IRLANDAKO ITSAS-TXAKURRA

 

Neguaren irudi

deguna hain zuzen

fokak agertutzeak

harritu ginuzen.

Pasaian ta Mutrikun

lehengoan Zarautzen,

itsasoan indarrak

bizia laburtzen,

zaila daukatena

berriz buelta hartzen.

 

Koldo Zelaia

 

 

Argazki arrunta baino ez da jendearentzat Orioko Kolon Txiki tabernako horman eskegita dagoena, duela urte batzuk gertaturiko pasadizoaren oroigarria, herriko bapore bateko arrantzaleek sare pelagiko batean trabaturiko foka salbatu zutenekoa.

        Hainbat oriotar azaltzen dira argazkian, errio bazterrean itsas-txakur baten inguruan: haurrak gehienak. Animalia oso lasai dago hainbeste jenderen artean egoteko.

        Atentzioa gehien deitu didana, itsas-txakurraren alboan makurturik dagoen neska izan da: ilea sugarra bezain gorria, liraina, soineko berdez jantzia, irribarretsu. Uste dut neroni eskainitako irriño bihurria dela, «gure oroigarri izan dezazula, Manex Imiruri» esango balu bezala. Nor den galdetu dut, baina Orion behintzat inork ez du ezagutzen.

        Kanpinetik urtero igarotzen diren turista atzerritar horietako bat izango da erantzun didate.

        Erretratua ateratzeko unean bilduko zen taldera, kopiaren bat edo beste eskatuko zuen eta Euskal Herriko souvenir gisa eraman beste batek.

        Nik ordea badakit bertakoek uste dutena baino askoz liluragarriagoa dela argazki horren eta Irlandako itsas-txakurraren istorioa.

 

 

Ba omen zen aspaldi Irlanda mendebaldeko kostaldean Tom Moore izeneko gizaseme gaztea. Aita-amak zendu zitzaizkionean, bakarrik geratu zen baserrian, etxekoandre premian. Behin, hondartzatik gertu lanean, marea beheratua, arroka baten gainean lotan zetzan neskari erreparatu zion: sekulan begietsitako ederrena! Harengana hurbildu eta erran zion:

        Esna zaitez! Bestela itoko zara itsasgorarekin.

        Neskak barre egin zuen erantzunik gabe. Bere beharretara itzuli zen mutila, baina aitzurrean ezin bista emakumeagandik aldendu. Azkenean, marea haitzeraino iritsi eta olatu artean ezkutatu zen. Emakume gaztea berekin eroan ez izana madarikatu zuen gau hartan, itxas-txakur lamia zela oharturik baitzegoen. Biharamunean paraje berera itzulitakoan, neska ikusi zuen berriro. Hurbildu eta halaxe mintzatu zitzaion:

        Hobe izango duzu nirekin etortzea.

        Besteak arraposturik ez. Eta orduan neskaren aldamenean zegoen itxas-txakur larruaz jabetu zen mutila:

        Hau niretzat!

        Itzulidazu, Tom Moore!

        Ezta pentsatu ere. Eta pozten naiz hitz egiten duzula jakiteaz. Apaizarengana joango gara berehala ezkon gaitzan, auzokoak gutaz ele-melan ez ibiltzeko gero.

        Ezkondu eta alaba bi eta hiru seme izan zituzten.

        Egun batean, Tom Moore goldean ari zela, lanabes zati bat apurtu zitzaion. Hura konpontzeko etxeko apaletan tresnen bila ari zenean, konturatu gabe pardel bat utzi zuen emaztearen bistan: Tomek ebatsi izandako larrua.

        Udazkenean foka handi baten orroak entzuten hasi ziren herritik gertu.

        Hara! esaten zion andreak Tomi, nire xerka dabilen anaia da.

        Egun hartan arrantzaleek hiru itsas-txakur akabatu zituzten, eta herriko emakumeak korrika jaitsi ziren hondartzara harrapaketari behatzera. Hiru gorpuak ikusi orduko aieneka hasi zen Tomen emaztea: «Hau hilketa!»; eta ihiziak ferekatu zituen, bakoitzari zerbait xuxurlatu bitartean.

        Tomen emaztea negarrez ari zela ohartutak, arrantzaleek esan zuten:

        Hemen ez dugu halako itxas-txakurrik nahi! eta zulo handi batean lurperatu zituzten hirurak.

        Hala ere, gau hartan damututako arrantzalerik ere izan zen:

        Penagarria da hainbeste nekez atzemandako okela alferrik galtzea eta lurpetik ateratzera joan ziren.

        Ez zuten animalien arrastorik aurkitu. Baina hondartzatik foka handiaren orro eta marrumak entzun zituzten.

