Axur

Egunkaria idaztea zen Keparen ametsa. Idaztea ordea, eginkizun nekosoa zitzaion. Eta gainera, zertarako berridatzi bizi izandakoa? Behin bizitzearekin ez al zuen nahikoa? Baina hura zen bere ametsa.

«Goizeko hamaika t’erdiak dira» idatzi zuen estreinatutako agendan. «Itsasoa urruti ikusten da leihotik» idatzi zuen. Eta blokatuta geratu zen, urruneko itsasoari beha. Ez aurrera ez atzera. Ez da mugimendurik sumatzen, esan zuen bere kolkorako, idazten ziharduen ustean idatzi gabe. Nolakoak izango lirateke egun mutu hauek itsasorik gabe? Itsaso geldo hark oroitarazi zion bada, «Hilabete da ez naizela patiora irten». Horixe idatzi zuen, urrutitik itsasoak bueltatzen zion pentsamendua. «Bakarrik nago modulu honetan». Leihoak ez zeukan hegaletara ikusteko adinako neurria.

Estrategiaz hitz egiten zuen Gobernuak, arbelean eskema bat marraztu eta erabiltzen den modu berdinean...

Eta kontua da, Kepak patio ttiki bat zeharkatu behar izan zuela goiz hartan, medikuaren kontsultara joateko... eta zeru zati bat ikusteko aukera izan zuela bertikalean gorantz begiratuta... eta idatzi zuela «Hilabete da ez naizela patiora irten». Kontsultatik bueltan, pasilloko xendatik ziegara zihoala, zerbait mugitzen nabaritu zuen lurrean. Atzean utzitako patio ttikiaren aldera so egin, txorikumea hartu eta ziegara eraman zuen ezkutuan. Kurloikumea zen, lumarik gabea, artean begiak ireki ezinik zebilena. Neguko galtzerdi batez egin zion habia. Kotoizko habia ilunean moko horia ikusten zitzaion hari soltea bailitzan.

Zerbait aurkitzen dugunean, irizten diogu ez garela gu izan aurkituak izandakoak. Zergatik ote? Leiho bat, itsaso bat, txori bat.

Irratirik ezean, asmatu egiten zituen albisteak, beretzat eta txorikumearentzat; telebistarik ezean, imajinak; bisitarik ezean, elkarrizketak; lagunik ezean, adiskidea. Egunkaria ohar agenda bilakatu zen; ziega, Keparen unibertso bakarra.

— Jantzak, Axurmendi! —entzuten ahal zitzaion Kepari, eta txanpon txikiak poltsikoetan ateratzen duten soinuaren antzera egiten zuen kurloikumeak.

Esnetan bustitako ogi mamia ematen zion jateko. Pazientzia berdinarekin ikasten zuen kurloiak lengoaia berria.

— Beituxu, beituxu txoritxu!

Estrategiaz hitz egiten zuen Gobernuak, neska-mutil kartzelatuak nola birrindu...

Itsasoari begira koxkortu zen txoria. Itsasoari begira bota zituen ondo ahoskatutako lehen txioak. Itsasori begira hartu zuen txori kontzientzia, begiek itsas kolorea hartu zuten arte. Eta galtzerdi-habiatik jauzi egin zuen begi itsastarrekin, mundua ezagutzera; ziegako mundua, alegia.

Aldi berean, Kepa egunkaria osatzen joan zen, oharrekin, gogoetekin, pentsamenduekin, susmoekin... «Ez dut gutunik jaso azken hilabetean» idatzi zuen. «Nire gutunik ere ez omen da hara iristen». Burbuila baten barruan eduki nahi zuten, bakartua, mundutik isolatua. «Itsaso hori bezala nago» idatzi zuen oharkabean: «Itsasoak begiratzen dionari begiratzen dio». Axurmendi kurloia zuen berak ondoan, lagun bakarra. Nola apur zezakeen itsasoak bere bakardadea? Arrunt isila zen ozeano hura, eta Tenerifek ez zuen itsasoratzen zen ibairik. Ibaiak paisajea begiratzen datoz itsas aldera. Herrixka, etxe edo baserria ikusten dute ibilbidean; zubi zahar, zubi berri. Eta baratzeak, zelaiak edo soroak nola dauden begira gelditzen dira, ur-geldiak eginez. Koloreak bereizten dituzte, zuhaitz motak zenbatu, txoriak sailkatu, usainak bildu. Eta horrela, ibaiei esker, itsasoak lurraren berri du. Baina Tenerifek ez dauka zeharkatzen duen ibairik... Askatasuna urdin kolorekoa sentitu zuen Kepak, urdina ñabardura askorekin.

Estrategiaz hitz egiten zuen Gobernuak, dispertsioaz, presoa askeago senti zedin...

Espeziearen luma arreak jarauntsi zituen kurloiak.

— Hegan ikasi behar duk, Axur —esaten zion Kepak.

Baina txoria salto garaian zegoen. Eta apaletik Keparen bizkarrera egin zuenean, lehen hegaldi urrats hartan, estreinako aldiz hegazti sentitu zen Axur. Kepak egunkarian idatzi zuen gertaera, gorriz, albistea nabarmendurik gera zedin.

