ORTZADAR-AMUARRAINAK
LAPURTZEN ZITUEN IGARABA
Irlanda artean erabat kristaua ez zenean eta saindu zeltiarrak piztiekin mintzatzeko gai zirenean, Done Kevin Glendalough-i laku batera erori omen zitzaizkion bere salmoen esku-izkribuak. Done Kevinek inguruan zebilen urtxakur bati eskatu zion idazki sakratuak uretatik ateratzeko, eta ihiziak horrela egin zuen. Handik aurrera elkarrekin ondo konpondu izan ziren. Sainduak urtxakurra trebatu zuen izokin bat egunero harrapatzen eta monastegiko sukalderaino eramaten hango fraideen bazkarirako.
Sei hilabete iragan dira igaraben habia aurkitu genuenetik. Lekua ez zen topatzen erraza, harpetxoa erdi urperaturik baitzegoen eta sarrera haltzen sustraiek ezabatua.
Hilabeteak kosta izan zaizkigu, baina azkenean igaraba eme txiki bat sarez harrapatu eta lepoko-igorgailua ipintzea lortu dugu. Aurrerantzean, uhin-seinalearen bidez erosoago burutu ahal izango dugu jarraipena.
Orain gure igaraba, bere bi nebekin batera, hondarrezko txirristan behera labaintzen ari da. Gero ama gehitu zaie egur pusketa batekin txonbo eta zipriztinen artean water-po lo jokoan. Harrigarria da zenbat ordu ematen duten jolasean animalia hauek.
Jolasak ikustean, kumeak igeriketan trebatzeko amaren lan nekezaz gogoratu naiz. Nahiz eta paradoxikoa izan, espeziean ohi denez, lehen errespetua sortzen zien urak. Emeki-emeki, bi uretara zaletzea lortu bazuen, bigarren arra ez zen bere borondatez bustitzearen aldekoa izan. Egun batean, bera txalupa bailitz hirurak bizkarrean zeramatzala, alboko urtegitxo erdian pulunpatu zen ustekabean. Uzkurrak bere kabuz igeri egin behar izan zuen lehorrera heltzeko, eta hura izan zuen estreinako eta derrigorrezko igeri saioa. Dena den, guztiak igerilari modutsuak bilakatu eta arrain eta igelen ehizan trebatzen hasiak dira dagoeneko.
Azken hamarkadetan hemen baliabide asko galdu dira espeziearentzat. Esate baterako, garai bateko ibai-karramarro ugari, gizakiok hedaturiko karramarroen gaitza izurritearen kausaz. Edo aingirak, euren migrazio bideak Ebro isurkideetan gora presen erruz moztuak.
Uholde arriskuaren aitzakiarekin, kanalizazioek ubide istiltsu bilakatu dituzte ehundaka kilometro ibai eta lats, betiko kontratisten mesederako. Ibaiak kutsatuak, errekak kanaleratuak, urtegiak nonahi... igarabek bizitzeko moduko leku gutxi daukate egun. Horietako bat da amezti handia gurutzatzen duen erreka. Hemen populazio xume bat geratzen da oraino, eta bertoko gazte baten eta bere familiaren inguruko datuek osatuko dute gure ikerketaren mamia.
Uztailak 2. Iker
(Arabako mendialdeko igaraben jarraipenarako egitasmoa apunte-koadernotik).
Errepidearen pendizetik, arrainaztegi berriaren lanak aztertzen ari ziren bi gizonezko.
Bon, On Andres, laster dena prest edukiko dugu funtzionatzen hasteko erran zuen batek.
Nahiago nuke bihartik hasiko bagina.
Orduan, Diputazioarekin problemak, seguru.
Horiek berehala konponduko nituzke nik!
Ez ahaztu arrainaztegiko ur-hartze printzipalak ibaitik egin beharko direla. Oraingoz, erabili ditugun errekastoekin aska bakan batzuk esperimentalki mantentzeko baino ez digu ematen. Gainera, erreka bazterrean sartu gara, eta legediak dioenez...
Negozio bat martxan jarri nahi, lanpostuak sortu... eta trabak eta paperak besterik ez! Nik produzitu egin nahi dut, produzitu! Ez Diputazioko horiek bezala, besteon lepotik bizi.
Ez duzu arrazoirik falta, baina...
Ziur egon, inaugurazio ofiziala egin orduko hemen edukiko dugula basozaina, edozein aitzakiarekin gure kontra egiten. Basozain hori ekologista da eta...
Ingeniariak planoa tolestu eta belarriak deskonektatu zituen nagusiaren hitz jarioa luzatzen eta luzatzen zihoan bitartean. Arrainaztegiaren proiektua arazorik gabe aurrera ateratzea zen bere desioa. Ugazabaren izaera kontuan hartuta, lantegi zaila.
Arrazoi guztia duzu konpromezuzko hitzez moztu zuen sasi-politikaren bideetan barna abiatu zen diskurtsoa, eta kotxe aldera aldegin zuen disimuluz.
