1
Zer, azken garagardo bat ez ala?
Ez, ez, ni etxera noa.
Tira, azkena.
Ez, benetan, ipurtzuloraino nago garagardoz.
Speed pixka bat badaukat nahi baduzu, lehen erosi diot horko...
Eskertua dago eskaintza, baina ez.
Non lo egiteko asmoa duzu? Ane beste babalore horrekin joan da eta auskalo zein toki idilikotan ariko diren txorta jotzen. Nire etxean gera zaitezke, pisukidea kanpoan dago.
Ez dauzkat lotarako ordu asko. Egia esan, ez nuke hemen egon beharko orduotan.
Berdin dio, ohea emango dizut nik. Zure arazoa da lurrean lo egin nahi baduzu...
Mikelek justu-justuan lortu zuen Somera kaleko 13ko atea zabaltzea. Asteburu osoko egurrak ez zion errazten lurrarekiko angelua elkarzut mantentzea. Eskaileretan gora jarraitu zion Jokinek. Honek ere ausarki desafiatzen zituen orekaren lege nagusiak. Bigarren solairuko ate baten parean pausatu zen Mikel, eta berriz ere atarian izandako arazo bera izan zuen etxekoa irekitzeko. Ate ertzak giltzaren harat-honatekin urratu ostean erdietsi zuen bere helburua.
Etxea kristo bat eginda dago, baina ez zaitez arduratu, nire pisukidea ez da oporrak bukatu artean etorriko, eta bere logela libre dago.
Han eta hemen liburuz mukuru ageri ziren apalategiei so zegoen Jokin, Mikelek komunean puxika lasaitzen zuelarik esaten ari zitzaionari jaramonik ere egin gabe.
Sukaldean kafea eta esnea behintzat badaude, lo egin aurretik zerbait hartu nahiko bazenu. Ona dela diote! Nik lehen espagetiak prestatzen nituen parrandatik bueltan, baina speed madarikatu honek gosea ere lapurtu egiten dit.
Apalategiko liburuak arakatzen zebilen Jokin.
Zureak al dira hauek guztiak?
Liburuak? Bai zera! Nire pisukidearenak. Egia esan, ardoa edan, sermoiak bota eta liburuak irakurtzen baino ez daki. Tipo jatorra da baina...
Denak irakurriak baditu jakituna ere izango da ba, joder!
Jakituna? Hor dago bere arazoa. Gehiegi daki ero halakoak! Askotan ez da konturatzen besteok ez ditugula berak adina ordu galdu intelektoa garaztatzen, eta ikaragarrizko predikuak jasan behar izaten ditut. Ardo gehitxo edaten duenean (hortik dator intelektoa garaztatzearena), sarrerako liburuetatik hasi eta egongelara artekoen argumentua kontatzen hasten ez zait ba!
Narrativa alemana contemporánea; Joseba Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa...
Bai, Sarri hemen ezagutu zuen, Bilbon. Badakizu, euren garaietan. Inoiz kontatu izan dit batallitaren bat edo beste. Eta horko hori aldiz, azalarengatik erosi omen zuen. Asko gustatzen zaio azalean dakarren pintura. Margolari alemaniar batena da... Dix edo antzeko zerbait. Baina hemen dauden liburu guztien egileak ezagutzeko botila ardo batzuk hustu beharko ditut oraindik Dionisosekin.
Dionisos?
Hala deitzen diote. Gerra izena zuela uste dut. Beno, ni neu juergako atxurra izara artean lurperatzera noa. Badakizu non dagoen logela. Liburu artean jarraitu nahi baduzu ondo, baina zuri ere ez zaizu batere txarto etorriko lo-kumuxa bat.
Ez, eskerrik asko. Axola ez badizu, liburuei bistako bat eman eta alde egingo dut laster. Trena hartu beharra daukat.
Zeuk nahi duzun bezala. Berriz ikusten ez bagara, ba zera, pozten naiz zu ezagutu izanaz.
Baita neu ere!
Esango diot Aneri zurekin egon naizela.
Anek apenas gogoratuko nauen, baina berdin dio. Eskerrik asko zure etxeko ateak ezezagun honi zabaltzeagatik.
Mesedez... Zoaz pikutara! Gabon.
Egun on! Eta laster arte.
