Bizi hori galtzeko beldurrez

Hiltzera bueltatu naiz, elefanteak legez. Hiltzera bueltatu naiz Gasteizera eta, jaioterria zapaldu eta laburrera, damutu zait etorri izana. Eskarmentu eskasekoa naiz ba, honen zaharra izateko. Baina, dirudienez, urtetan ikasitakoaren apurrik ere ez zait geratu. Dena galdu dut eta honezkero bizia galtzea baino ez zait geratzen.

Ez nau heriotzak beldurtzen, ostera. Aukeran, oraingo itxarote esperantzabako hau baino gurago nuke. Aspaldiko lagunak gara-eta heriotza eta biok. Mutikoa nintzela egin nuen haren ezagupidea, auto batek Iñaki gure anaia harrapatu zuenean. Gerra heldu zen ostean eta orduan ere harekin topo egin behar izan nuen sarri. Eta zer esanik ez Mexikon; gauza jakina da han heriotzari dioten begirune izugarria. Estatu Batuetara ere jarraitu zidan eta, azken urte bietan batez ere, beti eduki izan dut ondoan. Heriotzak eroan dit Joe oraintsu, geratzen zitzaidan lagun bakarra, duela gutxi, urtebete lehenago, Henry (hogeita hamar urte lehenago Mexikon nitaz maitemindu eta bere Ithacako etxean hartu ninduena) eroan zidan modu berean.

Horregatik bueltatu naiz, hurrengoa neu izango naizelako. Norbaitek esan lezake, horretarako ez nuela hainbeste neke hartu beharrik, eta ez litzaioke arrazoia faltako. Ze berdin-berdin geldi nintekeen Amerikan, han egonda ere, heriotzak ez baitzidan kale egingo. Saiatu, saiatu egin nintzen, baina etsiak hartzen ninduen Dunkin Donutsen sartu eta Joeren aulkia hutsik ikusitakoan. Hortaz, etxean gelditzen nintzen eta hori okerrago izaten zen. Bertan, Henryren memoria ekartzen zidaten txoko guztiek: hormako bere erretratuak, piano gaineko argazkiak, liburuek, armairuko jantziek. Bihozberatuta, negarrari lotzen nintzaion, oraindino ere hainbeste maite dudan haren akorduak eraginda, inguruan nonahi eduki arren, ezin bainuen laztandu.

Negarraldi haietan hausnartu nuen honaino ekarri nauen asmoa. Amesgaizto moduko hartan harrapatuta nengoela, nagusitu zitzaidan gutxika-gutxika Gasteizera bueltatzeko gurari kokorioa. Henryrengandik jasotako etxea saldu eta diruaz haren izena eroango lukeen sari edo beka sortzea otu zitzaidan, bertoko artista gazteak Amerikara ikasten joan zitezen. Asmo (orain konturatzen naizenez) zentzubako horrekin etorri nintzen Gasteizera.

Halaxe itzuli nintzen.

Baina Teo nire gazte sasoiko laguna hil eta gero, hemen ere ez zait inor gelditzen. Senideak hobe ez aitatu, nire diruaren atzetik baino ez dabiltzala arin ohartu naiz-eta.

Hemen beste zerbait idoroko nuelakoan etorri nintzen, baina itsasoaz bestaldean lagatakoaren antzekoa idoro baino ez dut egin. Antzekoa edo, hobeto esateko, hangoaren aldaera ziztrin, patetikoa. McDonald’s Dato kalean, Pizza Hut beste nonbait. Goizero osteratxo bat egitera irteten dudanean, Taco Bell eta Kentucky Fried Chicken non egongo ote diren galdetzen diot neure buruari, horiexek dira-eta ikusi ez ditudan bakarrak. Hemengo bazterren batean egongo dira, seguru, eta ez badaude, laster helduko dira gasteiztarren pozerako.

Ze, itxura batean dena aldatu den arren, egiatan ez da ezer aldatu edo, osterantzean, horixe, itxura baino ez.

Kalean ikusitako gazte horiengan euren guraso eta aiton-amonak ezagutzen ditut: duela urte asko hainbeste sofriarazi nindutenak, Cafe Suizon (banku baten bulegoa ipini dute kafetegia zegoen lekuan) musika banda Cara al Sol jotzen hasi eta zutitu ez zen Larrea gizagaixoa ia heriotzaraino kolpatu zutenak. Ibilera baldar berdina, antzinako beldur astun baten ezaugarriak aho-ezpainetan, mesfiantzarenak begiradetan. Ez da ezer aldatu.