Kalean entzundako esamesen arabera, aspaldi hiriburura joandako herriko seme hark, bazuen hainbat negozio inmobiliario zikinetan lorturiko diru beltzak non edo non garbitzeko premia, eta arrainaztegia estalki ezin hobea zen hartarako.
Dena dela, diru beltza ala zuria izan, bere soldata nahiko modukoa zen, eta hori zen berari gehien axola zitzaiona.
Trumoi danbadak ozpin dirdaien ostean iristen ziren jarraikor. Eta amezti bazterra mugatzen duten haitzetan, arte bat enborra kiskalita eta kukula sutan zegoen, tximistak jota. Aspaldi ezagutu ez bezalako udako ekaitz ikaragarria zen, haize heze itogarrikoa.
Saizuria hegan zebilen goi zurrunbilduan, ameztian gaindi, harro, izukaitz. Ortzian piztutako indarren gidaria zirudien. Beste tximista batek bi hodeien arteko bidea egin zuen paisaia goibela berriro isiotuz. Eta argi itsugarria itzaltzean, saizuria ere desagertu egin zen modu ulergaitzez.
Une batean euria idolaz egiten hasi zuen. Ortzian barna zaldizkoak zetozen bata bestearen ondoan. Ametz hosto artean, itoginak lehenik eta txirrioak gero lurrera amiltzen ari ziren, harik eta orbela eta zarba narras zeramatzaten uholak bilakatu arte. Eta oihaneko hare-lurrak ezin zuen halako uholderik irentsi.
Igaraba taldea, ostotsaren beldur, eroritako enbor baten babesean bildurik zegoen. Beste ozpin bat harkaitzen aurka lehertzean, une batez urek altzairuzko kolore irreala hartu zuten erlantzaren eraginez. Latsa unez une harrotuz zetorren ubidea gainezkaturik. Eskalapioek amorruz miazkatzen zituzten ezpondak. Beste uhertzean, haltz batek zinkurina egin zuen uholdearen indarrak deserroturik, ur uherretara amiltzeko. Garai bateko zaharrek ekaitz hura Hodeik (Mari Jainkosaren zerbitzari den ekaitz ireluak) Arreoko lakuan sorturiko ekaitza zela esango lukete, Harexek agindua.
Kazkabarraldia hasi zuen, zuhaitz hostoak zulatu eta soroetako laboreak kupidagabe birrintzen zituena. Basoan jausitako txingorrak hormazko geruzaz estali zuen orbela. Urtxakur amak urduri altxatu zuen burua, kazkabar-hotsaz aparte zarata ezberdin bat sumatuta. Ez zen haizearen ulua, ezta txingorraren errepika edo errekaren orroa. Baurre bat zen, gero eta zoliagoa, beste azantz guztien gainetik etengabe nagusitzen. Ihiziaren urduritasuna izu bilakatu zen baurrearen jatorria asmatutakoan.
Igaraba taldearen aldamenetik ipurtats iboildu bat igaro zen ziztu bizian. Instant batez zalantzakor geratu zen beretzat tamaina handiko uholaren aurrean, baina hala ere dzanga egin zuen putzura. Hankatxoak indarrez mugitzen igeriketan, arranpa batek korronte nagusirantz zeramala zirudien, baina azkenean beste aldera ailegatu eta lortu zuen ezponda igotzea.
Ihiziaren portaera ikusita, urtxakurren ama enborraren babesetik irten eta oihuska batzuk bota zituen, gazteak arriskuaz ohartarazteko ipurtatsaren bidea hartu baino lehen. Uhola gurutzatu ondoren, bi anaiak amaren gibeletik pendiza igotzen zihoazela, ama berehala ohartu zen emea ez zerraiela bere bi nebei. Itzuli eta ur handituetara jauzi egin zuen. Bertan muturreko ile luzeak eta begiak besterik ez zituen ageri uger egiterakoan.
Txingorra urtu egiten zen euri tanta mardul bihurturik. Enborraren magalean topatu zuen igaraba emea, dardarka. Lepo azaletik heldu zion hortzekin eta uholera eraman zuen arrastaka, erreakzionatu eta amaren atzetik pulunpatu zen arte.
Latsa goraka eta goraka zihoan. Eta orduan, aurrenekoa ñimiñoa utzi zuen beste baurre bat entzun zuten. Handik kilometro batera zegoen argindar zentral abandonatuaren uharka lehertu egin zuen uholdeak. Dena birrindurik, olatu batean hustu zen errekan. Uhin bortitzak haltzak, lizarrak, urritzak eta sahatsak aurretik zeramatzan, korrontean behera toneladaka harri eta hondarrarekin nahasian. Aldapa igotzeko lasterketa gelditu egin zuten igarabek, hondamendiari so egiteko. Ur murruaren orroa latsean behera galdu zen, idola moteltzen zihoan neurrian.
Ekaitza iparraldera mugitzen ari zen, Hodei bertan egindako kalteez aseturik balego bezala. Eta euria baretutakoan, ostadarra marraztu zen, eguzkia hodeiak zulatzen hasita. Berriro argituriko eguna agurtuz, txantxangorriak kantatzeari ekin zion igaraben ondoko sasi artean.