        Biharamunean, Tom goizero bezala beharrean ari zelarik, emakumeak etxea ekortu eta haurrak garbitu eta orraztu zituen. Bost seme-alabei musua emanda, ur-bazterreko haitzera joan, bere larrua jantzi eta uretan murgildu zen. Hamar milia inguruan entzun zen orroa bota zuen itsas-txakur handiak une hartan. Tomen emaztea ihiziarekin uretara barneratu zen, lamia itxura eta askatasuna zuzpertuta.

        Bost seme-alabek, eta haien ondorengoek ere, behatz eta erien arteko mintza agerian izan dute, nahiz eta belaunaldiz belaunaldi gero eta nabarigaitzagoa izan.

 

 

Bizkaiko Golkoa, Landeta aurrean. Arrantzuntziak urak mozten zituen uhara atzean utziz. Baporearen kroskoa zuri-go rriak, bagei so, bi begi zeuzkan aurrean margoturik. Antzinako sinesmenen arabera untziaren gidari. Oriotarra zen baporea, Aiako baseliza baten izena eduki arren: Aizpeako Ama. Hegaluze kanpainan ziharduen, baina marea ezin txarragoa izaten ari zen.

        Guztien ahotan zegoen Euskal Herriko (eta oro har Europako) zenbait arrantzaleren joera: «Sare pelagikoek eta bolantek arrain populazioen xurgaketa dakarte, eta oso urte gutxiren buruan espezie askoren populazioak birrindurik gera daitezke horrela segituz gero». Europako Elkarte Ekonomikotik saiaketa lotsatiak izan ziren sistema ez-hautakor horien erabilera murrizteko, baina Bizkaiko Golkoan zortzi edo hamar kilometroko sare flotagarriak edozein arrain, hegazti eta itsas ugaztunentzat harrapagailu hilkor bihurtzen ziren maiz. Metodo hauekin eta ohiko eran aritzen ziren arrantzaleen arteko liskarrak asko ziren, esate baterako, Gipuzkoako eta Bizkaiko atununtziek Lapurdiko eta Bretainiako arrantzaleek ezarritako sare pelagikoak moztea. Untzi-gudak ere gertatu ziren, bengalak, eskopetak eta koktel-molotovak elkarri erasotzeko erabilita. Ugariak izan dira, Euskal Herriko arrantzale tradizionalek faunarengan sare hauen eragin kaltegarriari buruz urtetan bildutako frogak. Bolantetan trabaturiko animalia saldoen argazkiek eragin dute iritzi publikoan, arrantzaleen eta erakunde ekologisten eskutik nazioarteko prentsan argitaratu ostean.

        Horrela bada, paraturiko sare bolanta handiarekin topo egin zuen Aizpeako Amak. Sare ondora murgildu zen marineletako bat, urpekari tresneriaz eta argazki makinaz. Laster bilduko zuen Bruselako arrantza agintarien aurrean aurkezteko froga berri bat: sarean trabatu eta hildako dozenako izurde saldoa. Baina bazen gehiago. Arrantzaleek untzi inguruan mugitzen ari zen zerbait berezia sumatu zuten, hura ere trabaturik, uretan flotatzen. Txalupaz hurreratu eta bi foka zirela ohartu ziren, bata sarean kateatua eta bestea hura askatu nahian. Lehena akiturik zegoen xederaren kontra egindako borrokagatik, beste fokaren sostenguak mantendu zuen bizirik. Aberea askatu eta txalupara igo zutelarik, bat-batean beste ihiziak ere salto egin zuen barrura, arrantzaleen harridurarako. Otzana, bere begi nabar eta tristeekin marinelei begira, ontzat hartu zuten laguna abandonatu nahi ez zuen ihizia ere.

 

 

Kotxeak azkar irentsi zuen Donostia-Zarautz autoestrata. Txamarraren poltsikoan neraman Egin egunkariko erreportaia. «Oriotarrek auzokide berriak dituzte: bi foka» (izenburua); «Aizpeako Ama arrantzuntziko marinelek sare pelagikoan trabaturiko bi foka salbatu zituzten herenegun», eta abar.

        Orioko Gaina gibelean utzirik, maldan behera abiatu nintzen, ez dakit nola motozerra gosetiez salbaturiko harizti sotilaren ondotik. Oria ibaia zeharkatzen duen zubia pasa, herriko kaleak gero, eta Antilla hondartzara iritsi nintzen. Han, umeen gozamenerako mantentzen dituzten indioilar, antzara eta ahateen kaiolaren hesira iritsi baino lehen, bada putzu bat Oria ibaiko ahoraketa lanak egin zirenetik; aintzira txikia itsas adarretik isolaturik dago pendiza eta murruaren bidez, nahiz eta filtrazioak ibairako komunikazioak agerian utzi.