Hildakoak baino beste inork ezin du ahaztu. Horretan nabaritzen dut bizirik nagoela, nire ezin ahazte horrexetan. Gazte ezezagun eta askotan galai horiek akordura ekartzen didatena mingarria zait oraindino ere. Gerra osteko urteak ez ziren batere gozoak izan. Hans hegazkinean hilik, Hotel Fronton zena utzi eta beharra garaje batean topatu nuen ahal bezain agudo. Autoen artean eman nituen aldi hartakoak, neure burua engainatzen. Harik eta Gasteiz itogarri hartatik aldegiteko modua eduki eta, halabeharrean, Mexikora ihes egin nuen arte.

Itsasontzitik jaitsitakoan ohartu nintzen benetan Gasteiz eta bere biztanleak biltzen zituen laino satsuaz. Mexikon ere marikoiok ez gintuzten estimu handitan, baina jendeak behintzat bazuen bizipoz apurra.

Bizpahiru hiritatik pasa ostean, Guadalajaran gelditu nintzen azkenik. Garaje Juarezen hartu ninduten mekanikari.

Hiru urte beranduagoko goiz batean deitu zidaten goiko bulegotik.

— Nagusiak ikusi gura hau.

— Aurrera, aurrera Martzelo —gonbidatu ninduen, jesartzeko keinua eginez—. Beharbada, jakingo duk Seoane jaunak laster lagako gaituela. Gizon adintsua diagu eta bere sorterrira, Galiziara itzuli nahi dik, ulergarria denez.

— Bai, jauna.

— Tailerreko arduradun berri baten premian nagok eta horregatik gogoratu nauk hitaz. Serioa haiz, Martzelo, fiatzekoa. Zer deritzok Seoaneren ordezkoa izateari? Biak galegoak zarete azken batean!

— Ni ez, jauna.

— Ez duk orduan Seoaneren postua nahi?

— Bai, jauna. Ongi dela esan gura nuen.

Eta hartara ipini nintzen, harik eta makina bat urte geroago Henry bere Ford matxuratuarekin azaldu zen arte.

Ederto bizi nintzen. Etxetxo bat alokatuta neukan garajetik hurbil, eta beharretik lar berandu irteten ez nuen iluntze batzuetan zinemara joango nintzen. Harekin eta asteburuko parrandekin nahikoa neukan. Ardoaren zaporea ia ahaztu eta garagardoarekin eta tekilarekin zaletu nintzen. Diru apur bat patrikan beti, libre sentitzen nintzen, sasoi bateko loturak ustez betirako ebakita. Zapatu gauetan garajea itxi eta auto konponberriren bat hartuko nuen astelehenera arte. Chevroletak nituen gogokoen: dotoreak, zabalak, edozertarako erosoak. Tabernetara joaten nintzen edo garagardo batzuk erosi eta parkeen birari ekiten nion osterantzean. Laguna topatu, hiritik irten eta mendi aldera abiatuko ginen, ilargiak urdinduriko muinoetarantz. Txortan eta zurrutean ihardungo genuen argitu bitartean, eta egunsentiak harrapatzen gintuenean, autoa berriz martxan ipini eta atzera Guadalajarara, hirira sartu orduko, adio barik, elkarrengandik bereizteko. Gizon bibotedun haiek guztiak nire besoetatik igaro bezain arin igarotzen zitzaizkidan egunak.

Lar luze egon naiz Gasteiztik kanpo eta orain hiri osoan ni baino arrotzagorik ez dago. Aldegin nueneko soro eta ortuen partez etxesail amaitezinak idoro ditut, auzune berri osoak. Haietan barrena abiatu eta atzera egin gura dudanean, galduta nagoela ohartzen naiz, apurtxo bat aztoratuta. Ezker-eskuin begiratu arren, ingurukoak ez dit itzulbidea topatzen laguntzen, ezezaguna dut dena. Garai batean Gasteizko izkina guztietatik ikusgai zeuden elizdorreak erabat ostendu dituzte etxesail berriek.

Mexiko D.F. edo New York moduko hiri itzeletako kaleetan ibili den batengan barregarria izanagatik, hangoetan baino arrisku larriagoak ikusten ditut nik hemengoetan. Labaindu eta berton geratuko naizela iruditzen zait, laguntasun eske espaloi erdian. Labaintzea izaten da edozein agureren kezkarik handiena, hainbesteraino murrizten baita bizitza urteen abantean. Zahartu arte, gurez, oharbakoan egin izan duguna, hil edo bizikoa bihurtzen da halako batean. Okerreko lekuan oina paratu eta behingoan egongo gara lurrean.

