Bi terrorista
Salto del Negro espetxea Las Palmasen dago, Kanariar Uharteetan, Afrikan.
Abdelassisen ustez egun guztiak berdinak ziren. Ordu berdinean esnatu, patiora jaitsi, bazkaldu, afaldu, ziegetara igotzeko formatu...
— Telebista programazioa ere behin eta berriro errepikatzen da —kexu zen; gaueko pelikulak aspergarriak ziren edo jada ikusita zeuzkan—. Presoen arteko harremanek, sikiera, fundamenturik balute?
Abdelassis patioan, bosgarren moduluko patioan, itzulika zebilen burumakur. Komunen parera iritsi zenean, komunak garbitu eta patioan bildutako ur putzuen ondora, ezaguna egin zitzaion halako potxingo baten itxura.
— To! Australiaren gainetik hegan noak! —bota zuen.
Inguruko potxingoak aztertu zituen, bat-banaka, eta Ipar Afrikako itsasertza aurkitzen saiatu zen perspektiba diferenteetatik.
Ate hotsak entzun zituen. Kartzelariak galerian zebiltzan ateak zabaltzen. Gorputzaren jarrera aldatu gabe, ziegetako leihoetara begiratu zuen patiotik, eta gizon baten irudia ikusi zuen ziega haietako bateko leihoan. Hura ere preso.
— Aizu! —oihu egin zuen preso etorri berriak—, euskaldunik ba al dago modulu honetan?
— Ez, ez dut uste —erantzun zion Abdelassisek—. Zu euskalduna zara, ezta?
— Bai, hala naiz.
— Ba, begira, nik ez dut euskaldunik hemen ikusi. Zure kide asko ezagutzen ditut ordea.
— Ondo, ondo da. Egongo gara. Zera... zein izen duzu? Nirea Aitor da.
— Abdelassis. Baina Assis deitzen didate gehienek.
— Ederki, Assis. Ziega garbitzera eta txukuntzera noa...
— Ados.
«Euskaldun hauek beti diferente dituzte», pentsatu zuen Abdelassisek, «gu patioan gaudenean, hauek ziegan dituzte; bazkaltzen gaudenean, bisitan; eta bisita dugunean, dutxarako ordua ezartzen diete. Euskaldunak beti diferente...».
Patioan itzulika jarraitu zuen Assisek, Australiaren gainetik hegan: Australia, potxingo-kontinentea, zementuzko ozeano batek inguratzen zuen.
Leihotik pauso bat aldendu zen Aitor. Zuhaitzik gabeko haitz bolkaniko bat zeukan begien aurrean, berde-marroixka. Patioa inguratzen zuten horma laburrek paisaje zati bat ikustea ahalbidetzen zioten. Postal baten antzekoa iruditu zitzaion Aitorri eta "postala" deitu zion ordutik aurrera haitz triste hari.
Kirol poltsa ireki gabea. Lixiba eta baldea, erratza eta lanbasa. Egitekorik behinena, garbiketa, atzeratzen zihoan. Leihotik barrura haize zorrokada sartzen zelako-edo, haren igurtziaren ondorio, guantxeen presentzia hurbil nabaritu zuen euskaldunak. Postalari so, haiek etorri zitzaizkion burura... Txabi, Azurmendi, Artajo, Txapela Jon, Xenki eta Murgi...
Ostiraletan Garazi pozik irteten zen ikastolatik. Ostiral hartan bereziki. «Bostetarako etxean» zioen, eta Zelatxo baserri aurretik abiatzen zen etxe aldera. Eta etxeko bidean, ostiral hartan, sagarrez beterik ikusi zituen sagarrondoak. Jaizkibel mendia gertu eta urrun agertu zitzaion begien aurrean: «Jaizkibel mendi txikia ala handia da?». Kezka horrek hamar metro-edo entretenitzen zuen beti errepidean. Azken finean, Jaizkibel mendi luzea zela pentsatzen zuen, non hasi eta non amaitzen zen begiratu ondoren.
