Hemen gaude
Telefonoa entzun zen:
— Bai? Esan?
— Amaia hor al dago?
— Ez. Ez da lanetik oraindik etorri. Nor zara?
— Xabier. Puertotik deitzen diat.
— Hara! Zer duk, Xabier?
— Amaiari esango al diok bisa onartu digutela larunbat honetarako?
— Bisa?
— Bai, vis a vis, elkarrekin egoteko aukera hori...
— A, ondo zagok. Esango zioat. Hi, Xabier! Ez duk batere ondo entzuten...
— Zer?
— Ez dela batere ondo entzuten!
Eten egin zen telefonoa.
Lanetik etxera iritsi bezain laster irakurri zuen Amaiak anaiaren oharra, sukaldeko mahai gainean: «Amaia: Xabierrek deitu din Puertotik. Bihar omen duzue vis a visa. Bihar, larunbata. Amari esan ez naizela afaltzera etorriko. Batzarra dinagu Ugaldetxon. Eta ondoren afaria. Ondo izan. Mikel».
Udaberriak ustekabean hartu du Oiartzun apirilaren amaieran, bailara osoa itsasora arte. Aiako Harrietatik begiratzen du eguzkiak goizean. Baina Oiartzungo herrian pausatzen dira eguzkiaren begiak, gertuago duelako zoko berde hura agian, lotsagabe berari so. Aiako Harrietako mendian behar baino denbora gehiago egiten du eguzkiak. Mendi horretan datza, biribil, eguerdira arte ia, edo horrela iruditzen zaie bertako biztanleei. Udaberria da. Astronomoek diotenez, eguzkia urtaroen ezjakin da. Zein lekutan bizi dira astronomoak Oiartzunen?
Ugaldetxotik Elizalderako bidean, muino batean dago Amaiaren gurasoen baserria. Ostiral goiz honetan, egunsentiaren aurretik, baserriak eta inguruak paisaje ezin ederragoa osatzen dute, edozein pintore erakartzeko modukoa. Baserri aurreko zelaitik begiratuta, goian dago baserria, kaxkoan. Baserri aurre zelai hau, maldan, maldan behera. Bazterrean, eskuin aldean, txukundutako lahar batzuk hesi modura jarriak zelaiaren mugak zehazten-edo. Goitik behera, irristatuz bezala, udaberriaren lehen loreak datoz oker eta xuxen. Ilbeteak urdinez, morez margotu du zelaia... bioletaz era harrigarrian. Loreekin batera, itzal koloredunak. Gau-kolorez estalirik dago zelaia: zelaia bera lo, lo-kolorez.
Iluna da baserriaren itzala, ia beltza. Hondoan dauzkan mendiei esker nabarmentzen da haren itxura. Argi hori bat irteten da baserriaren leiho batetik, lanpararen batena. Baserriaren bihotza dirudi. Teilatu eta tximinia lerro zehatzak; teilatu eta tximiniari dagozkien lerro zehatzak dira. Tximiniari ke zuria dario, xuxen lehen sei metroetan-edo, pittin bat okertzeko gero eskuin aldera, gauaren arnas lasaiak barreiatu arte.
Hondorago ikus daitekeen paisajea, pinudi ttiki berdeak, iraleku marroixkak, otadi urdin ilunak osatutako mendi eremua da. Eta mendi eremu honen gainetik, mendi-hegia eta Aiako Harriak. Oskarbi. Ilargiak zurgiloak sortzen ditu, handitzen, zabaltzen doazenak inguru argitsu bat sortu arte. Ilargia argiaren gune. Zeruaren ertzak goibel, profilik eta izarrik gabe.
Baserritik irten eta errepideko bidean Amaiak burua atzera biratu duenean, hori guztia ikusi du ibiltzeari utzi gabe, goizeko freskuran. Ezti jarioak sentitu ditu gorputz barnetik kanpora ihesi, zarradak, dardarak larruazalean, lurrinak bost zentzumenetan, udaberritik etorri edo udaberrira doan jakin gabe. Xabier etorri zaio, eta eskuak estutu ditu, bihotza estutuz bezala, Xabier heldu nahian. Anaiaren oharra irakurri duenean, udaberriak gainezka egin du, eta udaberria irristatu zaio masailera: malko gozo artean jaio da, heze, koloretsu. «Zer nolako sentimenduak sortzen dituzun nigan, motel!», pentsatu du Amaiak.