Horregatik gurago ditut betiko kaleak, zaharrenak, neure-neureak direnak, horietan baino ezin naiz lasai ibili. Goizetan, egutera bilatzen dut neuk ere, gainerako zaharrak legez. Eguzkiaren epela baino laztan gozoagorik ez dago-eta zaharraren larru-azalarentzat. Plazetan jesartzen naiz, La Florida parke maitean, besteengandik aparte beti, agure taldeetatik ahalik eta urrunen. Gogaitu egiten nau euren ihardunak. Eroanezina zait euren berriketa ganorabakoa, mundu honen eta bere biztanleon zentzubakokeria salatzen didan berbaro mingarria.

Kontu handiz ibili beharra dago zahar horiekin, ohartu orduko ondoan dauzkazu eta, deskuidatuz gero, bero-bero eginda utziko dizkizute belarriak. Horretarako baino ez dut egunkaria erosten, nire burua gordetzeko, bakean utz nazaten. Ze egunkariak leku guztietan berdintsuak baitira, eta bakar bat irakurri duenak, zelanbait, den-denak irakurrita dauzka. Horixe bera jazo da hemengoekin. Izenak aldatu dira baina ez beste ezer. Azalaren aldaketa gorabehera, mami bera daukate oraingo hauek eta ordukoek. El Correo Español deitu ordez, El Pensamiento Alavés deituko balitz, nire gazte sasoiko hura bera leitzen nagoela pentsatuko nuke seguru. Erdia ere ulertzera ez naiz heltzen. Izen gehienak ezezagunak zaizkit eta, azken batean, antzinako lelo bera adi dezaket lerro artean. Gurutzegramak bete eta eguraldia begiratzen dut, hurrengo egunean kalera irten ahal izango ote dudan jakite aldera. Gainerakoak ez dit ardura. Deja vu dena.

Egunkari irakurle fina izan naiz horregatio. Ithacan, Henry bizi bitartean behinik behin, hiru irakurtzen nituen egunero. Berak zaletu ninduen.

— Ingelesa ikasteko oso ona duk —errepikatzen zidan.

Etxeratu, oinetakoak erantzi, edatekoa eta pipa inguratu, eta The New York Timesen murgiltzen zen Henry, beste ezer baino lehen.

— Hona hemen Amerikan dagoen benetako egunkari bakarra, gainerakoak zarama baino ez dituk —esaten zuen, unibertsitatetik etorri eta The Times eskuratuta—. Amerikan dagoen egunkari bakarra!

Horregatik hasi nintzen leitzen. Gero, hizkuntza guti goiti beheiti menderatu nuela, munduan jazotzen zenaren berri eduki eta Henry eta bere lagunekin berba egin ahal izateko. Afal ostean leitzen nuen nik, berak biharamuneko eskolak gertatzen iharduten zuen bitartean.

Egiten zuen guztia egiten saiatzen nintzen. Berak maitatutako musika entzuten nuen, nahiz eta niri musikaletako doinuak dexente gehiago gustatu sinfoniak baino. Berak janzten eta berba egiten zuen modu egokia amesten nuen nire buruarentzat. Eta hala, zigarretak baztertu eta pipan erretzeari ekin nion, tekila laga eta whiskya edateari, lepo luzeko jertseak erabiltzeari.

Urte haietan Ithacatik igaro ziren orkestra guztiak entzuten eroan ninduen. Syracusseraino joaten ginen askotan eta New York Cityra ere bai lantzean behin, operara.

Kontzertuetara beste lagun batzuk eroaten hasi zen gero, inoiz ikasle edukiriko gazteak gehienetan. Beti maite izan ninduen, hala ere. Mexikoko zulo hartatik ni atera eta Catherine kaleko etxe zurian elkarrekin bizitzen ipini ginenetik hil zitzaidan arte, sekula ez ninduen bakarrik utzi. Eta bere maitaleen gainean berba egiten bazidan ere, ez zituen inoiz etxera ekarri. Nahiz eta nireganako amodio grina hoztu, gustukoa zuen gure bizimodu patxadatsua, bion arteko samurtasuna. Sarri, asteburua bere azken maitalearekin ematetik bueltatu eta aitortzen zidan zein atsegin zuen nirekin atzera egotea, ohean nire kontra estututa. Eta dena barkatzen nion.