Neskameak, uniformea soinean, pintxo goxoen erretilua eskuan, gonbidatuen artean hamaikagarren aldiz igaro eta ea gehiago jan nahi zuten galdegiten zien irriño batez. Jendeak ordea, sabela bapo beterik zeukan jadanik. Mahaietan Arabako Errioxako ardoaren bonbila hutsak metatuta zeuden. On Andres Fernandez de Arluzeak Casinon enkargatu zuen hamaiketakoa, herriko jatetxerik ospetsu zein garestienean.
Traje eta zapata italiarrez, hutsik gabe jantzita zegoen On Andres; bestela, gizon zeharo arrunta zen itxuraz, heldua, motza eta lodikotea. Mahai onean maiz aritzeak ematen duen tripa biribilaz inbestiturik.
Umore oneko zegoen, bere arrainaztegiaren inaugurazioaren eguna baitzen, eta bere aburuz, herriko jende inportanteenak bertan zirelako. Gonbidatuak porlanezko biltegi batean zeuden, hori bai, anfitrioiak sarritan adierazi zuenez, Landetako pinukizko egitura dotorez eutsirik.
Han zebilen luntxaren erdian, jende multzoen artean joan-etorriak egiten. Orduantxe, bere alderdiko zinegotziez inguraturiko alkatearekin solasean. Herriko banketxe bakarreko zuzendaria ezin falta egun hartan. Ezta ireki berri ziren instalazioak bedeinkatu zituen apaiza ere. Jainkoaren ministroak arrainaztegiak udalerriari ekarriko zizkion onurak laudatzen ziharduen, Eltziegoko zuku beltzez beteriko edalontzia askatu gabe eta neskameen bidaiak zer edo zer sabeleratzeko profitatzen.
Udaletxean oposizioa osatzen zuten Ezker Abertzaleko zinegotziak ez zituen gonbidatu, jakina; jendilaje erradikal harekin ahal zen traturik gutxien izatea zen hoberena! Baina ez zegoen Foru Aldundiko ordezkaritzarik ere. Ibai ertzeko zatia jaten zuen instalazioaren aurka hainbat talde ekologisten salaketa kanpaina zela-eta, On Andresen harremanak nahiko zapuzturik baitzeuden arazorik nahi ez zuten Diputazioko bere adiskideekin.
Haatik, gizona gustura zebilen bere saltsan, konpromezuzko galderei arrainaztegietan espezialista izango balitz bezala erantzuten. Bilkuraren animazioa, ordea, behera zihoan eguerdia hurbildu eta ardo botilak husten ari ziren heinean.
Irailak 28. Ikerrek:
Uharka lehertutakoan suertaturiko hondamendiaz astiro-astiro errekuperatzen doa erreka. Presatik behera nabariak dira oraindik ur boladaren eraginak. Basa pilaketak, ubide aldaketak, iharturiko haltz eta sahatsak lokatzetan lurperatuak...
Arratsaldeko lehen orduetan gertatu da gaurkoa, igaraben ama kumeengandik aparte zegoenean.
Azken egunetan haserrekor egon da eurekin. Ez dira horren kumeak jada, haien kabuz aurrera ateratzeko moduko gazteak baizik. Halako batean, beste igaraba bat azaldu da ur bazterretik, mantso, dena arretaz usnatzen. Ar hark ameztia gurutzatzen duen erreka bere lurraldetzat dauka.
Gazteek burua altxatu dute aita ezagutzean. Txikitan ondo ametitu eta haiekin jolasteko ohitura baldin bazuen, kozkortu ahala petraldu egin da tratua, arrak bereziki lehiakidetzat jotzen baititu. Azken asteetan amaren defentsak galarazi egin du gazteak errekatik bidaltzea. Gaur aldiz, ez da bere kumeak defendatzeko prest azaldu. Erreka jabea kurrinkada keinadagarriez aurreratu da, hiru gazteek atzeraka egin dute amaren babes bila, baina emeak ezikusiarena egin du. Areago, adiskidetsu hurbildu da arrarengana.
Modu hartan, kumaldiaren amaieraz jabetu dira urtxakurrak eta, gibelera begiratu gabe, bata bestearen atzetik karrakailduz basoratu. Hemendik aurrera euren kabuz moldatu beharko dute. Gauez mugitzen, mendi multzoak igarotzen edo zirkulazio usuko errepideak zeharkatzen, bizitzeko modukoak diren erreka, laku, urtegi edo ibaien bila aritzeko. Beharbada, bidean tragatuak izateko.
Emeak aise onartuak izaten dira lurraldeko jabe diren arren partetik, baina bertako beste emeek amorruz erasotzen dituzte kanpotarrak. Arrek, lurralde baten jabetzagatik borrokatzeko aski indartsuak izan arte edo baten bat libre geratu arte itxaron beharko dute. Bitartean, beste igaraben lurraldeen mugetan arrantza egingo dute. Alderrai bezala biziko dira euren txokoa aurkitu arte.
