidari trebea zen aldetik, eztabaida guztiak soberan zeuden.

Ez zitzaion zaila suertatu bere eguneroko harremanak apurka-apurka baztertzen joatea. Oraindik fitxatu gabea izanagatik, oso bizitza diskretua zeraman. Bakardadea maite zuen eta bere istorioak eta bere ametsak konpartitzeko laguna zeukan orain, gainera. Ez zuen gehiegi behar, eta ez zuen bere lehenagoko bizitzatik gauza handirik beharresten, batzuetan paranoiko bihurtzen ari zela iruditzen bazitzaion ere.

Eguraldi sargori erabat sasoiz kanpokoari jarraiki, udakoa zirudien zaparrada eta trumoien erasana entzuten zen kanpoan. Gogotik ari zuen euria eta sofan kizkurtuta zegoen Olatz. Marta, berriz, horma ondoan zeharka jarrita, leihotik begira, Pasaiako portuan ainguraturiko merkatontzi hori ikaragarri bati so. Argia joan eta irratia itzali zeneko unea baliatu zuen Olatzek elkarrizketa hasteko. Izan ere, ez zen erraza Martarekin luzaro hitz egitea. Ekintzarako emakumea zen bera: kolpea eman eta leizera itzuli, horixe zen bere leloa. "Ez gauden hemen zuzentasunari buruzko manualak idazteko, laztana". Bere egitekoan zein fokatuta zegoen ikusteak biziki ematen zion atentzioa Olatzi. Miresten zuen, nolabait, gogorra iruditzen zitzaion arren.

— Nire buruari galdetzen nionan, noiz arte ibili beharko dugun horrela.

— Argirik gabe, dion? Oraintxe inguratuko dinat kandela bat.

— Kandelarena baino azkarrago agortzen diren su eta metxez ari naun Marta, ondo dakin hori.

— Beharrezkoa den denboran, Olatz. Beharrezkoa den denbora guztian ibili beharko dinagu horrela.

— Ez zekinat, baina bihozkada bat zeukanat. Atzetik ditugula iruditzen zaidan.

— Normala dun hori. Denoi gertatu zaigun. Ikusiko dun, hemendik sei hilabetera pasatuko zain.

Olatzek ohiko lepo-sorbalda keinua egin zuen, etengabeko barkamena eskatzen ariko balitz bezala. Gero, bere burua lasaitzen saiatu zen.

— Ziur baietz. Badakin? Horrelakoetan behin kontatu zidaten istorio batekin kontsolatzen naun. Entzun nahi dun?

— Gaur ez dinagu beste zeregin askorik.

Zeregin berezirik gabe zain eta euriari begira egoteak bazuen denbora mastekatzearen antza. Mastekatzeko tabakoa bezala, minutu bakoitza ahoan batera eta bestera erabiltzen zuten, norberak nahi orduko ailegatzen ez zen hurrengo minutuaren zain. Argiak eta irratia bat-batean piztu ziren, eta berriro, sukaldetik elektragailu berpiztu berrien jeneradoreak txistuka hasi ziren. Denbora mastekatzaile, hauek ere.

— Entzun nahi dun orduan?

— Zer nahi dun esatea? Nahi izan gabe ere entzun egin beharko dinat.

Bazen zerbait samurra Martaren jarrera zakar, distante eta itxura batez desatseginean. Olatzek hala uste zuen behintzat. Marta odol hotzeko eta kalkulatzaile haren barruan bazela samurtasun puska bat, denbora asko baino lehen, kasu, beste sei hilabete igaro aurretik, azaleratuko zena. Olatz ziur zegoen.

Sei hilabete epemuga egokia zen. Gauza askotarako.

Cesar Telleria postal baten bila zebilen liburudenda baten kanpoaldeko alanbrezko apalategi birakorrean. Baikor sentitzen zen eta eguzki laranjaren peko paisaje bat aukeratu zuen. Postala ordaintzera sartu zenean neskatila atsegin bat suertatu zitzaion ordainlekuan.

— Bakarra jauna? Bigarren bat aukera dezakezu. Bi dira baten prezioan.

Etorkizuna igartzen zuen atsoaren alaba izan behar zuen hark, inondik ere.

— Batekin nahikoa dut, mila esker.

— Ziur zaude?

— Erabat ziur eta nire gaitasun psikiko guztiak martxan, eder hori.

— Sobre bat jarriko dizut.

Horixe marka, sekula ulertu ez zuena. Postal bat erostera joan eta sobrea oparitzea. Liburudendatik atera ahala, hala ere, egitura metaliko birakorrean gustuko suertatu zitzaion bigarren postal bat topatu zuen: hiriko eliza bateko horma batean idatzitako graffiti baten argazkia zen. Tom was here, Nikolas Txiki hemen izan zen, Urliak Sandia maite du eta antzeko sinadura eta esaldi inozoz zipriztinduriko horma horietako bat zen eta izkribu guztien artean bazen bat, bereziki nabarmendua eta barregura eman ziona: Ni ez naiz sekula hemen izan eta igual igual bizi naiz. Postal huraxe hartu zuen eta sobrera sartuz, dendatik urruntzen hasi zen.

— Lapurra, lapurra! Goiti eskuak!

Hamar urte baino gehiago izango ez zituen mutiko bat korrika zetorkion atzetik cowboyarena eginez. Cesar Telleria erabat zurbildu zen, eta lurrean iltzaturik geratu zen, inguruko jendearen begirada zorrotzen pean masailak gorrituta.

— Erregalukoa hartu besterik ez dut egin, mukizu hori!

Mutiko salatariaren oihuek ohartaraziak, bi gizon mozkote inguratu ziren eta besoetatik heldu zioten Telleriari. Iskanbila berehala heldu zen liburudendaraino eta emakume gaztea apuratuta hurbildu zen atera.

— Utz nazazue bake santuan faborez, erregalokoa hartu besterik ez dut egin eta! Bi ziren baten prezioan, ala? Galdetu neskari bestela.

— Egia da, utzi joaten. Manolinho, ez arduratu. Honek ordaindu du.

Mutikoa korrika aldendu zen eta arrantzaleen sareak pilatzen ziren saski horietako baten barruan ezkutatu zen, ziztu bizian.

— Barkatu mutikoari jauna, badakizu umeak nolakoak diren. Azken bolada honetan egun guztia polizia eta espietara jolasten ematen du.

Cesar Telleriak mutikoari begiratu zion. Saski barruko kamuflajea itzela zen. Sareen artean ezkutatuak, katu batenak bezain desafiagarri eta geldiak ziren bere begiak. Arreta berezia jartzen ez bazen, ezinezkoa zen atzematea. Ahapeka mintzatu zen, bere aldarte ona egoera desatsegin hark hain tupustean eta hain era leloan zapuztu izanak bereziki gogaiturik.

— A zer familia demonioa: igarlea, saltzailea eta espia.

— Barkatu, jauna? Zer diozu? Sentitzen dut... Dena den, hirugarren postal bat har dezakezu etxekoon kontura, oraingoan, gura baduzu...

Cesar Telleriak ez zion neskari erantzun eta kafetegi baten bila abiatu zen Ni ez naiz sekula hemen izan eta igual igual bizi naiz zioen postalari begira. Kafetxe batean eseri eta kafe baten aurrean, postal huraxe hartu eta atzealdean esaldi pare bat zirriborratu zituen. Idatzi ahala ordea, gibelaldean ezinegon ttiki bat ernetzen ote zitzaion sentitu zuen. Fetxa jarri, lehenbailehen postalean helbidea idatzi, zigilua erantsi eta kafetegia utzi ondoren, buzoi batean bota zuen.

Sorbalda makurtu eta buzoiaren ahotik begira geratu zen, postala txirrista ttikian behera nola irristatzen zen entzun eta barruraino heltzen zela ziurtatuz. Beste zenbait segundoz geratu zen buzoiaren barrualdeko iluntasunari begira, auskalo zeren esperoan. Bere karta saihets batean harrapatuta geratu eta sekula postariak jasoko ez zuela pentsatzen duten neurotiko gizagaixo horietako bat izan zitekeen bera ere.

Gaixo bat bezala portatzen ari zela ohartu orduko, buzoitik urrundu zen pausoa luzatuz, bere buruaz lotsatuta.

— Nire istorio kuttuna dun. Gerra piztear dela, nonbait, itsasertzeko herri batean, ama bat negar batean ari da bere lurretako mugak zedarritzen dituen egurrezko hesiaren alboan. Petatea lepoan hartuta, gerra itsasontzi batean ontziratzera doan marinel bat inguratu zaio orduan, zer gertatzen zaion galdezka. "Gerra piztear da eta pizten bada, nire semea, nire seme bakarra, gudarako sasoian eta edadean dagoena, gudara joateko deituko dute. Eta hil egingo da". Marinelari pena ematen dio emakumea hain lur jota ikusteak eta animatzen saiatzen da. "Baina emakumea, lasai egotea daukazu. Gehiegi kezkatzen zara. Ez du merezi zure burua hainbeste estutzea. Utzi gero negar egiteari. Ikustagun: gerra piztear deneko hori ikusteko dago. Bi gauza gerta daitezke oraindik: gerra piztea edo ez piztea. Gerra pizten ez bada ez duzu zertan kezkaturik, eta pizten bada ere ez. Izan ere, gerra pizten bada beste bi gauza gerta baitaitezke: zure semea armadara deitzea edo ez deitzea. Deitzen ez badute, egon lasai, ez da-eta ezer gertatzen. Eta deitzen badute ere ez, ezen eta bi gauza gerta baitaitezke: frontera destinatzea edo administrazio lanetara destinatzea. Bulego batera destinatzen badute ez dago zertan kezkaturik, eta frontera destinatzen badute ere ez. Zeren bi gauza gerta baitaitezke: lehen lerroan borrokatu behar izatea edo atzeko babes lerroetan borrokatu behar izatea. Atzeko babes lerroetan borrokatu behar izatea egokitzen bazaio ez dago arriskurik, eta lehen lerroetan borrokatu behar izanda ere ez, zeren eta kasu honetan, bi gauza gerta baitaitezke: zure semea etsaiak zauritzea edo ez zauritzea. Zure semea etsaiak zauritzen ez badu ez dago arazorik, eta zauritzen badu ere ez, zeren eta beste bi gauza gerta baitaitezke: zure semea hiltzea edo bizirik ateratzea. Bizirik ateratzen bada ez dago zertan negar eginik, eta hiltzen bada ere ez. Ezen eta bi gauza gerta baitakizkioke zure semeari hiltzen bada: zerura joatea edo infernura joatea. Zure semea zerura joaten bada, andre maitea, harro egon zaitezke, eta ez dago negar egiteko arrazoirik, kontrakoa baizik. Pozik egon beharko zenuke. Eta infernura joaten bada ere ez dago triste egoteko arrazoirik, ezen eta, ze seme eskas da hori, zerua merezi ez eta infernua merezi duena. Infernua zain duen seme batek ez du beragatik malko bat bera ere isurtzerik merezi, andre maitea!". Ez al dun ona?