Ez zegoen barkatzeko ezer, teorian behintzat. Libre ginen biok. Edozelan ere, gurata ala gura barik, samina beti samin eta, gauez kalerako bidea hartzen ikusten nuenean, ziztada gorria nabaritzen nuen barrenean. Mindu edo kezkatu baldin bazen, berekiko gorde izan zuen. Saiatu nintzen biok noizbait elkarri emaniko berbari zintzo izaten, lortu baina, ez beti. Batzuetan, berari kargu hartzen niharduela topatzen nuen nire burua, lotsatuta. Halakorik txitean pitean baino ez zen jazotzen, ze bide hartatik jarraituta, banekien Henry gogaitu eta abandonatuko ninduena, eta hura izan niretzat ikaragarriena orduan. Bera zen-eta nire bizimoduaren ardatza, eta bere jira-bueltan ibiltzen nintzen gau eta egun, gainetikoari arrotz.

Ithacara heldu eta Seneca kaleko malda amaitzen den lekuan zegoen garaje batean hasi nintzen beharrean. Bertan urte bi pasatu nituen, ingelesa lardaskatzeko gauza izan nintzen arte. Nahiko ondo moldatzen nintzela erabakitakoan, lanbidez aldatzeko aholkatu zidan Henryk. Berak topatu zidan berria, jakina.

The Bookery liburu-denda zati bitan banatuta zegoen sasoi hartan, batean liburu berriak salgai eta bigarren eskukoak bestean. Azken horretan hartu ninduten saltzaile. Niretzat aldaketa itzela izanagatik, arin ipini nintzen hartara. Nire moduko mekanikari batentzat ere, hura gaiztasun berezibako iharduna zen eta bertako zereginak, aldi gutxi batzuetan errepikatuta, nekez ahazten direnetakoak. Betty zaharrak lagundu ninduen lehenengo asteetan, baina bakarrik moldatu nintzen gero.

Henry eta bere lagunei kontrakoa esanda ere, garajea ez nuen gustura laga. Leku zikina izango zen, seguru, eta ugazaba nuen astapotro haren damorroak ere ez ziren justu-justuan musika izango, baina huraxe zen nik betidanik egiten nuena, eraz egiten nekien bakarra, eta gauza gutxi maite nuen automobilak bezainbeste.

Liburu-dendako zereginak arin amaitzen nituen. Goizeko hamarretan zabaldu eta eguerdirako ate ondoko nire zurezko mahaira jesar nintekeen zerbait irakurtzen. Nahikotxo irakurri nuen lehenengo aldi hartan. Tamalez, hilabeteek aurrera egin ahala, hartuta ninduen leitzeko grina hura epeldu eta, urtea bete nuenerako, hautsa kentzeko edo apaletan ipintzeko ez bazen, oso gutxitan jasoko nuen libururik eskuan. Amorrazio apur bat ere hartu nien. Liburuez inguratuta etxean nahiz dendan, erasotu eta noizbait itoko ninduten beldur izatera heldu nintzen bolada batean. Leku ilun hartan sartuta, jesarrita egun osoa, gogaitu egiten nintzen bertan egotearen egotez.

Bezeroak unibertsitateko ikasleak nituen batez ere, saltzen etorriak batzuk, liburu baten bila beste batzuk. Irakasleren bat ere dendaratzen zitzaidan aldika, larruzko azalak zituztenen artean begiratzen. Baina lehenago esan dudan legez, berba egin gura izanez gero, neure burua baino ez nuen edukitzen denbora gehiena. Eta horixe nik egin.

Berbaldi luzeak izaten ziren. Beldur zaharrak eta damu berriek akuilaturik, eten barik iharduten nuen. Henry eta gure harremanak, horiexek erabiltzen nituen gogoan. Betikoak. Hautsez beteriko liburu haien gatibu nindutenak. Ordu amaitezin haiek guztiak zelan eroan ahal izango nituen egunero osterantzean? Bere moduan Henryk maite ninduela jakin izan ez banu, The Bookery hartatik aldegingo nukeen. Bai The Bookerytik eta bai Ithacatik, duda barik, nahiz eta ordurako hango bazterrak zoragarri iruditu.