        Hantxe zeuden itsas-txakurrak. Hesolak sartu zituzten putzu bueltan eta burdinazko sarea josi, animaliak handik ez irteteko. Kaiola galanta zeukaten ihiziek, igeri toki zabala. «Sendatzen diren bitartean», pentsatu nuen, «beste inon baino hobeto daude hemen».

        Putzuari begira zeuden hamar-hamaika urteko hiru gaztetxo, ordua kontuan hartuta, eskolatik piper egindakoak.

        Zaila izango da lagun berriekin jolasean ibiltzeko tentaldiari aurre egitea esan nien jubilatu biri.

        Orain hauek dira herriko neska-mutilen jostailurik kutunenak! erantzun zidaten.

        Neska-mutikoek bi treska zeuzkaten, kainaberaz harrapatutako korrokoiez beteak. Arrainak banan-banan putzura botatzen ari ziren, itsas-txakurrekin jolasteko eta, bide batez, haiek elikatzen laguntzeko. Nire presentziaz jabetzean, mesfidantzaz arakatu ninduten. Itxuraz bazekiten, edozein egunetan naturzaintzako agintariak itsas txakurren kargu hartzeko azalduko zirela. Euren maskotak eroatera etorritako gizona izango ote nintzen susmopean nengoen, beraz.

        Zu ez zara oriotarra! leporatu zidan mutikoetako batek.

        Ez, jauna bereganako errespetuz babestu nahi nuen neure burua. Manex Imiruri naiz...

        Eta zer egiten duzu hemen?

        Itsas-txakurrak ikusi, besterik ez...

        Zu zara itsas-txakurrak kenduko dizkiguna? ma miari heldu zion neskatilak.

        Ez dago nire esku bakarrik ez neukan beste argudiorik. Baina ez kezkatu, osatu arte oraindik denbora luzez geratu beharko dute zuekin. Eta egiaztatu dut ez daudela batere gaizki. Piszina polita egin diezue!

        Kontu haiekin nire epaile zorrotzak pixka bat bareturik, ile gaztainkara eta kizkurra zuen neska motzak konfidentziazko ahotsez jakinarazi zidan:

        Hangoa arra da. Ikusten al duzu?

        Bai...

        Bizarrak izena du. Sarean trabatu zena da, baina nahiko sendatuta dago, eta ederki jaten ditu korrokoiak. Bueno, korrokoiak bezala, beste arrain mota guztiak!

        Ederki arduratzen zarete itsas-txakurrez bazirudien taldean onartuko nindutela.

        Itsasne da bestea mutiko bihurriak hartu zuen txanda. Emea da, gaixo dago, oso nekatuta. Horregatik ez du jaten. Baina guk ondo zaintzen dugu, biak zaintzen ditugu asko, eta ez dago guk baino hobeto zainduko dituenik mundu osoan, eta gainera gurekin egon nahi dute betiko. Zu soberan zaude hemen!

        Bizarrak eta Itsasnek burua uretatik kanpo, gure aldera so geratu ziren begi galdetzailez. Nik banekien, nahiz eta haurrei besterik esan, lehenbailehen mugitu behar genituela handik, zoologikoren bateko biktima bilakatu aurretik aske uzteko.

        Banoa orduan. Zuen kontura utziko ditugu itsas-txakurrak.

        Noski!

 

 

Manex Imiruri, adiskidea:

        Zer moduz dago Itsasne? Ongi, espero dut.

        Zure eskakizunari erantzunez, eta oriotarrek (kontatzen duzunez, bereziki haurrek) hainbeste estimatzen duten Bizarrak-en inguruko berriak emateko asmoz, hemen doaz animaliari buruz dauzkadan datuak.

        Itsas-txakur arra orain dela astebete ailegatu zitzaigun, espeziea babesteko Scottish Council For Seal's Protection-ekoek Eskoziako Iparraldean daukagun zentrora: Badakizu talde txikia garela, baliabideetatik eskas, baina gogor dihardugula lanean.

        Bizarrak baldintza ezin hobetan iritsi zen (kontuan hartuta sarritan ailegatzen zaizkigun desastreak!: pozoiketak, arpoikadak, tiroak eta oraindik birusak jotako animaliak). Ideia egokia izan zen animalia Eskoziaraino ekartzeko espreski moldaturiko furgoneta erabiltzea.

        Aste pare batera, txertatu ondoren, Hebrida irlen aurreko itsas-txakur kolonia batean askatu genuen mapa bat bidaltzen dizut, eskutitzarekin batera, lekuaren kokapena zehazten. Ondo moldatu zen igeri egitera askatu orduko.