Autobusa seietan irtengo da Oreretatik. Amaiari gorputz osoa tenkatu zaio. «Besarkatuko dut, muxukatuko dut» pentsatu du, pentsamenduak abiadura balu bezala. Xabier espetxean dagoenetik lehen aldia izango da, ukitzeko lehen aukera. Bidaiarako prestatzen hasi da Amaia, bere buruari hitz egiteari utzi gabe.
Xabier patiora irten zen telefono deia egin ondoren. Puertoko patio karratuan beterik zegoen arropa zabaltzeko tokia. Haizeak arropak astintzen zituen: kamisetak, jeans higatuak, izarak, galtzerdi eta galtzontziloak (hauek burdin harietan korapilaturik). Txandal prakak ere bai, eskuoihal batzuk, ahaztuak, utziak, kolorge, jadanik jaberik ez zutenak. Gora begiratu zuen Xabierrek. Moduluaren horma altuek karratu egiten zuten zerua. Urdin ikusi zuen, argitsua, hondorik gabea... eta antxeta bat azaldu zen haizearen mugimenduan.
Preso talde bat bildurik zegoen ekonomatoaren leihoaren ondoan. Kalakan.
— Behi makalek ematen dute esne deskrematua —norbaitek esaten zuela entzun zuen pasaeran Xabierrek.
Baina berak, telefonoz izandako elkarrizketa errepikatzen zekarren ia hitzez hitz:
— Bisa onartu digute larunbat honetarako...
Eta errepikatu zuen:
— Amaiari esaiok bisa onartu digutela larunbaterako...
«Zergatik ez diot biharko esan? Ulertuko al zuen Mikelek?». Joan-etorri lasaian zebilen patioan. Haizeak norabide galdua zuen, leku guztietatik jotzen eta leku guztietatik ihes zebilen haizeak adatsa astintzen zion Xabierri. Antxeta orekariak adreilu gorriz egindako eraikina begiratu zuen, eta han behean jateko zaborrik ez aurkitzea harrigarria iruditu zitzaion. Haizetan joan zen kexati, Amaia eta Xabier elkartzeko hogeita lau ordu baino gutxiago falta zirenean.
Guardia Zibilak Intxaurrondora eraman zuen Xabier atxilotutako egunean. Hasieran, komando batean sartuta zegoela esaten zioten zakurrek.
Arrastaka eraman zuten gela zikin batera, burua estalirik zuela. Ohol luze batean etzanarazi zuten, eta ongi lotu ondoren, ohola ertz batetik heldu eta gora altxatuz, buruz behera ezarri zuten. Burua ur zikinetan murgiltzeko kalkulatua zegoen inklinazioa. Azken unean kendu egin zioten buruko estalkia.
«Bañera!», Xabierren oihua bere buruan bakarrik entzun zen.
Itotzen sentituz, larri, artean burua ur zikinetan sartu gabe zuela, estualdiak eraginda-edo, Xabierrek lagun zahar baten esanak oroitu zituen:
— Bañerari ez zaio aurka egin behar. Onena urak irenstea. Norberak irentsi ahal duen arte. Eusten bazaio, azkenean, sofrimena biderkatu egiten da.
Ur zikinak irensten hasi zen Xabier. Isurkiaren artean materia ere, zerbait gehiago zegoela sumatu zuen. Zorabiatzekoa zen kakaren eta pixaren kirats sarkorra, baina ezertan pentsatu gabe irensten zuen Xabierrek, itolarriz, dardaraka, hiltzen.
— Begirazak! —zioen zakur batek—. Honek dena irensten dik!
— Ia bañera hustu dik nazkante honek!
Zakurrek ohola orekatu zutenean, oka egin zuen konortea ia galdurik. Zakurrek oholaren ertzari heldu eta berriro ere pixontzian murgildu zuten Xabierren burua, goragale krisian.
Sei saio. Seietan jaitsi zen infernura.