Ithaca mendi muinoz inguratuta dago, laku baten ondoan. Hara joaten nintzen ahal nuen bakoitzean. Etxean Henry luzerako beharrean ikusten banuen, malda igo berria jaitsi, hiriguneko kaleak atzean utzi eta lakuaren albotik doan pasealekuan barna abiatuko nintzen. Lar berandu ez bazen, belauntziak ikusi ahal izango nituen batetik bestera, kaioen hegaldiak, euren kiribilketa eroak. Lakutik etortzen zen haizea kolkoratu eta bazirudien burmuinetaraino garbitzen ninduela. New York Citytik baino Kanadatik hurbilago dagoen hiritxo hartan, etxeetako atariraino heltzen da natura. Baso sarriak ditu inguruan eta udagoienean, arbolen kolore hori, gorri eta nabarretan ostenduta, ez da samurra izaten etxetxoetako teilatuak bereiztea muinoetako baten tontorretik. Neguan, zuria izaten da dena, mundua ezabatzen du elurrak. Zamarra goraino lotu, txapela begietaraino jantzi eta parkera.

Akorduan daukat oraindino ilunabar batean jazotakoa. Zerua, muinoak eta elurra urdin bilakatzen diren sasoian heldu nintzen parkera. Neu nintzen han zebilen bakarra. Ez zen ezertxo ere entzuten. Halako batean baina, eztanda antzeko batek bidea bete du. Parkeko lehen zuhaitzetara ailegatu eta ehundaka txori batera hegaldatu dira —mutu eta izozturik ordura arte— nire presentziak beldurtuta. Ikaratuta geratu nintzen neu ere bat-bateko txori leherketarekin eta tupustean besoak altxatu nituen nire burua babestearren euren ustezko erasoalditik. Une laburra iraun zuen. Arin, parkea betiko isiltasunera bihurtu eta nire bihotz taupadak ere neguko erritmo astirotsura moldatu ziren atzera.

Edonork agudo ahaztuko zuen jazoera hark, sustrai sakonak bota zituen nigan. Askotan gomutatu izan zait harrezkero. Beharbada, zerbaiten susmoa hartu niolako, zer zen zehatz jakin barik, desasosegua igartzen niolako. Henryrekin zerikusi arteza zeukan zer edo zer.

Harri bihurtuta daukat gorputza. Hala iruditzen zait zerbait mugitu gura dudan bakoitzean. Atzamarrak luzatzen saiatu eta oinazeak erasotzen dit behingoan. Hoteleko pasabidean barna makal-makal noala, pauso bakoitzean hezur guztiak entzun ahal ditut dantzan, kili-kolo egongo balira legez. Egun hauetako batean bainatzen joan, labandu eta ezingo naiz ostera altxatu. Modu horretan hilko naiz seguruena, lurrean jausita, deiadar egiteko lar ahul, laguntasuna eskatzeko ezgauza, elefante baten antzera.

Litekeena da hori berandu baino lehen jazotzea gainera, ze oraindino daukadan adore apurra zelan doakidan egunetik egun ederto nabarituta, badakit-eta ez zaidala hemen epe luzerik geratzen.

Ardura gutxi. Egin behar nuena egin ote dudan, nork jakin? Egin behar ez nuen makinatxo bat gauza egin dudala, dudarik ez. Eginak egin eta joanak joan, berandutxo da orain okerrak artezten hasteko. Kemen apur bat gehiago edukiko banu, nik neuk ipiniko nioke amaiera zentzubakokeria honi. Ezin baina. Hartu beharko nituzkeen nekeez pentsatzeaz bat, bertan behera uzten ditut asmook. Itxaroten segitzen dut, beraz.

Eta gomutan. Nire logela ilunean jesarrita arratsaldeetan edo plazako eguteran zenbait goizetan, geldi-geldi, hilik egongo banintz legez, gomutatzea baino ez zait geratzen, akorduak baino ez dira nigan mugitzen. Gorputzaren gainetiko atalak lo moduko batean dauzkat.

Txikerretakoak, gizon betea nintzenekoekin nahasten dira nire barruan eta, Castilla kaleko gure antzinako etxetik igarotzean, itsasoaz bestaldekoetara joaten zait etenbarik gogoa. Eta neure akorduetan, Henry ezagutu nuenekoa da printzipala.

Juarezen garajea zabaldu genuenerako han zegoen, bere auto matxuratuaren ondoan, pipari kea ateraz.

— Behar handia daukagu gaur —jakinarazi nion—, bihar bueltatu beharko duzu.

— Berandu da hori niretzat. Ezingo zenuke arratsalderako konpondu? —erregutu zidan—. Lehenbailehen etxeratzeko premia daukat. Ederto ordainduko dizut...

— Ezin dizut ezer agindu. Arratsean etorri eta ikusiko dugu.

