ROTTERDAM-ETIK

1914ko urtarrilean

 

LARRAPASTALARIAK

        Hauxe dela uste dot izenik egokiena skiting jolasean ibilten direnentzako, honeek dira ba larrapastaka ibili ohi direnak leiaren gainean oinetan tramankulu batzuk ipinita.

        Gaur joan naiz neure zeregin batzuk egiten hurira, eta ikaraturik geratu naiz hemengo jendeak daukan zaletasunagaz sport edo kirol horretarako. Huri honetan ba, Venezian legez, hainbat ibai txiki dagoz herri barruan, ur joanak indarrik han ez daukalako. Burdiak gainetik igarota be, ez apurtzeko eran dagoz leikarraldotuta, eta goiz guztian kalegarbitzaileek itsuskiekin ekin deutsie gaina garbitzen kale bat balitz legez, gero jendea larrapast egiten joan dadin.

ZINERAKO IRUDI POLITA

        Mila lagun baino gehiago ibili dira Harta Straat kaleko ibaian larrapastaka, eta euren artean hor hogeita hamasei inguruko emakume koloregorri bat inor baino arinago ibili da, baina azkenean garesti urten jakoz bere azkartasun guztiak. Ibaiertz alde batera heldu denean, behera bete-beteko zuloa egin eta sartu da sama-samaraino. Hau ikusirik, badatoz neskatila bi berari helduten, eta berehala honeek be sama-samaraino sartu dira. Han ibili dira hirurak zarataka eta negarrez. Besteak ez dira ausartuten izan hareek salbatzen joateko, igarten izan dabelako eurak be samaraino sartuko direla (eta sartuz gero ezin leike urten inork atera ezik, norbera beteko zulotxuan egoten delako bat). Azkenean etorri da polizia bat, eta joan da hiru emakumeok egon diren tokira. Eta bera be zaust! sartu da, putz nahikoa egiten izan dau, baina ezin urten, eta gero sokatxu bategaz atera dabez laurok, sokatxua automobil bati lotu atzetik eta tiratuta tatarrez. Gero automobil bertan sartuta joan dira laurak, uste dot bakoitza bere etxeetara joan izango direla, apur bat berotzeko eta soineko lehorrak aldatzeko.

EZBEHAR BAT

        Esan dodan tokian eskerrak ez dela egon ur handia leipean, ez da inor ito. Baina esan deustenez, beste toki batean neskatila eder bi sartu ei ziren eta itota ur-joanaren indarrak eroan. Eta aurkitu ei dabez hemendik ordu biko bidea urrinago.

TXARRA MERKATARIENTZAT

        Hemendik hogei orduko bidea urrinago dagoz berrehun gabarra geldituta, etorri ezin direla ibaia leiaz gogortuta dagoelako. Eta hemen zamatzeko ustez dagozen ontzi askok joan beharko dau beste toki batera. Hemen zamakuntzarik gehiena delako ikatza, eta gabarra horreek gehienok ikatzez beterik dagoz, eta behinik behinean Castro Urdiales eta Antonio, Bilbaoko baporeak be hementxe dagoz, eta ez dakie azkenean hutsik urten beharko daben.

ERABAGI ONA

        Hemengo gobernuak neurri onak hartu ditu mozkortasunaren kaltez, batzar eta hitzaldi eta holako. Neurri guztiz onekin ahalegindu gura dau jendeari edateko gurari neurribagea kentzeko, eta edatetik datozen gaixo txarretatik alde eragiteko. Behar izana be badago hemen honetan holako neurriak hartzeko, ba guztiz pertsona mozkortiak dira hemengo txiro edo beharginak, eta baita emakumeak be. Ikustekoa izaten da gizonak legez emakumeak garagardotegietan sartuta edan eta edan.

ROTTERDAM ZELAKOA DEN

        Herri eder hau zelakoa den esan behar deutsuet orain. Kale guztiak dira lauak eta zabaleran bardinak. Etxe guztiak kolore bardinetakoak, gora-behera be etxe guztiek bardina daukie.

        Edozein tokitatik igaroten dira gabarra eta ontzi txikiak. Euretan daukie bizitokia edo etxea sendi askok. Hamar tranbia dagoz, eta hainbat geltoki trenenak. Zumardi edo parkea be ederra, bertan askotariko abereak daukiezela euren tokitxuetan. Portuan beti dagoz ehun eta berrogeita hamar ontzi baino gehiago. Atoiontzi eta gabarratan bost mila baino gehiago dagoz. Eliza katolikoak hamarretik gora, eta ikastolak be hainbat.

        Lehenago, lau edo bost egun emoten ebezan ontziak hutsituten, eta orain barriz ontzirik handiena egun bat eta erdian hutsituta eta beste hainbestean zamatuta dago, elektrizitatez darabilezen tramankulu batzuekin. Dena aurrerapidea merkatarientzat.

        Kafetegi ederrak, hainbat zine, hainbat antzoki, eta denda eder asko. Kafe, tabakorri, gazta, indibaba eta honakoak guztiz merke dagoz.

        Kafetegi bat dago berton ikusgarria. Sartzen da bat atetik eta barruan inor eta ezer ez da ageri, zulotxua hor eta zulotxua hemen baino. Zulotxuen goiko aldean idatzita zer janari dagoen bertan. Idazkunean iragarrita dagoen salneurria jaurti zulotik eta, dart!, urteten da janaria erresorte bati tiratuta. Jan, azpilak bertan utzi eta alde. Edariagaz bardin; goiko aldean dagoz edontziak eskegita, jaurti txanpona, txorrotxuan ipini edontzia, bete han, klink! egin, utzi bertan edontzia lohirik, eta alde. Holakorik ez dabe ikusi gure aita zaharrek.

EKANDUAK

        Honeek guztiz onak ei dira alde honeetako baserrietan. Nik inoiz ikusi dodaz dantzan hemengo baserritarrak. Dantza garbiak. Gizonezkoak emakumeari eskutxutik oratuta egiten ditu inon diren saltoak, eta hau gelditzen denean hasten da bestea, eta honek be bardin. Beste denak egon ohi dira begira, eta lantzean batek urten ohi dau erdira holako saltoak egiten.

        Baserri emakumeek guztizko soineko nasai mardo astin-astinak erabilten dabez, merinakearen antzera. Buruan zapi zuri bat lekaimeak legetxe, eta bekokian alanbrezko txorta bi aurrerantz urtenda adartxuen antzera.

        Gizonek janzten dabez gure baserritarren txamarrak lakoak, eta prakak belaunetan estu, eta beherago guztiz nasai, txilinaren antzera.

        Baserrietan guztiz dira beldurtiak. Arrotz bat ikusiz gero, leihoak itxita etxean sartzen dira emakume eta umeak.

        Baserri antz gitxi dauka Rotterdam honek ekanduetan. Hango lako dantzak barik baltseo dantza lohiak egiten dira hemen. Berrogei dantza-etxe baino gehiago dagoz berton, gauetan guztiak jolastu daitezen. Hogeitabost zentabo ordainduten da sarrera, eta ez dakienari be erakutsi egiten deutsie horretarako dagozen gizon dantza-irakasleek.

 

 

© J.B. Batxi


susa-literatura.com