— Itzela Olatz, itzela. Harrituta nagon kristau izatea zein gauza ona den ikusita. Txalo egin behar al da?

Hasieran min eman izan zion Martaren jarrerak, baina orain bazekien berak ere estimatu egiten zuela istorioak kontatzen zizkion norbait ondoan edukitzea, denbora mastekatzearen pisua erraztuko zion norbait. Eta horregatik, ez zion Martaren itxurazko estimazio ezari kasu gehiegirik egiten. Eskerrak emateko era berezi samarra zuen, hori zen dena. Sei hilabete eta bi aukera eman behar zizkion bere buruari eta beste hainbeste Martari ere.

— Nahi dunana esango dun baina asko laguntzen diten horrelako istorioek. Barre egitea eta istorioak kontatzea dun salba gaitzakeen bakarra. Zenbait gaixotasun Marx anaien filmekin sendatzen omen ditizten Ameriketan. Hala entzun dinat. Hik ez al daukan istorio kuttunik?

— Ez.

— Ez dinat sinesten.

— Eman ezan bakea, Olatz. Denok ez gaitun hi bezalakoak, ulertzen? Linboan hago beti. Hi eta hire istorio madarikatuak!

— Bazekinat ez hi eta ez ni, ez gaudela geure onenetan. Baina istorio bat eskatzen dinat. Besterik ez.

— Erreguka hasten haizenean nire amaren antza hartzen dinat. Jasanezina jartzen haiz batzuetan, Olatz, benetan. Istorio bat nahi dun? Ados. Nire istoriorik gustukoenak ez din beste misteriorik: Kafkaren Metamorfosia dun. Tipoa zomorro bihurtzen denekoa. Pozik? Orain badakin.

Metamorfosia! Gustura entzungo niken hire ahotik.

— Itzel, joder, itzel. Bakeak ere balio din eta. Gutxi gorabehera, ezta? —portuan zegoen merkatontzi erraldoia bistatu zuen une batez, N-1 errepidearen eta trenbidearen bestaldean ainguraturik zegoena; errepide ertzeko hormak boxeolarien afixez beteak. Hasperen egin zuen hizketan jarraitu aurretik. Leihatila batean norbaiti kexan ari zitzaion tonuan mintzo zen Marta—. Ba hau dun... Hau dun Gregor Samsa goizean esnatzen denekoa eta jakina, izaten ditun egunak, izaten ditinagu denok egunak, erran nahi baita ezertarako ez gauden egunak, eta horietako bat zen, bizitza guztia lo pasatuko genukeela uste dugun goiz horietako bat, han edo hemen ote gauden jakitea zaila den egun horietako bat, sukaldera jo eta sukaldetik berriro ohera, gorputzaldi arraro bat, kafea egiteko gogorik ez. Total, ze arraio egin behar dinat gaur, hemendik sei mila milioi urtera eguzkia itzali eta dena Judasen inbutuaren zulotik amilduko bada? Eta Gregorrek ere sentitu zinan, Nescafe poto hutsaren aurreko sentipen hori, ezta? Guk denok bezala zenbait goizetan, kakazahar hori, mobida guztia, eguneroko berun pisu hori korapilatzen eta hazten gure barruan... Ba hori, nola zen ba? Piztia bat zela amets egin eta esnatzean oraindik piztia zela ohartu zunan. Eta agian, joder, latzena zen agian piztia izan zela bere bizitza osoan ohartu ere egin gabe, istorioaren benetako aldea orduan hasten zela, eta ordura artekoa amets bat besterik ez zela izan akaso. Eta gainera beste zera itzel hori zegoen, jakina.

Olatz poza ezin ezkutaturik zegoen. Elkarrekin bizi zirenetik ez zuen sekula Martak hain luzaro hitz egin. Bere zakarrean ez zen Marta hain kontalari makala. Lakar azaldu nahi hura zen gainera, grazia berezia ematen ziona, beharbada.

— Zein beste zera?

— Ba beste mobida, bere gelakoa, zera, kakazaharra... Esnatu zenean, dinosauroa oraindik han zegoenekoa, alegia.

— Dinosauroa? Hori beste istorio bat dela uste dinat, hegoamerikar baten ipuin hiperlabur bat. Zooa osatzeko moduan haiz laster, neska!

Marta deseroso sentitu zen eta leihora inguratu zen, bere begirada Olatzen bistatik urrundu nahian. Damutu egin zen isilik ez geratu izanaz. Ez zizkion neska hari esperantza gehiegi eman behar.

— Tira, igualtsu dun, ez? Joder, zein estua haizen. Eman ezan ba bakea, bi kontatu ditinat eta baten prezioan!

Gainerako soinu arruntekiko ezberdina zirudien soinu batek atezuan jarri zituen biak. Gero ordea, denbora mastekatzeko era berezia zuen hoditeriaren zarata besterik ez zela ohartu ziren.

Jendea eta jendea ikusten zuen kaleetan barna. Eskailerak igo eta jaisten, aurpegi anonimoak, berak sekula ezagutuko ez zituenak. Berezkoa zuen aurpegi bakoitzak inguruko guztietatik bereizi eta banatzen zituen ezaugarriak nahi gabe apartatu eta buruz ikasteko joera. Automatikoki buruan zuen artxibategia osatzen joango balitz bezala. Ezikusiarena egin behar zen eta aurrera jarraitu. Baina ez zen beti hain erraza. Aurpegi haietara begiratu eta zirena konturatu. Haurdun geratu arren oraindik ez zekiten emakume gazteak, ninfomanoak, emaztea jipoitzen zuten gizatxarrak, etorkizun igarleak, top-less dantzariak, edo eta azken hauek hilekoa zutenean tampaxaren haria tangaren kanpoaldetik ikus ez zedin mozten zieten gizonezko lizunak. Ogibide faszinanteak bai baitaude eta Cesar Telleria zur eta lur geratu zen gizakiaren endekatzetik sortu diren hari moztaile hauen berri izan zuenean bere ogibidearen ondorioz zapaldu behar izan zituen top-less lokal anitzetako batean. Tangaren azpiko haria ez ikustearen ardura moztaile hauena zen, nonbait, eta kabaret handi eta ez hain handietan bazen pertsona bat Harimoztaile lanak egiten zituena. Jende masa handi bat ikusten zuenean ezin zuen ekidin haien barrura sartzea, eguna zertan alferrik galtzen zuten imajinatzea, alferrik galtze horren kontzientzia edo kontzientzia ezari buruzko hipotesiak asmatzea; pentsatzea organismo bizidun haiek guztien baitan gaitzak eta birusak zelulekin pokerrera ariko zirela une hartantxe, beren bizitzak eta maite zituen jendearenak hankaz gora jarri zitzakeen deskarte egokiaren esperoan. Ia erabat patuaren mende zeuden hainbat bizitza eztanda egitear egon zitezkeen, eta haiek ez zekiten ezer, ezta arrastorik ere. Usaindu ere ezin zuten egin.

Erailerik ere izango zen jende multzo ikaragarriaren tartean: akaso Poliziaren galderen aurrean bizilagunek "erabat pertsona normal eta langile" bezala deskribatzen dituzten horiek, akaso sekula harrapatuak ez diren eraileen ehuneko hainbateko hura osatzen zuten sindikatu ezkutuko partaideak, komisariako psikologoek elkarrizketatu eta beren krimenen zergatiaz galdetzen dietenean "emakume batek sudurrean errebolber bat duenean nola jokatzen duen besterik ez nuen jakin nahi" bezalako erantzunak ematen zituztenak. Eta Cesar Telleriak jakin nahiko zukeen nor zen nor. Baina ez zen beti hain erraza. Horretan zetzan jokoa, hain zuzen. Jendetzek klaustrofobia sorrarazten zioten, bai. Baina maite zituen, bestalde. Metro geltokietako eskaileratan gora egitea zen onena, estu eta jendez leporaino betetako metro sarreretan zure aurretik zihoan emakumearen gonaren mugetaraino sar zenezakeen sudurra, eta bat-batean dena ulertu, lehen aldiz eta bizkarrez baino ikusi ez dugun emakume horren jaiotze data, haurtzaroa, nerabezaroko larrujotze urrun eta idealizatu baten ondorengo insatisfakzio kateatuen minberagarritasuna eta heriotzaren egun zehatza asma zenitzakeen lepo keinu baten segurtasun faltaren eta usain arrunt pare baten nahasketaren arabera. Ahultasun uneren batean emakume hauetako bat bizkarretik eraso eta —bere ahuldadeaz ere jakitun— bere bizitza gurearekin lot zezan eskatzeko tentazioan erortzea ez zen zaila, metroko eskaileratako zurrunbilotik atera eta parez pare itsutzen gaituen eguzkiak sortutako enajenazioaren pean. Adi egotea zen kontua, eta istant bat beranduago dena zenekien aukeratutako emakumeari buruz. Eta ze ahuldade handiagorik, besteak berataz dena dakizula jakin dezan baino.

Adi egotea bazen kontua, Cesar beti zegoen adi.

Eta gero begien arteko interakzioa zegoen. Espiral formako begiradak, joanekoak, joan-etorrikoak. Dena sailkatzeko zuen behar obsesiboak begiradak berak ere klasifikatzera eraman zuen Cesar Telleria, ez aspertzeko. Bazen adibidez begirada mota bat damua adierazten ez zuena eta desatsegintasuna adierazten ez zuena eta resignazioa adierazten ez zuena eta aukera okerra egin izanaren zalantza adierazten ez zuena eta lotsa adierazten ez zuena, baina apur bat hauek denak adierazten zituena. Begirada hura zen akaso gainontzeko ugaztunek ez zeukaten zerbait, gizakia gizaki egiten zuena.