Azaldu zenean, bere autoarekin hasi berria nintzen. Ordurako kaleko argiak isioturik zeuden eta bakarrik geratu ginen garajean Henry eta biok.

— Bateria aldatu beharko diot.

Hartan niharduela eskaini zidan petaka, nik atseden hartu eta trago egin nezan. Hura izan zen gure lehendabizikoa. Forda konponduta eta iparralderako bidaiarako gertu zegoela, ordaindu eta handik hurbil zegoen tabernara gonbidatu ninduen. La Granjita zuen izena eta bertako mahai batera jesarri ginen edalontzi bana eskuetan, whiskya berak, tekila neuk. Polito moldatzen zen Henry espainieraz, eta berbetan geniharduela egiaztatu nuen lehenago antzeman uste izan niona. Ez zen gaztea baina bai gizon sotila. Dotorezia, berba eta mugimendu bakoitzean igartzen zitzaion, ez soilik janzkeran. Amerikar petoa zen, eta hala ere, bere begiak eta larruazala ez ziren iparraldekoak, Tijuanatik beherakoak baino.

Itxi arte egon ginen La Granjitan. Geunden mahaitik elkarri oratuta zutitu behar izan genuen. Katu ederra eroan nuen gau hartan etxera, katu ederra eta Henry nirekin batera.

Biharamunean, ajeaz eta egarriz itzarri ginela, aldamenean neukanaren bezperako presak joanak ziren, alkoholak akabatu zizkigun burmuinetako zelulak betirako desagertu ziren legez.

Elkarri begira geratu ginen, ohe hartara zerk eroan ote gintuen gomutatu guran edo. Arin akordatu zitzaigun antza, txortan geniharduen-eta konturatu orduko. Urez beteriko botilatik edan genuen antsia berberaz edan genuen elkar. Elkar irenstera gindoazela iruditzen zitzaigun. Aho bakar bana oso gutxi zen xurgatu, musukatu, miazkatu behar genuen guztirako; besoak lar motzak eta eskuak lar txikerrak ukitu, oratu eta laztandu behar genuenerako. Dena zitzaigun labur, eskas, mugatu. Eternitatea irrikatzen genuen.

Amaitu genuenean, pipa isiotu eta sutegira jo zuen Henryk. Arrautza frijituak ekarri zizkidan ohera, inoizko gozoenak.

Berandu, baina garajera azaldu nintzen biharamunean. Baita hurrengo egun bietan ere. Eta domeka heldu zen. Astelehenean, banindoala jakinarazi nion ugazabari eta zor zidana eskatu. Hala utzi nituen Guadalajara eta Mexiko betirako.

Ez dut sinesten hil osteko paradisuetan, hil aurrekoetan baino. Horiek ikusita nago. Haietako batean eman nituen, esate baterako, Henryrekin bizitako lehen urteak. Baina paradisuak ez dira eternalak.

Bob izena zuen paradisutik kanporatu ninduen aingeruak. Bere aurrekoak legez, hura ere Henryren ikasle izandakoa zen. Itxura batean kontrako iruditu arren, berezia zen Bob, oso berezia, tamalez gerora ikasi beharra eduki nuen moduan.

Sasoi petrala izan zen niretzat. Elkarrekin egoten ginen gutxietan ere, nigandik urrun sumatzen nuen Henry, bere mutikoa zegoen lekuan. Gustatu ala ez gustatu, ederto ulertzen nuen Henryren sofrikarioa. Berea eta nirea txanpon bereko alde biak ziren. Nire mutikoa bera nuen-eta urrun izanik ere. Beharbada horregatik pasa genuen hainbeste urte bata bestearen ondoan, topatu genuelako elkarri mina eta traba egin barik bizitzeko bidea. Elkar ulertu genuelako. Bere maitaleek eraginiko zauriak osatzera nire albora itzultzen zenetan, muzin egin ordez, besoak zabaldu, gozo onartu eta ume bati legez, maite-maite egiten nion.

Asko egiten genuen berba. Harrigarria da, baina Guadalajaran elkar ezagutu genuenetik Henry zendu zen arte, beti eduki genuen zeren gainean ihardun. Edozein gai aipatu eta samur idoroko genuen hura astintzeko era. Ezin elkarrekin gogaitu. Denbora aurrera arin joan arren, ezagutu berrien moduan, beti edukitzen genuen zer kontatua. Bion arteko sexua antzina amaituta, berbak baino ez zitzaizkigun geratu.