Trumoi hotsak esnatu zuenerako gautua zuen. Lehenengo euri tanta lodiak kristalaren kontra hautsi ziren airez puztutako suizida potoloen gisan. Kanpotik hilurren zegoen festaren hots urruna heltzen zitzaion, eta are urrunagotik, berriz ere trumoi hotsa. Zerua zartatzen ari zela zirudien. Bilbon halakoxeak izaten dira abuztuko ekaitzak. Badirudi eguratsa bera ere garagardoz eta speedez belarrietaraino bete dela, eta ez duela bere ostia txarra adierazi nahi festetako azken egunera arte.
Iratzargailuaren bila saiatu zen itsumustuan, beso errariarekin han eta hemen joz. Alkohol usain zoragarria zerien galtza bakeroen azpian ezkutatuta aurkitu zuen.
Hamaikak eta laurden! Ez dago gaizki, Mikel! Loaldi ederra. Beste honelako pare bat egin eta laster hire anaia futbolista subnormal hori bezain sano eta lirain egongo haiz!
Ohetik jaiki eta, ilunetan, mundura etorri bezalaxe abiatu zen logelako atera.
Aai! Mekaguenlaostia! Nork arraio utzi du hemen anplifikadore putaseme hau?
Erretolika bota eta behatzei hazka egiten ziela, otu zitzaion anplifikadore putaseme hura zegoen toki geografiko konkretu hartan utzi ahal izan zuen bakarra bera zela. Argia iziotu zuen, bidean traba gehiagorekin ez behaztopatzeko. Argia gauza magikoa baita batzuetan. Piztea besterik ez du behar, oztopo garaiezinak ganorarik gabe utzitako tramankuluak baino ez direla ohartzeko.
Sukaldean, irratia jarri zuen. Ez zion ia kasurik egiten, baina ohitura errituala bihurtua zuen ohetik jaiki orduko irratia jartzearena. Armairutik kafea hartu eta sutan ipini zuen historiako asmakizunetan gorena iruditzen zitzaion italiana. Kafearen usain goxoak etxea noiz humanizatuko zain egon gabe joan zen zuzen komunera. Bere antza zeukan tipo baten aurpegiarekin topo egin zuen ispiluan. Barrabilei hazka gozo bat egiten zien bitartean komuneko tapa altxatu eta eguneko txizaldirik garrantzitsuenari ekin zion.
Erdia barrura erdia kanpora, egun handienetan bezala!
Dutxa bero baten ondoren gizaki sentitzen zen berriz ere. Kafearen usaina etxe osoan barreiatua zen ordurako, eta albornoza aldean, galtzontzilo barik, edozein emakume lirainek etxera heldu eta aurkitu nahiko lukeen gizona zela iruditu zitzaion.
Dionisosek hainbeste maite zuen katiluarekin hurbildu zen egongelara kafea hartzera. Somera kaleko farola zaharren argia sartzen zitzaion leihotik. Parranderorik borrokalarienek azkeneko pontxoak jaurtitzen zituzten beheko tabernetan. Horrelako kasuetan egin daitekeen gauzarik egokiena: telebista piztu!, ahalik eta programarik mengelena bilatzeko. Igande gauak aukera ugari ematen du horrelako programa batekin topo egiteko. Ezpain ertzak adurrez beteta zeuzkan aurkezle aguretu bat Alcohólicos Anónimosetik anonimoegia izateagatik egotzitako agure ezdeus bat elkarrizketatzen ari zen. «Benetan maite dut, Jesus! Baina lehen edan egiten nuen eta tel-tel-tel».
Mundiala! Ez dago maitasuna baino gauza patetikoagorik.
Amodioari buruzko bere pentsakizunetan zebilen egongelako mahaitxoan paper pusketa bati erreparatu zionean. «Eskerrik asko berriz ere, Mikel. Barkatuko didazu atrebentzia, baina liburu bat hartu dut apalategitik, alemanen liburu hori. Itzuliko dizut halakoren batean. Jokin».
Joder! Ezagun da, bai, tipo hau Aneren lehengusua dela. Besterik gabe edonoren gauzak hartze hori berdina daukate behintzat.
Bihotz arrosa handi bi agertu ziren telebistan, eta bukatu zen amodio gaitzezko programa. Gero telekomandoarekin hemendik eta handik pikatu zuen pixka bat, gauerdiko film erdi erotiko erdi ezer-ez horietako bat aurkitu arte. Anaia txikiarekin solasaldi labur baina emankor bat izan... eta loak hartu zuen sofan.
Telebistaren argi errainuek dir-dir egiten zuten egongelaren ilunean, urrunean entzuten hasia zen sirena hotsaren efektua indartuz.
© Unai Iturriaga