Demagun metroan edo autobusean gaudela. Bikote bat hizketan ari da eta elkarri laztan ttikiak egiten, elkar musukatzen. Demagun neska dela kasu honetan mimosoena eta mutila eskutik helduta daukana eta honen eskua aske uzten ez duena hau libratzen saiatu arren. Mutila neskari begira dago, neskak esaten dituen guztien aurrean adi dagoeneko itxurak egiten, eta orduan, neskak batere diskretua ez den muxu bat ematen dio ezpainetan eta bagoi guztian entzun daitekeen zerbait esaten du. Adibidez: "Hiru seme-alaba izango ditugu, lehenengo biak neskak eta hirugarrena mutila. Mutilak David izena izango du. Maite zaitut". Hori da unea Begirada gauzatzen dena. Mutilak neskari begiratzen dio, mutilak badaki denek entzun dituztela hitz haiek eta bere buruari galdetzen dio patua ote den edo aukera librea, eta neskari begiratu ondoren, lekuko objektibo bat behar du, oxigeno globo bat, begietatik hartu behar du arnas eta zu bilatzen zaitu, bagoian parez pare eserita zauden hori, itotzen ari dela onartu duen marinel harroegiak, bere harrotasuna baztertu eta itsasoak irentsi aurretik soka eskatzen duenean bezala.

Horixe zen damua adierazten ez zuen eta desatsegintasuna adierazten ez zuen eta resignazioa adierazten ez zuen eta aukera okerra egin izanaren zalantza adierazten ez zuen eta lotsa adierazten ez zuen, baina apur bat hauek denak adierazten zituen begirada. Nola erantzun begirada hauei? Aukera guztiek zuten, Cesar Telleriaren arabera, beren alderdi txarra. Begirada apartatuz gero, soka ukatzen diogu itotzen ari denari. Begirada gozo eta ulerkor bat eginez gero, berriz, barrez ari gatzaizkiola uste lezake subjektu begirale aktiboak, soka bota bai, baina bakardadearen bizitza gozoan harrokeriaz babestuta gaudela eta arraza goren batekoak garela esaten diogula, tronu hantuste batetik. Bizitzan beste asko bezala, irtenbiderik gabeko kalea zen hura ere. Zer egin? Autobusek, trenek edo metroek —eta bizitzak berak, bidaia bat omen denez gero, azken finean— "sehaska-efektua" izenez ezagutzen dena sortzen dutenez bidaiariengan, lo itxurak egitea izan daiteke aukera burutsuena. Ondo ikertuta zeukan dena Cesarrek, agi danean.

Ez. Cesar Telleriak ez zuen arkitekturan sinesten. Ez zuen ingeniaritzan sinesten. Ring gaineko kordelak bezalako kordelak ziren begiradak. Eta begiraden armiarma sare erraldoi hura zen mundua sustengatzen zuena. Soken kontra jaurtiak ginenean soka horiek berek bueltatzen gintuzten koadrilateroaren erdira. Gutxi fidatu gainera, atso marmartiek etorkizuna irakurtzeko erabiltzen zituzten eta bakoitzak gure esku ahurrean ditugun marra horiek guztiak, lasai demonio izan zitezkeen gure bizitzan zehar egindako begirada —mingarri nahiz alai— guztien diagrama laburtua.

Bakoitzak bere teoriak dauzka mundu honetan. Hura zen berea. Jendearen aurpegietara begira pasatzen zituen egunak eta berak bazekien zerbait horretaz.

Bi hatzez zigarroa piztu eta bi hatzez zigarroa sustengatuz, lehen sakatua eman zion. Hartu zuen kearen erdirik ere ez zuen kanpora bota.

Martak hamabost kilometro korri egiten zituen goizero, Pasaiako portuan, garabien artean. Gustuko zuen hango paisajea, kapusaidun txandala jantzi eta erdi eroritako pabilioi eta txatarra meta ikaragarrien artean ibiltzea. Zer zegoen txatarra meta haietan? Auto kolpatuen kolpeleungailu zimurtuak, sukalde lurperatuen hondakinak, altzairuzko idazmakinak, urpekontzi errusiarren periskopio txikituak, trenbide zatikiak. Gustatzen zitzaion halakoak imajinatzea, Olatzi bere alderdi hura sekula aitortuko ez zion arren. Lasaitu egiten zen halakoak pentsatuta. Ona zen egunero rutina batzuk izatea, bestela erotu egiten zen bat denbora mastekatzearen mastekatzeaz. Birikek ere eskertzen zioten. Olatzekin bizitzen jarri zenetik gehiago erretzen zuen. Batzuetan nerbioak estutzen zizkion neskatxa hark, egia esan.

Olatz eta bere istorioak. Beldurra ere ematen zion, iparra galduta bailuen jokatzen baitzuen sarritan —beste txatarra meta bat: Auschwitzeko lanpara zanpatuak, haizezko instrumentu akastun eta herdoilduak, erlojuen orratzen kontrako norabidean zihoazen erloju matxinatu eta matxuratuak— eta Martak ez zuen jakiten horrelakoetan zer pentsatu. Bestalde ordea, maite zuen xalotasun hura. Martak bazuen Olatzek berekiko sentitzen zuen miresmen disimulaezinaren berri. Miresmen horren adibiderik garbiena zen sekula zigarro bat probatu ez zuen Olatz erretzen hasi zela Marta harekin bizi zenez geroztik, mimetikoki, barregarri samar gainera, kea irentsi ez arren eztul betean hasten baitzen lehen sakatua irensten saiatu orduko. Olatz asko harritzen zuen beste zerbait zera zen: bera pasaitarra izan arren, Martak, Trintxerpekoa izaki, berak baino askoz jende gehiago ezagutzen zuela Pasaian, haien artean hainbat estibadore, eta baita Pasaian garai zaharretan kontrabandoan ibilitako makina bat pertsonaia hala-moduzko ere. Olatzen alde esan beharra zuen auto batean sartzen zen unean eraldatu egiten zela. Beste bat ematen zuen. Bolantea esku artean hartzen zuenean, onena zen. Ez zegoen zer esanik. Badago jendea larruzko jakak ongi egokitzen zaizkiona gorputzera. Olatz ostera, gidariaren aulkian esertzen zenean, berea zen azal baten baitan barneratzen zen.

Bai. Zain egotekoak ziren egun haietan errazena ohean geratu eta portu gaineko hodeiei begira egotea zen. Hodeiek ere, txatarra meta erraldoiek bezala, urpekontzi errusiarren periskopioen edo eta haizezko musika tresna akastunen antza ote zuten asmatzen saiatzea. "Hurrengo lainoa agertu eta leiho paretik erabat desagertu arte ez naiz jaikiko" eta antzeko jokoak proposatzea nork bere buru nagituari. Eta gero hurrengoa pasa arte, eta gero hurrengoa. Nork bere buruari iruzur egitea beste guztiei iruzur egitea bezain erraza balitz.

Animoaren araberakoak izaten ziren lainoen eiteak, jakina. Baziren egunak aulki elektrikoaren antza zuenak lehen hodeiak, Sacco eta Vanzetti anarkista kondenatuena haren segidakoak, epaile baten mailu hautsiarena hurrengoak.

Goiz hartan, euri gehiegi ari zuela eta, arratsean egin zuen Martak footing saioa. Etxerakoan, sofan erdi etzanik aurkitu zuen Olatz. Berehala igarri zion Martak Olatzi, berak sarraila giltzaz zulatzen zuela entzun zuenean piztu berria izango zuela Olatzek hatz artean baldarki sustengatzen zuen zigarroa. Dutxara bidean zorrozki begiratu zion.

— Nirekin etorri beharko huke lantzean behin.

Olatzek ez zion erantzun. Bazuen nahikoa lan zigarroaren kea begietatik sar ez zekion. Neska hark bazuen ikasteko borondatea behintzat, hori ukaezina zen, otu zitzaion Martari irribarre gozo batekin. Dagoeneko argiak pizteko garaia izan arren, itzalita zeuden apartamentuko argi guztiak. Martak dutxa azkar bat hartu eta salako atearen markoaren kontra bermatu zuen sorbalda, ile bustia ezker eskuan zuen toailaz igurtzitzen zuela. Patti Smith zirudien, kontzertua eman ondorenean. Ilea apur bat lehortu zuenean, errebolber zilarreztatua trapu batekin igurtzitzen hasi zen. Ilea bustirik zeukan ordea oraindik eta tantaren bat lurrera erori zen. Segurua kendu eta kargadorea ongi olioztatua zegoela baieztatu zuen hitz egiten zuen bitartean. Sofapean gorde zuen arma. Harritzekoa zen Olatz hain isilik eta pentsakor egotea.

— Mihia kontrako eztarritik joan al zain? Zer gertatzen zain gaur? Garrantzitsua dun elkarren susmoen berri izatea. Edozein txikikeria, intuizio ustel edo instintuen traizioa bada ere. Dena. Non zapaltzen dugun jakin behar dinagu abiatu aurretik. Beti. Aingeru pausoekin ibili beharra zeukanagu. Elkarrengan konfiantzarik ez badinagu gureak egin din. Ulertzen?

Martaren mintza-historiako bigarren hitzaldirik luzeena. Aingeru pausoenak grazia berezia egin zion. Baiezko keinua egin zuen Olatzek, ulertzen ziola. Sofaren ertz-ertzean zegoen eserita, hanka biak zabalik eta eskuak soberan balitu bezala, zintzilik, zurrun. Martak sofan bere gorputza erortzen utzi zuen, Olatzen ondoan. Olatzek erorialdian murgilduta jarraitzen zuen bitartean, Marta oin biekin lurra kolpatzen hasi zen. Galtza motz estu batzuk eta etxerako jertse beltz bat baino ez zituen soinean. Aurpegia zurbil zuen eta eskuin eskuko hatz puntez bere ezpainak laztantzen hasi zen, hatz erakuslearekin katua sakatzen deneko keinua eginez, emeki, lantzean behin Olatzi so galdetzaileren bat luzatzen ziola.

— Zer gertatzen zain gaur hiri?

— Ezer ez.

Norbaitek ateko txirrina jo zuen behetik. Martak, ziztu bizian sofatik altxa eta zalutasun handiz sofapean ezkutatu berri zuen errebolber kargatua atera zuen, leihora inguratuz. Gazte bat ikusi zuen behean, atarian. Gero irribarre modukoa egin, ile mataza bustiak begien paretik apartatu eta pistola leiho ondoko mahaian paratu zuen.

— Bera da. Heldu da gure mutila.

Haiek biak baino zaharragoa izan arren, oraindik gaztea zen, altua, sorbalda zabalekoa, leporainoko ile beltza zeukan eta pastazko betaurrekoak. Ez zegoen batere gaizki, pentsatu zuen Olatzek. Baina urduria zirudien. Inpultsiboegia gauza onerako, pentsatu zuen Martak.

— Ez zitzaizun inor segika ibiliko, ala?

— Ez dut uste. Neurri bereziak hartu ditut.

— Hala hobe. Ekarri al duzu?

