HARTZ ORAZIONEA

 

Txomin Peillenen aitak Baionako Boletinerako kronika bat idatzi zuen Zuberoako euskaraz: Ar tzañen jakitia. Besteak beste, artzainek hartzei aurre egiteko hartu beharreko lan nekezak aipatu zituen: artzanor handiak mantendu patariari buru egiteko (kondairak dioenez otso eta hartzaren arteko nahasketatik sortuak), eskorten inguruan gauez pizturiko sutegiak, airera desarratutako eskopeta tiroak... eta, bien bitartean, gaur galdutzat ematen den Hartz orazionea misteriotsua gurguratzea, haren bidez artaldeak patariarengandik babesteko itxaropenez.

 

 

Errusiako Yaroslav-eko oihanetan ezohiko aktibitatea dago. Basozainek hartz emea eta bere urtebeteko bi kumeen gordelekua topatu, bertako gobernadoreari aurkikuntzaren berri eman eta, honi Kremlinera abisatzea otu zaionetik, berebiziko dantza dabil.

        Hiru piztiak hibernatzen dauden bitartean, gizakiek suharki dihardute haiek harrapatzeko prestakuntzetan. Animaliak inork ez altxatzeko, basozainek zein KGB ohiko agenteek zaindaritza zorrotza ezarri dute. Beldar-traktore batek bi kilometroko bidea ebaki du basoan: espreski irekitako helipuertotik hartz habiraino.

        1997ko urtarrilaren 12an, Lisitsin gobernadorea eta Víctor Txernomirdin lehen ministroa, errusiarrek errespetuz Mikhail Ivanovitx edo, maitekiroago, mistxka deitzen duten piztia akabatzera abiatu dira helikopteroz.

        Lekuan zain, hirurogeita hamar ibilgailu, bizkarzain, argazkilari eta ehiztari profesionalez lepo. Egotearren, egongela-jangeladun karabana eta anbulantzia bat ere badaude. Ezin ahaztu, behinola, Leonidas Breznevi, PCUSeko idazkari nagusia zelarik, antzeko ehizaldi batean tiro egitean, erriflearen atzerakolpeaz sudurra apurtu zitzaiola.

        Ehiztariek piztiak zirikatu dituzte, esnatu eta zulotik irtenarazi arte. Aurrena lontschak bat izan da, hogeita hamar kiloko hartz kumea. Errusiarren lehen ministroak tiroz garbitzeko ohorea izan du, bigarren hartzakoa Lisitsinentzat utziz. Eta emea erasotzaileei burua ematera kanporatutakoan, biek batera tirokatu dute, eta osamaitzeko lana ehiztari profesionalei laga.

        Ehizaldia izugarri garestia atera zaio kiebra egoeran dagoen Errusiari. Baina Tsar-en ohitura zen hartz ehiza oso laket zaie agintari berriei ere.

        Gobernuaren aldeko komunikabideek, Chernomirdinek gaur erakutsitako gizontasuna azpimarratu duten bitartean, oposiziokoak xahuturiko dirutzaz kexu dira.

        Ia inork ez du zalantzan jarri Mischka eta bi lontschak-en alferrikako akabera.

 

 

Durango inguruan gertatu zen, joan den mendearen bukaeran, bigarren eta hirugarren gerla karlisten arteko urte nahasietan. Goiz batez, baserri bateko neskatila etxetik aparte samar zegoen putzura joan zen ur bila eta, putzura ailegatutakoan, animalia itzela topatu zuen, antzekorik sekulan ikusi gabea. Zer edo zerekin alderatzekotan, asto handi eta iletsua iruditu zitzaion. Baina badaezpada, bazen edo ez bazen, edo amonak kontatzen zizkion elezaharretako basajaun eta tartalo bezalako izaki beldurgarria bazen, neskak ontzia lurrean utzi, aitaren egin eta baserrira bueltatu zen antxintxika, atzera behin ere begiratu gabe.

        Lehen enkontruaz geroztik, hartza aski ezaguna egin zen. Baserritar, ikazkin edo artzainen artean batek baino gehiagok susto galanta hartu zuen Durangaldean, aspaldidanik desagerturiko hartzetako batekin basoan edo malkarretan bekoz beko egitean. Hala ere, sinatu gabeko elkar errespetatzeko itun antzeko zerbait zuten bertakoek piztiarekin. Eurek bakean uzten zuten, eta hartzak ez zituen baserritarren aziendak eta hazkundeak kaltetzen.

        Ituna apurtu egin zen bi urteren buruan, udamineko egun batean patariak bi ardiri hesteak atera zizkienean. Sumindutako baserritarra eta Durangaldean famatua zen ehiztari bat, hartzaren bila abiatu ziren gau hartan bertan, eta ardi gorpuetatik gertu zelatan jarri ziren ihiziaren zain. Eskopetaz akabatu zuten, abelxurien hilotzetara hurbildu zenean.