Induskailuak harritzarra burduntzalian kili-kolo hartu eta harresian artekatu zuen kolpe batez. Gero beste baten bila abiatu zen motor zaratatsuz eta ke beltza zeriola. Ibaia kanalizatzen ari ziren arrainaztegi berriaren parean. Udako uholdeen ondoren, instalazioak gehiago babestu nahi zituzten. Gizakien logikaren barruan ez zen kabitzen arrainaztegia lekuz aldatzeko aukera, ubide naturala errespetatuz.
«Alferrikako lana izango da ibaia berriro hainbeste harrotzen bada. Baina zer edo zer egin behar gure nagusia gustura uzteko». Ingeniariak, berrogei urteko gizon garai eta argalak, gomazko botez eta panazko frakez jantzia, induskailuaren lana erne aztertzen zuen. Eskuan zuen krokisa larruzko karpeta batean sartu eta makinariari gelditzeko keinua egin zion eskuaz.
Motorraren burrunba apur bat bareturik, txoferrak leihatila jaitsi eta, ezpainetatik zintzilikatutako purua kenduz, ingeniariari arrapostu:
Zer arraio dugu orain?
Harresi zati hori lehenbailehen buka ezazu. Eta hortik aurrera, dagoen moduan utzi.
Baina, aizu!, On Andresek ibai bihurguneraino luzatzea nahi du...
Ingeniariaren betartea zimurtu egin zen jauntxoaren aipamenarekin. Baziren egun batzuk bien arteko kontuak okertzen hasiak zirela.
Pareta egiteko baimena hamar metrotan gainditu dugu jada. Jarraituz gero, arazoak izango ditugu basozainarekin. Segi zure kontura nahi baduzu, nik ez dut isunik behar.
Tira, tira. On Andresek segituan zuzenduko luke dena. Lagunak dauzka Diputazioan!
Ingeniaria asperturta zegoen ugazabaren trikimailuekin. Horregatik poztu zen basozainaren Suzuki zuria, lur-hautsa altxatzen, ondoko bidera agertzean.
Eztabaidatu nahi baduzu, hor duzu norekin. Ni nazkatuta nago.
Hara!, uste dut arrazoi duzula! Basozain hori ez da On Andresekin ongi konpontzen...
Urriak 5. Anek:
Galdu egin dugu lepoko igorgailua ezarri genion igaraba. Amaren lurraldetik urrundu den heinean, gero eta zailagoa izan zaigu segitzea. Transmisorearen helmena ez baita oso zabala, kilometro eskas batzuk lauean. Inguru guztietan miaketa zehatza egin beharko dugu animalia berriro topatuko badugu.
Gaur Toyota bat ikusi dugu soro baten erdian, lau gurpilak lehertuta. Nekazari batek kontatu digu Gasteizko ezkutuko ehiztariena dela, eta merezitako saria lortu dutela.
Errotako urmaela lezkez eta ihiez estalita dago. Oro har eraikuntza guztiak nahiko hondaturik daude. Garai berriek ez dute uraren indarrik behar aleak ehotu eta irina egiteko. Teilak falta zituenez gero, itoginak ziren nonahi, gainaldeko lata usteltzen, edozein mementutan goitik behera erortzeko moduan. Goroldio eta garoak ateratzen ziren hormetako harrien tartetik, parajearen hezetasunak lagundurik eta utzikeria sentsazioa areagotuz. Txori etxea bilakatuta zegoen eihera zaharra. Hontzentzat babesleku aparta, kaka eta egagropilek adierazten zutenez.
Haizeak makalen adarrak zurrumurruz giligatzen zituen eta urubiaren kantu mudurriak betetzen zuen gau argia. Ur-arratoien kolonia batek, latsean, erretenetan eta urmaelean bilatzen zuen jana eta gordelekua. Urmaelaren ertzean zegoen haietako bat, ezpatabelarren kikiluak marraskatzen. Noizean behin jira aztertzen zuen mesfidati, baina han ezer arriskugarririk ez sentitzean, bere lantegira bueltatzen zen. Azken unera arte ez zen konturatu atzean zuen itzalaz. Murgiltzeko aukera izan baino lehen oratu zion urtxakurrak.
Baziren bi egun piztiatxoa nebengandik banandurik zebilela. Lehen egunetan elkarrekin ibili ziren oihanean. Inguru arrotzetan lo egin zuten, elkar pilatuta zuhaitz ipurdien abaroan.
Lats handi batekin topo egin zuten ameztiaren mugan. Bazterrak miatzea amaitu ostean, ez zuten beste igaraben arrastorik kausitu. Hantxe banandu ziren euren bideak. Anaia bat latsean gora, latsean behera bestea, bakoitzak zati bat ikuskatu eta hartaz jabetzeko xedez.
Emeak, bertatik ateratzen den kanala bidetzat hartu, errotara iritsi eta han bilatu zituen zenbait egun pasatzeko moduko harrapakinak. Bertan finkatu ahal izateko lekua eskasa, dena den.