Eta mugalaria zela leporatu nahi zioten gero. Eta delitu hori egotzi nahian trapu zahar baten modura jarri zuten epailearen aurrean. Eta zakurren adierazpenei onargarri iritzi zien Entzutegi Nazionaleko epaileak. Eta Xabier espetxean sartu zuten baldintzagabeko presoaldian.
Espetxeratu eta orduetara gorriuneak atera zitzaizkion gorputz osoan. Larruazala horixka zuen eta begiak odoldurik artean, gaixo nekea. Ziegan sartu orduko bi orri, bi jakinarazpen eman zizkion eskura kartzelariak.
— Hamargarren artikulupean zaude. Komunikazioak, idatziak eta hitz egitekoak kontrolaturik edukiko dituzu.
Ziega aztertu zuen. Atxiloketa, bañera, galderak, mehatxuak, jipoiak, oinazeak, izuak, ezinak, aztertu gabe irauten zuten bere barnean. Aztertzeko beldurrak eraginda, agian.
— Gaur ez duzu patiorik ukituko —esan zioten—. Bi orduko patioa izango duzu bihartik aurrera: bat goizean eta bestea arratsaldean. Astean bi gutun idazteko aukera daukazu. Berrogei minutuko bisita...
Espetxeratu eta orduetara «Intxaurrondoko infernua bukatu duk» esan zuen Xabierrek. «Amaiari idatzi behar zioat» pentsatu eta telegrama bat idatzi zion, lehena, premiazko mezuekin.
Hiru hilabete egin zituen Alcala-Mecon. Puertora eraman zuten ondoren, Cadizera. Intxaurrondo barnean zuela.
Autobuseko atzealdeko eserlekua aukeratu du Amaiak. Orereta beti zaio ateratze edo helduera herri. Bidaiariari begiratzen dion herria da Orereta. Amaia badoa. Ohiko familiartekoekin mintzatu da, ezagunak gehienak, maiteak. Baina intimitatea behar du, eta atzealdeko eserlekuan eseri da, urrutiko zuhaitz bakarti baten azpian eseriko balitz bezala. Beirate zabaletik kanpora begiratu eta Xabier Puertora eraman zuten eguna oroitu du, ilunabarrak zeru ertzaren gailurrak gainditu dituen unean.
Komunikazioaren kabinak etorri zaizkio burura, izpia itzalean barneratzen den legez. Eta harritu egin du oroimen honek, Xabier ikustera sartu zen lehen aldi hartan, barne zirrara zela, ilusioa, kemena, grina, inguruari egoki behatzea galarazi ziotelako. Tristea iruditzen zaio toki hura.
Xabier kabina mordo baten artean aurkitu zuen. Berrogei kabinaren artean bakarrik, bere irribarre zabalarekin. Gogoan du nola jo zuen zuzen-zuzen harengana, nola sakatu zion interfonoaren botoiari, eta nola xume galdetu zion:
— Zer moduz...
— Ondo —Xabierrek hiru segundo igaro ostean erantzun zion —, ondo...
Hunkigarria izan zen lehen bisita hura. Itzaltsua zen, grisa. Huts nabarmena zegoen komunikazio departamenduan. Irla bat zen Xabier.
Gomutatu zaio, hango bizi baldintzez jardun zutela, eta bisaren gaiaz.
— Hemen ere urtea daramate vis a visik egin gabe —esan zion Xabierrek.
Amaiari ez zitzaion deigarria egin.
— Arropa kopurua mugatuta daukagu. Hiru kamiseta, praka luze bi, alkandora bi, txamarra bat. Kamiseta bat bestearen truke lortzen dugu. Ez didate idazmakinarik uzten. Liburuak hiru.
Bisaren gaiari heldu zion berriro. Bizikidetasun paperak zirela-eta, ez zioten Alcalan vis a visik onartzen. Zaintza-epailea nahita atzeratzen zela zirudien. Errekurtsoa irabazi zutenerako... Xabier Puerton zegoen.
Gutxi, baina galgatu du autobusak autobide zabalean, Amaiak oroitzapenak galgatu dituen aldi berean. Kanpoa ilun dago. Xabier hiru urte besarkatu gabe dagoela ohartu da hotz-hotzean. Hiru urte.