        Hartzaren hiltzaileak Aldundiaren diru saria eskuratu zuen bere ekintzagatik. Harrezkero, piztiaren larrua Aldundiko trastetegi batean egon zen gordeta, sitsak jan zuen arte.

        Baina Bilboko Polizia ez zegoen sarietarako. Ager bitez gure egoitzara berehala hartzaren hiltzaileak!

        Hirugarren gerla karlistaren prestakuntzak puri-purian zeuden, eta polizia zein militar liberalek ezin sinetsi zuten, halako piztia zorte oneko eskopetaren tiroez garbitua izan zela. Zalantza barik, patari zahar hura akabatu ahal izateko, baserritarrak eta ehiztariak gerlako fusilak erabili behar izan zituzten. Mendietako harpe eta zuloetan matxinadaren zain zeuden armategi haietako batean harturiko iskiluak. Kosta zitzaien beren errugabetasunaz polizia tukutsuak konbenzitzea.

        Eta horrela izan zen tragatua Bizkaiko azken hartza, Santander aldetik etorria, antza denez.

        Urkiolako Parke Naturalaren harrera etxean ikus daiteke gaur egun hartz haren berregintza, eta harekin batera, Mañariko Herriko udaletxearen plaka bat. Bertan eskerrak ematen dizkiote Juan Karlos Bizkarrari, 1871ko abuztuaren 30ean, goizeko lauetan, Eskilarri haitzean akabatu zuen hartzagatik.

 

 

Elgoihen ehiztariak, Xenta auzoko santagraztarrak, Zuberoako azken hartza akabatu zuen bi tiroko eskopetaz 1959an. Geroztik harat honat mugitzen den patariren bat edo beste baino ez da ikusia izan Zuberoako goi haranetan.

        Hartz hura garbitu eta hamabost urtetara ankerki hil zen Elgohien ehiztaria. Aitaginarrebak tiro bat desarratu zion, jipoitu egiten omen zuelako.

        Gizon hartz ehaileak eztizü deuse hunik emaiten.

        Halaxe dio Dominika Prebendak, Santa-Graziko hartz ehiztarien taldekoak.

        Harek ür gaixtoa (zoritxarra) ekhartzen dizü. Hartza dena jentia düzü. Lehenagoko üskaldün zaharrek erraiten zizien gizona hartzetik jiten zela. Bai, gizona hartzetik fabrikatürik dela dio eskuan kuttuntzat gordetzen duen Zuberoan hildako atzen hartzaren pata erakutsiz. Horrela esaten baitio erpeari, txakur hankari bezala, beste ihiziengandik bereiztuz.

        Begira zeiñen gizon baten oina duen antza; egia da salbu eta larrua beltz duela, afrikatar gutik daukaten haiña. Hartza dena gizuna düzü.

        Dominikaren sendikoek gogoratzen dute oraindik, Salaberri zaharreko osabak hartz batekin oihanean topo egin zuen eguna. Harrigarriena zera da, hartzak besotik harturik, gizona hartzari jarraituz joan zela. Gero biek borroka latza egin zuten, Salaberri zaharreko semea aizkoraz eta atzaparrez piztia. Elkar hil zuten biek oihanean.

        1968an Izabako ehiztariek hartz bat akabatu zuten, haien esanen arabera, basurde batekin tronpatuta. 1971. urtean tiroz botatako hartz baten burezurra aurkitu zuten Auñamendiko magalean, San Martinen Harritik gertu. Letaginak falta zitzaizkion, ehiztariek trofeo gisa eramanak. Hilabete gutxiko hartzakoa zen, Euskal Herrian jaiotako azkena.

 

 

Euskal Herriko bizkarrezurra izan diren Bortuak, Auñamendi edo Pirinioetan zehar euskal mitologiaren aztarnak ageri dira nonahi. Andorratik hasi eta egungo Euskal Herriraino oso antzekoak izan dira belaunaldiz belaunaldi gordetako elezahar, sinesmen eta ohiturak. Aspaldikoa da hartzari eskainitako errespetu eta gurtza.

        Hartza ortzitik eroritako jainko bat da.

        Haren lekukoa Commingesen Artahe jainkosari egiten zitzaion kultoa.

        Euskal Herrian diote, hartza berau akabatzen saiatu zen lehen ehiztariaren arimaz jabetu zela. Are gehiago, antzina sinetsiak zeuden, piztiak beronek hildakoen izpirituak eramaten zituela sabelean.

        Hartza ugalkortasunaren irelu bezala azaltzen zaigu halaber. Barèges bailaran, Maria de Pascau izeneko emakume antzua, Ardiden lakura joan omen zen hartz batekin bainatzera. Harrezkero, piztiaren seme-alabak ziren haurrez erditu ziren.

        Euskal Herrian, Bigorran edo Rosellon iraun duten ihauterietan, hartzaren figurak neguaren bukaera eta Izadiaren berpiztea adierazi nahi du.

        Ursule! Markule! Banu, banu, banule! Hitz erritual hauek oihukatzen zituen Aurizko ihauterietako hartzak agertzerakoan.

