Manexak
Atseden bila jo genuen Zuberoara lagunak eta biok. Behiala arrotz eta beldurrezko elezaharren lerro eta hots artetik jaulkitakoak ziruditen lurrok, ezin atseginagoak bilakatuak ziren aspaldi, bizimodu erosoari eta ongizateari begira eredugarri.
Asko ziren, opor garaian bereziki, hartu nahi zuenarentzat eskura jarriko zitzaizkion kaleko etxe, baserri zein landetxeak. Sasoi batean zakartzat edukitako bertako jendearen aiurria, orain, ostera, esker oneko eta otzan agertuko zitzaion manexari. Eta jendea bera bezain abegikor eta osasungarri irudituko zaizkizu bertako usadioak eta eguraldia. Jan-edanean goi mailako eskaintza damaizu Zuberoak, herri kantaria da, alaia, eta aukeran merkea. Inondik datorren turistarentzat zerua.
Geure puskak ostatuko gelan antolatu ondoren, Mauleko plaza, gaztelua eta inguruak ikuskatzera irten genuen. Zenbait etxetako armarri eraitsiek eta bala zuloek garai gordinagoak salatzen zizkiguten, hala ere, hilabetetako erresistentzia gotorraren testigantza berrienak ziren. Izan ere, arrakala sakonak utzi zituen gure Independentziako Gerrak euskal lurralde guztietan. Baina Zuberoan, beharbada, inon baino areago. Eta Zuberoan, Maule bakarra. Independentzia erreusitu zuen Euskal Herriak, ikaragarri penatu ondoren, noski, aurreikusita zegoenez. Bakea bertakotu zen azkenean. Urteak ziren Zuberoan ere azken hildakoak areka zuloetatik batu zituztela, batu genituela, etxeak bota edo zaharberritu, errepideak konpondu eta zubiak jaso zituztela.
Eliza ondotik Maitia karrikan zehar errekara iritsi ginen. Bidean errotulu eta kale izenak oro, zubereraz, Zuberoako euskalkian idatzita zeuden. Gobernua, nazioko hizkuntza ofizial izendatzeaz bat mendetan erdietsi ezinekoa lortze bidean jarri zen, hots, xiberotarren behin-betiko integrazioa.
Opor gosea eta maitale berria gozatzea baino kitatu beharreko zorra nuen nik Souleko lurretara ostera egitera behartu ninduena. Zuberoa askatzen hilabete latz, anker, eramangaitzetan borrokan egitea egokitu zitzaidanean oso bestelakoa zen ikusmira. Okupazio indarrak neke gorrien ondoren egotzi genituen gure asaba zaharren lurretik. Xiberoko Bataila deituak odolez belzten ditu harrezkero gure eskola umeen historia liburuak. Usu nire loa ere bai. Sasoia ez ezik anaia txikia galdu nuen nik han.
Egia izanik ere Irati tematu zitzaidala aisialdi bat Zuberoan pasatzeko, nik barren-barrenetik entzuten nuen ataka estuan ezagututako lurrak harzara zapaltzeko dei errimea.
Elkarrekin emango genituen lehen oporrak ziren, parada ezin hobea beraz, sei-zazpi urte lehenago gudari lanek ekarritako lekura itzultzeko. Bolondres ibili ginen. Desmobilizatu gintuztenetik ez nintzen bertaratu. Garai bateko joran askatzaile hura majo apaldu zitzaidan hango eskarmentuarekin. Independentzia ere —garaipen handia— etxean ospatu nuen, nire Azpeitian, artean gerraren orbanak haragi bizitan nituela eta garai bateko amets suharren zarpailak kudeatu ezinik.
Krimenaren lekura itzuliko gara ekiten nion txantxaz eta antsikabe Iratiri, haren galdera-eraso setatiari amore emanez, bidaiaren kariaz nire gerrako ibilerak berritzen nizkionean. Zelan atzendu jendarmeriaren hartzea Belzune etorbidean, Victor Hugo karrikan barrena gaztelurako malkar galgarria... Orain aldiz Xiberoko arno gozominetarik dastatzeko parada genuen Victor Hugo karrika berberean. Beti gordeko du lilura berezia edonorentzat, izua eta irrikaren aho bikoan egindako ezpata dantzak nola, inoiz heriotzaren geriza sumatutako lekuak.