        Eskerrik asko gure erakundearen eta hemengo itsas-txakurren adiskide guztien aldetik, ale honen erreskatean eta zaintzan parte hartu zenuten guztiei. Dakikezunez, azken boladan hemengo espeziearen populazioak ez daude unerik hoberenean. 80etako bukaeran Itsaso Baltikoko kutsaduraren ondorioz hasitako birusaren erasoa Alemania, Danimarka, Holanda, Eskozia eta Irlandako kostaldeetan zehar zabaldu zenetik, Europako itsas-txakur arrunten %75 hil egin da. Baina horregatik ez sekulan etsi!

        Espero dugu laster lortuko duzuela bigarren itsas-txakurra hona bidaltzea. Zain gaude Itsasne ere ahal bezain pronto askatzeko.

        Beste edozein informazio emateko beti prest, eta zu berriro ikusteko gogoz, agur bero bat.

        Eskoziako Scottish Council For Seal's Protection-go salbamen eta zuzpertzeko zentroko arduraduna: Peter Macduff.

 

 

Sorginkeria duk edo, bestela, norbaitek askatu egin dik.

        Andoni dago telefonoaren bestaldean, atzeneko asteetan Itsasnez arduratu den Orioko gazte ekologista. Gaur, Eskoziara bidaltzeko furgoneta prest daukadala esanez deitu diodanean, animalia bart gauean desagertu dela jakinarazi dit.

        Baina horrela, inolako arrastorik utzi gabe?

        Gauean izan dugun gurmak irentsi balu bezala. Sarea ukitu gabe zegok, eta ile xorta bat baino ez diagu topatu, goiko partean kateatua. Ez diat uste inork handik aupetan atera duenik, eta ezinezkoa duk Itsasnek handik salto egin ahal izatea.

        Agian lagunmina zegoan...

        Egia duk triste zegoela Bizarrak Eskoziara bidali genuenetik, baina horrek ez dik argitzen nola irten den itxituratik.

        Eta inork ez du ezer arraroa sumatu?

        Gauza bitxi bakarra egun hauetan putzu bueltan ibili den saizuria izan duk. Pagoetako saizuriak ez dituk normalean hondartza aldera azaltzen. Dena den, ez diat uste atzapar artean foka hegan eraman duenik esan dit ironiaz.

        Putre zuri-beltzaren aipamenak zenbait gogorapen ekarri dizkit. Duela gutxi Nafarroan izandako mendiko sute ikaragarria eta haren inguruan agure batek kontatzen zituen saizuri eta azkonar bati buruzko asmakizunak.

        Peter Macduff atsekabetuko da itsas-txakurra galdu dugula esaten diodanean.

        Herrian ere atsekabea izan duk. Hemen ez zegoan Itsasne baino maiteagorik. Alkatea bera baino ezagunagoa huen...

 

 

Altzairuzko itsasoa, altzairu isurkaitua, uhinek astindua eta labarren aurka jaurtirik irakiten duena. Arbelezko labarrak are ilunagoak dira argi hitsaren eraginpean. Berde dago kostaldea, eguzkiaren beroan lotan dagoen muskerraren antzera. Irla honek esmeralda kolorea duela erran izan dute idazleek, baina ez da egia. Harri bitxiak hotzak eta hilak dira, eta berde honi lurruna dario, bizirik balego bezala. Amildegi bazterrean Dun bat dago, zeltiarren harrizko gotorleku biribila, Atlantikoari eta ortziari irekia. Eraikuntzaren harri anitz uretara amildu dira mendetan, eta beste hainbat lurrera joan dira belar eta txilarren artera ezkutatzera. Dún Léire izena du, curach-etan [1] aritzen diren arrantzale gaelikodunen erreferentzi puntu honek. Hegaztiek itsasertza betetzen dute taigabeko oihu, hegaldi eta murgilketekin. Kaioak, zangak eta gabaiak dira gehienak. Uretan ubarroi beltzak, uhin eta aparretan arrainen bila, curach txikien gisa. Zuhaiska urriak kupidagabe okertzen eta ihartzen ditu kresal haizeak. Irlandako mendebaldea, Atlantikoari so; kostalde urratua, itsas indar erraldoiek mendez mende zigortua.

        Nire aurrean dago uhartedia. Ozeano hondotik altxaturiko lur pusketa desafiatzaileak. Inis Mór-ko belardietan larratzen diren abelxuri sasitu taldeek kotoizko hodeiak dirudite hemendik. Prismatikoen laguntzaz segituan aurkitu ditut herriaren hondakinak Inis Mór, Irla Nagusian. 30etan azken biztanleek uhartedia utzi zutenetik, eguraldi zakurrak hondatu ditu eraikuntzak. Zorigaitzekoak izandako arrantza-urteek bultzatu zituzten arrantzale eta baserritarrak herriskatik aldatzera. Hain zekenak ziren euren bizi baldintzak, ezen garai hartako egunkariek aberriratzera deitu zuten Dublingo gobernuak burutu zuen irlatarren lekualdatzea.

