Katuak

Hala zeritzan itzultzen ari nintzen poema luzea, Katuak. Europa zaharkitutik ari nintzaion Rio de la Plata handiari begira poesiaren leiho okerretik. Ez dakit nondik nora hartu nuen poema hura itzultzeko mandatua. Testu pragmatikoetan trebatua nengoen eta ordura arte literaturak ez ninduen batere tentatu. Aukera izatera lehenago hartuko nizun merkataritza txostenik tristeena edota lege-egitamu aspergarriena literatur bitxirik zoragarriena baino. Literaturak, izan ere, nahiz eta itzulpen hutsa izan, zeuretik jartzea eskatzen dizu, eta neure zerak neuretzat nahi ditut nik, inoren aurrean agerian jarri gabe.

Seguru lan hura hartzean maite-erakutsi modukoa egin nahiko niola norbaiti, baina dagoeneko ahaztu zait. Nire oroimena orbel-meta bat da hego haizearen mende kontu horri dagokionean, nahigabeko autodefentsa moduren bat izango da agian. Baina akordutik joaten ez zaidana itzulpen harekin hasi eta lasterrera nire bizitzak eman zuen bira da.

Adarrerako etortzen zitzaidan Dabid kafe garaian beti edo gehienetan. Aurrez hitzartutako adar-jotzea izaten zen hala ere, elkarri eztena nola sartu ibiliko ginen hasieran, ondoren, txantxen aitzin-solasa gaindituta, geure kontuen gainean hitz egitera pasatzeko. Batzuetan beste lagunen bat ere biltzen zitzaigun kafea hartzeko plazako tabernetara. Txandaka, egun batean Eperrarenean hartuko genuen eta hurrengoan, berriz, Ttanttakan, berdin udan nola neguan. Laurogeita hamalauko udako bazkalondo batez —baltseroen auzia puri-purian zelako dakit— solasak Latinoamerikara aurrena, eta handik gutxira itzultzen hasia nintzen poemara ekarri gintuen.

— Ez zekiat ezer baina orain derrepente ematen dik denok atzo jaioak garela. Gorrotorik itsuenetik zaletasun itsuenera pasatzen gaituk bestela bezala.

Dabid gaiztoz ari zitzaidan, zeharbidez oraindik. Hura ere, ni bezala, Golkoko gerrarenaz geroztik bururik altxatu ez duenetakoa da. Uste izan genuen Hussein-en gezurrezko tankeak aski izango zirela yankeeak behin-betiko tronpa zitezen, lehenago Berlingo Harresiari izan genion fedearen pareko xalotasunez. Baina alferrik, mundua txilindro bizkorregia gertatzen zitzaigun eta azpian harrapatzen gintuen nahi baino sarriago. Kafea hartzea, bestalde, beti izan da jardunerako aitzakia polita.

— Orain poesia itzultzen hasteko kopeta al daukak?

— Pasaidak azukre koskorra —erantzun nion.

— Ez zagok ba lehenagoko lanik!

— Tenplatu hadi, aizak! Enkargu bat besterik ez duk, denborapasa moduan hartzeko asmoa diat.

Galdera lotsagabeari gezurrarekin erantzuteari ez diot larria irizten. Zeukan lanak zer-pentsan ibiltzeko denbora asko uzten zion Dabidi. Bere aita zenak kamioi txiki bat, Arin garraioak, eta izaera zorrotz eta, inoiz, sesiante hura utzi zizkion. Epe motzean erremediorik ikusten ez genien gaiak genituen kuttunenak geure hitzaspertuetan. Orduko hartan ez zegoen erraz etsitzeko, gehiago nahi zuen jakin, nik neuk ikusi ez nion lilura bilatua zion Katuak poemari itxura batera.

— Norena dela esan duk poema hori?

Esaten nion estreinako aldia zen arren, Francisco Urondo delako bat aipatu nion, argentinarra zela, besterik ez, hori zen artean nekiena.

— Ikusiko duk, horrela hasten ditut. Gero, konturatu orduko, intelektual nazkagarri bat bihurtuko haiz. Aditu ondo zer esaten diadan, irratiko tertulietarako deituko diate eta prentsako zutabeak idazten hasiko haiz, hire iritzirik gabe munduak aurrera egiterik ez balu bezala.

