Matxura
Ricardo Sanchezek bazekien autoa inon geratzekotan tankera hartako aldiriren batean geratuko zitzaiona. Aspaldikoa zuen aierua. Uretamendi. Otxarkoaga. Masustegi... Auzategion izena gomutara ekartze soila aski zuen keizua zer den ikasteko. Beharraren kariaz sarri-sarri igarotzen zen gisako auzoetatik eta, jakina, dabilenari gertatzen zaio. Beti etortzen zitzaion gogora, Orain hemen ez atzera ez aurrera geratzea baino bi tiro hartuta nahiago. Bazter-auzoetako paisajea beldurgarri zitzaion. Adurraren amarrutik zuen asko, nahiz eta matxura arrunta iritziko liokeen edozeinek. Etxe-sail pilatu arrotz haiek. Leiho estu bizigabeak, aurpegi salatariak noiz agertuko. Eta han eta hemen eskegitako arropak, sekulan ezagutuko ez diren banderen peko kanpaleku anonimoak. Ezin barkatuko zioten behin eta berriz auto dotore hartan miseria hura guztia zeharkatzea ezikusia eginez, ordain-saria zein zatekeen ez jakinda hobe. Saihesbideak, autopistak ez al ziren asmatu horretarako, arintasunaren aitzakian, mingarri zitzaigun munduaren alderdi bat dokumental batean bezala ikusteko auto barruko kristalaren aterpetik. Zertarako bestela horrenbeste diru eta neke xahutu.
Delkoa edo bobina, autoak etxetik urrun utzi zuen Ricardo Sanchez, auzo galdu baten erdian, ilunabar aldean.
Behin eta berriz martxan jartzen saiatu zen; ez alferrik. Autoa, kilometroak haizeak bezain arin jaten zituen errealitate birtualetik gerturago zegoen tresna miragarri izatetik, gogoan zurrundutako Erdi Aro sakon bateko gotorleku bilakatu zitzaion. Mehatxagarri zitzaion bere arnasa, eta taupadak, beste norbaitenak balira bezala, urrunetik heltzen zitzaizkion. Beldurrari gaina hartu beharra zion haatik. Minutu luzeak zeramatzan ispiluetatik zelatan: ezer ere ez. Azkenean gaztelutik ateratzera deliberatu zen, zaldun bati zegokionez. Bi pauso eman eta areka zuloko zarata ezezagun batek atzera auto barrura bihurtu zuen. Begi biren bristada sumatu uste zuen kamio ertzeko ezponda gaineko sarean. Lapurrak.
Izerdi larriak bustiak zizkion esku ahurrak. Etsita zegoen. Kosta ahala kosta, kanpora behar zuen. Irribarre bat eskaini zion bere buruari adore ematearren, eta mundu oso bati agur egin ziola otu zitzaion atea giltzatu zuenean. Aurrera egingo zuen laguntza bila, autopista bat izanda ezin zuen urrun egon deia egiteko postuak. Bideak malda behera txikia egiten zuen, etxe gehiago zegoen alde hartan bestean baino, argiago zen bere ilunean. Barruak jaten zizkion autoa horrela utzi beharrak, inoren eskura. Ricardo Sanchez ez zegoen erraztasunak emoteko, estratega sena erne zitzaion, kapota ireki eta bujiak kenduko zizkion. Badaezpada. Zailtasun guztiei aurpegi emateko gertu zegoen. Pentsatu zuen etxe sailetatik nola ikusiko zuten, eskuargi bat errepideko beltzean kulunkari, potin ziztrin bat itsaso zakarraren mende.
Atezuan egin zituen lehen pausoak, nondik zer arrisku berrik erasoko. Bere arnasaren hauspo berotuak bakarrik ematen zion haizea egonezin tarrapatari hari. Oso berandu zen, nahi izan balu auzorako sarbide modukoa zegoen bihurgune itsu hartan, baina txakur zaunka aditu eta ibilera bizkortu zuen. Norbaitek txakurra isilarazi eta berari hots egiten ziola ere iruditu zitzaion, bururik bueltatu gabe korrikari eman zion aurrera; ez, paraje hartan ez zuten harrapatuko, ezta amak karraxi batean deituko balio ere. Gainera beste kateko txakur bat zerabilen bere baitan adausi zoroan, tantaka-tantaka bere beldurraren galdaran irakindako odol lurruntsua zeriola muturretik.
