Bizion oinok
Aitaren zerraldoaren atzetik gatoz lau anaiok. Hego-haizearen hegaletan goaz neguak bihotzean falta duen orbela zapaltzen. Plazatik abiatu gara. Danborradako entsegua da gero, festetarako jarri duten txurreria itxita dago oraindik. Hildakoak katabutean kabitzen ez direnean estutu egiten dira, zapuztu egiten dituzte, torturatu, eta jakak moztuta egoten dira bizkarrean errazago janzteko, eta oinutsik egiten diote aurre betikotasunari, ezpainak pegamentuz itsatsita.
Larri eutsi ahal izan diot aitaren zamari eliza atarira eramango duen autoraino. Eskuan daramagu bizkarrera ezinda. Ez dut kanpai dandarik aditu, plazara orduko korporazioa eta banda zeuden gure aitaren zain, eta isiltasun gizen bat mazeroek zaindua. Joxe Iparragirreren begi nekatuetan entzun ahal izan dudanez betikoak falta dituk.
Gorputzaren atzetik etxekoak gaude, gero udaletxea, buruan Azpeitia erdia lotsatzen duen adina beste erdia zoratzen duen alkatea dela, eta banda da azkena. Alkate-doinuari ekin diotenean poztu naiz ama etxean geratu izana. Kale bazterretik begira dauden umeei kostata joango zaie akordutik gaurko eguna. Plaza Txikirako bidean txapela erantzi du Genaro Azpiazuk eta paparrean behera ekarri du malko beltz handi bakar bat balitz bezala. Eliz kaleko sarrera estuan musikaren indarra biderkatua airean goratzen da, herri oso bat dugu begira, atzetik ez datorkiguna kale alboetan da. Asmatu nahi nuke zaunka ari den zakurraren izena. Bat batean delkoa bustita aita daraman autoa bertan plot geratuko balitz... Agirreneko denda barrutik erostunak babesik gabe sumatzen ditut Chopinen hileta-martxaren karietarat isilik, une batez inauteri jaiak aurreratu direnentz begiekin galdezka. Benito zulogileak esanda dakit elizarako bidean zela une horretan gure aita gaitzizen itsusiz izendatzen zuen hura, kristau onaren legez zeruan gerta dadila opako dio gorrotoak behazuna jango badio ere, aita zenak ere opako zion horrenbeste. Malenako Herrena izan da barkatu ez dion bakarretakoa, ez dio barruak agindu, antza, onberatasun eraso horrekin bat egitea; ulertzen diot.
Urteak hastea besterik ez du egin eta aurrerantzean bestelakoak izango dira gure egunak, hainbeste bandera ikusiak diren balkoiak hutsik daude ia denak. Gure aita hil eta hamar egunera Hernani txiki baten traza hartzen hasiko da Azpeitia, larunbat gauak kaleko suak eta Poliziaren tiroen danbatekoen oihartzunek jantziko dituzte. Aspalditik herri hilaren fama izan dugu, ezer ez dela gertatzen hemen santuren batek bedeinkatuta ez bada. Eta santuz osatuta gabiltza. Gure aita alkate zela hil zen Franco, faxistek nazionalistegia eta abertzaleek Francoren garaiarekin lotuegia iritzirik utzi zuen kargua, jarraitzeko behar besteko babesik gabe, zetozkeen garaiei enbarazurik sortu nahi ez eta.
Uztarri tabernako atetik agur egin dio Anttoni Uzinek gure aitaren gorpuari, lapikoa sutan utzita atera da bandaren soinuaren deira. Lagun izandakoen etxe aldera joan zaizkit begiak, ilunbe honetan beltz behar du asunak, garoak, goroldioak Abitaingo bidean, alargunen ibilbidea, umezurtzen etorbidea, gurasoen etorbidea... Anaia batek eta nik eskuargia daramagu patrikan, duela bi urte, abenduan, izeba zaharra hil zenean bezala ez ibiltzeko zuloarekin moldatu ezinean, Benitori linterna ekartzea ahaztu zitzaiolako. Gaurkoan ekarri du.
Abadea etorri zain egon gara eliz atarian hilautoaren atzeko atea zabalik. Sei lagunen artean eraman dugu katabuta aldare aurreraino oinak aurretik direla, han orga gainean jartzeko. Txaro Epelde gaur jabetu da lau anaiotako bakoitza nor garen, ezagutu ezagutzen gintuen, baina zaharrena eta gazteena gure aitaren seme ginenik igarri gabe. Ate nagusia zabalik, mundu oso bat dagokigu begira. Errosariorako etorritako jendea ikusita nabarmena da hileta handietarik dela gaurkoa. Gure herria ulertzeko modu baten ordezkari aurreratua genuen aita, eta zeru eta lurrak ikusteko modu zabal onartutako horren omena eta gorazarrea jasotzera doa. Familiarekikoak, jabetza pribatuarekikoak eta estatuarekikoak prestutasunez bete zituenez eskerrona nahi dio adierazi herriak, merezi besteko despedida egin. Inondik ere gizon handia izan da gure aita, zerraldoa daramagunok dakigu inork baino hobeto hori. Migel Arrutik, sakristau lanetan dabilenak, zuzendu gaitu aita behar bezala paratzeko. Kolokan bezala geratu da hilkutxa aurrena, lurrera erorita ikusi dut gure aita, aingira batek bezala esku artetik labain eginda, berriro kutxaratzearen ikuskizun tristea, eta jabetu naiz ez nintzela bakarra, bi anaia elkarri estu antzean begiratzen harrapatu ditut. Erdiratu dugu zerraldoa apur bat eta lasaiago egin ahal izan da negar aldare aurrean.