        Baina herriskaren gainbehera aspalditik zetorren, XIX. mendeko patataren izurritetik, jauntxo ingelesen nekazaritza politikak Gosete Handia eragin zuenetik. Latzak izan ziren The Great Famineko urteak, 1848an hasita. Gosez eta izurritez hil zen milioi bat irlandar, eta beste bi milioik migratu behar izan zuten, Ipar Ameriketara bereziki. Irlandako gizarte gaelikoduna, eta haren barruan irla hauek, betirako ukiturik geratu ziren.

        Uhartediko hegalean dago, bakarti, Inis Tuaisceart, Iparraldeko Irla. Olatuak amorruz lehertzen dira behe labarretan. Sasoia denean, milaka zanga, kaio eta beste hegaztik, irla txikiaz jabeturik, euren habiak egiten dituzte. Orduan pendizek elurtutako mendi gailurrak dirudite txoriez estalirik.

        Herensuge baten hortzadura bezala urgainditzen diren zenbait haitzetatik gertu, arrain bila igerian dabiltza pottorroak, pinguinoen antzeko hegazti pottoloak. Une batzuetan, haien ondoan haitz punta bat azaltzen da naien artean. Baina prismatikoak hobeto fokatutakoan, haitz punta mugitzen ari dela dakusat... ustezko arroka foka baten burua dela konturatu naiz. Ihiziak buru osoa uretatik atera du orain. Pottorroak ez dira itsas-txakurraren presentziaz asaldatu, arrain bila haien murgilketekin jarraitzen dute ezaxola. Urruti, Inis Mór parean, curach batek baga zakarrekin borroka egiten du kairako bidean, eta itsas-txakurra ere ez da haren presentziagatik ikaratzen. Urrun daude irlatarrek euren haragia jateko noizean behinka arpoiaz akabatzen zituzten garaiak. Eta hala ere, ihiziaren burua olatu artean ezkutatu da ostera.

        Hiru minutu iragan ditu animaliak ur azpian, eta berriro azaldu da uhin artera. Orain arratsaldeko argi hitsaz hobeto antzematen ahal dira animaliaren kolore eta formak. Itsas-txakur arrunt motakoa da. Eta hurren, bigarren buru bat ere agertu da, eta gehiago handik metro batzuetara. Talde osoa da.

        Kolonia txikia osatzen dute uhartediko fokek, hogei-ho geita hamarrekoa orotara, kumeak barne. Leku emankorrean dago uhartedia: muskuilu, trikuak eta beste molusku ugari bizi dira haitz eta hondartzetan, eta ez dira falta platuxak, erreboiloak, otarrainak, amarrak, eta buiak. Ihiziak sarritan hurbiltzen dira itsasora datozen ibai ahoetara, aingirak eta izokinak harrapatzera. Makina bat istilu izaten dituzte arrantzaleek ezarritako izokin-sareen emaitza ostutzerakoan.

        «Non ote dago Bizarrak? Nork askatu zuen Itsasne?», ez dakit zergatik etorri zaizkidan galdera hauek une honetan.

        Ustekabean hasi duen euria zaparrada bilakatu da lipar batean. Irlandako showers edo dutxak. Prismatikoen lenteak busti egin dira, eta paperezko zapi batekin lehortu eta atzera itsas-txakurren aldera fokatzen saiatu naiz. Arratsalde goibela. Tantak txapeletik behera irristatzen zaizkit, uluka doa haizea dun-aren harri tartetik. Hozmindutako eskuak prismatikoei atxikirik, abere harrigarri hauen joan-etorriak jarraitzen ditut. Hilabete daramat hemen. Nafarroako Gobernuaren beka amaiturik, nire liburua osatzeko une aproposa delakoan. Sei hilabeterako etxetxo bat doan lortzeko aukera izan nuen, Donostian ingelesa irakasten duen lagun irlandar baten eskutik. Duela gutxi zendutako bere izeba ezkongabearen cottage-a labarren gainean dago, herritik milia t'erdira.

        Han ez duk inor bizi, eta etxe hutsak segituan izorratzen dituk esan zidan Paudyeen Moore irakasleak, hona etortzeko animoak emanez. Hi bezalako zeltiarzaleak gure eskualdea ezagutu behar dik. Gaeltach [2] batean dago. Topatuko dituk oraindik ere badiren gaelikodun elebakarrak.

        Baina ez dut lortu hona ekarri nauen proiektuarekin aurreratzea. Inspirazio falta agian? Nagikeria! Hobe nago hemen, autoa hartu eta nagoen herritik hamar miliatara dauden labarrei, hegaztiei eta altzairuzko itsasoari begira.