Errepidearen alde batera sagarrondoak eta bestera zelaia. Garazik Donibaneko tximinia luzea bilatzen zuen urrutira, itsas aldera, aitak behin esandakoa gogoratuz:
— Tximiniatik irteten den kea xuxen gora doala ikusten baduzu, eguraldi onaren seinale da. Keak eskuinera egiten badu, eguraldi txarra seguru!
Orduan, berak egindako galderaz oroitzen zen:
— Eta ezkerraldera egiten badu?
Aitak aurpegi xelebrea jarri zion, hotzaren keinuarena alegia.
— Ezkerraldera egiten badu, prantses-haizea; hotza ttiki, hotza!
Aspaldiko kontuak ziren haiek. Aitak ia zazpi urte baitzeramatzan espetxean. Pastide baserri aurreko aldapa jaisten hastekoa zela, goizean edukitako eztabaida ekarri zuen gogora Garazik. ETAkoak hiltzaileak zirela esan baitzuen Ikerrek, bere gelako mutiko horrek.
Karnaba baten kantua hegan zihoala, Garaziren begi marroixkak, ia beltxak erakarri zituen, eta begiratu eta erabaki, ekintza bakarra bailitzan, hurrengoan aitari galdetzea ea hiltzailea zen ala ez.
Bazekien ETAkoak hiltzaileak ez zirela, baina aitaren iritzia behar-beharrezkoa zuen. «Zertan ibiliko da aita orain?». Garazik urrutira ikusi zuen Sagasti-Arte baserriko txakur zaunkaria. Enara batek brastakoa egin zuen airean. Belar zikinak erretzen ari ziren nonbait; landa-intsentsua haranean laino...
Emakume bat eta hamabi gizonezko euskal preso politiko zeuden garai hartan Salto del Negroko espetxean. Astero ziega aldaketak egitera behartzen zituzten. Eta hilabetero modulu aldaketak egiteko aginduak ematen ziren Zuzendaritzatik. Modulu arteko aldaketa hori zela-eta ekarri zuten Aitor bosgarren modulura. Iñaki zortzigarren moduluan utzi zuen Aitorrek, petateak ere eginak zituela, aldaketarako zain. Modulu aldaketa soila zen. Baina moduluak mugaldeak ziren.
Han zegoen Manu ere, espetxean, Aitor bezala, baina elkar ikusi gabe zeuden, bi urte luze bai ekarri zituztenetik. Normalean banaka egoten ziren modulutan, lagunik gabe.
Aitorrek postalari begiratzen zion tarteka, makurtuta, zutik, saiheska, bizkarra ematen zegoelarik ere, burua jiratuta. Haize korrontea ziega barruraino sartzen zitzaion. Aitorrek ez zekien haizeak bere ibilbide jakinak izaten dituela. Ez zitzaion otu ere egin, irlako haize haiek, guztiak, itsasotik zetozela beharrez. Orduan oroitu zuen behin Garazik egindako galdera:
— Non egiten du loa haizeak?
Eta erantzun zion:
— Ikusten duzu zeruaren urdin hori? Lo dagoen haizea da guztia.
— Eta egonean egiten al du lo haizeak? —jarraitu zuen Garazik.
Garbiketa hasi gabe zegoela, atea ireki eta bi kartzelari azaldu zitzaizkion.
— Gauzak bildu eta isolamendu modulura eraman behar zaitugu.
— Oraintxe ekarri eta berriro isolamendura?
— Positibo! —bota zuen kartzelari batek.
«Positibo?».
Petateak galerian utzi eta leihora atera zen.
— Assis, isolamendura naramate! Egongo gara!
Assisek eskua altxa, jaitsi, han zihoan martxa berean. Aitorrek keinua bota zion postalari: «Beti arte bat, postala, haitz berde-marroixka», norbait bailitzan. Zeinen azkar gertatu zen guztia! Agurra, keinua. Bai, espetxean jakin izaten da noiz hasi eta noiz amaitzen diren gauzak; eta gauzak egoerak dira, gauzak sentimenduak, gauzak paisaje urri horiek, inorenak diruditenak, hain zuzen.