Ez nuen gustuko gerra aipatzea. Gerrak eta gerrak izaten dira. Gurea aspaldi ikasitako tasunari atxikiz senide artekoa gertatu zen. Baziren okupazio indarrak, kanpo-arerioak nolabait, eta baziren Euskal Herria erdi bi egin zuten etsaigoak. Mingarri zitzaidan hainbestean jotzen nuen harrokeriaren seinale, inorekin, besterik gabe, denborapasa belaska moduan, gai hori hizpidera ekartzea. Gehiegi sofrituak ginen. Ahal nuen guztian saihestuko nuen. Gehiegi ginen sofritutakoak. Isilean eta bakarrean nintzen neure nola-halako porrotaz eta garaipenaz ase gura. Han ibiltzea hildakoen gainean ibiltzea zen niretzat nolanahi ere, joandako garaien gainean jasotako garaiak, joandako uren ondoren sortutako ura...
Gisako gogoetak nerabiltzan Uhaitzandi ibai ertzeko petril gainean eserita, Iratik maite ninduela esan zidanean belarrira. Egunero, arnasa bezala behar izaten zuen bere maitasuna aitortze hori. Ni ez naiz horrelakoa. Ortzemuga gorritzen ari zuela, han gordetzen ari zen hegazkinak argi keinukariaz diosala egiten zigula arratsean, han ere izango zirela maiteminduak urrun gozoetara buruz zihoazenak, gose ginela-edo elkarri esan eta ostaturantz jo genuen eskutik helduta.
Batetik besterako garraioan jakiak hozteko moduko mahai erdi huts baten bueltan eman ziguten afaltzen. Mutur batean ostalera, etxeko andrea eta izeba xahar bat, Tuteratik etorritako bi emakume, nafar jator horietarik, eta gu geu geunden. Beste muturrean, mahaiaren mendebaldean, neskame burugorriaren tokia zegoen, gu zerbitzatu ahala bere bakardade handiaz betetzen saiatzen zena.
Aldarte oneko hartu genituen giputzak ginela eta ostalerak egin zizkigun txantxak. Gose ginen denok, eta ondo jan eta edateak oso biztu zizkigun barruak. Kafea hartzen ari ginela sortu zen isilune bakarrak, ordea, ostaleraren bekokiarekin batera ilundu zigun gaua. Itun, samintasuna zeriola gerra aipatu zuen, bera bizirik atera zela baina, maiz, hildakoei bekaitza ziela esateko.
Guztiz desegokia eta lekuz kanpokoa iritzi nion gai hura plaza hartan eta era hartan hizpidera ekartzeari. Saltzaile txarra egin nuen neurekiko. Hala ere, gizonezko bakarrak izateak bion artekoa bilakatu zuen auzia hein batean, beste ezeri baino nire gizontasunari zuzendutako puntua ematen zuen, nik neuretzat hartu nuen, baina ez nengoen gisako lore-joko eta lehia galaietarako. Banuen lehenagoko gizontasun erakustaldirik burutzeko.
Berehala giroa arindu nahi izan nuen giza ankerkeriari buruzko aipu orokorregiekin, berariaz isildu nuen, haatik, ni ere guda haren usain sarkorra bertatik dastatua nintzelakoa. Jarriko nizkioke argi eta agerian neure aldian Maulen ikusitako zenbait, Bildoze, Mithikile edota Arüeko bazterretan jazotako hamaika ibilera triste. Larrabileko Hondamendia. Baita orduko hartan nazio askapenarekiko xiberotar askok erakutsitako uzkurtasuna eta zekentasun neurriaz esanen nioke zer edo zer. Etsi-etsian isildu eta bakea.
Berandura arte luzatu zitzaigun txolartea, mokoka gai askori helduz, axal-axaletik guztiak ere, zer gerta ere. Etorri berriak ginen batetik, eta manexak bestetik. Jendetasunak ez zigun agintzen besteren ur sakonetan murgildu eta palastaka hastea.