        Euskal baserritarrak, negute luzean pairaturiko estuasunen ostean, alaitasunez agurtzen zuen udaberriaren mezulari zen hartz gordelekutik irten berria. «Martxoan irteten da hartza leizetik», dio esaera zaharrak. Laborariak beldur gehiago zien negu azkeneko hondar gaiztoei, jakien azken gordekinak agortzear zeudelarik, edozein piztiari baino.

        Gurean, Zozomikote edo Ordizegunak deitzen dira egun hauek kondairetan, baserri eta artzain munduari, neguaren luzapena dela eta, hainbeste hondamendi ekartzen zizkietenak eta hartzen esnatzeak usatzen zituztenak.

        Aezkoa eta Garaziko nafarrak joan den gizaldiaren erdialdean, Iratiko oihanean oraindik ugari ziren hartzak ehizatzeko elkarrekin biltzen ziren (hirurehun lagunetik gora batzuetan) ardi-aziendari egindako kalteak zirela eta, mende honetan piztiak Erronkari eta Zuberoako goi haranetara ohildu arte.

 

 

Patxi Urkoko etorri jakun

                lengo egunian esaten

                animali bat han ebilela

                bazter guztiak apurtzen,

                eskopetarekin hara joateko

                pizti hori harrapatzen,

                inguru hartako baserritarrak

                ez ebela lorik egiten.

                Hara joan ginen aldra ederra

                zer ote zan hori ikusten.

                Baso Baltz eta Urko errekako

                sastrakak genduzan jorratu

                baina guk ezin izan genduan

                animalirik bilatu.

                Soineko arropak apurtu arte

                aurrera genduan jarraitu.

                Non uste dozu adiskida

                egin genduala aurkitu?

                Mañeko lezan sartua euan,

                hantxe egin genduan hartu.

                Animali hau ez dakigula

                dan hartza ala basurdea.

                Basamortuan honek pasau dau

                egarria eta gosia,

                begiratuta beronek dauka

                errukarrizko plantia.

                Beroni jaten emotiarren

                eskatzen dogu limosnia.

                Erruki zaitez jende txit ona

                kendu daiogun gosia.

                Animali hau atxaki bat da

                guk diru pixkat batzeko,

                horren kontura gaur arratsian

                jan ta edan ondo egiteko.

                Borondaterik baldin baduzu

                jendia guri emoteko,

                zure nagiak atara eizuz

                dozuen sosak askatzeko.

                Poltsa hau bete bagoaz eta

                heldu da ordua afaltzeko.

                                (Ermuko aratusteetako

                                Hartzaren Eguna-ko bertsoak).

 

 

Urtegiak miraila bailitz erlanzten du udaberriko eguzkipean, gailur karetsuez bornatua. Bertan bi mila eta berrehun hektarea eta bederatzi herri urperaturik dautza, Asturias, Leon eta Palencia arteko mendien magalean.

        Uharka frankismoaren bukaeran eraiki izan baldin bazen ere, uhatea ixteko agindua Madrilgo gobernutik etorri zen hamar urte beranduago. Alferrikakoa izan zen haraneko jendearen borroka euren etxe eta lurrak salbatzeko. Finean, Madrilgo agintariek Guardia Zibilaren armadatxoa bidali zuten (helikopteroa eta tanketak barne), auzokide eta ekologista bakar batzuen erresistentzia porra, ke-pote eta gomazko pilotez jazartzera. Komunikabide nagusiek laster desagertarazi zuten berria albistegietatik. Jakina, zakur handiaren marrumak itotzen du xakur txikiaren xanpa.

        Urtegiko urak ez ziren, propaganda ofizialaren arabera, ureztatu beharreko Leongo hegoaldeko lur egarrituetaraino sekula santan iritsi izan. Hartarako, Gobernuak inoiz ez zuen ubidea eraikitzeko benetako asmorik eduki. Urtegia egitearen benetako arrazoia estatuko plangintza hidrologikoaren zenbaki larrietan zetzan soilik.

        Bedatseko arratsalde honetan, urtegiaren aurkako kanpainako ikur izandako hartz haietako bat, La Mayuca, uhertzean eserita dago. Hainbat urte iragan eta gero, eme zaharra ohituta dago ur lamina ikusten lehen haran emankorra ezagututako parajean. Bere ondoan bi hartzako dauzka, eztarrialdeko lepoko zuria nabari; piztia gazteen ezaugarria, urteak pasatu ahala desagertuko zaiena. Hibernazioan jaio ziren, amaren hartz habia zen harritzarren arteko harpean. Hartz kumeak neguminean munduratu ohi dira, bisutsak eta jelate beltzak nagusi direnean. Jaio berritan ez zuten libra bat ere pisatuko.