Zementuaren erdian zulatutako hobiak ziren isolamendu ziegak. Ez zen leihotik argirik sartzen, sare handi batek leihoa estalirik baitzeukan. Aitor leihora hurbildu zen eta inora begiratu gabe, bere deia errepikatu zuen:
— Euskaldunik ba al dago hemen? Ei! Euskaldunik ba al dago hemen!
Artean ez ziren bostak.
Zentolen baserri paretik zihoan Garazi, hilerria pasata. Hilerria, Zentoleneko hilerria, harresituta dago. Kanpotik ezin daiteke barrua ikusi. Barrukoek ezin dute kanpoa begiratu.
Garazik pentsamenduen haria zeraman. Gogoeten mintegi isila zen ikastolatik etxerako bidea, bi kilometro t’erdiko ibilbidea. Garazik gutxienez hemezortzi urte eduki nahi zituen, hemezortzi urte beteak, begirunez har zezaten besteek. Kontua ez zen begirunez hartzea ala ez hartzea soilik, «hemezortzi urte izango banitu ez nintzateke isilduko, orain bezala... Denen aurrean esango nuke pentsatzen dudana». Horregatik miresten zuen Mieltxo. Ttikia zen, baina Mieltxok bere iritziak inolako beldurrik edo lotsarik gabe botatzen zituen. Eta gustatu zitzaion Ikerri botatako «Ez da egia!», ia oihukatuz, «hiltzailea zu izango zara!». Mieltxoren begiak ere gustukoak zituen. Amonaren katuek antzeko begi berde bixi-bixiak zituzten. Sudur motz, orezta bakanak gainean zituela han eta hemen.
Orereta herriko elizaren kanpandorrea ez zen ikusten, baina herria suma zitekeen han behean. Autobideko zubi aldera hurbiltzen ari zen. Aitak bostetan deitu behar ziola gogoratuz ordulariari begiratu (bostak laurden gutxi), eta lasterka, esfortzu handirik gabe, malda beherak arindutako abiaduran joan zen.
Amonaren etxea agertu zen, bihurgune txiki bat pasa ondoren. Aitona baratzean egongo zela pentsatu zuen Garazik. Etxetik berrogei metrora-edo, Dick zakurra antzemanez, deitu egin zion:
— Diiick! Diiick!
Garaziren haur-oihuek Dicken belarrietan jo zuten, deiadar-talkak balira bezala, eta Dickek behatu gabe jaitsi zituen eskailerak, ziztu batean. Garazirengana iritsi, bere mihi luzearekin aurpegia miaztu, saltoka isatsari mugitzeari utzi gabe agurtu zuen etxeko neskatila.
Bostak ziren. Garazik, amonarekin batera, Dick zakurra atearen ondoan etzanik zegoela, aitaren deia itxaroten zuen. Bostak eta hamarretan, «ez du gaur deituko», betiko kezka. Baina bost t’erdietan, puntuan, Garazik uste ez zuenean, telefonoa jotzen hasi zen.
— Bai?
— Ni naiz, aita...
Amona jarri zen lehenik, enkarguak hartzeko. Eta amonak, Arrasateko hizkera horrekin hitz egiten zuen; eta barre egiten zuen sarritan. Agenda antzeko liburuxka batean zerbait idazten ari zen amona:
— Ostirala!, ze egun da ostirala, barikua? —esan zuen amonak.
Garazik ez zuen detailerik galtzen. Azkenean amonak keinu bat egin zion, «orain jarriko da» esaten zuela.
— Joateko desiratzen nago, aita —ziotson Garazik—, oporrak etorri zain!—. Ikerrek esandakoa azaldu zion aitari.
— Horretaz hitz egingo dugu lasaiago bisitan —Garazik espero zuen moduan erantzun zion aitak.
Beraz, gaia aldatu zuen, eta Xenpelar Bertso Eskolan izena eman zuela esan zion aitari.
— Bidaliko dizkizut egindako bertsoak.
— Musika eta guzti? —galdetu zion aitak txantxetan.
— Bai, musika eta guzti —erantzun zion barrez.
Mozteko agindua eman ziotela adierazi zion aitak. Garaziri motz, oso motz, egin zitzaion.