Gure elkarrizketen gai nagusia Bob izatea erraz ulertzen da, batez ere, Henry zelan erabili zuen, zenbat gezur esan, zenbat traizio eta maltzurkeria egin zion jakinik. Henry Ray Charles baino itsuago egon eta enparauok argi ikus genezakeena berak ikusi ezin: zelan bizi zen bere lepotik, zelan osten zion ahal zuen guztia, zelan mesprezatu eta barregarri uzten zuen lagunen aurrean. Zaharra deitzen zion Bobek. Henryk maitagarritzat jotzen zuen deitura, besteok destaina gorritzat jotzen genuen. Nabarmena zen, baina maiteminak hain tentelduta zeukan, unibertsitateko irakasle adimen ezin zorrotzagokoa baino haurtzaindegian hasi berriko umea ematen zuela.

Txarkeria asko egin zizkion, baina Henryk guztiei topatu izan zien aitzakiaren bat.

— Badakizu, lar epebakoa da, oso artega —esaten zidan—. Eragiten dizkidan kalteak oharbakoan egiten dizkit, gura barik.

Bankuan zeukan diru gehiena ostu zion arte. Orduan aitortu behar izan zigun bere hutsegite samingarria.

Lanpetua zegoela, bariku goiz batean Henryk, New York Cityn elkarrekin igaro behar zuten astebururako dirua atera zezan eskatu zion Bobi. Banku-txartela utzi zion. Ez zituen sekula atzera ikusi, ez plastikozko txartela ez maitalea.

Poliziara joateko eskatu genion alferrik. Diruarena ez zen izan berarentzat galerarik handiena.

— Ez dut berriz ikusi gura. Ez dut bere izena berriz entzun gura —erantzun zigun—. Ez daukat asmorik mina baino ekarriko ez didan epaiketa baten prozedura luzeetan murgiltzeko. Ahaztu egin gura dut...

Nik ere bai.

Jazotakoak sentipen kontrajarriak sortzen zizkidan. Alde batetik pozgarria zitzaidan, era hartan Henry niretzat izango baitzen osorik. Bere tristeziak, bestaldetik, penatu egiten ninduen neu ere. Zer alegrantzia asteburua heldu eta nirekin geratuko zela jakinda, eta, aldi berean, zer larritasun bera hain atsekabetuta ikusita.

Boben itxurako beste batzuk agertu ziren aurrerago, eta haietako baten batek Henry berriro zaurituko zuen beldurrak egon nintzen beti. Zorionez ez zen halakorik jazo. Maitaleak joan, maitaleak etorri, Bob desagertuz geroztik Henryk ez zuen burua galdu beste inorengatik. Nik ere ez, beharbada bera ezagutu aurretik dexentetan galdua nuelako. Edozein modutan ere, eta bion aldizkako affaireak gorabehera, elkarren ondoan egon ginen bera hil arte.

Zahar bi ginen, agure parea. Batez ere Henryk eskolak abandonatu behar izan zituenetik. Bazekien goiz ala berandu utzi beharko zituela, unibertsitate osoko irakaslerik zaharrena zen-eta ordurako. Hala ere, aldegiteko eguna heldu zitzaionean, berdin goibeldu zen.

Irakaskuntza laga zuenerako, baneramatzan nik urte batzuk etxean, egunero liburu-dendara joan behar barik, bake ederrean. Ze niri, Henryren kontrara, on egin zidan beharra betirako uzteak. Niri bizitza zelanbait atzera eman zidanak, heriotzaren ateetan ipini zuen bera.

Unibertsitatetik irten eta makaltzea gauza bera izan zen. Etxean sartu eta uko egiten zion handik mugitzeari. Gutxitan onartzen zidan osteratxo bat egiteko gonbitea, eta onartzekotan, gauez salbuespen barik. Ez zuen gura inork ikus zezan eta berak ere ez zuen inor ikusi gura izaten. Bere mundualdiaren amaiera hurbil zelakoan, esperoan zegoen.

Kanpoan elurra mara-mara jausten ari zen arrats batean esan zidanaz gomutatzen naiz orain. Suaren aurrean geunden, besaulki banatan jesarrita biok, irakurtzen.

— Entzun —esan zidan poema batekin hasi baino lehen.

Nik egun hartako The Times utzi eta zahartzaroaren gaineko poema entzuteari lotu nintzaion. Ordura arte ezagutu ez eta harrezkero hainbestetan miretsi izan dudan, hunkitu izan nauen hori, Kavafis poetarena da, Zaharren Arimak. Nirekin daukat oraintxe, Henryren liburu more berean: C.P. Kavafis, Collected Poems, Amerikatik ekarri ditudan gauza gutxietako bat.