        Biak amaren ilaje naroaren artean azaltzen diren titietatik edoskitzen hasi dira salokeriaz. Patariak burutzarra mugitu du arratsaldeko haizetxoa usaintzen. Belarriak edozein zaratari erne, begi laboek aurrera begiratzen dute, gauza gehiegi ikusi gabe. Espeziearen miopia dela-eta, ezin ikus dezake urtegia zeharkatzeko eraikitako porlanezko zubi-akueduktua, baina urrutiko trafikoaren zarata aditzen ahal du ordea.

        Hartza haran hartan jaioa da. Aita garai batean eskualde guztian oso ezaguna izandako El Prietu zuen. Ile ilun, tamaina galanta eta jite txarrekoa. Araldiko arren arteko borroka odoltsuetan ez zuen kontrariorik izan. Inguruko artzain eta behizainek begirunea zioten horratik, apika El Prietuk aziendetan ia kalterik sortu izan ez zuelako bere bizitzan zehar. Beste gauza bat zen, erlauntza marroak ustiatzeko zuen grina.

        Egun haietako batean, El Prietu cotin de les abeyes batean erlauntzak eztiaz, umekaioez eta abaraskez arintzen saiatzen ari zen, bere inguruan eztenkadaka eta durundika zebiltzan erle haserretuei kasurik egin gabe. Erlauntzak hartzen lapurretetatik babesteko antzinako eraikuntzak dira cotin-ak. Egitura sinple bezain eraginkorrez osatuak: gorantza estutzen doan hiru metro altuerako harresi biribil bat eta, goi-goiko ertzean, harritzar libreak. Ihiziek, marro edo kutxetara ailegatzen saiatzean, harresia igo behar izateaz aparte, askatzen diren harritzarren kolpeak jasan beharko dituzte.

        Eta halaxe gertatu zitzaion El Prieturi ere arroka batekin. Aurrena buruan eta gero bizkarrean jo zion, eta sudurretik odola zeriola joan zen, atzeko hankak arrastaka. Piztia ez zen kolpe maltzurrez inoiz erabat sendatu, eta haranean ezarrita zeukan erregetza maldan behera amildu zen harrezkero, bera baino gazteagoak ziren hartzen bultzada eta atzaparkadez.

        Ama berriz La Roxa deitzen zuten. Txikia bezain zogia, ezaguna egin zen hango mendietako eleetan, hartz emearen gaztaroarekin zerikusia zuen pasadizo xelebre batengatik. Alegia, La Mayuca kumea zelarik, bere ama La Roxa gaztainadi batean zebilen onddo bila, hartzakoa sasien artean gorde ostean. Pentze batean belarra moztetik zetorren baserritar bat leku hartatik igaro zen eta kumea ikusi. Harrapatzea bururatu zitzaion txoriburuari, gogoan baitzeukan zenbat harrokeriarako aukera emango ziokeen herrian halako piztiatxoarekin azaltzeak. Hartz kumea ihes egiten saiatu arren, gizonak ihizia atxitu, berekin zekarren zakuan sartu eta, egindako azioaz putzontzi, bere payozarantz [1] abiatu zen. La Roxaren kumea, izututa, zaku barruan txilioka zihoan. Hartz horailak bahituriko piztiatxoak ateratzen zuen kalapita entzun eta korrika hurbildu zen lagatako lekura. Gizaki baten usaina sumatu eta dzartadako jarri zen arrastoan.

        Bideaitzurrean behera txistuka zihoan baserritarrak patariaren orroa bere atzetik sentitu zuen bat-batean. Gizonak ez zuen atzera behatzeko gibelik izan. Arineketan egin zuen payozarantz, bizkarrean zeraman zakua askatu gabe, beldurra zaldi zuela, ziztu bizian. Panpakada batez itxi zuen haritzezko ate astuna La Roxaren muturraren aurrean. Arnasa bere onera ekartzeko astia izan baino lehen, hartzemea atejoka ari zitzaion. Payozaren izkina batetik zaunka agertutako bi ardi txakurrak aise uxatu zituen patariaren marrumak. La Roxak berriro atearen egur gogorra txikitzeari ekin zion, eta segituan atera zizkion ezpalak. Azkenean, La Roxak airean bidali zuen ateko ohol bat, gela barruan arasan zeuden plater gehienak txikituz. Baserritarrak hartzaren erpea payozaren barruan sartzen ikusi zuen. Eta gizonaren laborria hartzakoa atxikitzeko gogoari nagusiturik, leihotik kanpora bota zuen kumea. La Roxak hartzatxoa hortzez lepoko azal loditik heldu eta ospa egin zuen.

        Gertakariak, hartatik ostera, bailarako taberna zein etxeetako supazterren ondoan kontatzen diren basapiztiei buruzko istorioetan bere lekua irabazi zuen.

        Jendeak La Roxaren kumea ezaguturik, La Mayuca bataiatu zuten. «Hartz hori mayuca [2] bat bezalakoa da, beltzaran, tiki eta gogorra», esaten zuten.

        Orain, La Mayuca lau hankatan jarrita dago, bere kumeek titia hartzen amaitu ondoren. Burua alde batera eta bestera mugitzen ari da, usaimen finarekin zer edo zer sumatzen baitu airean. Piztiak pozezko baurrea egin du: haragia! Haratustel bat dago inguruan.