— To. Dena karpeta honetan dago. Eskutitz bat ere bada tartean. Eta beste gauza bat badago jakin behar duzuena.

— Beste gauza bat?

Era hartan egindako iragarpenak ez zuen batere itxura onik.

— Bai. Akaso ez zaizue gehiegi gustatuko, baina zuekin geratu beharko dut oraingoz. Agindu zehatzak jaso ditut.

— Gurekin hemen? Nola da hori?

— Ez al duzue entzun Bermudetako Triangeluarena? Ia larrutu gintuzten. Dena errepide kontrolez josi dute eta zenbait auzo etxez etxe ari dira eskuaretzen. Amarauna zabaldu dute toki guztietan. Zuekin geratu beste erremediorik ez daukat. Koba guztiak erreta daude eta hau da lekurik seguruena.

Koba guztiak erreta daude eta hau da lekurik seguruena. Hoa ba Santimamiñera txo, esateko gogoz geratu zen Marta. Olatzi begiratu eta honek ere bere kezkak konpartitzen zituela iruditu zitzaion. Olatzekin bigarren begirada bat trukatu ondoren, ezpainei kosk egin eta zakarregi ez mintzatzen saiatu zen. Gizajo hura benetan urduri zegoen. Ziurtasun handiz mintzatzeko plantak egin arren, gehiegi igartzen zitzaion ahotseko dardara. Etxera bidean esan behar zituen guztiak entseatu zituenaren traza guztia. "Itzel joder, itzel" ahomentatu zuen Martak. Ez ziren ordea haiek izan ozenki ahoskatu zituen hitzak.

— Hemen geratu behar baduzu, hau Olatz da eta ni Marta.

Olatzek agur keinu azkarra egin zion eskuaz. Mutiko ile luzeak ez zuen ezer erantzun, ez zuen itxuraz aurkezpenik entseatu.

— Horrelakoetan elkarren izenik ez jakitea hobe izaten zela uste nuen.

— Jakina, jakina... Berria zara, ezta?

Baiezkoa egin zuen lepoaz. Nerbioen lau harietatik zintzilik zegoen, txotxongilo baten gisan.

— Orduan ez diguzu zure izenik esan behar?

Olatz zen orain galdezka, eraztunez betetako bere ezker eskuaz zigarroa pizten zuela sofan erdi etzanda. Ez zegoen lehen bezain zurrun eta erorita, halere. Bisitaldiak apur bat inarrosi zuen Olatz, itxuraz. Mutilak zalantza une bat izan zuen. Une bat baino gehiago. Zalantza une luze bat, elkar ongi uler dezagun.

— Pataki deitzen didate denek.

Olatzek ezin izan zuen barre algara saihestu eta gaztea nora begiratu ez zekiela geratu zen, lokiak gorrituta. Martak gaitzespen begirada bota zion Olatzi, prozedura jarraitu beharko zenuke edo arauak arauak dira esan nahiko zuen begirada bat, desafio keinu batekin Martaren begien pareraino jaso zuena. Olatzek, eskua ahoratu eta bat-batean eten zuen barrea. Sofatik altxa eta, zerbait zentzuduna eta koherentea egiteko ezgauza, leihora inguratu zen, iritsi berriari eta Martari bizkarra emanez. Leiho hura izaten zen ihesbide bakarra, askotan. Ford Mondeo beltz bat zegoen zain kanpoan, motorra piztuta. Une batez, gidaria leihotik norbait begira zuela ohartu ote zen iruditu zitzaion: bolanteari zakarki eragin eta karril azkarrera altxatuz alde egin baitzuen autoak. Gauzak okerrera joango zirela pentsatu zuen, baina ez zuen ezer esan. Edozein txikikeria, intuizio ustel edo instintuen traizio. Dena. Non zapaltzen dugun jakin behar dinagu abiatu aurretik. Aingeru pausoekin ibili beharra zeukanagu. Orduan ohartu zen Martari hitz emandakoa betetzea zein zaila izango zen. Bere burua lasaitu nahi izan zuen Olatzek. Zigarroa lepo pareraino jaitsi eta melenadun iritsi berriari irribarre urduria zuzendu zion. Zigarroaren keak aingeru baten antza zuen lehenbizi eta gurutziltzatu batena gero, dena batera. Hala iruditu zitzaion. Marta kanpamentua birrantolatzen ari zen.

— Pataki, beraz. Gaurkoz nik sofan egingo dut lo. Nire gela har dezakezu zuk, Pataki.

Bi aldiz eta duintasun berezia erantsiz esan zuen Pataki, eta bigarren aldiz esan zuenean, aurrerantzean ere hitzari erraz akituko ez zitzaion solemnitate batez ahoskatu zuen ezizena. Martak, bere neurrien barruan abegikor izaten saiatu arren, gozotasunik ez zuen irribarre saiakera haietako bat egin eta kanpoko ateko kisketa bikoitza itxi zuen. Gero, pertsianak jaitsi eta argiak piztu zituen. Lehenago ere berandu zen horretarako. Bazen garaia.

Kanpoan oraindik boxeo konbaterako kartelak itsasten ari ziren. Batzuk buruz behera zeuden itsatsita eta bertan ageri ziren boxeolariek pertxa batetik zintzilik jarritako saguzar erraldoien antza zuten.

Lehenbizi katalogoak sartu zituen maletan. Eta gero, bere atseden egun luzeetan pentsioan irakurri ohi zituen fisonomia liburuak. Liburu hauetako batean Adolf Hitlerren karikatura ageri zen, hogei bat aldiz errepikatua, baina aldiro bere aurpegia munduko arraza ezberdin bateko bisaiara egokitua: judua, txinatarra, kenyarra, hungariarra, frantziarra. Bitxia zen. Cesar Telleriak ezin izan zuen irribarrea saihestu ezpain artean zigarroa zeukan Adolf Hitler bakarra espainiar hitlerra zela ikustean. Orrialde hartan bertan gorde zuen Veronica bezala ezaguna zen emakumeak kafetegian ahaztuta utzi zuen argazki desfokatu eta erditik ebakiaren puska. Gero, liburua itxi egin zuen, kontu handiz, liburu arrunta baino areago bisagra kruzial bat bailitzan.

Eguna eguzkitsua izango zela pentsa zitekeen leihoko pertsiana apurtutik sartzen zen argiari begiratuz gero. Doctor Marteens bota beltzak sartu zituen ohe gainean zegoen larruzko maleta laukiluzean, liburu eta katalogoen gainean. Zerraldo ttiki bat apurka-apurka betetzea bezala zen, hala iruditzen zitzaion Cesarri, erabilitako arropak jada desagertua zen norbaitenak bailiran. Uniformezko ertzain xehe moduan lan egiten zuenean krematorio bat edo beste bisitatzea tokatu izan zitzaion eta bertan entzundako istorio bat etorri zitzaion gogora: koloretako goma eta lokarriekin sailkaturiko eskutitzez beteriko kutxa erraldoi batekin krematorioan azaldu zenaren istorioa, hain zuzen. Minbiziak jota omen zegoen eta karta haiek guztiak erre nahi zituen hil aurretik. Non eta krematorioan. Ez zitzaion axola ordaindu beharreko prezioa. "Maitasun kartak dira" izan omen zen bere azalpen bakarra. A, maitasun kartak ziren. Orduan dena zegoen argi, ez zen azalpen gehigarrien premiarik, itxuraz. Jendea gero eta eskuetatik joanago zegoen.

Bi alkandora, hiru galtza pare, eta jaka beltz bat, eskoziar oihalezko partxea zuena. Bere aspaldiko neskalagun batek oparitu zion azken hau. Neska hura oraindik ere asko maite zuela iruditzen zitzaion eta damutu ere egiten zen batzuetan, behin batez haren argazkiaren atzealdean bere telefono zenbakia apuntatu eta sekula gehiago ikusi ez zuen norbaiti eman izanaz, zeukan neskalagunaren argazki bakarra galduz honela. Azkenik, beste jaka bat beix kolorekoa, panazkoa. Denak egokiro tolestu eta katalogo nahiz liburuen gainean jarri zituen, espazioa ahalik eta ongien baliatu nahian. Lehen jaka zen, argazkirik ezean, aspaldiko neska hura oroitarazten zion gauza bakarra, ikaragarri estimatzen zuen. Ikaragarri. Bigarren jaka, bere lehen soldatarekin erosi zuen, eta maleta mukuru bazuen ere, ez zuen ezergatik ere bertan utzi nahi. Denak tolestu eta maletara sartu zituen, katalogo polizialak eta fisonomia liburuak estaliz. Ondoren galtzerdiak, bi gerriko, barruko arropak eta nezeserra, maletaren ertzetan.

Iratzargailuari orratzak gerarazi eta nezeserraren ondoan jarri zuen. Makurtu eta ohe azpian bere botikin partikularra xerkatu zuen: ohepetik sei botila Cutty Shark atera zituen, hasi gabe zeudenak, eta zazpigarren bat, azken hau erdiraino beteta. Kontu handiz, gaumahaiko edalontzia hartu eta bertan zegoen ura edan zuen trago bakar batez, gero, erdiraino beterik zegoen Cutty Shark botilatik apur bat basoan isurtzeko. Sei whisky botila hasi gabeak ohe gainean lerratu zituen, perfektuki, maniatiko batek bezala, etiketa etiketaren parean, botilek argazki baterako posatu beharko balute bezala. Gero botilak maletan sartzen saiatu zen. Hiru baino ez ziren sartzen. Bere arroparik gehienak armairuan uzten bazituen ere, maleta hark ez zuen askotarako ematen. Birao pare baten ondoren, onena fisonomia liburuak bertan uztea izango zela iruditu zitzaion. Bakarra hartu zuen: Hitlerren karikaturak eta haien artean Hitler espainiar erretzailea zituena, liburu honen barruan Veronicaren argazkiak gorde zituela gogoratuta.

Halere kanpoan geratzen zen azken Cutty Shark botila. Duda-muda une baten ondoren, trago bakar batean husteko gehitxo geratzen zela deliberatu zuen. Panazko jaka beixa atera eta ohe gainean utzi zuen, jakaren ordez azken Cutty Shark botila maletaratuz. Lehentasun kontua zen, eta hozki pentsatuz gero, ez zituen bi jaka behar izango. Beste jaka, neskalagun ohiak oparitutakoa, beltza, ezker besoan partxe eskoziarra zuena —hura ez zuen ezergatik ere utzi nahi— soinean jarri zuen eta maleta itxi ondoren azken begiratua eman zion gelari. Depresio baten mamua sumatu zuen Cesar Telleriak bere inguruan. Lehertzear zegoen maleta berriro ireki eta hainbeste ahaleginen ondoren maletaratutako azken Cutty Shark botila maletatik atera eta trago bakar batez hustu zuen geratzen zena. Botila hutsa txaketa beixaren gainean erortzen utzi zuen ondoren, ohe ondoan.