 

 

Azken bezeroen artean geratu nintzen gauean, behar baino garagardo beltz gehiago edaten. Irlandako pub tipokoa zen, arrantza tresnez apaindua. Egurrezko salmahai erdian ahapeka mintzo ziren bi agure gaelikoz. Barra izkina batean zegoen jabea, telebistako kirol saioari arretaz begira. Turbazko tximiniak epeltasun usaintsua barreiatzen zuen. Ilun zegoen kanpoan, euritsu eta hotz. Urrian laster arribatzen da gaua Irlandako kostaldera. Berriro azkenetan zegoen Guinness-aren pitxer aurrean eserita nengoen, liburu proiektuaren apunteak mahai gainean alferrik zabalduta. Ez nintzen konturatu parez pare eseri zitzaizkidala. Ez dakit zenbat denbora zeramaten niri begira. Garagardoari tragoa jotzean, bista apunteetatik aldentzean ikusi nituen aitzinean jesarrita. Bi emakumezko ziren, eurak ere Guinness pinta bana eskuan. Ni erdi mozkorturik egonik begietsi ditudan emakumerik erakargarrienak ziren, eta hala ere arrunt ezberdinak biak.

        Gerrirainoko urre adatsa zeukan nagusiak, azal esnetsuarekin kontrastean. Sudur gakoa (euskalduna, pentsatu nuen), harrapari baten zorroztasuna ematen ziona, begi grisekin. Aurpegia angulutsua izanik ere, harmoniotsua. Zutiturik, metro eta laurogei baino gehiago altxatuko litzateke. Bular oparoen gaineko urrezko domina pisuak printza egin zuela iruditu zitzaidan, lepotik eskegitako kate astunetik kulunkatzean. Bost-buruko bat landuta zeukan dominak eta, ikurraren erdian itsatsitako anbarrezko biribiltxoan, aldi berean ilargia eta eguzkia zen irudia.

        Ile gorria zeukan gazteak, luze eta kirimilatua, sugarra bezala. Ezti iduri aurpegiak. Begi nabar, sakonak, bi osin bezala, eta sudur zabala. Ezpain haragitsuak irribarrez margoturik, koralezko hortzak erakusten.

        Oíche mhaith agus fáilte romhat go Éire, a Manex esan zidan gazteak.

        Barkatu, baina pattal ulertzen dut gaelikoa erantzun nien ingelesez eta garagardoz.

        Ongi etorri Irlandara, Manex errepikatu zidan euskaraz, leun eta laztangarri.

        Zur eta lur geratu nintzen. Sudur gakoduna zela euskalduna pentsatu nuen arestian. Baina arraroagoa zen, pertsona batek gaelikoz lehenik eta euskara garbian gero berba egitea; are gehiago nire izena zekielarik eta nik bera sekula santan ikusi ez; eta ulergaitzago oraindik, Irlandako mendebal kostaldeko azken muturreko arrantzale herriska batean. «Zurrut gehiegi!» esan nion nire sabelari, buruari ordez.

        Zerk harritu hau, Manex Imiruri laguna? Hire izena esateak edo hire hizkuntza entzuteak?

        Biek batera... uste dinat hitanoari lotu nintzaion naturaltasunez.

        Algaraka egin zuten barre bi neskek, kantari.

        Ehun finez eginiko soineko berdea zeraman ilegorriak, oreztaz jositako lepo zuri segaila eta besaburuak bistan lagatzen zituena eta gorputzeko atal lirainak nabarmentzen. Zirudienez, ez zen hotz eta hezetasun sarkorraren beldur.

        Hirea bezalako hizkuntza zaharrak ikasteko nahikoa denbora izan diat hainbeste urtetan. Eta irakasle ona izan nian Euskal Herrian egon nintzenean eta alboko emakumeari trufa keinua egin zion, zenbait lagunek intentzio onez baina buru gutxirekin giltzaperaturiko ostatutik ospa egiteko aukeraren zain nengoela.

        Gehienera hogei urte izango zituen neskatxa adarra jotzen ari zitzaidan. «Jolas egin nahi badun» esatekotan egon nintzen, «nahi adina egingo dinagu!». Baina mozkortuegi nengoen erronkarako, eta hobe isilik.

        Ez haiz nitaz gogoratzen, Manex?

        Ezaguna egiten zaidan hire aurpegia... xakelari maisuaren amarruaz baliatzea erabaki nuen, baina ez dinat gogoan hire izena.

        Ahalegin txiki bat... esan zidan.

        Laguntza txiki bat... erantzun nion; neurea zen partida!

        Bon... Goraintziak gu bion adiskide baten partetik. Bizarrak pozik zagok hi hemen egoteaz!

        Bizarrak? erregina galtzear nengoen!. Ez dinat ezagutzen Bizarrak deitzen diotenik... itsas-txakur bat salbu!

