Hitzaurrekoa
Itsuaurrekoak bezalaxe, edo itaurreko itzainaren gisa, bide erakusle nahi luke izan hitzaurrekoak: argigarri. Baina irakurleak paso eginez asmatzen du askotan; hitz hauei jarraika letorkeenak ere horixe luke onena seguru asko, bere makilarekin aski baitu itsu ibiliak behaztoparik ez egiteko. Eta uztar idiak ikasia du bidea ibiliaren ibiliz; ez dizu aldatuko pausoa zu aurrerago eta bizkorrago joan arren.
Jon Gaztelumendiren ipuinok ere ez dute itzain premiarik. Euren pausoan doaz kartzelako mundu itsuan bidea asmatuz eta erakutsiz, artez gainera. Aise ezagutuko ditu kartzela dazaguenak; ezagutzen ez duenari bidea zabalduko diote ezagutu dezan.
«Gure esku dago zulo edo habia bihurtzea leku hau» diotso Joanak Ainhoari, ziega batetik bestera. Presooz hainbeste hitz egiten eta idazten den honetan, presoon kontura hainbeste literatura egiten den honetan, geure esku dago, presoon esku, neurri handi batean bederen, munduz kanpoko mundu lauso honen barrunbeak azaltzea geure literatura eginez, geure euskal literatura, geure habia txikiak berotuz, inork zaputz diezazkigun utzi gabe.
Ohto indiarraren mamua azaldu zaie gauean bi presori: bere lurraz hitz egiten die puruaren ke eta kafearen lurrunaren artean. Azalgorrien oroimenaz hitz egiten die Ohtok, bere arbasoen izpirituaz, erreserba-barrutiez... Kartzela dira erreserba-barrutiak.
Gure erreserba-barrutiotatik indar eta bizigogo propioz ihesi doazen izpirituak dira presoaren kontu idatziak; mezulariak dira.
Maiteak ditut ipuin-izpiritu mezulariok, eta ohore zait euren hurbileko izatea. Bejondeiala, Jon!
Laster arte!
Jokin Urain
Bonxen, 1999ko apirila
© Jokin Urain