Poliki itxi zuen maletaren kremailera, gelan beste norbait esnarazteko beldurrez balego bezala. Gelan norbait esnarazteko arriskua izatea desiratu zuen, guztizko indarrez.

Atea itxi eta kalerantz abiatu zen, egurrezko eraikuntza zaharkitu hartako lehen eskailerak kraskatuz. Whiskyaren zapore konfortagarria suma zezakeen eztarrian, eta horrek baikortasunez bete zuen.

Pentsioko gela isiltasunean geratu zen. Ordea handik gutxira, eskaileratan gorako kraskatekoa entzun zen berriro. Giltzak atearen begia zarata handiz zulatu eta atearen atalasa zeharkatu gabe, norbaitek txaketa beltz bat jaurtiki zuen gela barrura, indiferentziaz baina amorrurik gabe: ohera bidean zutabe bat topatu zuen jakak eta zutabeko koadroa kulunkatu eta erori egin zen. Jaka beltza, ezker besoan partxe eskoziarra josirik zuena, lurrean geratu zen, ohean abandonaturiko fisonomia liburu, jaka beix eta Cutty Shark botila hutsetik oso gertu.

Ikasi beharreko lezioa da: maleta batean ez da bizitza guztia sartzen.

Abendu hasierako bero olde hura ez zen batere normala. Ez zuen aspaldiko neskalagun hark oparituriko jaka hura ere beharko. Eguna garbi eta eguzkitsu zetorren, amarrurik gabea, doratua, Cutty Shark trago bat bezalakoa. Ez zuen jakarik beharko, ez horixe, eta gainera, ze jaka eta ze arraio, behin adin batez gero, sentimentalismoak ez zuen lekurik eduki behar gizonen bizitzan.

Marta lokartu ezinik zebilen Pataki zelako hark ekarritako gutuna irakurri zuenetik. Eta gero prentsak Bermudetako Triangelua izenez bataiatu zuen Andoain, Hernani eta Usurbil herrien arteko azken gertakizunak zeuden. Hiru tiroketa izan ziren azken hilabeteetan eta hiru aldiz desagertu ziren tirokatzaileak Triangeluan, Ertzaintza eta Guardia Zibila autoz atzetik izan arren. Azken bietan auto istripua izan eta korrika, mendirantz batean eta Andoaingo kaleetan barna bestean alde egin zuten iheslariek, egun argiz, polizia barregarri samar utziz. Pataki hura beraz, haiekin ordura arte harremanik izan ez zuen komando batetik, Bermudetako Triangeluko istoriotik zetorren, eta berak kontrakoa esan arren, posible zen Polizia atzetik izatea.

Gero gutunarena zegoen eta hori zen kezkagarriena. Eta gauaren erdian kadentzia irregular batekin apartamentu paretik igarotzen ziren auto madarikatu haien zarata eta argi etena.

Ordu hartan autoen faro bikoitiek gehiago argitzen zutela zirudien. Bere gelako sabaian ikus zitzakeen, isla gorriak, joanerakoak, alde batean, eta zuriak, etorrerakoak, bestean. Bat-batean, itzal baldar batek zeharkatzen zuen alderik alde errepidea eta auto gidariak siku sakatzen zion balaztari, autoen argi hark airean distira bortitza dibujatzen zuela. Billar jokalari zarpail batek bat-batean tapete orlegia tarratatzean nola, hala tarratatzen zen gaua, balaztaren txilioarekin batera. Gaua ere billar mahai bat da, nolabait. Baita bizitza ere, gogoetatzen zuen Martak: makilkadak jaso eta, maldan behera, lerro zuzenean eta abiadura biziz kiribiltzen.

Eta gero kolpea eman eta zuloan desagertu. Horrelako zerbaitetara mugatzen zen dena batzuetan.

Edozein gautan zoritxarren bat gertatuko zen, hala ere. Gauaren erdian errepidea zeharkatzen zuten mamuak bezalakoak ziren gaueko gidari lasaien bidea aztorarazten zuten haiek. Errepidean zihoazen trailer eta auto gidariengan harridura eta izua sorrarazten zuten, ezustean, Renfeko trenbidea igaro eta metalez betetako zakukada pisutsu bat lepoan hartuta N-1 errepidea zeharkatu eta Pasaiara korrika ihes egiten zuten iluntasunaren zerbitzari haiek, gauak zurrupaturik desagertzen zirenak gero.

Pasaiako portuko zaindari eta estibadoreek diamante-lapurrak esaten zieten, portuan pilatutako txatarra meta eskergen baitan, brontzea, kobrea edo aluminio pieza ttikiak bilatu eta lapurtu ondoren badia inguruan merkezurrean ziharduten txatarreriatara saltzen zituztelako.

Batzuetan egun argiz jarduten zuten, haientzat are arriskutsuago zena, trenbidea eta N-1 errepidea hurrenez hurren igaro behar izaten zituztenez. Gainera, garabietako langileentzat ere neketsuagoa zen lana, diamante-lapurren agerreraz geroztik kontu handiz jardun behar izaten baitzuten txatarra ontzietatik deskargatzean, txatarrazko metan burdina bila zebilen diamante-lapur koitadua bertan ez xaflatzeko. Hasieran poliziari hots egiten zioten portuko zaindariek, baina aspaldian etsia hartua zuten: inoiz ez zen hogeita hamar mila pezeta baino gehiagokoa lapurtzen zutenaren balioa, eta aske geratzen ziren berehala.

Diamante-lapur haietako batzuen ezizen bitxi eta deszifraezinen berri ere bazuten garabietako langileek: Txekiarra, Juan Perro eta Laranja Mekanikoa, sarrien azaltzen zirenetako hiru baino ez ziren. Langabezian zeuden gizonak ziren, adinean sartuxeak gehienak, estatistiketan "langabetu desanimatuak" sailean sartu ohi diren horietakoak eta lapurreta ttikiokin bizirauteko txanpon puskaren bat lortzen zutenak: hemezortzi bat duro aluminio kiloko, hura baitzen txatarra-meta erraldoietan errazen aurkitzen zena.

Azaroak bederatziko gertakizun hura gogoan zuen oraindik Martak. Hiru gizasemek, trenbidearen erdian, bertan behera utzi behar izan zuten esku artean garraiatzen zuten ehun kiloko pieza bat, ustekabean trenak harrapatuko zituela ikustean. Tren-gidariak doi-doi lortu zuen lokomotora geratu eta metal zati hura saihestea. Lokomotoraren argiek ere, gauaren tapetea urratzen deneko distira bortitz eta dirdaitsua marraztuko zuten noski airean, tren gidariak siku balaztari sakatu zionean.

Kolpea eman eta zuloan sartu. Diamante-lapurrek ere halaxe jokatzen zuten. Bazuten haien antza apur bat.

Diamante-lapurren gaiak ez zuen komunikabideetan oihartzun handiegia izan. Garaitsu hartan, Pasaiako portuaren inguruko pabilioietan zakurren arteko borroka klandestinoak egiten zireneko susmoen gaineko ikerketak eta zurrumurruek baitzuten prentsan protagonismo gehien. Hemerotekak aztertuz gero, zakur borrokak eta boxeolari pasaitar gazte baten debutaren notizia ziren lehen orrialdeko notizietariko bi, letra handiegietan ageri ez ziren arren.

Egia esan, ongi etorri zitzaien diamante-lapurrei txakurren afera. Nolabait, kate motzean lotuta zeuzkaten jabeek beren maskotatxoak. Pabilioietako apustuetan lehiatzen zirenak doberman, presa canario, rottweiler, dogo argentinar, pitbull edo bulldozerrak lako zakur handiak izan arren, entrenamenduetarako zakur ttikiak erabiltzen zituzten sparring bezala, handiagoek bertan sarraskitu eta txikitzen zituztenak. Beren zakurra galtzeko beldur, psikosiaren pean ziren honenbestez inguruetako zakurren jabeak, eta ez soilik zakur handienak. Zakur asko desagertu zen aspaldian paraje haietan, eta Pasaiako sukaldeetan ere preso zeuzkaten gauaren erdian jabeek beren animaliak, hozkailu erdi huts eta itxien giderrei lotuta edo. Hala zirudien behintzat, Laranja Mekanikoari eta bere lagunei ez baitzieten aspaldian, Sakamantekasen gisara, zakua hartuta, trenbidea eta N-1 errepidea zeharkatu izan zuten azken aldietan batere zaunka salataririk egin.

Martak beren apartamentuko leihotik ikus zitzakeen txatarra meta haiek guztiak, sukalde lurperatuen hondakinak, altzairuzko idazmakinak, urpekontzi errusiarren periskopio txikituak, Auschwitzeko lanpara zanpatuak, haizezko instrumentu akastun eta herdoilduak, erlojuen orratzen kontrako norabidean zihoazen erloju matxinatu eta matxuratuak. Ikus ezin zitzakeenak erdi ezkutuan hizketan ari ziren bi gizaseme haiek ziren.

— Pentsa ezak bi aldiz Lar, diru asko zegok tartean. Ez didak esango miserable batek bezala burdina puskak biltzea baino hobea ez denik...

— Ez zioat honi batere usain onik hartzen, ez zekiat. Ni txatarra biltzaile xume bat besterik ez nauk.

— Zakur bakoitzeko hamar mila duro ordaintzen ditiztek. Egin behar duan gauza bakarra honakoa duk: hik ikusi nondik zakurrak ebatsi eta lepo inguruko ilea moztu. Gero autoa hartu, zakurrak haiek esandako lekura eraman eta kito. Ez duk beste munduko ezer. Ernai egin beharreko lana, besterik ez. Non topa dezakek hau baino lan hoberik? Egundoko mauka duk, Lar.

— Zer arraiotarako moztu behar zieat lepo inguruko ilea?

— Hori ez duk hire kontua, Lar. Onartzen duk ala ez?

— Txakurrak sparring bezala... Ez zekiat, berrogeita hamar mila diru asko duk. Ziur hori dela guztia?

— Ez hadi errudun sentitu, gizona. Hori duk dena, ez zegok beste maratilarik. Dirua mugitzen dik jende honek, hori duk guztia. Ez zegok inolako azpijokorik. Fida hadi nirekin. Inoiz huts egin al diat, Lar?

Laranja Mekanikoa deitzen zuten gizona isilik geratu zen une batez.