Jatordua amaitutakoan, urtxakurra eiheraren ondoko bidera irten zen patxadaz. Zabala zen aldaia, zorua harri xehez gogortua, amezti barruan zauriak bezala saratutako patata-luberrietara ailegatzeko bideetarik bat.
Ihiziak zarata arraroak entzunak zituen bidean sarritan, berak sekulan entzun gabeak. Belarriak tente jarri zitzaizkion soinua hurbiltzen sentitutakoan. Urubia ikaratuta isildu zen.
Supituki jeep baten argiek, sabai gaineko potentzia handiko fokoaz gehiagotuek, pista iluminatu zuten igaraba txunditu eta itsutuz. Ibilgailua frenatu eta, argi ahaltsuaren bestaldetik, bi gizonezko eskopetadun so geratu zitzaizkion urtxakurrari.
Zer piztia klase duk hori? untxi eta erbien azpipetiko ehiztariak ziren.
Igaraba bat, txo! Larru ederreko animalia. Egiok tiro, agudo!
Gizonak desarratu baino lehen erreakzionatu zuen urtxakurrak eta korrika abiatu zen.
Sabairik gabeko autoan, fokoa eskopetan ezarriz, gizonetarik bat altxatu egin zen. Iluntasuna urratzen zuen igarabaren bila, baina, berriro argiztatzerako, piztia arineketan zihoan, pendizan behera jaitsi eta uztondoan barrena. Jeepa ere uztondoa zeharkatzen zuen bidetik sartu zen urtxakurrari segika. Lehorrean makinak aise kentzen zion tartea piztiari.
Gauaren erdian entzundako eztandak ordea ez ziren eskopetaren tiroak izan, lau gurpilen bat-bateko leherketak baizik. Armarekin zutik zihoan ehiztaria hankaz gora katapultatua irten zen jeepetik, lurreratzean bi saihets apurtuz. Eta txoferrak konortea galdu zuen kopetaz kristala puskatzean.
Hiritik etorri ohi diren ezkutuko ehiztariez nardaturik, eta euren erbiak defendatzearren, hango ehiza-barrutiko kideek entengez apainduriko oholak paraturik zituzten inguruko soroetan. Aise egiteko moduko tramankuluak, baina oso eraginkorrak kanpotarren gaueko erbi ehizak zapuzteko. Haietako batean blokatu zen jeepa, beraz.
Igarabak antxintxiketa jarraitu zuen soroetan zehar denbora luzez. Doinu ezaguna aditu zuen arte, erreka baten gurguria. Egarriz eta nekez, ur ilunetan murgildu zen jauzi batez, egunsentiko lehen errainuak agertu aurretixe.
Gure igarabaren arrastorik ezin izan dugu orain arte kausitu. Igorgailuak mutu dirau. Agian tresna izorratu delako edo baten batek animalia akabatu duelako. Bilaketa beste astebetez baino gehiago ez luzatzea erabaki dugu.
Zorte txarra izan da animalia horrela galtzea. Eta erdipurdiko ikerketa gurea, urtxakurra azaltzen ez bada. Proiektuaren atal garrantzitsuena hauxe baita: hemengo igaraba kumeen sakabanaketa aztertzea, gurasoen lurraldea lagatakoan gazteekin zer gertatzen den jakiteko. Erabat beharrezkoa, espeziearen edozein azkartze plan noizbait martxan jarriko bada.
Urriak 16. Iker.
Ibai ertzetan sahats, lizar eta haltzek korridorea osatzen duten lekuan, harrizko zubia sotil altxatuta zegoen, eta haren erdiko pilotearen kontra metaturik urek ekarritako sastamara. Bi arkuko eraikuntzan, huntza tapiz berde baten moduan dilindatzen zen petriletik, korrontea laztanduz. Giroa freskoa zen eguerdian.
Korridorearen bukaeran gezi urdin bat agertu zen. Zubi zaharraren arkupea zeharkatu eta, bere norabidean zirt-zart eginez, ibaiaren kikimakoa harturik, korrontean behera jarraitu zuen. Martin-arrantzalea zen. Txori ederra, benetako harribitxi hegalaria, jatorriz tropiko aldekoa baina aspalditik gure ibai, lats eta lakuetara ohitua.
Haltz ihar baten adarretan pausatu zen. Talaia hartatik, arrainaztegiaren instalazioei behatu zien, arras gutizioso.
Lehendabiziko aldian halabeharrak besterik ez zuen gidatu martin-arrantzalea milaka amuarrainkume mugitzen ziren porlanezko asketara. Ez zuen inondik ere espero begi aurrean zeukana: bira guztiko erreka eta ibaietan baino arrain txiki gehiago zeuden uhaska haietan, denak mokotzeko modukoak. Arazo bakarrarekin: inguruan zebiltzan beti gizakiak.