Ostalera bere emaztearen aldean hiztuna zela konturatu ginen, izebak berriz ez zuen hitz erdirik aterako zuzenean galdetuta ere. Pentsatu genuen zahardadearen ajeren batek eragotziko ziola hizketa nolabait. Irati ez izan, ordea, aieru hutsekin konformatzen denetakoa, eta bet-betan itaun egin zion ostalerari izebaren balizko gaixotasunaz. Mahaitik altxatzen ari ginela harrapatu gintuen ostatuko jabearen erantzun zehazgabeak, Gerra ez da amaitu berarentzat.
Esne-mamitan eman genituen hurrengo egunak, gelaz barrukoak bezain laket eta gozo gertatu zitzaizkigun gelaz kanpoko orenak. Maite-berritan akatsik ez dago, eta oreka zorabiagarri hura kordokatu zuen indarra sortu ez balitz, nago sendo legokeela oraino.
Hala, oporrak amaitzeko hiru egun baino falta ez zirela etxeratzeko tenorea heldu zitzaien gure bi ostatukide kanpotarrei. Uneari zegozkion konplimenduak bete genituen, helbide trukea egin eta hurrengo batean Iruñean —eremu neutralean— elkarrekin egun bat pasa behar genuela agindu ere bai. Ostatu atarian eskuaz adio eginez egon ginen taxia begi-bistatik galdu genuen arte.
Pozik nengoen, orain Irati eta biok ginen ostatu koskor hartan kanpotar bakarrak. Hartara askatasunaren tamainak zabaltzera egin zuen apur bat gure baitan.
Bazkalostean kamamila eskatu nuen, neskameak ekarri zidan gelara eta, eskerrak ematearekin batera, osteratxo bat egiteko ibilbide baten eskea galdatu nion. Goitik behera muker begiratuz aho bete hortz utzi ninduen.
Trantsituan hoska hasi nintzaion alferrik, naturaltasun osoz jarraitu baitzuen eskaileretan behera, nire ahoak txintik atera ez balu bezala. Iratiren alboan etzan nintzenean garrantzia kendu nahi izan nion gertatutakoari, tematu egin zitzaidan ordea, eta kalerakoan ugazabei kexua azalduko niela agindu behar izan nion bakeagatik.
Nahikoa berandu, gorputzaren atseden eta atsegin premiak asetu ostean hustu genuen gela. Behean ostaleraren emaztearekin egin genuen topo, neure apetaz baino Iratik besoan egin zizkidan atximurken kausaz, neskamearen portaera zela eta kexu agertu nintzaion.
Eta ez genuen ezer aurreratu, alderantziz areago, futitu zitzaigun, hark ere ez entzunarena eta ez ikusiarena egin baitzigun garbi asko, jangelarako bidean gure bistatik kenduz.
Durditu antzera irten ginen kalera. Ibai ondoko ohiko txangoari lotu gintzaizkion barruak lasaitzearren. Maite nuen neska hura, baina horrekin ez dago konpontzerik dena. Nik eman ez niezaiokeen argitasunen bat galdatzen zidan Iratik. Ez nuen ulertzen zer oker egin genion jende hari, lekutan ziren hain gora jasotako xiberotarren jendetasunaren omena eta sona. Susmo itunagoek eta sakonagoek joa nindukaten ni ordurako. Balizko loturak egiten hasia nintzen mutiritasun kutsagarri hartaz, banekien isilean ahogozatzera etorritako nola halako garailearen itzulerari mikatz iritzi behar niola oraindik. Zelatan jarri nintzen, zer-suma.
Atzera, herrira gentozela bide ertzeko baratzean jorraketan ari zen gizon bat. Iratik, gaiztoz, ordua galdetzearen aitzakiarekin hitz egin zion. Birritan galdetu zion eta bere begi handi biekin zer edo zer egin behar nuela adierazi zidan.
Haserre itxuran hurbildu nintzaion, esateko ea hango usadioen arabera, emazteki bati erantzuten ez diona —dama hitza erabiliko nuen beharbada— gizasemetzat jotzerik badagoen. Ulertu nion. Hala uste dut. Atzera egin nuen bizkor zemaiz aitzurra jasotzen ikusi nuenerako.