        Itsas-txakurtarrak oroimen onekoak gaituk, ez ditiagu ez adiskideak ez guri on egiten digutenak ahazten erregina galdu nuen!. Lehengoan labarren ondoko haitzetan hegaztiei beha ikusi hindudanean, Bizarraki abisatzera joan ninduan, hi agurtu nahi bahindu edo. Baina oso egoskortuta zagok bere uhartediarekin eta ez dik inguru haietatik mugitzeko asmorik. Bidaiatzeko grina galdu dik nonbait. Zeharo txokozale bihurtu zaiguk, Landetara estreina eta istripuaz gero zuen herrira egindako bidaien ondoren.

        Barkatu, baina mozkortuta nagoela uste dinat...

        Hirekin mintzatu eta eskerrak emateko eskatu zidaan, bai hiri bai Orioko arrantzaleei, eta bereziki haurrei, hain ongi zaintzeagatik.

        Nola ezagutzen dun Bizarrak? Uste ninan Eskoziako uretan zebilela... asmatu nuela uste izan nuen. Hi Peter Macduffen adiskideren bat haiz! xake erregeari bota nion.

        Ezagutzen diat, bai defentsa erosoa zeukan.

        Modu bakarra dun itsas-txakur horretaz hire betiko laguna balitz bezala hitz egiteko...

        Bere barre musikalak oihartzun egin zuen pubeko paretetan, eta jarraitu zuen:

        Demagun etxekoak garela Bizarrak eta biok, eta kumea zenetik ezagutzen dudala. Kostaldeko leku berberean bizi gaituk, herorrek ere gustuko duan txokoan: Dún Léire aurreko uhartedian. Hire Donostiako laguna, Paudyeen Moore, gure senitartekoa duk baita ere, nahiz eta senide urruna izan. Ez duk hainbesteko kasualitatea hi hemen egotea...

        Xakean mozkorturik eta neskekin inoiz gehiago ez jokatzea deliberatu nuen. Pubean kresal usain freskoa zegoela ematen zuen, eta aldi berean harpeen lur hezearena ere bai. Tabernariari begiratu nion eta telebistaz hipnotizatua zegoela ohartu nintzen. Bi arrantzale agureek gaelikoz berbetan zerraiten eta euren ahotsek letania baten traza hartzen zuten.

        Zertaz ari dira bi horiek? gaia aldatu behar nuen zoratuko ez banintzen.

        Irriño maribihurria marraztu zitzaion ezpainetan:

        Lamiei buruzko ipuin zeltiarrak elkarri kontatzen.

        Eta hire narrazioak nola doaz? sudur gakodunak lehen aldiz hartu zuen hitza, urrezkoa zirudien orraziarekin bere adatsak apaintzen ziharduen bitartean.

        «Banekien euskalduna zinela!» pentsatu nuen, xakeko partidari ostera ekin niezaiokeela uste izanik. Eta inozo-inozo, tentelarena eginez, erasoa prestatzea erabaki nuen:

        Nire narrazioak!?

        Bai. Uste diat makal samar habilela hire abere madarikatuekin...

        Haren ahotsa Larrako leizeen modukoa zen, sakona, oso sakona. Liluratuta nindukan. Emakume hura nire izanaren zatia bailitz sentitzen nuen, eta neuk ere bere izanaren zati ñimiño bat banuela.

        Halaxe dun. Ez dinat liburuarekin asmatzen!

        Karkara kantuak egin zituzten berriro, nire ezintasunak irrigarriak balira bezala.

        Soineko zuribeltzez jantzita zegoen Andrea eta, Guinnessen eragina baretzen ari zen seinale, mahukak eta lepo aldeak urre hariz brodaturiko euskal ikurrez apaindurik zeudela konturatu nintzen: ikur zaharrak eta gure kobazuloetako arbasoek marraztu zituzten animali irudiak: uroak, zaldiak, hartzak, bisonteak, akerrak...

        Hori ere neurri batean gure errua izan duk, Manex. Opari berezi bat egin nahi genian, liburuarekin lanean hasi aurretik laguntzeko eta bere magaletik luma bat atera zuen mahai gainera.

        Saizuri luma bat zen, idazluma bilakatua. Urre gorrikoa zeukan punta, urre hariz gogortua tintarentzat husturiko kalamua. Ikurrez bikain apaindutako kalamua bera.

        Eskerrik asko, baina oso opari garestia iruditzen zaidan, horrela gau batean ezezagun bati bat-batean emateko...

        Hartzak, nire izaeraren zatia bailitz. Uste diat oso lagungarria izango zaiala lan egiteko orduan. Eta opariaren baloreaz ez kezkatu. Gizakiak ez zarete sekulan erabat jabetu nire oparien esanguraz, ezta baietza eta ezetzaren benetako balioaz ere.