Horregatik, hegaztiaren arrantzaldiek ia-ia hegazkineriaren raid antza hartu izan zuten. Ibaitik zalu sartu, uhaska batean pulunpatu, amuarrainkumea heldu eta, ahal zuen azkarren, babesera itzuli ohi zen.
Baina egun hartan ez zuen gizakien arrastorik nabaritu. Hartaz fidaturik, hegaldi motz batez pausatu zen biltegiaren teilatu gainean. Uhasketan mugitzen ari ziren milaka amuarrainkumeei so geratu zen lilulaturik. Eta berehala hartu zuen arrantza egiteko erabakia. Erasotzeko prestatu eta airera!
Danbada entzuterako, berunezko haizearen barruan zegoen. Xeheturik geratu zen, tiroak bete betean jota. Lumak airean barreiatu eta hegaztiaren gorpua ortzadar-amuarrainak gizentzen jarritako uhaskara erori zen. Kilo pasako pisua zuten hango ale gehienek. Arrain haragijaleak bizkor mugitu ziren, marrazo saldo baten gisan, aurrena txoritik askatu ziren luma odolduak ahoratzeko eta gorpua hozkatzeko gero.
Arrainaztegiko bi langile askaren ondora hurreratu ziren, bat eskopeta eskuetan artean.
Hi burutik hago! Basozainak tiroa entzun badu, segituan diagu hemen. Eta hegazti hori babespean zagok!
Niri bost axola, txori txar hori babesturik egon ala ez. Kabroia egunero ibiltzen huen kumeak jaten!
Zer uste duk, honek jandakoagatik askan daudenak amaitzeko arriskua dagoela ala? Ezta egunero hamar eramanda ere...
On Andresek esan zidaan amuarrainak lapurtzen dituzten animaliei tiro egiteko.
Eta martin-arrantzale horrek eramandakoagatik nagusiak kiebra joko likek!
Aizak, zer arraio gertatzen zaik! Niri tiratzeko agindu eta horixe baino ez diat egin...
Ongi. Bihar afaria daukak lagunekin. Dozenerdi amuarrain hartuko dituk hemendik, eta nik tiro egingo diat, On Andresek agindu bezala.
Hoa pikutara!
Azken urteak ez zuen ematen On Andresen oparoena, ez bakarrik ekonomiari zegokionean, baita auzokoekin zituen harremanetan ere.
Gasteizen egindako tratu inmobiliarioetatik ez zen espero bezain airoso atera. Bestetik, lan arazoak zirela medio, greba gogor bat tartean, arrainaztegiko langileen artean ez zen herriko semerik geratzen. Jauntxoak ez zuen zalantzarik izan kontratu finkorik gabeak kaleratzerakoan. Eta arrainaztegiko beharginak kanpotarrak zirenetik, herritarrek ez zioten On Andresi batere harrera onik egiten kale eta tabernetan. Hala eta guztiz, gero eta denbora gehiago ematen zuen arrainaztegian eta herrian zeukan etxean, mihi gaiztoen ustez, bere burua ezkutatu eta Gasteizera ez azaltzearren. Lehen diru beltzerako estalkia, bere ekonomia zuzpertzeko tresna bihurtu nahian zebilen buru-belarri.
Igaraba lekuratu dugu berriro! Jaiolekutik hogei kilometrotara dagoen ibai batean. Goizeko hamaikak: seinalearen arabera, osin baten inguruan dabil, baina oraindik ez dut ikustea lortu.
Urriak 21. Ane.
Usainak erakarri zuen arrainaztegira urtxakur iritsi berria. Hango pagotxarekin topo egin bezain laster ausartu zen barruratzera. Sarbidea ez zen hagitz zaila, eta ibaiarekin zuzen konektatua gainera: traktorea eta kotxeak ibaian garbitzeko erabiltzen zuten arrapala.
Igaraba gazteak arin ikasi zuen uhasketan pilatzen ziren ortzadar-amuarrain gizenak lapurtzeko teknika. Ordura arte egindako hiru edo lau arrantzaldietan zorte ona izan zuen. Instalazioetan zebiltzan gizakiak ez ziren konturatu ere egin bere presentziaz eta ekintzez.
Egun hartan ordea, langile batek ikusi egin zuen amuarraina ahoan ibairatzeko tenorean. Gizonaren oihu eta biraoei jaramonik egin gabe uretan murgilduz, leku lasai baterantz abiatu zen otorduarekin.
Amuarrain lapurra bihurtu zaigu! Gaur arrainaztegian sartzen eta bertan ebatsitako amuarrain batekin irteten ikusi dut. Langileetako bat ere ohartu da. Gozoak ziren bere biraoak!
Portaera interesgarria. Nola jokatuko du hemendik aurrera horrenbesteko debaldeko janaren aurrean? Zer izango da beretzat garrantzitsuago, gizakien aurreko zuhurtasuna edo arrain harrapatzen errazak?
Azaroak 11. Iker.
