—2—

Luzaz aritu dira kanoiak dinbi eta danba, eta ez dira eguna argitu arte isildu. Giroa hotz eta zerua oskarbi. Lainotan iragan egunek argia ahantzarazi eta, bezperan bezala, begietara eraman behar izan dituzte eskuak, zernahi suziri aleman bezain itsugarria baita goiz hartakoa. Loak erreak, gutik izan du pareko erreketara behatzeko aski indarrik, eta gutxi horiek nekez jasan dute koloreen bat-bateko bizitasun mingarria.

Erreketaratuz gerotik ozta higitu dira. Motxilaz libratu, zizpa aldamenean eskura utzi, eta hala egon dira, lohian etzanda, etsaiaren obusak non eroriko adi. Alemanekin borrokan baino betiletan astun nabaritzen duten logurarekin borrokan joan zaie gaua. Tiro tarrapatak ahituak direla ziurtatu arte, ez diete lo handietan sartzeko baimenik eman.

Loaldi laburretik iratzarri dituztelarik, lehen aldiz ikusi ahal izan dute hurrengo hilabeteak iraganen dituzten lekua.

Bizitoki polita oraingoan ezarri digutena, erran du Mandelek eguneko lehen zigarreta suturik.

Horixe, Versailles jauregia baino hagitzez eroso eta dotoreagoa.

Osoki lokazturik, alimaleko itxura dute soldaduek. Bizarrak eta lohiak bisaiak ilundurik, begiak izan ezik gainerako oro estaltzen dien mozorro banaz jantziak dirudite, oihanetik jalgi piztia gosetu eta kolpatuak.

Dauden lekutik ikus dezakete bistatik desagertzeraino errekak nola bihurritzen diren. Erreka ezkerrera hedatu, eta hantxe sortu izkinan ezarri zenbaki eta gezi banak lotinant baten menpeko soldadu taldeari dagokion kokapena ematen dute aditzera. Berenak Des Champs du izena. Gaztea, segaila, ongi behatu mustaxakoa, itzal handiko familia baten semea omen dute. Sarjenta hurbildu zaio eguneroko manatuak jasotzera.

Zoazte zuen puskak uztera lehendabizi, gosalduko duzue geroago, iragarri die Rebinott sarjentak.

Ederki beterik izanen dik tripazorroa urde horrek! bihurritu zaio sarjentaren manatuari Etxegoien. Txorizo eta lukainkez mukuru ekarriko zian motxila!

Kasurik ez! Goazemak lehenbailehen leku baten hartzera.

Kea ageri da haratago beren erreketan, kea ere alemanenetan.

Errekako gibel paretako zuloetarik batean sarrarazi dituzte. Pinuzko oholez eta habez bermaturik eta kriseilu makalez argiturik, lastoz emokatua ageri du lurrezko zola. Zoko batean ezarri dituzte bien traste apurrak. Gero, handik irten eta, motxilatik atera metalezko katilua eskuan, gosaria igurikitzen dutenen errenkadan ezarri dira. Poliki dute aitzina egiten soldadu gosetuek. Tapakiren batean bilduak anitz, dardaraka ari dira lepo ingurura zer eramaterik izan ez dutenak.

Uher koloreko ur batez bete dizkiete katiluak. Ogi xerra handi bana ere jaso dute.

Zer duk isuri zikin hau, sukaldari? dei egin du norbaitek. Ez dik kafe antzik mendrena ere.

Berezko zaporea izateko idorra behar du kafeak, eta hemen oro da heze, azaldu nahi izan die sukaldari beltzaranak.

Azalpenari soldaduen irri algarek ihardetsi diote.

Anartean aitzindariek beren manupeko alderdia miatu dute.

Boten zenbakia ere ikusi ahalko diezue botxeei, mutilak! erran die sarjent potoloak, lotinantarekin egin ibilalditik itzulirik.

Hala da. Dauden tokitik ongi begiztatzen ahal dituzte etsaiaren lubakiak. Haizeak astindu Kaiserraren banderenak dituzte han hauteman ditzaketen higidura bakarrak.

Ez dituk ba hutsik egonen?

Herrian aditu bezala, zinez hurbil dira alemanengandik, lasterka saio ez oso luzea eta haien erreketan izanen lirateke.