Ostatura heldueran harreragelan jesarri ginen afalorduaren zain. Ez zen kristaurik ageri baina sukaldeko atea txirtiriki zegoen. Afaria gertatzeko ohiko zarata arruntez gainera beste zerbait bitxiagori ere eman nion belarria. Izeba eta etxekoandrea hizketan ari zirenetik ez nuen ezer ulertzen. Ez zerabilten Maule-Lextarre aldeko üskararik, bertze mintzaira molde bat baizik. Eztarri hizketa erlatsez eta surmur itoz osatua ematen zuen jardunak. Iratiri egoera hura eta nigan sortu zuen asaldura ezkutatzearren afaldu aurretik elkarrekin dutxa bat hartzea proposatu nion.
Mahaira bilduak ziren afaltiarrak gu jaitsi ginenerako. Isilik jan genuen denok eta ostalera bakarrik geratu zenean, Iratik kargu hartu nahi izan zion gure kontrako eraso zuzentzat zeukan mututasunarengatik. Adeitasun zuriz erantzun zion. Zuberoa xiberotarren borondatearen kontra liberatu genuela. Euren hizkera galzorian zegoela independentziako gerra amaitu eta zuberera hizkuntza ofizial bihurtu genuenean. Horrekin —gordinegi esatea ez bazen— lurraz gainera arima ere ostu nahi izan geniela, ezer gabe utzi nahi izan genituela, arrotza beste jenderik gabeko herria bilakatu genuela Zuberoa, ez gorputz eta ez arima, eta barkatzeko baina, orain beste gerra bat, bestelakoa, hasiurren zela.
Jarrera ero hori taxuzko argudioekin errefusatu nuen. Gogoan dut Euskal Herriaren aniztasunari begirunea eta batasunaren garrantzia azpimarratu nahi izan nituela. Askapen mugimenduaren huts historiko batzuk gorabehera, independentziaz geroztik Zuberoak izan duen guztietariko garapena eta hartu duen munta nazioaren baitan. Nahi bada, garrantzi hori ekonomikoa baino sinbolikoa dela, kulturala, baina gurean prezisoago dela egun pastorala espartinak baino... Bide politikoen zabaltasuna eta malgutasunaren ondoan, boikot eta desobedientzia jarrerek bere-berea duten sektarismo antzua aurpegiratzeko gogoa ere banuen. Hasteko beta izan nuen ozta-ozta. Ostalera patxada ederrean jaiki eta sukaldeko ate ostean ezkutatu baitzen nire hitz bero eta imintzio sutuei muzin eginez. Tximu aztoratu eta zalapartaria nintzen maite nuen emaztekiaren aurrean. Gauza bat garbi zegoen ordurako, haiek izango ziren ostalerak guri zuzendu hondarreko eleak.
Irati ezjakin eta harrituari zutean eta zeharrean azaldu behar izan nion xiberotarrei buruz nekiena. Gizartearen eraketa aristokratikoak eta barne gatazka usuek —zelan bereizi erlijiozkoak eta sozialak— eragindako sarraski eta miseria aroak nabarmentzen ziren gardentasun ilunez. Emigrazioaren eta deserrotzearen erresuma. Gaua etorri zen eta isildu egin ginen.
Hurrengo egunean iluntzeko trena hartuko genuen. Ez genuen begirik batu. Ostatua zaunka karrankari eta xuxurla sorgortuz mamitutako hotsek hartu zuten. Batzarra, batzar jendetsua ari zen ospatzen etxepe hartan eta ni zurtuta nengoen, ezertarako ezgai.
Zorrotz zainduak behar genuen. Karraskots eta apo-kunkun modu haiek arduraz beteak zeuden, ez nekiena zen biharamunean zer jarrera hartuko zuten gurekiko. Ostalerak iragarri zigun gatazkaren nolakotasunak kezkatzen ninduen. Ekintza zuzena hizkuntz boikotera eta kultur borrokara mugatzen bazuten jai zeukaten. Bestela gaizki ibili behar genuen handik onik irteteko. Xiberotarrek zuberera zapuztu? Euren hizkuntzaz beste egin? Euren nortasunaz beste? Erokeria. Erromantikotasun berantiarra. Igarriko zioten. Zebiltzan bideak harrapatuko zituen. Suizidioa aurreikusten nien. Zerbait hautsia nuen barruan.