Burua kristalaren aurka eratzan du, begiak eta ezpainak irribarrez.
Afaldu ondoren, ziega barnean zegoen Xabier. Kirol-poltsatik atera zituen arropak. Alkandorak begiratu, kamisetak ondoren... hautaketan ziharduen. Erabakitzea kostatzen ari zitzaion. Eta prakak? Bakero urdin argi higatuak zeuzkan alde batean, eta bestean tergalezko urdin ilunak, estuak. Kamiseta anila bereizi zuen... eta krema kolorekoa, aurrealdean Nafarroa Oinez 93-Altsasu idatzirik zuena. Amaiak oparitutako nikia ikusi zuen, eta «hauxe bera» esanez baztertu zuen ohe gainean. Kontu berdinarekin aukeratu zituen prakak, galtzerdiak eta barruko arropa.
Ohe azpian utziak zituen, plastikozko poltsa batean, kafesnez betetako termoa eta madalena paketea, espetxeko ekonomatoan erosiak.
Ekonomatoak bi ziegak bat eginiko edukiera zuen. Ekonomatoa zeritzon, baina kontserba lataren bat edo beste, esnea, garbiketa tresneria, galletak, madalenak, txokolate kaxkarra, folioak, gutunazalak, zigiluak, ura eta litroko koka-kolak ziren salgai zeuden produktu bakarrak.
Hamaiketan ohean etzanda zegoen, musika entzuten.
Kartzelariak azken kontaketa egin zuenean, argia itzaltzeko agindu zion ondokoari. Xabierrek kartzelariaren urratsak jarraitu zituen, burdin langa antzeko ate bat ozentsu itxi arte.
Puertoko espetxean arazo asko zegoen. Katramilatsua da Puerto. Arazo horien artean bat, vis a visarena. Segurtasun neurriak direla-eta, ETAko kideak arriskutsutzat dituztelako edo komunikazio berezi hauek kontrolagaitzak iruditzen zaizkielako, ez zituzten vis a visak onartu nahi. Espetxe zaintzarako epaileak ordea, presoen kexuak, errekurtsoak eta salaketak jasotzen zituen hilabetero, eta arazoa bideratu behar zuela pentsatu zuen, zuzendariaren gogoz kontra bazen ere.
— Ezin ditugu komunikazio horiek onartu —esaten zion zuzendariak.
Hasieran, epaileak ez zion ulertzen.
— Puerto, Puerto da —argudiatu zuen zuzendariak, espetxearen izena eta ospea babestu nahian—. Dena eman behar al zaie hiltzaile hauei? —argudiatu zuen, printzipio aitorpen gisa.
Epaileak berehala sumatu zuen, zuzendariak ezegonkortasun giroa bultzatu nahi zuela. Legea betearazi behar zuela bazekien, baina ezikusia egiten zuen, estatuaren politika eraginkorra izan zedin. Estatu politika al zen jarrera narras hura?
Kartzelaria atez ate urrundu zela entzun zuen Xabierrek. Begiak hertsirik zituela, epailearen autoa iritsi zitzaion unea gogoratu zuen. Bisa egiteko aldeko erabakia jakinarazten zion, presoaren aldeko erabaki hartu baitzituen epaileak urteak eta gero. Susmagarria.
Irribarre egin zuen Xabierrek begiak hertsirik zituela, «epe baterako lorpena behintzat» esanez. Baina pentsamendu honetatik urruntzen joan zen, ibiltaria landa-bideetan urrutiratzen den bezala. Eta pentsamenduen bidegurutze batean, ibilbidearen norantza aldatu zuen, beste bide bat aukeratuz aurrera egiteko.
Amaiaren irudia etorri zitzaion, mendiko jertse grisaz jantzia. Xehetasun horrek Domiko urtegira eraman zuen, Agina mendatearen alde batean, muino artean ezkutaturik, berde eta urdin-argiz udan. Hantxe egin zuten kanpaldia, elkar ezagutu eta hurrengo udan. Zoragarriak iruditu zitzaizkion zazpi egun haiek. Zoragarriagoak orain. Urtegitik sortutako kanalak Oiartzungo norabidea hartzen zuen. Kanala utzi eta Aritxulegira Nafarroa aldetik igo zitekeen, eta hortik Aiako Harrietara pauso bat. Domiko urtegitik Artikutza urtegirako bideaz gogoratu zen Xabier, mendixkatik barrena. Pagolletatik Lesaka ikusiko zukeen ipar-ekialdean. Arantza herrixka ekialderago, Ekaitza mendi magalean uzkurtuta. Tartean Bera eta Sunbilla. Pagolletaren beste aldean Artikutza, hego-mendebaldean. Dena mendi eta baso.