— Aita, Dick ere hemen dago! —jada presaka.
— Ez al da txabolan lotuta egoten ba? —presaka aitak.
— Ez, etxeko balkoian egiten du lo...
Eta horrela amaitu zuten, muxu eta besarkada handien artean.
Assis ere isolamendu modulura eraman zuten egunean, Aitorrek gose grebaren hamargarren eguna osatu zuen. Lerro gutxikoa zen Aitorrek idatzitako gutuna.
«Kaixo etxekoak:
»Gose grebetan, salbuespenik gabe, galtzaren patrikak ere gosez betetzen zaizkigu. Ezagunak ditugu bere astinduak. Baina olatu izango gara, urrundik datorrena. Urak biltzen joango gara egunetik egunera. Gosea gatz bihurtuko da; oinazeak, harea. Olatuaren gainean datoz estualdiak. Itsas aparra, estututako hortz horiexek dira, hortz txuri horiek. Gure olatu erraldoiaren lepoa jaso eta bortizki joko dugu espetxeko horma-harkaitza. Goitik behera zipriztinduko dugu, gatz, harea eta hortzekin batera. Orduan aurrez aurre esango diogu: "Hemen gaudek gu! Ze uste huen ba?"».
Ustekabean hartu zuen Garazi gose grebaren berriak. Aita gose greban zegoela entzun zuen, baina «zer esan nahi zuen horrek?». Egunkarian irakurri zuen, bai, preso bat jipoitu zutela eta bizi-baldintza duinak eskatzen zituztela presoek, euskal presoek, aitak ere bai horien artean. Tratu txarrak errepika ez zitezen neurriak hartzea eskatzen zuten. Baina, ez zuen Garazik sofrimenduaren arrastorik aitarengan inoiz sumatu. Aita beti ondo zegoela zirudien, alai, txantxetarako prest, nahiz eta batzuetan serioa ere iruditu. Aitak gauzak ezkutatzen zizkiola ohartu zen orduan, berak egiten zuen modura. Aitari ez zion dena esaten; «konturatu ote da aita horretaz?».
Gose greba jan gabe denboran irautea zela bazekien, baina ezezaguna zitzaion hala ere. «Zertan datza gose grebaren borroka? Gosez egotea soilik?».
Goiz hartan, jolas orduan, Mieltxo hurbildu zitzaion ondora eta esan zion:
— Zure aitari marrazki bat bidali nahiko nioke. Zuzenean bidaltzea baino hobe izango da zure bitartez eskuratzen badu.
— Asteburuan idatziko diot. Emadazu marrazkia
—adierazi zion Garazik, eta bihotz taupadak normalean ez bezala entzun zituen bere barnean.
— Klase amaieran emango dizut —esan zion orduan Mieltxok, eta Garaziren begi marroixketan, ia beltxetan, normalean baino denbora gehiago gelditu zen Mieltxo.
Afalostean, Garazi aitarentzako gutuna idazten eta aldi berean irakurtzen ari zen. Bere lanetan ari zen amona ere, armario honetan eta hartan ontziak, platerak, edalontziak sartzen.
— Garazi, aitari esan kartak normal idazteko, literatura alde batera utzita; eta kontatzeko ondo dagoen ala ez —aiurri irmoko emakumea zen amona.
— Amona, ni... ni lotsatia naiz?
«Ze idazten ibiliko da hau?», esan zuen amonak bere baitarako, garrantzirik eman ez balio bezala:
— Igual izango zara... —eta sukaldetik egongelara joan zen zerbait uztera edo eramatera.
Gutunaren azken lerroak Mieltxorentzat izan ziren.
Argia moteltzen zenean, Assisek pultsua hartzen zion denborari. Aztertu egiten zuen. Ilunabarrak gertutik aztertzekoak zirela erakutsi baitzion aitona izan zenak.
— Ilunabarrak bere arrastoa uzten du zeruan, mendietan, pertsonetan ere bai —esaten omen zien afalosteko solasaldietan, ipuinak asmatzen diren orduetan.