        Hartz arreak orojaleak dira, eta aukera dutenean ez diote haratustelari muzin egiten. Elurra gesaltzen hasten denean, piztiak hibernaziotik gosekilaz habitik irtendakoan, hartz kantabriar eta piriniotarrek pagotxarekin egiten dute topo: neguteko goseak akabaturiko oreinak, elurroldeek amilduriko sarrioak, hotzak akabatu eta elurrak estalitako mendiko behi eta behorrak.

        La Mayucak usaindutako haratustela ez da ordea negu gorriak hildako animalia, otso talde batek duela sei bat egun oraturiko moxala baizik. Gorpua ia osorik dago, txikoaren jabea segituan konturatu baitzen otsoen erasoaz, eta berehala uxatu zituen jateko betarik eman gabe.

        Ihizia patxadatsu hurbildu da usainaren iturburura, bi kumeak zelaian eguzki epeletan utzirik. Ur bazterretik gertu kausitu du moxala, otsoek inguratu eta akabatutako sasien artean. Plazerrezko marraken artean, hartzak laster sabeleratu ditu haragi utzikinak. Hartzakoak ibilera dorpearekin hurreratu dira ama dagoen tokira, titi gehiagoren eske. Orduan sentitu du La Mayucak lehendabiziko eztenkada sabelean, gorian jarritako burdina-kolpe bat bezala, barren-barrenean. Arnasestuka geratu da une batez, baina aurreneko oinazetik zuzpertu orduko, bigarrena nozitu du, erregarriagoa oraindik. Eta bat-batean erresumina jabetu da bere errai guztiez. Ingurumarietan durunditu den oihumin ikaragarria jaurti du. Bere ondora hurbildutako bi kumeek ere atzeraka egin dute izuturik.

        Hartz emea belarra jaten hasi da sabela purgatzeko, instintoz edo esperientziaz, pozoiketari oka eginez aurre egiteko. Baino zaztadak gero eta lazgarriagoak izanik, oinazeak zoratu egin du La Mayuca. Urtegiaren bazterrean dagoen sahats baten kontra amildu da eta atzaparkadez eta koskez txikitu du, ahoa zaurituz, hagin bat baino gehiago puskatuz, mihia urratuz, baina bere barruko tortura ezertan baretu gabe.

        Zamariaren sarratsean jarritako estriknina kupidagabe betetzen ari da bere lana, hartzaren nerbio sistema birrintzen. Haran osoan entzuten ahal dira piztiaren orro eta kexuak. Pozoiketaren azken fasean, pataria demaseko dardaratan dabil, mugimenduen kontrola galdu du eta pozoia jabetu da haietaz. Itzelezko egarria dauka. Uretara salto egin du ur gogo aseezinaz, ura edanez barruko sumendia amatatu nahian. Inguruko urak irakiten jarri ditu, zipriztinka. Beheko lokatza apar bihurtu da urarekin nahasian, bits kiratsua. Estrikninak giharren funtzionamendua erasotu du, edenak birikak gerarazi dizkio, La Mayuca itotzen ari da. Burutzarra ur azpian desagertu zaio. Eta motelak izan dira azken ostikoak. La Mayucaren bizkar iletsua sakonera gutxiko uretan geratu da, haizetxoak altxaturiko eskalapioek milikatua.

        Bi hartz kumeak amarengana hurbiltzen saiatu arren, atzera egin dute urak ikaraturik. Hantxe eman dute gaua, ur uherren aldamenean ihintzika, amari deika, bata bestearen ondoan, elkarri beroa emanez.

        La Mayucak otsoentzat prestaturiko amuzki batean galdu du bizia. Estriknina bidezko pozoiketa izan da, debekaturik dagoena, baina sator-hilkari bezala oso erabilia dena. Sator-hilkariz pozoitu zuten haraneko beste hartz bat ere, duela sei urte.

        Egunsentian hurbildu dira beleak La Mayucaren hilotzera, banaka-banaka eta errezeloz hasiera batean. Hartza hilda dagoela ziurtatutakoan ordea, saldoka amildu dira gainera. Ausartenek mokoka ekin diote bi hartz kumeen mingostasunaren aurrean.

        Goizaren epeltasunak aire berozko zutabeak altxatzean, saiarreek beleen mugimenduak sumatu dituzte. Ortzian hegazti eraztun bat biraka dabil hartz emearen gorpuaren gainean. La Mayucaren hilotz barnean nahiko estriknina bada pozoiketa kateatua eragiteko bele eta saiarreekin.

        Ez da halakorik gertatuko ordea, basozainen lanrober kalamastra iritsi baita urtegi bazterrera. Sarraskijaleak uxatu eta euren burua koskaka eta atzaparka defendatzen zuten bi piztiatxoen gainera txamarrak botaz harrapatu dituzte. Ondoren, lanroberraren kable-motorrarekin La Mayuca narras atera dute uretatik, ilajea blai eta gorpua pozoiaren eraginez zurrun.