Pagolletako bordan igaro zuten gau bat halako irteera batean. Egurra bildu eta sua egin zuten borda aurrean. Zuhaitz erori baten enborra bizkarralde modura baliatuz ezarri ziren biak lozakuak hartuta... Xabierrek buelta erdia eman zuen ohean eta saiheska jarri zen... Orduko elkarrizketa gogoratu zuen berriro, eta irudiak. Txingarra egina zegoen ia egur guztia. Sutearen argiak aurrez hartzen zituen biak. Gauaren lurraldea zen atzealdea. Amaiaren profila zekusan Xabierrek. Hizketan ari zen, eta hizketaren eraginez sudurra mugitzen zuen arin. Amaia sutara begira hasten zitzaion solasean, patxadan, sutara begira garatzen zuen gogoeta. Ideia nagusiren bat adierazi nahi zuenean, Xabierri begiratzen zion, eta berdin begiratzen zion gogoeta amaieran.
— Iraultzaz maiz hitz egiten dugu, Xabier —esan zion amaieran—, baina zergatik dirudi emakumeok beti ere gurdiaren atzetik gabiltzala? Gizonezkoa da Cheren figura, Lenin, Mao, Ho Chi Minh, Zumalakarregi edo Argala. Iraultzak gizonezkoarena dirudi, maskulinoa... —txinpartak nola igotzen ziren ikusten zuen, segidan Xabierri begira jartzeko berriro ere—. Emakumeari parte hartzea onartzen zaio —jarraitu zuen Amaiak—, baina herriak askatzeko, tiranoa garaitzeko borroka armatua zilegi bada, emakumeak askatzeko... borroka armatua, ez soilik zilegi, baizik eta beharrezkoa litzatekeela pentsatzen dut. Bere neurrian, noski, baina borroka armatu gisa ulertua beti ere. Sabotajeak armak erabiliz egiten dira, ezta?
— Hala da.
— Iraultzan, askatasunaren bidean, horretan ari bagara, gutxienez fronte hori kontuan eduki beharko genuke... —eta sutara itzultzen zituen begiak.
Xabierrek beste buelta erdia eman zion gorputzari. «Ez zen bat-bateko hausnarketa» pentsatu zuen orduan. Amaiak alternatiba bat eskaintzen zion. Gehiago zirudien hala ere ezintasunaren amorrua. Ez, ez zen aurreratzen. Emakumeei dagokien antolaketan, borrokan, garaipenetan, ez zen aurreratzen nahi bezala. Tratamenduaren arazoa zen? Kontzientziarena? Norabideena? Lehentasunarenak?
Flamenko taldea sartu zen bat-batean patioko zeruan. Xabier ez zen ikustera jaiki besteetan bezala, nahiz eta haien deiak entzun.
Flamenkoak arrosak dira gauaren ilunean ere.
Begiak hertsirik jarraitzen du Amaiak. Autobusaren argitzaletan kulunkatzen doaz oroimenak. Xabier ezagutu zuen eguna oroitzea laket zaio: jertsea gerrian eramateko modua, afariak, parrandak. Hondarribian gertatu zen... Baina tximistaren abiadura hartu du pentsamenduak. Egoerak joan eta etorri hasi zaizkio, errepidean ibilgailu azeleratuari zuhaitzak gainera etorri eta joaten zaizkion bezala.
Riezu herrixkan geunden, otu zaio orain. Uda zen hartan ere. Lizarratik hurbil. Lagun batzuk utzitako etxean. Beroaren beroa eta usainaren usain nahastea. Paisajeak hotsik gabeak; lekuz kanpo entzuten zuen galeper baten kantua. Beroa, bai. Uda benetakoa zen: fresko, epel, bero eta berotsua. Gariaren usaina, galsoroen lurrina. Mitxoletak usainetik ezkutatzen dira, beren kolore gorri-gorri horrek salatzen dituela kontuan hartu gabe, txangozale erromantiko edo despistatuek sortetan bil ez ditzaten. Horregatik daude, gehienetan, han eta hemen, barreiaturik galsoroan...