Iluna itzal handi hura, lainoen modura zetorren, poliki, dena betetzen. Assisek, ilunabarraren lehen mugimenduak barneratzeko, begiak ixten zituen. Eta bere herri inguruko mendi gailurretan asmatzen zuen bere burua, Rifeko lurraldean, hainbatetan egon zen modura, harri koskor baten gainean eserita, ilunabarraren mareari begira. Ziega barnean ederki aski berregin zezakeen bizi izandakoa. Isolamenduan zegoenetik ordea, ilunabarra elkarrizketaren sinonimoa zen. Afalosteko mintzaldiek eguna zegiten; ez osatu, ez biribildu soilik. Eta elkarrizketak aurrera egiten zuen heinean lokartzen zen espetxea.
Espetxea lo dagoenean, orduantxe bakarrik askatzen da egokien mihia, imajinazioa, bihotza. Barnean eta gordean ehotako pentsamenduak: bat-batean osatutako teoria, azterketa politiko futurista-edo, baita filosofikoa ere. Ia denak esan egiten dira, kontatu, eztabaidatu lagun giro horretan. Ia denak. Ez, bosgarren modulua ez zen hura bezala, baina egunak aurrera zihoazen, eta isolamendua eta bakardadea bi bide ziren, diferenteak, behin baino gehiagotan gurutzatzen zirenak.
— Aitor, afaldu al duk?
Kilkerra kantari ari zen patioan.
— Bandeja garbitzen ari nauk! —erantzun zion Aitorrek.
Saguzarrak ez zuen bide zuzenik egiten isolamenduko patio txikitik ilargirako txangoan.
— Bandeja garbitzen? Kar-kar...
Haizea ere erretiratzen ari zela zirudien, oso motel.
— Izango diat bandeja garbitzeko eskubidea, ezta?
Istant horretan isolamenduko patioa goialdetik zeharkatzen ari zen abioi baten argi gorri keinukaria.
Gose greba amaitu baino egun batzuk lehenago telegrama bat jaso zuen Aitorrek: alaba zihoakiola beste senide batzuekin. Pisua, presio arteriala, pultsua, mihia atera, ur botilari tragoa... Enfermeria modulutik kanpo zegoen, espetxearen beste muturrean. Sortaldetik sartalderako norabidea zen Aitorrena, ibileran eta oldozmenetan. Telegrama jaso zuenetik mila aldiz eszenaratu zuen bisita, eta ahotsa, azentua, keinuak ipini eleari. Itxarongela antzeko ziega batean sartu zen enfermeriako moduluan. Ziegak leihoa zuen eta eurien tantak erreka itxurak imitatuz zebiltzan beiran.
Goizeko gertaerara itzuli zen berriro. Goizeko kontaketara. Goizeko ate-hots urdurietara. Kontaketarekin batera, goizeko zazpi t’erdietan hasi zen ezohiko mugimendu hura. Hasiera batean, ez zuen erreparatu Assisen atea zabaldu zutela. Ateak zabaltzen ari zirela-eta bai, igande goiza zela ere bai. Igandeak aspergarriak zirela pentsatzeko adina erreflexu izan zuen Aitorrek, ohean etzanik erdi lo zegoela. Ohetik jaiki, gosaria hartzeko potoa hartu, eta zeregin horietan zebilela, normala ez zen zerbait usaindu zuen giroan. Baina zer? Gosaria banatzen zuen ordenantzak txarro batetik kafesnea edalontzira botatzen zuen bitartean, Aitorrek naturaltasunez galdetu zion:
— Zer gertatu duk goizaldean, badakik?
— Mairua zintzilikatuta aurkitu ditek —erantzun zion ordenantzak, naturaltasun berdinarekin.
Baieztapena eta kezka bat egiten direnean portaera bitxiak sortzen dira; labak, sumenditik kanpo, hotzak oratzen duenean hartzen duen bat-bateko forma biluzien antzera.
Aitor leihora joan zen bizkor eta leihotik hots egin zion lagunari:
— Assis! —behin eta birritan eta hirutan—, Assis!
Assisek ez zion erantzun. Ordenantzak esandakoa hortz-artean errepikatu eta lagunari deiadar. Joan zela buruak; haztamuka bihotza.