— Benetan ari al haiz?

Barra-aldia zuenean Dabid beldurtzekoa jartzen zen. Ez nuen lan handirik izan haren argudioak errefusatzen, baina ezin izan nuen kendu solasaldi hark sortu zidan mikaztasun kezkatua kirioetatik. Lehendik ere ezagutzen nizkion antzeko kasketak. Esan liteke bere nortasunaren ezaugarri behinenetakoa zuela.

Etxera iritsi bezain pronto Katuaketik ordura arte euskaratutakoa gainbegiratu nuen eta zaramaontzira bota nuen. Orijinala hartu eta Dabidi eman nion biharamunean.

— Horra, sartzak nahi duan tokitik.

Egina zegoen kaltea. Beranduegi jabetu nintzen obsesio bat ari nintzela mamitzen, nire lagun minari egin niezaiokeen oparirik arriskutsuena egina niola. Aurrerantzean Dabid sakean izango nuen eta ni errestoan ia beti, erreferari traketsa.

Ez Dabid eta ez ni ez ginen sekulan militante izan, adiskidetasun sukartu eta baldres samar batena ez izatera. Kontua da lehia-antzekoa eragin zigula bioi afera bitxi hark. Madarikazio baten menpean ikusten nuen neure burua, txango luze batean auto-stopean Charles Darwin hartu eta abagunea baliatuz, determinismoaren apostolu egin izan banindu bezala sentitzen nintzen, eta banekien ostera haren azkenak adiskiderik minena galtzea ekar ziezadakeela. Tema hartua zuen. Han-hemen Urondoren berriak biltzeari eman zitzaion Dabid. Isilean. Eta bete-betean, sosegurik gabe.

— Jakingo huen noski, militarrekin tiroka hil zela?

— Urondo? —azkenean ahoskatu nuen aspaldian gu bion artean sartuta zebilenaren izena.

Urrestillako Ana Mari tabernako atarian geunden irail zoragarri hartako gaugiroaz gozatzen. Nuarben afalduak ginen eta garagardo bat opa nahi izan genion geure ezintasunari.

— Ba al dakik gauza bat? Katuak, poema horrek bizimodua aldatu zidak.

— Bazekiat; niri ere bai. Ederki izorratu zidaan iritzi-artikulugile izateko aukera. Ez zidatek sekula irratiko tertulia baterako deituko.

Hartzeko txanda heldua zitzaidala uste nuen.

— Ameriketara noak, Buenos Airesa. Bazeukaat kamioia nork erosia.

— Eta ama?

— Tolosako lehengusuak jasoko dik, hitz eginda zeukaagu.

— Ederregia duk poema hori, horregatik bota nian nik zakarretara.

— Nik ezin izan diat.

— Eta han zer egin behar duk?

— Ez zekiat; hik zer egin behar duk hemen?

Ana Marineko txori bitxiak txistu luze bat jo zuen kaiola bazterretik, tren aspaldi nasaratu baten irteera iragarriz bezala, eta ortziko izar guzti-guztiak guri begira sumatu nituen. Dabid, ez duk ostiarik ulertu! esateko gogoa eztarriko zuloraino etorri zitzaidan; eta ez zait behin ere damutu orduan isildu izana.

Joan den astean jaso nuen Dabidek bidalitako pakete bat. Esaten zidan Argentinan ezin zuela bizi, zabalegiak zirela lur haiek bere bihotz zimelarentzat eta bazihoala handik, ez zidala esan nahi nora, izango nuela bere berri. Horrekin batera itzulpen bat egingo nion eskatzen zidan besterik adierazi gabe. Oharrarekin batera neuk duela bi urte luze hari emandako poema heldu zait, Los Gatos.

Eman handiko ibaia osatzen dute bertso-lerroek paper horituaren zimurretan barrena. Dabiden eskuek xeraz behin eta berriz gozatutako hitzak dira. Maitazarrez pausatu ditut hatzak ordenagailuko teklen gainean, banekien zirrara eragingo zidana lehen hitz horrek, eta idatzi egin dut. Katuak.

 

© Jose Luis Otamendi

 


susa-literatura.com