 

 

Adituen arabera, euskaldunok ez dakigu hartzaren benetako euskal izena, hitz hura tabua baitzen, eta inoiz aipatzen ez zelako galdu omen zen. Hala eta guztiz, euskaldunen artean, aski Harsus, Harse eta Garzea izan dira izenez eta abizenez.

        Martin da hartzaren izengoiena Aragoi eta Okzitanian barna. Batzuen arabera, hizkuntza zeltiarreko «M-Art-in»etik dator, hura baita piztiaren izen zeltiarra. Beste zenbaitek, santu baten izenarekin lotzen dute.

        Salat bailarako kondairak dioenez, Done Martin (Toursko apezpikua eta Galiako ebanjelizatzailea, euskal ipuin zaharren Samartintxiki) bisitan joan zitzaion Couseransko lankide zen Done Vallierri. Harrera onaren oroigarri gisa, Tourskoak bere astoa oparitu zion Couseranskoari, eta hau segituan, kabale berriaren gainean, Salateko bailarara abiatu zen dotrina kristaua zabaltzera.

        Pirinioetako oihan batean gaua igarotzen ari zelarik, hartz gosetu batek gizon santuaren astoa harrapatu eta jan egin zuen. Done Vallierrek, haserreturik, pataria bere apareju guztiak eramatera behartu zuen.

        Gisa hartan, Ustou herrira heldutakoan, biziki harritu ziren bizilagunak, hartza haien etxe ondoan bat-batean agertuta. Ustoutarren izua baretzeko, apezpikuak hartzari dantzarazi egin zion bere makuluaren laguntzaz. Ez dakigu bertakoak hura ikusita kristautu ote ziren, baina Done Vallierren debaldeko ikuskizunaren ondoren, hartzak lantegi hartan trebatzea eta herriz herri ibiltzea bizibide aproposa iruditu zitzaien Ustoutarrei. Eta lanbide hartara lotu ziren belaunaldiz belaunaldi.

        San Urbez santu aragoiarrak ere, bere makuluarekin makurrarazi zuen ospe txarreko piztia. Horrela ez zuen hartza bakarrik makurrarazi, artean euskaldun ziren hango lurraldeetako ohitura, sinesmen eta Izadiaren indarrei gurtza kristautasunaren aitzinean umiliatu baizik.

        Baina, badirudi, ijito zingaroak izan zirela hartzak hezteko eta ikuskari bezala erakusteko ohitura Europara ekarri zutenak.

        Elezahar bat bada, Balkanetatik datorrena. Neska zingaro birjina bat haurdun zegoela konturatu eta bere burua itota hiltzea erabaki zuen. Azken unean ordea, suizidatzeko aukeraturiko aintzirako uretatik gizon bat irten zen, Balkanetako laku eta ibai-erreketan ugari diren ireluren bat, eta bere egoeraz ez kezkatzeko aholkatu zion:

        Erdituko zara aber batez, baina gizonak bezala lan egingo duena.

        Neska hartzako batez erditu zen, eta bere leinukoek onartu eta hezi egin zuten. Handik aurrera ijito zingaroak hartz hezitzaileak dira, eta etnia honen animalia totemikoa da.

        Azalpen asko ematen dira, hartzak hezteko Europa eta Asiako herri anitzen artean izan den (eta oraindik Turkian, Siberian eta Indian bizirik irauten duen) ohituraren ezkutuko arrazoiak ulertzeko. Horien artean, artzain gizarteen usadio hauek, naturaren indarren eta piztia beldurgarrien gaineko nolabaiteko mendekua zela esan ohi da. Gizaldiz gizaldiko arerioa otzandu eta jazartzea artzain nahiz ehiztarien gozamena omen zen.

        Ariége bailarakoak maisuak ziren hartz kumeen harrapaketan. Ama falta zenean, hartzakoa atzeman eta etxean hazten zuten etxeko txakurra bailitz. Gero Ercé herrian zegoen hartzak hezteko eskolara eramaten zuten koskortu baino lehen. Han hortzak kamustu eta atzaparrak mozteaz gainera, makilapean erakusten zitzaion dantzan.

        Hartz trebatzaile hauen izena orsalher zen okzitanieraz. Hezitzaileek belagile eta sasimedikuen lana betetzen zuten, piztiekin herriz herri ibiltzen hasi baino lehen. Hartzaren esanahi mitologikoa zela medio, areago sendotu zuten euren azti ezaugarria.

        1880an berrehun inguru orsalher baziren, Ariégeko herritarrak gehien bat. Ikuskizun nagusi moduan, hartza zutik jarrarazten zuten herriko plazan, nagusiaren makila atzaparrez oratuta eta euritakoa bizkarretik zintzilik, artzain plantak eginaraziz. Gaixo zegoen umea, esate baterako, piztiaren bizkarraren gainean ezartzen zuten eta hartzari bederatzi urrats emanarazi haurra sendatzeko.