Isiltasuna zen normaltasunetik kanpo zegoena. Halaxe zen. Gerora ohartu zen Aitor. Itxarongelako leihoaren aurrean, malkoek bertikalean erori nahi zuten, kristalean zeuden euri tanten lorratzen atzetik. Zergatik? Noiz aldatu zuen borondateak norabidea? Zenbatetan zerbait esatea bururatu eta, azken unean, aldatu egiten zen hitza, esaldia? Berdin izango ote da beste hori, bizi nahi izan eta heriotza hautatzea azken unean?
Sendagileak, ATS batek agian, deitu zion enfermeria barrutik. «Antzekoa izan behar dik zahartzaroak» bere artean esanez hurbildu zen emeki, gose grebaren hogeita hamasei egunak arraxtaka zeramatzala... pisua, presio arteriala, pultsua, mihia atera, ur botilari tragoa.
Aste amaieran espero zuen bisita. Zain zegoen, hilabeteetan egon gabeak baitziren. Ukondoak leihoaren markoan zurkaiztuta bazituen ere, eskuan zuen sagarrari kosk egiten zion, usaindu, Assis noiz eta zergatik etorri zen berriro oroitzen zuen bitartean.
Ziegaren ezkerraldera zortzigarren moduluko dutxak zeuden. Leihatilatik entzuten ziren jendearen barre eta deiak, ur hotsak, garrasiren bat, kantak faltsetean, txanpu eskaerak ahots altuan.
Assisen ezbeharrak erabat tristatu zuen, baina alabarekin zer hitz egin eta zer esan asko zuela pentsatzen ari zen Aitor. ETAkoak hiltzaileak zirela eta ez zirela, emaztearen eta bere arteko harremana eten zela... Assisena zergatik ez kontatu?
Sortaldetik sartaldera joan zen Aitor oraingo honetan ere. Bizkorrago ordea... lokutorioetara. Lokutorioetan begiratu azkarra bota zuen. Han zegoen alaba. «Oraindik ere ttikia duk», atera zitzaion, nahi gabe, baina barrutik, eta harengana abiatu zen zuzen-zuzen.
Lehenengo agurrak egin eta, itzulinguru handirik gabe, gaiari heldu zioten.
— Amarena eta biona badakizu, ezta?
— Aspaldiko kontuak dira horiek, aita!
— Bai, baina ez dugu hitz egiteko aukerarik eduki...
Eta komunikazioa minutuetan gelditu gabe zihoan aurrera.
Garazi bere gelako mutiko hark aipatutakoa kontatzen ari zela, aitak paper zati bat atera zuen patrikatik. «Garrantzizko zerbait izan behar du», buruan alabak, paperean idatzitakoak mezu bereziak baitziren. Aita zerbait idazten ari zen. Garazik ere, badaezpada, papera atera zuen kartera txiki batetik. Aitak kristalaren kontra jarri zuen papera: «Guk askatasun ukatua eskuratu nahi dugu». Lauzpabost lerrok osatzen zuten idazkitxoa. Semea ikustera sartu berri zen andre edadetu batek ere ikusi zuen kasualitatez Aitorren jarrera, eta begira-begira gelditu zen. Garazik aitak idatzitakoa irakurri zuenean, idatzi zuen bere papertxoan: «Ulertzen dut, aita», eta kristalean jarri zuen, aitak ondo ikus zezan. Andre edadetuak berdin jarraitzen zuen: begira-begira. Aitorrek alabaren esaldia irakurri zuenean, «Bai?» idatzi zuen bere paperaren mutur batean, eta kristalaren kontra ipini zuen berriro ere, pikardiaz. Barre isila egin zuten biek. Barre isil luzea.
Andre edadetuak semeari begiratu eta...
— Begira horiei —esan zuen—, kartzelan egon eta gainera gormutuak biak... Gizagaixoak! Hori da adorea!
— Terroristak dira horiek, ama —argitu zion presoak, Aitor ezagutu baitzuen.
— Biak!? —andreak ezin zuen sinetsi.
© Jon Gaztelumendi