Bi bat kilometro inguru egin zituenerako luze iritzi zion ibilitakoari Ricardo Sanchezek. Berriz deitoratu zuen snoben gauzatzat jota eskuko telefonoa erosteari uko egin izana. Larrialditako postuak kilometroko bat izaten zirela ikasia zegoen. Beraz bazen oker zebilen zerbait. Eta ezin zuen inola ere atzera egin.
Eskuargiak itsututa zihoan eulia ematen zuen Ricardo Sanchezek argiari segika, aldiz oilo baten neurriko eulien zunburrun itoa jo zitekeen haren arnas-estua, aldiz hegal hots nekatua haren oinetakoena autopistako zoru beltza zanpatzen. Hiriko azken argiak atzean ziren, atzean azken lantoki eta biltegiak, autopista betean zihoan aurrera, aurrera egitea beste helmugarik gabe. Zaldun bat bere adurrarekin bat egitera abiatua. Bihotza beste armarik gabe munduari kopeta emotera. Orduak ziren, mendeak autorik igaro ez zela, ez norabide batean eta ez bestean. Lur hartzear zen hegazkin baten argira joan zitzaion gogoa, eta errukia sentitu zuen. Autopista batean hura izango zen kirikinoen eta gautxorien tenorea, erresuma menderagaitza. Pentsatu zuen bere auto bikainak aspaldi behar zuela setiatua baina irribarrea loratu zion bujien amarruaz oroitzeak. Garaipenaren mikatza. Eskuargiak indarra galdu zion eta eguna argitzetik urrun zen.
Aurki geratuko zen argirik gabe gauminaren morroi. Errepideko babes-barandari jarraituko zion orduan, astiroago ibili beharko zuen, izterrarekin ez zenean eskuarekin taxuka bizpahiru pausotik behin-edo baranda bilatuz. Errepide hartan urteak zeramatzala konbentzitu zen Ricardo Sanchez. Etxekotasunez erreparatu zien gaueko zarata ordura arte arrotzei, usain sarkorrei. Bertakotu egin zen, truke modu bat-edo gertatua behar zuen nonbaiten, bera harako izango zen aurrerantzean eta betiko desagertuak ziren kamio hartatik autoak, peajeak, larrialdi postuak, egunaren argia...
Muino baten hegia gerizatu zuen argi-antxak atera zuen gogoetatik Ricardo Sanchez. Ibilgailu bat horizontean. Kontrako norabidean zetorren. Kamioia zen, trailerra. Azkar hurbildu zitzaion. Ahal bezain fite tarteko hesia igaro eta keinu dantza zoro bati ekin zion gidariaren arreta bereganatu nahiz. Ikusi ikusiko zuen, atzetik galgaren argiak nola piztu ziren jabetu zen, une batez, bihotza kolkoan zuela, hala ere, ziztu bizian lotu zitzaion zeraman bideari. Bere burua lasaitzera egin zuen Ricardo Sanchezek, bat pasa bazen gehiago ere etorriko ziren. Eta luze gabe ikusi zituen auto baten argiak hurbiltzen. Zainak eman zion auto hura geratu egingo zela. Besoak zabal-zabal jarri zen errepidearen erdian.
Ozta-ozta saihestu ahal izan zuen Benito Makuak autoaren gainera etorri zitzaion eroa. Azala pinportatu eta izerdi likak blaitu zion soina. Ikusmen garbi bat izan zuen: gorpu ikusten zuen errepide bazterrean, zakur deslai bat heste-mataza makadamean barreiatua. Laborriak hartu zuen istant batez. Tipo bat autopistan gau beltzean bakarrik. Bera izan zitekeen. Hala ere, lasaigarriago gertatu zitzaion ez geratu behar izana, autoarekin ez harrapatzea bera baino. Etxetik gertu zegoen. Agertu bezala ezabatu zen irudi asaldagarri hura, beltzean funditua, Benito Makuaren atzeko ispiluko pantailatik.
© Jose Luis Otamendi