        Armagnac-en gogoan daukate urtero azaltzen zela orsalherra bere piztiaren ile xortak saltzera, gaitzen aurka erabiliak izateko. Haurrak hartzaren bizkar gainean jartzen zituzten, Done Loperi errezua egin bitartean, umeak gaitzetatik babestearren.

        Artzainek ere hartza korta, ikuilu eta sarobeen inguruan pasaraztea nahi izaten zuten. Modu horretan aziendako gaitzak sendatu eta beste piztiak izutzen zirela uste baitzuten.

        Hartzen eta hezitzaileen bikotea ondo moldatzen zen gehienetan, baina ez beti. Behinola, Ossau ibarreko Bielle herrian, piztiak bere hezitzailea ito eta jan egin zuen elkarrekin gaua igarotzen ari ziren ikuiluan. Jendeek diote, gizonak sarritan jipoitzen zuelako izan zela.

        Gipuzkoako atzen hartza joan den mendearen amaieran Aizkorri aldean ibilitakoa, orsalher batek askatutako omen zela uste da.

 

 

Pirinioetako mendebaldean bizirautea lortu duten bederatzi hartzek ezingo dute urte asko iraun. Gutxiegi dira horretarako. 1954an 70 hartz bizi ziren Pirinioetan. 30-40 ziren hamasei urteren buruan, 20-25 bost urte geroago, eta 15 laurogeietako amaieran. Egun 9 baino ez dira. Hirurogeita hamarretan sortu zen FIEP, Fonds d'Intervention Eco-Pastoral, baina erakundeko kideen lanak antzuak izan dira gainbehera hau geratzeko orduan.

        1984an Hartz Taldearen sorrerak, ekologisten eta Frantziako administrazioaren arteko koordinazioa ekarri zuen. Benetako plangintza martxan jarri zuten Pirinioetako piztia handien hondarrak salbatzeko, bertako artzain eta bizilagunen adostasun eta kolaborazioa lorturik. Baina azkenean, Somporteko tunel eta errepide berriaren eraikuntzarekin, Espainia eta Frantziako administrazioek mendebaldeko hartzen gunea erditik moztea erabaki zuten.

        Jendarmeriaren CRSak bortizki aritu ziren ekologisten aurka. Biarnoko Aspe haranean, eliteko 150 jendarmek, gaueko zaintzarako infragorri izpiez eta sistema elektronikoez baliaturik, kontra egiten zieten ekologisten ekotaia [3] txikiei. Hala ere zenbait makina erreak izan ziren, eta induskailuetara kateamenduak eta manifestazioak ugari. Errepresioaz gainera ordea, gerla zikina ere erabili zuten proiektuaren aldeko indar ekonomikoek eta Estatuak. Pirinioetako hartzen defendatzaileen bagoi-bulegoa kiskalia izan zen, ekintzaile asko mehatxatuak eta jipoituak. Mugaren bi aldeetako komunikabide gehienek, tunelaren aurkako arrazoiak eta protestak ia erabat isiltzen zituzten lotsarik gabe, mugimendua informazio ezaz itotzeko xedez.

 

 

Izeien lurrina beste zuhaitz eta landareen usainekin nahasten da oihan elurtuan. Biarnon daude, Zuberoako eta Nafarroako mugetatik gertu.

        Beñatek antena troka aldera zuzentzean tramankulua txistuka hasi da bi era ezberdinez, hartz gazteen kokapena salatzen.

        Hortxe zaudek! Joanesen lurraldean dabiltza. Hire izen bereko hartza duk hori! erran zion biarnesez.

        Duela hilabete batzuk Kantabriako mendi-multzoan La Mayuca deitutako ama pozoiturik galdua zuten bi hartzakoak, Pirinioetako populazioak berpizteko askatze plangintzako lehenak dira. Naturzaleek erreskatatu zituzten Castilla-Leongo Juntak bidalitako zoologikotik eta hona helarazi.

        Zuberoako basozaina da Beñat, eta Joanes, FIEPeko kide biarnesa. Somporteko tunelaren aurkako eta hango bailaren aldeko hainbeste eta hainbeste borrokatan zailduak biak. Euren ardurapean dago bi hartz txikien jarraipena, inguru berrira zer moduz moldatzen diren ikusteko.

        Bizi al da oraindik Joanes sentona? galdetu zuen zuberotarrak.

        Joan den bedatsean behintzat bizirik zirauen, baina oso zaharturik zagok. Odol berria behar diate hemengo pedescaosek [4]. Argiak dituk gure hartzako hauek. Ongi aukeratu diate negua igarotzeko lekua. Baina ez diat uste hibernatzeko aski erreserba daukatenik.

        Orduan horniketa gure kontu. Garai batean lamiak, basajaunak eta iratxoak arduratzen zituan hartzak zaintzeaz. Ehiztarien maneiuak zapuzten zitiztean hartzak babesteko. Orain haiek ere falta dituk eta...