Handiturik zeuden ibaiko urak, euritsuak izandako abendu eta urtarrilari esker. Urtxakurrak zazpiki egiten zuen uger osinean, nahiz eta goiz hartan barbo edo amuarrainekin asmatu ez. Hauetako bat bere letaginetatik ihesi zihoakiolarik aditu zuen kiratsa, sarkorra, ezatsegina, bat-ba tean begiak sumindu zizkiona. Ez zen ohiko ur garbia ibaian behera zetorrena.
Igaraba lehorrera irten ahala azaldu zen lehen arrain hilurrena ur azalaren gainean, eta gero beste bat, eta gero eta gehiago jarraian. Mazkar, barbo, amuarrain, madrila eta ezkailuak geruza zuriska eta dardartia osatzen. Arrainaztegitik zetorren isurketa, hango mindek eragina. Zakatzak ezeztaturik, uretako oxigenoa konsumitutakoan, ehundaka ito ziren.
Barbo handi bat igarabaren ondoko ur ertzean trabaturik geratu zen. Haginka egin zion buruan, eta baita derrepente askatu behar ere, txu eginez. Zapore nazkagarria zeukan.
Mindazko uhina ibaian behera joan zen, gero eta motelago, ur harroan disolbatzen ari zen neurrian.
Urtxakurra ibaiari so zegoen ezertxo ere ulertu ezinik. Korronteak, bitsez nahasiak, bere bizitza guztia mantentzeko arrain nahikoa zeraman alferrik galdua.
Otsailak 6. Anek:
Zalantza asko dakarte guretzat arrainaztegiak errekan eragindako kutsadurak eta hondamendi ekologikoak. Esate baterako: beste zona batera mugituko al da kontrolpean daukagun igaraba? Nola erreakzionatuko du elikagaien eskasiaren aurrean? Hemen geratuz gero, aurrera ateratzeko gai izango al da?
Lepoko igorgailuari indarra geratzen zaion hilabeteetan hau guztia aztertzeko aukera izango dugula espero du Ikerrek.
Noiz demontre ailegatu da? galdetu zuen On Andresek, eskuan zeukan gutun-azala haserre astinduz.
Atzo bertan ekarri zigun txinelak. Eta erreziboa derrigorrez sinatu behar genuela esan zuen arrainaztegiko arduradunak.
Hemen neuk beste inork ez du sinatzen. Ba al dakizu zer den hau?
Salaketa bat...?
Bai, herriko bake-epaitegiaren bidez bidalia. Ibaiko ez dakit zenbat metro erre eta arrain kilo mordoa akabatzeagatik. Baina ibai kaskar honetan sekula santan ez da hainbesteko arrainik izan eta! Beste norbaiten okerra sartu nahi didate niri! Eta zuek, zer egin duzue?
Zeuk agindatukoa besterik ez. Mindak erretiratzeko Andoni Garbiketak zisterna-kamioiagatik kobratu nahi zigutena lapurreta hutsa zela-eta, ibaia harrotutakoan txerrikeria bertara botatzea. Ur handiek zikin guztia ibaian behera eraman eta ez zela ezer gertatuko aipatu zenuen eta...
Nik?
Bai jauna. Jon eta Xabier lekuko.
Tira, tira. Diputaziora deitu behar dut, ea zer demontre gertatzen den galdetzeko. Korapilo honek handik edo hemendik askatzeko modu bat edukiko du, beti bezala.
Gizonak zer edo zer espero zuen, isurketaren ondorioei buruzko berria irrati eta egunkarietan agertu izan baitzen. Eurek ukatu egin zuten ibaira ezer bota zutenik, jakina. Baina basozainek eta Ingurugiroko teknikariek arratsaldea pasa izan zuten arrain hilak biltzen, ur pozoituen erakusgarriak plastikozko ontzietara jasotzen eta aparailuez arrainaztegi jiran neurketak egiten. Handik aurrera ziur zegoen arazoa ez zela horretan bukatuko, eta hara hor nondik zetorren buelta!
On Andresek telefono higikorra amatatzeaz batera, langileei garrasika hasi zitzaien, une batetik bestera plast egin behar duen tomate heldu baten gisa gorrituta.
Artaburu ganorabakoak! Ba al dakizue zer egin didazuen?
Zerorrek agindutakoa baino ez erantzun zion arduradunak.
Gasteizko epaitegian sartu didate salaketa. Ez dakit zenbat milioi pezetako isuna eta urtebeteko kartzela zigorra eskaria daukat. Eta Diputazioko nire lagunak eskuak garbitu ditu. Falta zitzaidana! Baina ez pentsa zuek libratuko zaretenik! Ez dut nik hemengo kaka guztia bakarrik jango, ez horixe!
Bat-batean hamasei urteko mutil horaila hurbildu zitzaien arnasestuka:
On Andres, On Andres! Igaraba, igaraba lapurra! Argik zokoratuta dauka amuarrain handien uhasketan!
Hau marka! Niri kontuak eskatu bai amuarrain batzuk akabatzeagatik, baina nork ordainduko dizkit piztia zikin horiek lapurtutakoak? Orain nik eskatuko ditut kontuak. Diputazioak igarabak babesten dituela? Oraintxe bertan ikusiko dugu!