— Nik hiri hainbat aldiz, ondotxo dakik hori. Kontua ez duk huts egin izana edo ez. Gu bakean kito gaudek.

— Pentsa ezak ondo. Ez diat besterik eskatzen.

Lana ez zen guztiz txarra. Batzuetan aspergarria izan zitekeen, hori bai. Baina ezin zen kexatu. Kalean zebiltzan bere kideetako edonork beso bat emango zukeen bere lanaren truke. Zuen soldata berrozietako bizkartzain saileko edozeinen parekoa zen, eta printzipioz behintzat, bere eginbeharrek ez zekarten inolako arrisku zuzenik. Urteak ziren Cesar Telleriak pistolarik eraman beharrik ez zuela, gorroto zituen, gainera. Txosten gogaikarririk bete beharrik ez zuen, nagusien eguneroko purrustadarik jasan beharrik ere ez. Hori guztia gutxi balitz, ez zeukan egun osoa bulego batean giltzapetuta puntutxozko lerroen gainean sekula argituko ez ziren salaketak mekanografiatzen denbora alferrik galdu beharrik. Bere lanak batera eta bestera bidaiatzeko aukera ematen zion: Mexiko, Paris, Geneva, Habana, Lisboa... Horiek bere azken bizilekuak baino ez ziren izan. Gehienetan hiru hilabete inguru egiten zituen hiri bakoitzean, baina ez zen beti epea bera izaten: Buenos Airesen adibidez, ia urtebete eman zuen eta Genevan berriz hiru aste besterik ez. Zorte kontua zen. Zerbait bazuen, horixe zuen txarra bere zereginak: inon sustrairik bota ezina, etziko konturik sekula atera ezina. Egun batetik bestera, batere aztarnarik utzi gabe desagertzen zen zuela ordu gutxira arte aberri zuen hiritik. Bere saileko gehienek bekaizkeriaz so egiten zioten, pribilejiatutzat jotzen zuten, zuzendaritzak titiko umeari baino gutizia gehiago betetzen zizkiola uste baitzuten. Inor gutxik zekien zehazki bere zeregina zertan zetzan. Asko bidaiatzen zuela, horixe bakarra. Baina bere lana ezin zuen edonork bete. Lan berezia zen, inon berezirik bada: oso gaitasun zehatzak eskatzen zituena.

Betidanik izan zen fisonomista ona. Hori eta intuizioa. Usaimen berezia zuen jendearen barne kontzientziak arakatzeko, keinu bakar batetik abiatuz ingurukoek zer pentsatzen zuten asmatzeko. Alde ederra zegoen bada, bere aurreko postuan egiten zuen bezala autoan kalez kale patruilatzearen, edo, azken lau urteetan egiten zuen moduan, hirietako suburbio, bus geltoki, gau-klub, zinema areto, metro estazio eta aireportuetan barna kalezko begiralearen jarreran paseatzearen artean.

Katalogoak hilero jasotzen zituen. Argazkiz betetako album mardulak ziren. Ehundaka eta ehundaka argazki. Argazkietako batzuk zuri-beltzezkoak ziren, beste asko koloretan atereak. Baziren lehen planoak eta urrutikoak, baziren argazki difuminatuak, desfokatuak, Fotomaton enpresetatik ebatsiak edo diru bereiziekin ilegalki erosiak, argazki atera berriak eta baita bi hamarkada lehenago ateratakoak ere. Poliziak bere metodoak ditu eta ez dira denak ezagunak eta publikoak, ez eta denak arrazionalak ere. Argazkietakoei buruz berak ez zekien gauza handirik. Benetako izenik sekula ez. Katalogoetan ezizenak zeuzkaten guztiek, segurtasun kontuak tarteko-edo, auskalo. Argazkia noiz aterea zen ia beti jakin ohi zuen, jakin beharra zeukan argazkian ageri zen hark une hartan zein adin eduki zezakeen gutxi gorabehera kalkulatu ahal izateko.

Esperimentu gisara hasi zen ikerketa departamentua bere fisonomista onaren kontu hura ustiatzen, ia isilpean, behin-behineko eran eta kautela handiz. Eszedentzia baten pean mozorrotu zuten dena. Bere zereginen berri zuten buruzagien artean ere, izan zen gizon baten ahalegin guztiak zentzu horretan bideratzea burugabekeria galanta jo zuenik. Indar eta diru galera bat. Baina denboraren poderioz, emaitzak uste baino askoz ere baikorragoak izaten hasi ziren heinean, betirako isildu ziren kritika guztiak. Eraginkortasun kontua zen, eta bere eraginkortasuna, zortearen eta instintuaren arteko nahasketa ikaragarri batek bermatu zuen ordura artean.

Tipo zorteduna zen. Eta zorteak noizbait abandonatzen bazuen, hark alde egiterako, jada ez zuela zorterik behar izango, eta bost axola izango ziola galera hark, hala pentsatzen zuen.

Gauero errepasatzen zituen katalogoak pentsio, hotel, apartamentu edo ostatu hartua zuen txandako txakurretxolako flexopean: ohean etzanda zegoela, askotan. KGBkoek —hala deitzen zioten Ertzaintzaren barruan ikerketa sail bereziari—, beren ikerketa eta susmoen arabera, zegoen hirian egotea posible jotzen zuten gizon emakumeen zerrenda burutzen zuten; hauekin argazki bildumak osatu eta postaz igortzen zizkioten hilero. Berak begirada bakar batean memorizatzen zituen aurpegi haiek guztiak eta haien aldaki posible oro: ilea moztuta, kolorez aldatuta, bizarrarekin, mustaxarekin, betaurrekoekin edo gabe. Gero haien baliokideen bila ateratzen zen kalera, bere bidean gurutzatzen ziren guztien aurpegietan iltzatuz begirada, radar baten zorroztasunaz. Estazioak, aireportuak, labanderiak, hotelak, hipodromoak, kasinoak eta zita-etxeak ziren bere ehizarako lekurik aproposen eta ohikoenak, baina beti zegoen adi. Bere lana horretara mugatzen zen, paseatzera eta begiratzera. Zaila egiten zitzaion lana bere eguneroko bizitzatik banantzea. Ezinezkoa zen, inondik ere. Paseatu eta begiratu. Hori zen bere leloa. Zelatatzea, hitz hori, beste gauza bat zen eta ez zuen gustuko.

Katalogoetan agertzen zenetariko bat atzematen zuenean, hogeita lau orduz jarraituko zuen, eta behin tarte hori igaro zenean, aurkitzen zuen lehen telefono publikora zuzendu eta bere sailera hots egingo zuen.

— Sarean daukat, alajaina. Harrapatu dut. Veronica da. Media Vida hotela dauka ostatu eta hegazkin txartelak erosi berri ditu. Hiritik ateratzekotan dela dirudi. Maleta beltz bat dakar berekin, ertz metaleztatuak dituena, argazkilariek erabiltzen duten horietakoa. Estu-estuko laguna du. Azkazal pare bat emango nituzke barruan zer daukan jakitearren.

Hor bukatzen zen bere lana. Ez zuen sekula azkazalik galduko. Hiritik ateratzen zen lehen hegazkina hartuko zuen, eta ez zuen beste ezer jakingo sekula Veronica izen faltsuaren pean ezagutu zuen hari buruz. Esan dezagun horrela, ikertzaile interruptus bat zen bera, misteriozko antzerki batean lehen aktoan bakarrik parte hartzen zuen aktorea: bere lana ondo bete arren, hura bete orduko zigortu eta teatrotik botatzen zutena. Istorioaren bukaera imajinatzearekin konformatu behar izaten zuen. Hasieran galdetu izan zien KGBkoei salatutako haien patuez eta bekatuez, baina beti itzulinguruka erantzuten zioten. Ezer onik ez. Edota zelako aparejua. Edo kaiolan hobeto zegok piztia hori. Edo puta zikin bat. Horrek sorrarazten zion nolabaiteko frustrazio bat, ezin zuen saihestu. Horrek eta sustraiak inon bota ezinak. Hiri batera iristen zenero, edozein zelarik ere hiria eta edozein ostatu hartzen zueneko lekua, baita edozein txakurretxola izanda ere, amets bera izaten zuen: ahalik eta luzaroen egotea bertan, norbait ezagutu eta bertan irautea; etxeko atera heldu, giltza ateko begiari kateatu eta bira bikoitza ematen zuenean hitz haiek esatearekin egiten zuen amets. Alegia, poxpolo piztu batek infernuko azken zulora erortzean esango lituzkeen hitz haiek esatearekin: zein ederki, azkenean etxean, ez dago norberaren etxea bezalakorik.

Fabriketako langileek duten arratseko une zoriontsu bakan hura desiratzen zuen beretzat. Zure atzean danbateko batez etxeko atea itxi eta munduari esatea: hor geratzen zarete, putakumeak.

Goizeko seiak hamar gutxi ziren hegazkinak Miarritzeko aireportuan lur hartu zuenean. Lisboako aireportuan dexente zain egotea egokitu zitzaion eta Lisboa-Paris-Miarritze bidaia osoa gaueko ordu txikietan egin zuenez, nahiko leher eginda zegoen. Maleta hartu eta inguruan taxirik ageri ez zenez, auto bat alokatzea erabaki zuen. Eguzkitako betaurrekoak kendu eta aspaldi ikusi gabeko itsasoari berriro so egin zionean bururatu zitzaion lehen hitza cinemascope izan zen. Cinemascope itsasoa. Zentzugabea agian, baina oso zabala iruditu zitzaion Miarritzeko pasealekutik itsasoa. Faltan bilatu izan zuen aspaldian bere itsasoa.

Negu betea zen arren, ezusteko bero oldea baliatuz terrazak jarriak zituzten zenbait tabernari aurreikuslek eta goizeko zazpi t’erdiak inguruan jada aulkiak ezarri eta gosaltzeko ostatuak irekitzen ari ziren. Sofistikatuegia iruditu zitzaion arren, gertuen zuen ostatura sartu eta kafe hutsa eskatu zuen. Trafikoa eramangaitza bihurtu aurretik Opel Corsa alokatura sartu eta bizkor gidatu zuen Donostiaraino. Hilabeteko oporrak zain zeuzkan. Etxera sartzea arrotz baten etxera sartzearen pareko egin zitzaion. Gutxien espero zuen egunean, bidaia batetik itzuli eta aldatuak topatuko zituen ateko zura eta sarraila. Jada bere etxe jotzen ez zuen Groseko apartamentu hartan igaroko zituen opor egun haiek. Erantzungailu automatikoan batere mezurik ba ote zuen ziurtatu zuen, sofa gainean maleta utzi eta sukaldera garagardo lata hotz baten bila sartu ahala. Izozkailua jela bloke egina zegoen eta labanaz erreskatatu behar izan zuen garagardo lata izotzezko presondegitik. Harraskako iturria ireki eta uraren pean utzi zuen lata minutu pare batez, desizoztu zedin. Bi mezu zituen erantzungailuan.