Maiz hausnartu dute elkarrekin satorzulo haietatik ihes egiteko egokitasuna. Ez egokitasun morala, horretaz ez baitute zalantzarik, praktikoa baizik, handik bizirik jalgitzea baitute xederik behinena. Beilari izan diren gau bukagaitz anitzetan mintzagai ukan dute, hala nola lorik gabekoetan ere. Elkarri esku bana trenkatzera deliberatu ziren behin, Verdungo ifernuan. Elkar kolpatuko zuten. Eskuin eskuko eri pare bat ebaki eta zuzenki etxera. Aise. Ez ziren lehenak izanen, bertze askok egina zuten lehenago eta, zernahi gisaz, hobe maingu baina bizirik ezen ez lurpean hilotz. Baina ez ziren ausartu, ekiteko tenorea heldu zitzaielarik, ez zuten hartarako aski bihotzik izan.

Alemanen aldera iragaitea ere frankotan pentsatu dute.

Beren presoek guk baino hobekiago jaten omen ditek, kitzikatu ohi du Etxegoienek adiskidea.

Hala izanen duk seguruen, baina haiek ere, gu bezala, etxera itzultzeko irrikaz dituk.

Fidagaitza haiz, David.

Balitekek.

Garen baino gaizkiago ezinen diagu izan.

Zuhurki jokatu behar diagu haatik.

Zuhurki? Zer duk zuhurra izatea hire aburuz, hemen geratzea Fritzen obus bat gure gainera noiz eroriko?

Eguzkiak makurki jotzen du gaur ere. Arreta alemanen erreketan dutelarik, kaporalaren ahotsa heldu zaie:

Mandel, Etxegoien, etor zaitezte nirekin!

Korsikarra dute kaporal txikia, Napoleon bezala.

Ez gaituk aspertuko, baduk hemen zeregina, dio begi parean dutenaz jabeturik.

Bardako obusek ausarki ebakiak, burdin hari bizardunak etenik ageri dira nonahi, sugeen gisan bihurritu eta kiribilduak. Sei dira taldean, bortz soldadu eta kaporala. Burdin haritik tiraka hasi eta berehala ohartu dira beren indarren eskasaz. Minduak dauzkate bizkar-besoak, ahul, harainokoak eragin unadura kirio bakoitzean oinaze. Haietarik bi alanbrea etenik den lekurantz altxatu dira, kaporalak igorriak. Tiro bat entzun da orduan, bakarra. Bietarik bat okertu eta behingoan jaitsi da kaporala soldaduak dauden lekura. Istantera, bertzea erori da, firurika, Etxegoienen gainera. Hilik da. Odola epel dario ezpain ertzetik, arrasto beltza haren uniforme arrean utziz. Eritasun bitxi baten agerkari bailiren, hil berriaren odol zipriztinak dira lagunaren bisaian Mandelek ikusi dituenak. Odol zipriztinak eta kopetan beheiti datozkion izerdi tantak.

Garnero! Garnero!

Deitzen duen ahotsagatik ez balitz, osoa litzateke goizeko isiltasuna.

Agian horregatik ez die Garnerok lagunen dei etsituei ihardesten, hango sosegua ez eragoztearren. Hilotzaren inguruan bildutakoak geldi daude, burumakur, haiek ere erortzeko zorian egonen bailiren.

Bernard, Mandel, eraman medikuarenera! kaporalaren ahots mikaztuak deblauki atera ditu amets manerako hartatik.

Bien artean jaso eta medikuarengana eraman dute, hura baita hildakoen arta hartzen duena. Gibel aldeko erreketan dago, berena bezain iluna izan eta sarreraren gainean gurutze gorria ageri duen zuloan. Ate ondoan gelditu, Garnero une batez lurrean pausatu, hats hartu eta mokanesaz izerdia xukatu dute sartu baino lehen.

Nola egon daitekek hain potolo hemengo zaborra janda? harritu dira berriro jasotakoan.