On Andres uhasketara abiatu zen, krabata askatu eta jaka erantzita. Begi txikerrak suminez pizturik, arrainak heltzeko kirten luzeko lazafrina hartu zuen.
Ibaira beheratzeko arrapalaren aldamenean zegoen urtxakurra. Ihiziaren aurrean kiloko arrankaria hilik zegoen, lapurretaren froga. Artzain-zakur germaniar batek zaunkaka keinatzen zuen sarkina, behin eta berriro paretaren kontra zokoratuz. Igarabak pijo aurre egiten zion etsaiari, bien arteko tartea errespetatuaraziz.
On Andres, lazafrina eskuartean, bi animaliengana hurreratu eta igarabaren lepoko igorgailuari erreparatu zion.
Ikusten, ikusten lepoko hori!? Piztitzar hau Diputazioak edo ekologistek askatua da. Lapur zikina! Orain ikusiko duk! Eutsi zakur horri agindu zuen.
Eskopeta ekar ezak, agudo! agindu zion arduradunak mutilari, zakurraren katea hormako zirgilo bati lotu bitartean. Gizonak nagusiaren jarrera burugabeari beste hondamendi berri baten usaina hartu zion.
On Andres gehiago hurbildu zitzaion igarabari, eta honek marmar zemaikorra egin zion. Berak gorrotoz astindu zuen lazafrina. Ihiziak erasoa sahiestu eta gakoak txinpartak atera zituen harrizko hormaren kontra jotzean.
Piztia madarikatua! eta lazafrina lurrean zartatu zen animaliak berriro txiri eginik.
Alta, lanabesak hanka bat urratu zion igarabari. Kurrinka bota zuen oinazez eta haserre. Gizona bulkada hartzen ari zen, lazafrinarekin alde batetik bestera zulatzeko. Igaraba bizkorragoa izan zen. Salto batez aurreratu eta ausiki egin zion eskuin izterrean.
Txilioka askatu zuen arma On Andresek:
Lagundu, lagundu!
Urtxakurrak zorrotz egiten zion koska, nahiz eta gizona ukabilkadez bere burua defendatzen saiatu.
Zakurra libratu, arraioa! garrasi egin zion arduradunari.
Zaunka eta zaunka egiten zuen, ahotik amorru lerdea zeriola. Baina gizonak, estuasunean, ez zuen zakurraren katea askatzea asmatzen.
Ihiziaren ausikiaz libratzean, ugazaba ibaira jaisten zuen arrapalara joan zen ihesean, oinazez herren eta itsu, ohartu gabe igarabari irtenbide bakarra mozten ziola. Horregatik, bidea oztopatzen zion gizaki setatsuari berriro erasotzeko planta egin zuen piztiak, inguraturik egoteak ematen duen ausardiaz.
Lagundu! oihukatzen jarraitzen zuen ugazabak.
Ospa egin nahi, baina aurrean ibaiko urak besterik ez zituenez, haietan murgildu zen dzangada batez, igarabari leku egitearren. On Andresek baldar astintzen zituen zango eta besoak, ur azalera ozta-ozta iritsi bitartean. Harresiaren gainetik artzain-zakur germaniarraren burua ateratzen ikusi zuen zaunkan.
Ergel hori! Orain hator ni laguntzera, orain? Garbituko haut!
On Andres, ongi al zaude? galdetu zion arduradun kezkatuak zakurraren buruaren atzetik.
Ez geratu hor, lerdoa. Heldu niri! korronte handiak ibaiaren erdira eraman nahi zuen.
Hemen dago eskopeta! beranduegi iritsi zen mutila. Baina non dago igaraba? Eta On Andres?
Biak uretan, bat ederki eta larri bestea erantzun zion, handik hogei metrotara dotoreziaz uger eta ihes zihoan urtxakurrari beha.
Eta orain?
Orain kaka zaharra denontzat! eta korrika abiatu zen nagusiari laguntzera.
Kaixo, Ane. Gure egitasmoa amaitu genuela badira hiru urte pasatxo. Badakizu zeinen lanpeturik egon izan naizen ordudanik. Eta harrezkero ez naiz inoiz igarabaren ibaira bueltatu.
Orain, Manex Imiruri lagunarekin batera, beste ikerketa batean dihardut. Atzo, gure igarabaren irrati-seinalea behin-be tiko galdutako arroilara joan behar izan genuen. Arrainaztegitik korrontean behera segi eta bost kilometrotara, ataka basatia zeharkatzen duen latsa ibairatzen den tokira. Igaraba heldu baten eta bere kumeen arrastoak aurkitu genituen. Eta haien gordelekua izateko traza daukan inguruan, jandako ortzadar-amuarrainaren hondakinak zeuden.
Halako arrain klasea leku bakar batean aurki daiteke gaur egun bailara osoan: Fernandez de Arluzearen arrainaztegian.
On dagiela ortadar-amuarrainek gure igaraba eta bere kumeei!
Musu bat.
Iker.
© Antxon Gomez