        Eta horrek beste kontu bat ekarri zidak gogora esan zuen ilegorriak: gizakiei ez zaizue komeni gurekin luzaz mintzatzea. Ez zakiat zer demontregatik, gutaz maitemintzen zarete txoro-txoro!, eta nahikoa pazadizo triste izan dituzue gai honen kontura behar baino kondaira gehiago asmatzeko.

        Agur, Manex Imiruri. Ongi izan. Eta gogoan hartu beti izango haizela ongi-etorria zeltiarren itsas-bazter honetan. Tabernaria!, beste Guinness pinta bat mutil honentzat!

        Tabernariaren eta bi bezeroen alaitasun oihuek apurtu zuten nire lilura. Itxuraz, konderriko futbol gaeliko taldea Dublingoa jipoitzen ari zen txapelketaren azkenaurreko saioan. Turba usaina lehen baino sarkorragoa zen, kresal lurrina ezkutatuta. Begiak igurtzi nituen eta garagardo beltzarekin zetorkidan tabernariari ingelesez galdetu:

        Hemen daude bi emakumeak?

        Futbol gaeliko partiduari buruz zerbait arrapostu eman zidan irlanderaz, eta garaipena ospatzeko gonbidatuta nengoela ingelesez. Nire bi emakumeak bost axola morroiari.

        Pintari trago luzea jo eta bizkor aldegin nuen pub-etik, nire gogokoenak Dublingo taldekoak zireneko ustea bertakoengan utziz. Hotz zegoen kanpoan eta zapar-zapar ari zuen euria. Bi itzal sumatu nituen karrika kantoian ezkerretara hartzeko unean eta atzetik joan nintzen antxintxika potxingoak zapaltzen. Karrikaren amaierara iritsi nintzenean eta izkinan jiratu, arrapala labankor batetik uretara amildu nintzen ia. Inor ez zegoen kai txiki hartan, edo hala zirudien. Gibelean marmar bat etzun nuen, kantu harmonia bat. Agure bat zen, biltegi baten ondoko aterpean eseria. Hurbildu nintzaion eta ingelesez itaundu:

        Gabon jauna. Ikusi al dituzu bi emakume hemendik pasatzen?

        Ez zidan erantzun eta bere kolkorako kantarekin jarraitu zuen.

        Barkatu, jauna. Galdetu dizudana premiazkoa zait.

        Agureak begiratu bai, baina ezin ulertu aurpegia jarri zidan.

        Ez al dakizu ingelesez?

        Gaelikoz gurguratu eta oin artean zuen botilari zurrutada luzea bota zion niri jaramonik egiteko asmorik gabe.

        Kaka zaharra! Elebakarra eta gainera herriko mozkorra!

        Paudyeen Moore irakasleak utzitako eskuliburuan begiratu nituen gaelikoz egindako esaldiak:

        Gabon, jauna. Bi emakume hemen?

        Eskua altxa eta aurrera seinalatu zuen. Bueltatu nintzenean nire begiek Zeltiarren Itsasoaren ur beltzekin egin zuten topo. Agureak baieztapen keinuak egiten zituen buruarekin, indarrez atxikia zuen botila astinduz uretara seinalatzen. Eta gero, badaezpada botila lurrean paratuta, bi besoak inarrosten hasi zen, hegazti baten hegaldiaren imintzio baldarrean.

 

 

Orioko Kolon Txiki tabernako argazkia berriro ikustera joan naiz gaur. Kanpinera etorri omen zen turista ilegorria ez da inon ageri, eta bere ordez bigarren itsas-txakur bat dago lehengoaren aldamenean.

        Nondik atera da bigarren itsas-txakurra? galdetu diot etxeko andreari.

        Beti izan dira bi: Bizarrak eta Itsasne. Bizarrak Eskoziara eraman zuten eta Itsasne desagertu egin zen.

        Eta neska ilegorria?

        Zein ilegorri! Mozkortuta al zaude?

        Euskal Herriko mendietan saizuri bat hegan ikusten dudan bakoitzean, gainerako mendizale lagunek begiratzen ez duten hunkimenarekin egiten dut nik, agian ezagutzen dudan saizuri zirraragarri bat izan daitekeelako. Zaharrek diotenez, izena duen guztiak izana duelako, halakoetan, lepo inguruan kuttuntzat daramadan zorro luxea laztantzen dut, nire liburuan hainbeste lagundu zidan saizuri idazlumak bertan jarraitzen duela segurtatzeko.

 

[1] Krosko eta haize-oihalak breaturik dituzten Irlandako arrantzaleen antzinako txalupak, gaur egun irla eta kostaldeko leku batzuetan oraindik erabiliak.

[2] Irlandako eremu gaelikodunak.

 

 

© Antxon Gomez

 


susa-literatura.com