        Badakik esaera zaharrak erraten duena: direnik ez da sinetsi behar, ez direla ez da esan behar. Begira nor dagoen gure buru gainean! arrapostu zion biarnesak.

        Behi-Bideetako Emazte xuria! [5] Zer demontre egiten dik hemen saizuriak negulehenean? Ez duk naturala!

        Auñamendiko gailurrean bizi omen den Iona Gorrik [6] ez al du sarritan Behi-Bideetako Emazte Zuri-ren antza hartzen bere leizeko jauregitik irtetean? Gisa horretan jakiten ditek baserritarrek, Bortuetako goiko larreak elurretik norbel daudela behiak eta beste aziendak hara larrez aldatzeko. Bada, bera hemen baldin badago, Peluts-ak [7] ez dituk urruti izango, hartzakoei kalte egin nahi dienari aurre egiteko prest. Zaintzaile onak ditiztek gure txikiek, Mari berak jarriak, antzinaroan bezala.

        Beñatek ez zekien biarnesa txantxetan edo benetan ari zen Iona Gorriz, Pelutsez eta aspaldiko kondaira eta mitoez. Azken finean, ulertzen ez zuen harremana zeukan bere lagunak Bortuetako Izadiarekin eta izate sakonekin.

        Ortzian biraka hegaz egiten zuen garaiz kanpoko hegazti zuri-beltzari begira geratu zen une batez, amonaren atsotitza gogoan: «Izena duen guztia omen da».

        Ezagutzen al duk harzkumeari titia ematen zion emaztearen istorioa? galdetu zion Joanesek. Elezaharrei kontu gehiago egiten zitzaienean, Andorratik Euskal Herriraino kontatzen zuten ipuina.

        Bai, noski. Eta hik ezagutzen al duk hartzarekin larrua jo eta umeaz erditu zen emaztearena?

        Biarnesek Joanes hartza deitzen zioagu harreman hartatik sorturiko umeari. Hemengo Joanes zaharra eta biok bezala. Zuberotarrek baduzue kantu bat horri buruz...

        Beñatek abesteari ekin dio, bere etxeko artzainen belaunaldiek herrietako ostatuetan, mendi lepo eta baselizen inguruko erromerietan bezala. Eta goizeko haize bihurrak kantua goiko ibarretan barreiatu du, zurrunbilo estrainioen bitartez. Lehengo aiton-amonek halakoak ikusitakoan, «Hor dabil Txerren» murmurikatzen zuten adeitsu.

 

Malür bat heldu zaikü Basabüruan,

egiaz erraitera Santa Grazian.

Prima eder bat Hartzak usuki Pusunpes altean

bena hanitx irus izan da jan eztianian.

Otsoa balitz agitü arakhotüan,

ihork aski zükian hora hari harixitzia

bena hartzari nor laite mentüra haxitzera

zeren eta hura beita oro malezia.

Prima handiaren aflijitia

egin zereioenan hartzak usukia.

Bentüaz eta khostaren ziozü kolpü hura bizia

gangrenatzen aisa beita hartzaren usukia.

Erran Maider beh'adi ene erranari

peko-eihera bortha zerra esan hobeki

hartz handi hura jinen bazain ehüjarre aldetik

zepho hun bat heda eta hatzaman ezan zankhotik.

Kunplitü direnean hilabeteak,

lau bost sei zazpi zortzi bederatziak,

sendotüren ziriozü prima doloriak

eta gero khantatüren hartzaren khantoriak.

 

        Bortuetako artzain kultura, haien etsai izandako hartzarekin batera itzaltzen ari zen Aragoin eta Nafarroan; Biarnon, Bigorran eta Zuberoan. Hala ere, geratzen ziren artzainak aspaldiko bizimoduari atxikitzen ziren, gero eta urriagoak ziren hartzak euren azken mendietako gotorlekuei atxikitzen ziren bezala.

 

 

Balkanetako parke natural bateko arduradunak kontatu zidan:

        «Inkestak bidaltzen dizkigute hartz kopuruez galdezka.

        »Gure buruari itauntzen diogu: Zenbat jarriko dizkiegu? Hogeita hamar?

        »Kopia bat gorde eta datorren urteko inkestan hogeita hamabi jarriko dugu.

        »Hartzen beldur direnei, ez daudela esango diegu; eta ikusi nahi dituztenei, franko badirela».

 

[1] Lastozko edo erratzezko etxegaina duten eraikuntzak.

[2] Jateko gordetzen diren gaztain lehorrak.

[3] Sabotaje ekologistak.

[4] Hartzaren ezizenen bat okzitanieraz.

[5] Saizuriren beste izen bat.

[6] Mari Jainkosaren anitz izenetariko bat, Zuberoan eta Biarnon erabilia.

[7] Peluts Iona Gorriren zerbitzuan zeuden indar handiko erraldoi iletsuak ziren Biarnoko elezaharretan.

 

 

© Antxon Gomez

 


susa-literatura.com