Ospitalea omen denean sartu direlarik —ia itsuturik eta hilotza albo batera eta bertzera ibilki— zorabiatzekotan izan dira, jasangaitza baita barne hartan metatu hildakoei darien kiratsa, iodoaren usainarekin nahasirik, giro ustel eta bero itoa. Urdindurik daukate larruazala gorpuek, belzturik begi aldeak eta ezpainen buelta osoa. Pilaturik egonda, gaitza dute zenbat egon daitezkeen asmatzea. Anitz. Noizbait zuri izan amantala darama medikuak uniformearen gainean, harakin batena bezain odolez gorritua. Ile gris ugari eta ogi papurrak erakusten dituen mustaxak nekez kuku dezake haren ezpainen handia. Sudurra aitzitik, ttipitto eta zorrotza dauka eta kristal zikineko betaurrekoak haren gainean.

Utz ezazue hortxe, marraskatu du medikuak, jaten ari den txorizo muturra ahotik atera gabe. Berpiztu eta inguruan dituen ohol haietariko batetik jaiki dela dirudi, zonbi urdekizale bat.

Arretaz utzi dute Garnero manatu tokian, kasuz, bertan dautzanak heriotzatik iratzarri ahal izanen balira bezala. Ozta-ozta medikua agurtu eta alde egin dute lehenbailehen. Irtetean, bertze hilotz bat dakarten soldaduen sarbidean oztopo bilakatu dira oharkabean. Baztertu eta iragaiten ikusi dute: burua soinetik bereizirik dakar, euli zenbait lagun. Handik landa egon direlarik, hats hartu dute, azkarki, itsaspean luzaz egon eta gero ur azalera burua atera ahal izan balute bezala.

Etzatoki duen lasto ustel meta koxkorrean ediren du Mandelek Etxegoien. Egun osorako jaso ardoa edan du.

Ospakizunetan?

Zirkinik ez Etxegoienek.

Ez nian uste Garnerorenak honenbeste arranguratuko hinduenik.

Berdin Etxegoien.

Egia erran, ez zakiat zergatik. Adiskide izan duka sekula?

Ez.

Inoiz lagundu hau?

Ez.

Hortaz?

Ez huen mutil gaiztoa.

Gaiztoa ez zakiat, ergela ziur. Gaiztoak ez diren Garnero bezalakoengatik gaudek gauden bezala, jopuak eta esklaboak izateko sortu horien guztiengatik, arlote horiengatik!

Baina, David, ez duk beren makurra izan, aitzindariena baizik, egun argiz igortzeagatik alanbre sailen arta hartzera. Laborari ezjakin batzuk dituk.

Laborari ezjakinak! Oroit hadi erran berri duanaz, sekula horien eskuetan erortzen bahaiz. Ez duk bada zuen aita ere laborari?

Goibeldu egin da soldadu gaztearen betartea. Airean ohartu da Mandel.

Edan poxi bat, lagun, erran dio bere ardoa eskainiz.

Edan du Etxegoienek, egarriz, eta hasperen egin du edaten finitutakoan. Orduan jarraitu du Mandelek:

Utz dezagun Garnero. Badiagu zertaz pentsatu. Zertaz pentsatu eta zertaz larritu. Lotinantak gaurkoz uzteko, baina bihar berriz joateko erran ziguk. Badakik horrek zer erran nahi duen.

Noski.

Bihar ere han izanen diagu Fritz, gure aiduru!

Beti zagok Fritzen bat.

Beti.

Oroitzen haiz Maizykoaz?

Sasikume halakoa! Ez zakiat nola jalgi ginen zulo hartatik bizirik.

Ukanen dik ehiztari errifle horietako bat oraingo honek ere?

Ukanen dik, izan segur.

Erbiak nola, hala kalituko gaitiztek. Gutariko bat begian hartu, eri erakuslea poxi bat higitu eta, danba, hi edo ni betirako lurrera.

Isilune gaitza sortu da bien artean. Erranak erran, badirudi beren baitara bildu beharra dutela biharamunean igurikitzen dituenaz osoki jabetzeko. Inguruan pixkanaka elkartu bertze soldaduen azantzari gor, lasto beltzaxka ustela batuz edo kartetan ari direnei behatu ere egin gabe, beren patuaren azken makurkeriaz gogoetan daude, bertan biak baizik egonen ez bailiren.

Bat-batean erne da Etxegoien. Hatsa hartu eta mintzatu da apalki, non eta zertan dauden ongi dakiela:

David, nik ez diat kaka honengatik guztiagatik hil nahi. Gazteegia nauk, ezin diat hil oraino, ez diat merezi. Ez diat Pariseko karrikak berriz ikusi gabe geratu nahi, nire Catherine kuttunarekin larrua berriz jo gabe geratu...