— Kaixo Cesar. Nekane naiz. Ezin dugu horrela jarraitu. Deitu... Deitu nahi baduzu, baina utzi egin beharko genukeela uste dut. Agur, Cesar.

Nekane. Zenbat denbora elkarrekin egon ziren azken aldiaz geroztik? Auskalo. Telefonoa hartu eta deitzen saiatu zen. Ez zuen zenbakia buruz gogoratzen eta agendan begiratu behar izan zuen. Lehen deia, bigarren deia, hirugarren deia, laugarren deia. Zain egoteko dauden erarik gogaikarrienetakoa da norbait telefonoz bestaldeko leihora agertuko ote den zain egotearena. Telefono tutu mota ezberdinak daude gainera. Telefono zaharrak, ziztatuta daudela ematen dutenak, inguruko altzari barrokoak oihartzuntzen dituzten tutuak... Telefonoa bestaldean jotzen ari dela jakite hutsak bestearen bizitzaren parte sentiarazten gaitu. Sarkin sentiarazten gaitu. Inork bestaldetik erantzun beharrik izan gabe ere, informazioa ematen dute linea eman zain edo komunikatzen ari diren telefonoek: zenbat metro koadro dituen apartamentuak, atiko edo soto batean ote dagoen telefonoa, argiak piztuta edo itzalita ote dauden. Horregatik daude komunikatzen, ezer ez esan arren zerbait komunikatzen dutelako. Eskegi aurretiko tutu hotzak, zure deia ongi-etorria izango ez dela adierazten dutenak ere badaude. Tutu mingarriak eta zure eskumuturraren dardarari leial zaizkion tutu dardaratiak. Bosgarren deia, seigarren deia, zazpigarren deia. Eta gizonezko batek hartuko balu telefonoa? Arnasarik hartu gabe telefonoaren besagia eskegi behar hori, bestaldekoak zure hatsean tabako marka jakin bat igarri lezakeeneko uste errudunarekin.

Zortzigarren deia, bederatzigarren deia. Begiak itxita, telefonoaren tutualdi bakoitzak gela hutsaren xehetasun berri bat ematen dizu. Ez dago inor, bare dago gela, lore zimurtu batzuk daude, kafe katilu huts bat mahaian abandonatua, sobre ireki bat eta erdiraino baino irakurria izan ez den gutuna katiluaren ondoan abandonatua, arroparen bat alfonbran axolagabe abandonatua. Agian telefonoa hartuko zuen Nekanek hurrengo tutualdian eta erabat une desaproposean harrapatzen zenuela esango zizun. Agian sofan ari zen larrua jotzen beste norbaitekin eta hori igarriko ote zenion beldur izanen zen, Cesar. Bere matrailezurraren keinua nabarituko zenuen telefonoz bestalde eta nola urduri almohada bat harrotu eta lisatzen saiatzen zen, zerbait egiteagatik, sorbaldaz telefonoaren besagia sustengatzen zuen bitartean, bere magalean, bere hankartean pausatzen zelarik amorante ezezagun baten burua. Eta Nekane gizon biluziaren burua laztantzen ari zen, bere aluan zuen hazi isuri berria. Nekaneren etxea ezagutzen duzu eta bere ohetik atera, argia piztu eta korridorera iritsi ondoren telefonoraino iristeko behar den denbora hiru bider kalkulatu duzu mentalki dagoeneko. Hamargarren deia, hamaikagarren deia... Definitiboki, ez hartzea bezain desatsegina izanen litzateke une horretatik aurrera Nekanek telefonoa hartzea, Cesar: eten eta puskatuko duzunaren iraupena hamar tutualdikoa izateak benetan zerbait garrantzitsuaren itxura ematen baitio, zernahi izanda ere Nekane egiten ari zen hura.

Ezin zuen gehiago zain egon eta telefonoa eskegi egin zuen. Zerbait erremediaezina, antzinakoa eta mingotsa sentitu zuen eztarri zuloan. Gero zain geratu zen, inozo bat bezala, telefonoari begira. Besagia hartu eta linea martxan zegoela baieztatu zuen, behin eta berriz: alegia ezetz, ez zela telefono aparailuaren matxuraren baten errua inork ez deitzearena. Eskegi egin zuen berriro. Telefono postez posterako kable apur bat kurbatuen sabelak imajinatu zituen. Ehundaka bider errepikaturiko kableak irudikatu zituen, Nekaneren etxerainoko telefono kable guztiak. Sokasaltora jolasten ari diren neska-mutikoek zerbait harrigarria eta tristea ikusi eta soka biratzeari uzten diotenean bezain hilak zeuden telefonoaren soka zintzilikatu haiek, infinituraino biderkatuak.

Cesarrek badaki kosta egingo zaiola berriro ere telefonoa hartu eta zenbaki hura markatzea. Nekaneri buruz berri gehiago sekula ez jasotzeko ideia onartzen saia zaitez, Cesar. Etsita, erantzungailuari begiratu eta play botoia sakatu zuen. Komisariakoa zen erantzungailuko bigarren mezua.

— Roberto nauk. Ondo joan al duk bidaia? Dei iezadak etorri bezain pronto, ados? Denetarik zeukaagu hiretzat: berri onak eta berri txarrak.

Berri txarrak jaso ditiat dagoeneko, Rober. Ez zion mezu hark batere errezelo onik eman, baina garagardoa husterako telebista aurrean hartu zuen loak.

Ez zuen inolako ametsik izan. Eta izan bazuen, ez zuen gogoan hartu. Esnatu zenean, arratsaldeko bostak ziren kasik. Arrotz zitzaion telefono-besagi beldurgarri hura hartu eta komisariara hots egin zuen. Idazkari mengelak hartu zion. Idazkaria baino gehiago zen, egia esan, gauza guztien jakinaren gainean egon ohi den sorgin haietako bat.

— Robertorekin mesedez.

— Noren partetik?

— Zera, James Bond berria naiz, iruditzen bazaizu.

— Telleria jauna? Umoreko jarraitzen duzu... Zelako poza! Donostian al zaude?

— Gaur bertan heldu da urpekontzi errusiarra.

— Oraintxe jarriko zaizu Roberto.

Minutu pare batez Gernikako Arbolaren doinuaren antza izan nahi zuen sintonia penagarri bat entzun behar izan zuen telefonoz bestalde.

— Bai, Cesar? Zorionak egindako lanagatik, azeri hori! Begira, delikatu samarra duk hau, nahiago diat hirekin aurrez aurre hitz egin. Hator komisariara bihar eguerdian, ados?

Ados, jakina.

Biharamunean ordea, komisariara heldu zenerako Roberto alde egina zen. Alain bere laguntzailea bakarrik zegoen han eta betizu samar begiratzen zion honek ertz batetik, diosalik egin gabe. Robertorekin zuen harreman onaz bestaldera, ez ziren Alain eta Cesar elkarrekin batere ondo moldatzen. Gutunazal bat utzi zuen beretzat komisario-buruak, post-it bat itsatsia zuena. Ohartxo bat zegoen post-it horian idatzia: "Ustekabekoak eta hanka egin diat. Young Playn ikusiko haut gauean. Roberto". Cesarrek gutunazala ireki eta Young Play diskotekan gau hartan bertan ospatzekoa zen boxeo konbaterako sarrera bat topatu zuen.

Dezepzionatu egin zutela esateak ez zuen balio kasu hartan. Ez Dezepzioa zaku ilun horren hondoko pertsonaia bat denean eta zu bere sabelean bizi zarenean. Argazkiarena zegoen. Argazkia atera zioten Koldori: aurrez aurre lehenbizi eta soslaia gero. Horrelakoetan pentsatzen direnak ez dira sekula pentsatuko zirela uste izaten direnak. Koldori ez zion une hartan gehiegi ardura jasan beharko zuen galdeketak, ez zuen larregi sentitu goizeko hiruretan argazkia ateratzea ahaztu zitzaiela esanez astinaldi batekin esnatu eta ohetik altxarazi zuten haiekiko logika guztien arabera sentitu beharko lukeen amorrurik, nahiz eta bat-batean ulertu zuen atxilotu guztiak beren argazki polizialean halako serial killer aurpegiarekin agertzearen arrazoia huraxe zela: alegia, denak, bera bezalaxe, goizeko hiruretan jaikiaraziko zituztena begizuloen neurria azpimarratzeko. Ez zuen ironiaz kamerari irribarre egiteak suposatuko zukeen istorioaren aldakia kontuan hartu. Tortura hitzak ez zion burua zeharkatu, ez zuen balizko salaketa edo salaketa proiektu baterako bere inguruko polizien aurpegiak gogoan hartzeko erreflexurik izan, ez zuen kode penalak bere kolaborazio delituarentzat eduki zezakeen urte kopurua imajinatzeko ahaleginik egin. Ez zuen telefono gida batez atxilotuaren burua kolpatzen denean telefono urrunen bati kexuren batek ihes egin diezaiokeenik pentsatu. Une hartan bururatu zitzaion gauza bakarra, absurdua, ulergaitza, egia sinple eta gordina, zera izan zen, galdera inozo bat: argazkilaria beti berdina izango ote zen, ertzain guztien artean bat ote zen horren ardura zuena, egin ote zuen lanorduen barruan eta soldatarik galdu gabe egin ohi den ikastaro berezi horietakoren bat behar bezala fokatzeko, ala hobbytzat ote zuen akaso argazkilaritza, asteburuetan Aralarrera joatean bere emazte eta alaba txikiari aterako ote zizkien goroldioak estalitako zuhaitz izugarrien magalean argazkiak, kamera automatikoa izango ote zen, begi gorriak aterako al zituen komisariako hark ere, lehen jaunartze egunean oparitzen diren kamerek bezala. Edo begi moreak. Emango ote zioten hala eskatuz gero argazkiaren kopia, ba ote zuen eskubiderik halakorik eskatzeko, bere zeldan jartzeko, bere arrebaren eta bere gurasoen argazkiaren alboan.

— Jarri perfilez. Gehiago. Gehiago esan dut. Gehiago, ez da nahikoa!

Argazkilariak berak etorri behar izan zuen, azkenik, eta Koldok, artean eskuburdinak soinean zituela, ezin izan zuen sorbaldaz amorruzkoa izan nahi zuen mugimendu bat besterik egin, argazkilariak berak kokotsetik heldu eta lepoa bihurritu zionean soslai alferrikako eta behartu hura erakuts zezan.