Denak bat egiten du Amaiaren barnean, esna burua bakarrik balego bezala, eta gorputza lo. Makalez jositako bidexkan, erreka ondoan, gelditu zaio imajina. Xabier eta biok zihoazen. Inguru malkartsua utzi eta erreka ondotik herrirantz. Han hasi zen maitasun jokoa, hantxe, arratsaldean, bidexka hartan.
Oroitza berera iritsi zen Xabier, ziegan, oroi batetik bestera ibili ondoren. Coca-cola poto hutsa haizeak pirritaka zeraman patioaren alde batetik bestera. Eta haize hura ideia batekin uztartu zuen: «Arratsalde hartan, bidexka hartan, haize leunak maitasunez mozkortu gintuen; zerk bestela?». Amaiari barregura ematen zion denak. «Zoriontsua zela zirudien». Amaiak bizkarrera bota zion besoa, eta Xabierrek haren gerrian pausatu zuen berea. «Zergatik egiten zuen barre?».
«Egindako galdera bati erantzun behar zion Xabierrek, eta herabeti begiratu zidan, samur». Eta pentsamendu bat besteari loturik, tarterik utzi gabe: «Oso gustura sentitu nintzen». Autobusa bihurgune zabala zeharkatzen ari zen abiadura handiz.
«Nire nahastea, aztoramena, dibertigarria zitzaion». Mozkorren gisa zihoazen. Bi urrats aurrera, bat atzera, geldiuneak eginez. Barrez. Erreka-bidearen parean zihoazela bazekiten biek, baina erorikoak eginez jauzi egin zuten errekara, balizko beldur oihuz.
Irribarrez zegoen Xabier ohean, nahiz eta bere burua ez ikusi.
Errekara erortzera zihoazela konturatu zen Amaia, eta bustitzea desiratu zuen. «Hotz zegoen hura. Berehala atera genituen buruak ur-gainera, deiadar eta eztulka, barrez eta hitz-moztu artean. Blaiturik besarkatu ginen».
Xabier, ohean, beste behin biratu zen eskuak belaunaren artean sarturik. «Kamiseta azpitik sartu zizkidan eskuak. Gerri inguruan imurtxi leunak eginez koxka egin nion lepondoan». Larruazal beltzarana, ilunabarreko gari saila, lurraren lurrina, txilar zuria; epel, eme usain. «Lepoa miazkatu nion behetik gora, ur-orbain arrastoa utziz lepotik belarrira».
Amaiak lekuz aldatu zuen burua, kristalaren bestaldera. «Lepoa muxukatzen ari zitzaidala, trabeska jarri nintzen pittin bat. Bere eskua nire sabelean sentitu nuen, bero. Zilborrondoa aurkitu balu bezala aztertzen zuen zehatz-mehatz, bere atzamarrak gora eta behera, zilborrondoaren ertzetan...».
— Goazen etxera —esan zion Amaiak belarrira.
Xabierrek Amaiaren imajina ukitzeko moduan zuen. Adats-izpi zatia begi bat estaltzen. Kamixeta zuria gorputzean itsatsia. Begi beltz distiratsuak, urtsuak. Eta nola joan ziren oroitu zuen, kitzikatuta. Etxea ez zegoen leku hartatik urrun.
Amaiak bereziki oroitu zuen etxe sarrerako ilunpea. «Beheko solairutik harrizko eskaileraz gora iluna argi egiten zihoan. Ilunpeak logelako argia edertzen zuen. Urre zahar kolorez agertu ziren hormak eta egurrak, ohe eta bestelako altzariak, ispilua, esekitokia, liburu batzuk». Logela sartaldean zegoen, eta eguzkia hiltzera, lurperatzera zihoan... bere gain hartzen zuen gorri-hori kolorea.