Neu ere sobera gaztea nauk, nahiz eta hi baino hamasei urtez zaharrago izan. Neuk ere Parisera itzuli nahi diat, baita txortan egin ere, noski.

Zerbait egin beharko diagu, beraz.

Eginbehar hori garestia izanen zaigula ongi jakinik, haatik.

Garestia? Ez zakiat. Hala eta guztiz, garestiagoa izanen zaiguk bihar goizekoa, ez diat zalantzarik.

Ez.

Noizbait ihes egitekotan, gaur duk eguna. Nik, ez dudala lorik egiten ahal eta nahi badu lotara itzultzeko erranen zioat gaubeilariari. Hi adi egon, eta etzatera doala entzutean, jalgi eta nire gibeletik etorri. Argitzean zulo honetatik urrun izanen gaituk, eta bizirik!

Ez dio Mandelek ihardetsi.

Ez deus erran... bazakiat, zuhur ibili behar diagu!

Bai, biziki zuhur.

Zorakeria duk hemen gelditzea!

Bertze zerbait ere egin zezakeagu. Eskuko eriak moztu, adibidez.

Eriak? ezagun du Etxegoienek ez zaiola adiskidearen ideia laket.

Bertzela, pozoia entseatzen ahal diagu.

Zer pozoi mota? Non erdietsiko diagu? Zer eragin izanen dik guregan? estutu da Etxegoien.

Goitika hasiko gaituk, beherakoa izanen diagu, sukarra...

Baina gehiegi hartzen badugu?

Orduan hil eginen gaituk. Baina lasai, bazakiat nik horren berri.

Eta non atzemanen diagu hire zorioneko pozoia?

Pospoloak, ez diagu bertzerik behar!

Nik baten bat badiat.

Gehiago beharko ditiagu.

Hauei ebatsiko zizkieagu.

Ez, horiek guti batzuk baizik ez ditiztek ukanen, eta gainera, ez dik nehork jakin behar.

Flocartek ukanen ditik, segur.

Ahantz Flocart eta bere lagunak.

Beraz?

Erran diat, Jean, utzi nire esku. Erdietsiko ditiat.

Afari tenorean taka-taka hasi dira aleman mitriolatzaileak. Metalezko platerak brasta alboratu eta tiroka erreferatu diete frantsesek ere, zizpak soldaduen eskuetan bero. Oren oso batez aritu dira granada, obus eta zernahi berun mota elkarri jaurtikitzen.

Errekak baretu direnean burutu dute afaria. Gelditzen zaien azken ardo mikoa edaten ari direlarik, Mandelek zigarreta bat bildu, piztu eta Etxegoieni galdatu dio:

Oraino gaurko gaua iruditzen zaik hemendik ihes egiteko egokia? Ofizierak urduri izanen dituk eta behatzaile anitz ezarriko ditek.

Zuzen haiz, beti bezala. Hobe diagu hire asmakizun hori ongi erabiltzea, galdurik gaituk bertzela!

Ongi erabiliko diagu, ez zagok lotsarik!

Hotzagatik edo, sarri irakurri du sarjentak biharamunekoa. Eta sarri batean dira beren halamoduzko kamainetan jarririk, gainerako soldaduak etxerako gutunak izkiriatzen edo solasean diren bitartean.

Zer dela-eta dakik hik pospoloena?

Tsar-en presondegiak! Gauza franko ikasten baita presondegietan, batez ere Errusiakoetan. Hemen bezalaxe, han halaber ez hiltzeko erabili behar izan genitian, hobe baitzen hil zorian egotea ezen ez hango hotz izugarriak hormaturik finitzea. Kurdyukov kolonel kosakoa genian nagusi, bere zitalkeria eta odol egarriagatik Ural alde hartan guztiz ezaguna. Behin batez, zulo bat kausitu zitean presondegiko ikuzgelan. Presoak bere aitzinean elkarrarazi eta zulogileek beren burua sala zezatela erran ziguan. Ez huen nehor higitu, jakina, eta patioaz bertze aldeko bere etxera itzuli huen etorri bidetik. Biharamunetik lagun pare bat harrobira eramaten hasi hituen, egunero. Handik ekartzen zitiztean egun bat geroago kosakoek, hurrengo bertze biak eramatetik bueltan. Eskumuturrak zein orkatilak burdinaz estekatuak, soinekoak pipatzeko papera bezain finak oro zigortzen zuen haize zorrotz hartarako. Nola iragan zezakean nehork negu gorriko gau bakar bat bera ere han? Sozial-demokratek egina zela susmatzen genian guk, baina haiek ez zitean ahoa irekitzen. Jendea hil arau, biziagotu egiten huen presonerron izua. Hainbertzeraino, ezen, gaur nik hiri bezala, Berderskyk fosforoarena proposatu zidalarik, baietz erratea baizik ez nian izan. Harengandik ikasi nian, Berdersky nihilista zorigaitzekoarengandik.