Hegan ikasteko, patioa baino hoberik? Hezitzaile arduretan buru-belarri sartuta zegoen Kepa, baina, ai... errepresioak ustekabeak ditu.

— Patiora irteteko biluztu egin behar duzu. Zuzendaritzaren araua da —esan zion kartzelariak.

— Eta zertara dator orain arau hau?

Axurmendi ere lumatu egin beharko ote dute?

Kartzelariaren araua zen, eta ez zuten aldatzeko asmorik.

«Zitalkeria guztiak ez datoz Madrildik», idatzi zuen egunkarian, gorriz orduan ere, baina letra larriz.

Ziegako distantzia motzetan hegan ondo moldatzen zen Axur. Ziegako mundua txiki bilakatu zitzaion neurrian, leiho laukizuzenari begiratzen zion, urruneko itsasoari. Ongi aski dakigu leihoek begiak erakartzen dituztela beraien bi aldeetatik. Eta halaxe joan zen leihotik, mundua ezagutzera... Baina aurreko sare metalikoan, erdi aldean, zurrun gelditu zen, telefono zutoinaren erdi aldean ihesi dabilen katua gelditzen den bezala.

Azkar erreakzionatu zuen Kepak, txoriaren hegaldi traketsa jarraitu eta sarean katigatuta ikusi zuenean.

— Hator bueltan, Axur. Polita egiten duk hor, sarean jarrita!

Axurrek, lehen ikarak gaindituta, ingurura begiratzen zuen. Gora eta beheraren dimentsioa beste bat zen. Alboak aurre eta atze izan zitezkeen aldi berean, eta zerua... zerua mugagabea zen!

Lehen egun haiek igarota, ziegara bueltatzen zen, nekez, gosea berdintzera. Eta berriro joaten zen leihotik, leihotik sarera, saretik zuhaixka baten gainera. Eta horrela egun bat eta beste bat, hilabetetan. Denbora gutxian asko aurreratu zuen, eta ez hegan bakarrik. Haizearekin jolasten aspertu zenean, ilunabar batean, orduan, Keparen eskuan pausatu zen Axur. Zerbait zekarren mokoan, formarik gabekoa, gari alea baino handixeagoa.

— Zer dakark, Axur? —eskuan utzi baitzion formarik gabeko ale hura.

Askatasun pittin bat zen, gari ale baten neurrikoa, baina askatasuna. Kepak txintxeta kaxa hustu eta bertan sartu zuen askatasun izpi hura.

Alez ale, txintxeta kaxa askatasunez bete zuen kurloiak. Eta Kepak, behartuta, ezti poto batean sartu zuen dena. Ezti potoak barrukoa ikusten uzten zuen, gardena baitzen. Baina askatasuna ez da lehenengoan ikusten ahal den zerbait. Askatasunak bere irudikeriak ditu.

Ezti potoa bete zenean, zapata kaxa batean sartu zuen askatasun piloa. «Nola senti naiteke pozik espetxean?», idatzi zuen gogoetaren laburpen gisa. Aberri zaharra, hizkuntza, izateko gaitasuna, bizitzeko grina, borrokatzeko borondatea... Nola ez pozik gurdi hari bueltaka! Baina Keparen poza gustura egotea ere bazen. Eta kartoizko ur kaxan sartu zuen Axurrek mokoan ekarritako askatasuna, arakaketak burlatzeko gehienbat. Han zegoen sekretua, askatasun metatze hartan.

Kepak ur kaxan eskua sartu eta atzamar bat eraman zuen ahora. Zeren zaporea du askatasunak? Espetxean, eta antzeko lekuetan, herri zapalduetan, esperimentatzen da askatasunarekin. Ez bat, kartoizko ur kaxa bi ere bete zituen Kepak. Ai... deskuidoan ez da ezer gertatzen.

Estrategiaz hitz egiten zuen Gobernuak, gupidarik gabe ematen zuen zartada.

Arakaketa egitera hogeiren bat kartzelari etorri ziren, arakaketa orokor horietako bat. Ziega goitik behera miatzen ari ziren: ohea desegin, apal gaineko liburu eta karpetak ohean ihaurri... eta dena arakaturik zegoela zirudienean, kartoizko ur kaxetako batean zer zegoen begiratzea bururatu zitzaion kartzelari bati.

— Hemen, hemen! Laguntza!

Errekisatu egin zizkioten kartoizko ur kaxak, eta sumario bat ireki, «kartoizko bi kaxetan gorderik zuen askatasunaz baliatuz ihes egin nahi zuela» akusaturik. Eta gainera zigorra: hogei egun koltxoirik gabe, hiru hilabete tabakorik gabe, eta leihoa txapatzar batez itxirik. Itsasoak ez zuen errurik. Itsasoa nola utzi leihorik gabe!

Axur leihoaren kontra fusilatu zuten 1991ko irailaren 27an. Lau t’erdiko karabina batekin hil zuen jagoletza lanetan ziharduen polizia batek.

Lekukorik gabe, Kepak azken esaldi hau idatzi zuen egunkarian: «Askatasuna hor dago, hartzea besterik ez zaigu falta. (Axur)».

Estrategiaz hitz egin zuen Gobernuak, eta ez da oraindik isildu!

 

© Jon Gaztelumendi

 


susa-literatura.com