Alboan sentitzen nituen Iratiren barruko arnasak, gogoeta larrietan murgildua. Goiza urratu arte isilik egon ginen halarik ere, bata bestearen beldurrari jaten ematen eskuarekin, kirioekin, gogoarekin. Kreole itsusi hura, mordoilo gaizto haren azken oihartzunak argi hastean aienatu ziren.
Hala ere, jardun ulergaitz hartatik Iratik zerbait ikasi ote zuelakoa eman zidan zainak orduan. Nora etortzekoak ginen behar bezala zergatik ez nion azaldu aurretik, zer egin genion jende hari galdetu zidan apal, batere sumindurarik gabe, erantzukirik gabe, tristuraz, bertatik alde egitean bizi izandako etxea, hiria, hondarrekoz ikusten ari den segurantzia duenaren doinu etsiarekin. Itomena sentitu nuen, zama astun bat urdailean. Armairuko arropak maletara ekartzeari ekin nion sartzen nuenari erreparatzeke. Banekien erantzuten hasiz gero, lehertu egingo nintzena bestela.
Eguna gelan itxita ematea erabaki nuen. Iratiri esan nion. Goiz samar aterako ginen geltokirantz. Trenean jango genuen zer edo zer. Inor ez zen gutaz arduratu. Egun arrunt bati itsatsitako hotsak heltzen zitzaizkigun kaletik: autoak, oinotsak, kanpaiak, euria... Gero emango genuen parte.
Ordua heldu zela iritzi nionean, Irati besotik hartu nuen urduritasuna neure kolkoan gorde ezinean eta korridorera egin nuen tentuz. Mendiko labana handia neraman jakako patrikan, hala behar izanez gero halabeharrari aurpegi eman eta azkenera arte borroka egiteko gertu nengoen, gudaritzako egunak berritzeko prest. Gure bidean, ordea, ez genuen batere eragozpenik idoro, franko utzi zituzten guk ibili beharreko lekuak oro.
Trena martxan jarri zenean hustu nintzen, ezin izan nion negarrari eutsi. Berriz ere, oroitzearen mina, lehengo galerak berritu zitzaizkidan, asko galdua nuen Xiberoko lur hezigaitzetan. Vodka kopa bi eskatu nituen eta hasi nintzen zuzpertzen.
Joanak ziren bi ordu amesgaizto hari ihes egin genionetik. Goizean goizeko galdera bi haiek izan ziren Iratik azkena hitz egin zidana. Orain lo gozotan zegoen. Shockari egotzi nion isiltasun itsua.
Etxera heldu eta irri-antxaz oroituko genituen txangoa eta gure ibilerak. Zuberotarrek gureak egin dituztela esango genuen lagunarteko bilkuretan, desatseginak eta esker txarreko kasta dela. Desagertzera kondenatuak. Gehienez ere bidaia agentzian erreklamazioa ezarri, paper batzuk bete eta erantzunaren zain egon. Besterik ez. Zer ederragorik, turista epaitegian bere leinuaren garbitasunari eusten.
Gogoan zertzelada hauek eta antzekoak nerabiltzala Donostiara heltzear ginela iragarri zigun bozgorailuak.
Gure puskak hartu eta Irati iratzarri nuen. Urrunetik etorria ematen zuen, bat-batean toki arrotz batean esnatu zela. Sakon begiratu zidan begietara. Hitz egitera entseatu zen; ezin. Ahora zetozkion soinu karrankari haien ertzak eztarrian trabatzen zitzaizkion itxuraz. Eskaini zidan besarkadari ihes egin aurretik, xeraz, maite zaitut esan zidan. Ondoren beste hitz batzuk jaulki zituen, ulertu ez baina dagoeneko ezagutzen nuen hizkuntza batean.
© Jose Luis Otamendi