Zorigaitzekoa?

Sinesteko gaitza baduk ere, biok jalgi ginen bizirik. Baina Berderskyri makurkeria beltza paratua zion halabeharrak. Moskura itzuli eta bonba bat moldatzen ari zelarik, eskuartean zapartu eta gelako hormetan zatiñoetan itsatsirik kausitu zian Poliziak.

Eta presondegian, zer agitu huen? Zulogileak azaldu ez?

Bai, azaldu hituen, haien kideren batek salaturik gainera.

Eta zuek?

Ia konortea galdurik egon gintuan. Ondoren jakin genian dena, herioaren albotik urrundu ginelarik... halakorik posible baduk bederen. Bitxia duk gero, hainbertze lan berriz egoera berdinean egoteko!

Zeruan ilbehera. Beha geratu zaio lipar batez, bizileku duten sototik aski konkorturik irten eta gero. Mandelek erran bezalaxe, ohi baino beilari gehiago ezarri ditu lotinantak. Izotza ari du. Eskuak sakeletan gorde eta ezkerrerantz jo du Etxegoienek urrats handitan. Lurra azkarra nabaritu du oinen azpian. Gau hotsak ere izoztuak izanen bailiren, isiltasuna da lubakietan nagusi.

Epa, Japrisot! Ongi?

Hormaturik nauk, hotzez dardaraka.

Zer berri? Botxeak lotan?

Hala zirudik.

Nihaurek ere hobe nikek lotan egonen banintz. Ezin diat, haatik. Ez zaizkidak begiak hersten.

Kontrakoa gertatzen zaidak niri, ezin ireki ditiat!

Bai mundu aldrebesa gurea: ni, hor barruko urdeen zurrunga ez entzutearren hemen egonen nindukek aski uros. Hi, aitzitik, kamainara itzultzeko irrikan.

Horixe, irrikan!

Nahi baldin baduk, nik ordezkatuko haut, ez zidak axola.

Ez?

Ez, batere ez. Hoa trankil.

Benetan?

Bai, nik aldizkatuko haut.

Bertze erraldi guti gehiago baino ez du behar izan zaindariak haren eskaintzara limurtzeko. Zizparen pisua sorbaldan sentitzen duela, errekako iluntasunean desagertu arte jarraitu dio Japrisoti behakoaz. Berehala aienatu da. Zenbait minutuz iguriki du. Ongi hedaturik begiak, belarriak zorrotz, arratoien harat-honakoak erreketan barna bertzerik ezin ditu entzun, arratoiak eta bere hortzen klisti-klasta tematia.

Sukaldera ote doaz nihaur bezala?

Bitxia, baina sukalde gisa erabiltzen den zuloan ez du inongo arratoirekin topo egin. Ekarri pospolotarik bat piztutakoan mina nabaritu du eri muturretan. Ezkerrean daukan zotz sutua gerizatu du eskuin ahurraz. Higitu ezker-eskuin eta lurrean zulatu gelako hormetan itzalen dantza sorgindua hasi da istantean.

Plato-ren harpezuloa! atera zaio apeztegian ikasia oroituz.

Pospoloa eri artean iraungi eta bertze bat piztu behar izan du. Sutegiaren gibelean kausitu du hartaratu duena. Galtzetako sakelak beterik, gaban azpian gorde ditu hartu kutxa gehienak. Neroren garaiko Erroma kiskaltzeko adina pospolo darama soinean.

 

© Xabier Montoia

 


susa-literatura.com