Xabierrek eskuoihala atera zuen kaxoitik. Logelak ez zion hotsik ekarri. Soinurik ez zegoela, soinu gabeko gela zela oroitu zuen. Okre kolorearen orkestra han biltzen zela iruditu zitzaion ordea. Tonu argitik ilunera, horitik gorrira. «Eguzkia», pentsatu zuen Xabierrek «gehiegi ahalegintzen da; akiturik amaitzen du eguna». Amaia eta bera aurrez aurre jarri zireneko sekuentzia gomutatu zaio. «Kamixeta kendu genion elkarri... eskuoihalez batak bestea lehortzen». Bizkarraren bustia xukatu zion Xabierrek eskuoihal eta muxuz. Amaiak Xabierren prakak askatu zituen.
Amaiak Xabierren bizkar gorri-beltza ekarri du gogora. «Gorputz iharraren gihar eta hezurrak nabarmendu zitzaizkion. Aurpegia sorbaldan jarri nion; bi larmintz, ezberdinak, biak leunak. Ezpainek muxuak ereiten zituzten». Xabierrek ere prakak kendu zizkion ondoren, dena, berak egin zuen modura. «Xabierren ipurmasailak heldu nituen orduan, biak zutik geundela, eta niregana erakarri zuen. Hoztuta zuen ipurdia».
Amaiaren gorputzaren kontra estutu zen Xabier. Amaiak ahurra sabelean jarri zion, sutsu, eta jaisten hasi zen, emeki, geldiro, sabeletik behera.
«Xabierren eskuak titietara igotzen sentitu nituen, poliki, iristeko presarik gabe. Bular oinean gelditu zen, tolestura aztertzen». Eta belaunikatu egin ziren biak. «Urtsua zen Xabierren ahoa».
— Amaia! Esnatu, Amaia! Iristen ari gara. Hamar minutu barru agertuko zaigu espetxea.
«Eta belaunikatu eta gero... etzan. Hasperen eztia zen Amaiarena». Haize-ahokada hartu zuen Xabierrek... Espetxeko sirenak jo du goizeko zazpiak eta laurdenetan. Ernatu da Xabier. «Azkar iritsi da goiza» pentsatu du erdi nahasturik.
Espetxeko aparkalekuan gelditu da autobusa. Hara eta hona ibili da Amaia gauzak prestatzen. Arropak atondu ditu, ilea orraztu. Xabier inoiz baino hurbilago dauka.
Zerura begiratu eta bost flamenko ikusi ditu hegan.
Xabierrek baldea urez bete eta gainetik bota du, ziegan bertan. Bizarra mozten ari dela, bost segundoz bere aurpegiari begira geratu da.
— Hor egongo da Amaia —esan dio ispilukoari, urduri, egonarri.
Goizeko bederatzi t’erdietako txanda da Amaiarena. Poliziaren kontrolgunea pasa eta espetxearen atari nagusira abiatu da Amaia, kartzelari bat ondoan duela.
Xabierrek plastikozko poltsa hartu du esku batean, eta bestean beste poltsa bat darama: eskuoihala, ura, zumo litroa. Korridore nagusitik doa, burdin langa automatikoak atzean utzita; kartzelaria ondoan.
Amaia espetxe barrura sartu denean barrotezko ate erraldoi batekin topo egin du. Ezkerraldean, bulego antzeko batean, kartzelari bat dago. Honek nortasun agiria hartu eta burdin langen kontrolera eraman du.
Xabier, barrutik kanpora. Amaia, kanpotik barrura.
Bata bestearen aurrean elkar ikusi dute halako batean, kartzelariak beraien artean hizketan ari bitartean. Bost, sei metrora daude, barrotedun ate atzean, elkarri begira. Eskuan bi poltsekin ikusi du Amaiak, jertsea gerrian, bere irribarre zabalarekin. Xabierrek Amaia ikusi du, buruko zintaz.
Soinu gabeko espazioa da Xabierrentzat. Baina Amaia zerbait esan nahian dabil, eta ez zaio ateratzen.
— Zer... —esan dio Xabierrek, goxo.
Amaiak garbi entzun du Xabierren ahotsa, eta isilunearen ondoren...
— Hemen gaude... —erantzun dio, lotsati-antxa.
© Jon Gaztelumendi