— Perfila nahi dut, zorritxo. Ez zaizkit kromo repeak gustatzen.

"Ezkerreko perfila ez didate atera" otu zitzaion Koldori, garaipen bat balitz bezala, ezker perfilean bailegoen bere aitorpen guztien giltzarria, une hartatik aurrera ezkerreko perfil hura erabili ahal izango bailuen bere ekintza klandestino guztietarako. Gero, berriro ziega iluna, zigarrorik gabekoa eta uste baino zaratatsuagoa. Batez ere txistu gogaikarri bat zegoen. Nondik ote zetorren eta zer zen imajinatzeak lanak ematen zizkion txistu bat. Inork erantzun nahi ez zuen telefono bat balego bezala. Elektragailu bat iruditu zitzaion gero. Kosmosaren zentrifugatua.

Ez zeuzkan argazkiei begira sartu zen berriro ohera eta ez zuen loak hartu. Zain eta denbora mastekatzen geratu zen, esna, begi urdin, begi gorri, begi moreak ote zituen asmatu ezinik.

Digresio ttiki bat orain argazkiei buruz. Ez al da harrigarria eta krudela zein ondo kontserbatzen den jendea argazkietan? Zenbait pertsonaiaren kasuan, beren bizitzako argazki bakarra edo bere bizitzako sasoi jakin bateko argazkiak bakarrik iritsi zaizkigu. Pertsonaia, idazle edo artista hauek beren bizitza osoan zehar argazki bakan horietan duten itxura bera izan zutela iruditzen zaigu. Mundura traje edo soineko lisatu eta guzti erdituak izan balira bezala. Argazkiek, gure hitz egiteko era desatsegin eta zakarra ezabatu eta gure keinu teatral eta urduriegiak leuntzen dituzte. Mitifikaziorako tresna aproposena dira argazkiak.

Badira zerbait berezia duten argazkiak. Emazteaz hain maiteminduta egonik egun osoan zehar haurdun zegoen emaztea bere buruaren argazkia begiratzera behartzen zuen senar tiranoaren adibidea da argiena. Bere emaztearen biki bat nahi zuen alabatzat, eta emaztea egun guztia bere neskato garaiko argazki bati begira egonez gero, haurra ere emaztearen berdina ekarriko zuela iruditzen zitzaion senar tiranoari. Agian lortu zuen. Argazkiak badira arima zati kaiolatu bat, hein batean. Nolabait.

Luzaro inork begiratu ez duen argazki bati norbaitek begiratzen dionean, munduaren traiektoria desbideratu egiten da une batez. Munduak bere betiko traiektoria berreskuratu aurretiko eten une horretan sortzen dira arima errariak eta mamuak.

Argazkirik onenak beren beirazko hilkutxa mehetatik kanpo daudenak izaten dira. Humanoagoak. Karteraz kartera ibiltzearen poderioz larruaren usaina dutenak, eta ez animaliaren larruarena bakarrik, erretratuan agertzen denaren usaina ere bai. Ez urkamendiaren gisakoak diren korridoreetako hormetan kakoz zintzilikatutako argazki markoztatuak eta ez gaumahaitxoetako rutinaren lekukotza ematen duten erretratu gogaikarriak. Zure familia guztia eta zure hildako guztien argazkiak eduki ditzakezu gelako hormetan, haien bizia luza dezakezu horrela, haiekin mintzatu eta talde terapia egin, baina gauean, argia itzali behar duzu azkenean: asko maite zaituztet, baina sentitzen dut, argia itzaltzera noa. Ondo lo egin dezazuela. Eta kito, hor geratzen dira argazkiok, hieratiko, beti berdin. Onenak hatz-mamien labirinto itxurako aztarnak eta azkazalen arrastadak dituzten argazki zaharrak dira. Mezu zifratua da aztarna bakoitza. Eskutik eskura pasatako alabastro hosto horiek dira esanguratsuenak. Gure aiton-amonen erretratu horiei begiratu, eta, inongo arazorik gabe, Billie Hollidayren orkestrako musikariak izan zitezkeela otutzen zaigu. Argazkian ageri den dekorado laburrak —argazkilari baten langelako kartoizko horma besterik ez dela dakigun arren—, markotik kanpo hedatu behar lukeen mundu zirraragarri bat iradokitzen digu. Gure jaioterria ez baizik eta Mississippi urruneko lurralderen batek behar luke derrigor marko horretatik at.

Zapata kaxa baten hondoan, beste hainbaten artean aurkitutako argazki okre hau adibidez: hogeiko hamarkadan ateratako foto honetan, auto beltz antzinako bat ageri da erdi erdian, eta emakume ezezagun bat dago auto beltzaren gainean eserita. Atzealdean zera irakur daiteke tinta urdinez: "Ford faktoria amerikarreko lehen autoak heldu dira penintsulara".

Argazkia zapata kaxa baten hondoan dago, egunkari txatal eta ginkgo hostoen artean. Lo eta zain. Fereka zain.

Zuria eta beltza. Jada ez diete kartzelaratzen direnei marra zuri-beltz paraleloz egindako traje barregarri hori ematen. Marrazki bizidunetako kontuak dira horiek. Nolabait linboan zaudela adierazteko balio bide zien jantzi hark presoei. Beltza eta zuriaren arteko aukera egiteko zeudela zelda hartan. Zuririk existituko balitz bezala. Ez dago halako trajerik egun. Baina barroteen itzala ohe zuriaren gainean mantentzen da gaur ere.

Gela Zebratua deitzen diozue. Pertsonaia bat gehiago da. Ziega bat pertsonaia bat gehiago besterik ez da. Argiak eta itzalek zebratua, ohe horrek ezin du luzaro hutsik egon. Zain dago. Norbait behar du eta zu izango zara. Ez galdetu zergatik. Ez dago zergatirik. Gogoratzen olatuekin jolasean ibili eta mareak gora egiten zueneko hura? Busti gabe ihes egitea ezinezkoa dela konturatzen denaren susto sentipen hori. Zure hondartza zerrautsezkoa edo ogirinezkoa da. Argizaritan harrapaturiko erleak bezalaxe. Horrela zaude, harrapatuta.

Espazioko zulo beltzak inguruan duen guztia zurrupatzen duenean han, zuloaren erdian bazeunde legez.

Zinema areto batean zaudenean bezala, ustez sekula aurrez ikusi ez duzun film bat ikusten. Zinemako pantailan zelda huts bat ageri denean bezala, Gela Zebratua maiuskulaz, pertsonaia bat gehiago delako. Zelda hutsik dago baina kamerak besarkatzen duen angelutik kanpo bada norbait, iturri bat irekita baitago. Entzun genezake iturriaren jarioa, ikusi ezin dugun arren. Minutuak eta minutuak igarotzen dira eta kamera geldirik dago plano berean, ur korrientearen soinua, joanean, ezer ez da aldatzen. Urduri, zure aulkia utzi eta zinema aretotik ateratzen zara, jasanezina zaizulako Gela Zebratu hori ikustea pantailan ikusiagatik zeldan nor dagoen ez jakitea. Betiko beldur hori. Zinema aretotik irtetear zaude baina okerreko atetik sartu zara, suteetarako atetik. Dena ilun dago, itogina dago, ate itxiak daude. Azkenean itsumustuka ireki duzu ate bat, baina ez zaude kalean, baizik eta zelda barruan. Gela Zebratuan zaude, pantailako zeldan. Itogina jotzen zenuena filmeko pantailan ageri ez arren entzuten zen iturria zen. Eta pantailaren barrutik dakusazun zeure zinema aretoko eserleku izana hutsik dago orain, eta barre egiten du, Aulkia ere pertsonaia bat gehiago delako. Aulki bat pertsonaia bat gehiago besterik ez da. Eta ez galdetu zergatik. Ez dago zergatirik. Gauzak gertatu egiten dira. Lokatzetan harrapatutako erlea bezala. Halaxe zaude.

Aulkia, pertsonaia bat gehiago. Pertsonaia beldurgarria. Batez ere Marta dagoelako bertatik zuri begira, barrez, zuk hutsik utzi duzun eserlekuan.

— Hemendik sei hilabetera pasatuko zain, lasai!

Hortzik gabeko demonioarena da haren irribarrea. Ipuin kontalariak egunsentira arte itxaron balu, ohartuko zen Troiako zaldia ez zela zaldi. Zebra zela.

Amesgaizto bat besterik ez zen. "Klaustrofobia da Olatz, klaustrofobia besterik ez da", pentsatzen duzu. Bostak eta hogei. Goizeko. Bi zenizero metaliko zigarrokinez beteak. Gaur gauean sei baino dexentez gehiago erre dituzu. Ohean bakarrik zaude. "Benetan al nago bakarrik?". Hanka eta besoez koltxoiko hutsuneak segurtatzen dituzu. Argiak piztu eta itzali. Kalean inor ez dabilela baieztatu. N-1 errepideko joanerako argi gorriak eta etorrerako argi zuriak bakarrik. Trenak geldirik txatarra multzoen artean. Bi aldiz egiten duzu eztula. Ez kezkatu, hemendik sei hilabetera pasatuko zain. Eztul bakoitza aukera bat da. Bi aukera daude.

Bi aukeretako bat bera ere ez da zuria. Zuririk existituko balitz bezala. Ongian dagoen gaitz kopuruaren ongi kopuru bera dago gaitzean. Ogirinezkoa da zure hondartza. Eta ogirina egin denean, ezinezkoa da ogiaren koskorra eta mamia bereiztea.

Zerrautsaren ordez ogirina bota lezakete hildako horrek utzi duen odol putzuan. Baina zein hildako? Oraindik ez dago hildakorik.

Bakarrik. Pertsonaia bat gehiago besterik ez da. Bera da beti dagoena, joaten ez dena, lokatzetan harrapaturiko erlea.

Seiak eta berrogeita bat. Seiak eta berrogeita bi. Txatarra metak, garabiak, dena dago geldirik. Oraindik ez da karga-deskargarik hasi. Zerua ari da saretzen estoreen bestaldean, baina oraindik ez dago nahikoa argi begirada batetik bestera dauden trapezio kordelak ikusteko.

Gelako argia pizten duzu itxaropen gehiegirik gabe eta bonbillak eman dezakeen guztia ematen duen arren, argi laranja laru bat besterik ezin du eman.

Egunsentiak lehenbizi beste leiho batzuk aukeratuko dituela dirudi, azkenik, zure leihoan ere sartzeko.

© Harkaitz Cano


susa-literatura.com