Gure ondoren heldu da elizara bigarren segizioa. Hala ikusi du kalean behera Genaro Azpiazuk Maria Calvoren zerraldoa familiaren bakardadeak lagunduta. Jende asko eta askoren bizkarraren atzetik iritsi dira. Laster antzeman dio Joxe Iparragirrek hilkutxa biak direla berdin-berdinak, zerbait dotoreagoa espero bazuen ere Silvestrerentzat... Errosarioa hasi da ondoren eta bukaeran entzun ahal izan dut kanpai hotsa hiletara deitzen: dan dan dan dan... aireratzear den hegazkinaren azken deialdi presatuaren itxura hartu diot. Maria Calvoren familiakoak gure aurrean jesarri dira, zinegotzien atzean. Benito zulogileak kontatu zidan, izan zela euren artean bat meza ostean jubilatuen tabernan ipurdiko hotzagatik ikusi zutena, zinegotzi karguak emandako prestutasunaren zamaz edan bide zituen basoerdiak, kalte egin ziotenak gorritik ala beltzetik edandakoak izan ziren asmatzeko gauza ez zela.
Meza hasi orduko hor gabiltza denok abadearen aginduetara oraintxe zutitu eta oraintxe eseri, aerobik saio baten antzera. Hemeretzi apaiz kontatu ditut, sakristaua kontuak egiten dabil bere kautan, zenbat etorriko ziren gure aitari laguntzearren eta zenbat bestearengatik. Gorputz-bidea buruz dakigu urtetan aurrera goazenok, hiru mila urte daramatzagu hildakoei lur ematen, biziongandik urrunarazten. Hilerriratuz gero esparru pribatua amaitua da, hilerria berdin deserria, abandonatze kontrolatua. Hiletaren mekanika ke eta su ari da, aurreikusi egiten dut aita berriro autoratzeko lana, gidariaren belarriak ari zaizkit esaten, beti-betiko zorionaren hitzak gogotik apartatu ezinik bere ironia ankerrean eta ur bedeinkatuaren zipriztinak zerraldoaren edergarri. Beobide irudigile zumaiarraren San Sebastianen irudira doakit begi-bista, gaineko ganga margotura.
Erretorea hildakoez mintzo da, bi pertsona desberdin heriotzak elkarren ondora ekarri dituenak. Apal, parez pare, bata eta bestearen aurrean jarri ditu eliztarrak. Erlojugilea, herriko semea, alkate izana...; eta Maria Calvoren eskua hartzera egin dut.
Trenez iritsi da Espainian oraindik gerra den garaian, bere herrian etorkin, lan bila eta faxisten mendekuaren begiari ihesi. Orduko Azpeitia erakutsi dit abegi onez, kale mehar hauexek, baratzeak ibai ondoan, lantegiak, kartzela, goiko errota, kasinoa, gure aitaren etxea. Eta Mariarekin egin dut Bizkaiko meatze gorrietan barrena Trapagako La Arboledarainokoa. Han ziren obreroen etxeak larderiaz egunerokotasunari aurre egiten. Eta zumardian, Pablo Iglesiasen erretratuaren parean ari da dostatzen ume saldoa. Maria ere bai. Eliza gorago da, maldan aurrera eginda. Bertako nahi dut, hustutako meatzearen pisua gainean dela neure egin, mea lurpean bezala daukadan etxe barruko urruntasun hori. Ezin naiz hemen bertatik ez naizena izan bat-batean. Maitasunez libratu dit eskua Mariak eta agur egin diot. La Arboledako iluntzea barruan daramat.
Bakartu gara, aitari lur ematen ari gara zangoen aldeko sokatik tinko eutsita orain. Lurpean gorde dugu altxor bat bezala, samin-hazi antzu bat bezala. Bere fruitu mikatza, denboragarrenean, bihotzean baino erneko ez dena jakinaren gainean. Setaz, izukaitz, uztaua bezala.
Astegun buruzuria da Azpeitiko kalean. Inor ez dabil. Ilargi laurdenak hautsitako kristala ematen du gauak.
© Jose Luis Otamendi