Zelan diren dardara batean bizi hori galtzeko beldurrez eta zelan maite duten berau.

Eta behingoan ulertu nuen, berba haiek ebakitakoan ahotsean igarri nion etsipena. Ederto zekienez, bertso harexetan zegoen poemaren koxka nahiz bere bizitzarena ere. Bizi hori galtzeko beldurrez. Harexetan eta ez apurtxo bat lehenago sarkasmoz irakurritako beste hartan:

Zein dohakabeak diren gizagaixoak eta zelan gogaitzen dituen euren bizimodu patetikoak.

Henryk bidalitako seinaleak ziren. Hurbil sumatzen zuen heriotzaren iragarpena. Ederto zekien-eta ezinbestean zetorkiona. Nik orain dakidan antzera. Egiten dudan mugimendu bakoitzak ematen dit aditzera, arnasaldi bakoitzak. Gaztaroan jazo zitzaidan legez, orain ere ez daukat nori kontatzerik tamalez. Henryk nirekin eduki zuen zortea ez dut nik edukiko.

Itzela da hemengo bakardadea, potoloa, zirrikiturik topatu ezin zaien horietakoa. Gasteizera bueltatzeak emaniko lan gorriengatik izango ez balitz, nire egoera paradoxa polita dela esango nuke, nahiko xelebrea behintzat. Ze, hiri triste honetara bihurtu banaiz, Ithacako bakardadeari ihesean bihurtu naiz. Ezin nik sekula asmatu.

Han, Joe eta Henry zendu ostean ere, urtxintxak gelditzen zitzaizkidan gutxienez. Etxe inguruko arboletan ikusten nituen, adarrik adar, etenbarik jausika. Entzun egiten nituen euren joan-etorri artegak egongela aurreko teilatutxoan. Bertan ematen nituen egunak, leihotik urtxintxei begira. Lasaitu egiten ninduten euren pauso hots arinek. Henry eta bion arteko harremanak iraun bitartean nabariezina izan zitzaidan eguneroko mututasun ozenak nire onetik ateratzen ninduen.

Gasteizen, ezta hori ere. Neure gelan, leiho parean egoten naiz hemen ere, baina zuhaitzak ikusi beharrean hoteleko barnepatio estu bateko horma zikinak baino ezin ditut ikusi. Entzun berriz, barnepatiotik heltzen zaizkidan deiadar eta biraoez aparte, neure bakardadea soilik.

Zein aldrebesa gure izaera. Kalera irten eta jendearen presentzia hutsa eroanezina zaion berbera negarretan dago, bere burua bakarrik topatzen duelako. Higuineraino gogaitzen nauten gasteiztar horietako batekin, ia edonorekin, gura nuke batzuetan apur batean berba egin. Ez esateko daukatena —batere baldin badaukate— entzuteko gogoz nagoelako, ezta nik eurei ezer esan gura diedalako ere. Ez, berba egite aldera soilik. Senak-edo horretara naramalako baino ez.

Aroa aipatuko nioke, zerurantz begiak altxa eta hodeia arin hasiko litzatekeela igarriko nuke. Betiko kontuak, garrantzi eta arriskubakoak.

Halakoetan neure buruarekin haserretzen naiz. Negarretan dagoen atsoaren bistari negargarri deritzot. Eta negargarriago oraindino, zakil horiekin berriketan iharduteko gurari zentzubakoari.

Zaharraren zaharrez hiltzera doan gizagaixo bat ez banintz, nahikoa adore edukiko banu, horretan xahutuko nuke diru guztia. Eusko Jaurlaritzako burokrata horiek guztiak popatik hartzera bidali, bonbak erosi eta nik neuk paratuko nituzke hiri honetako bazterretan. Ez dut uste Henryk horregatik kontu hartuko lidakeenik. Ez al litzateke hori ere kultura?

Terrorismoa, asaldatuko lirateke gasteiztar zintzoak.

Terrorismoa, aldarrikatuko nuke neuk harro. Nigan eta beste hainbatengan eragin zuten izua behin sikiera ezagutu zezaten. Horixe da-eta euren-eurena, bazterrik bazterreneraino heldu eta, lantxurdak legez, dena melatzen duen beldurra. Berton jaiotzeko tamala edukitakoei txikerretan sortu eta harrezkero barru-barruan daroaguna.

Tenteldu egiten du beldurrak. Eta itsutu. Horrela daude bertokoak edozer, samurrena ere, ulertu ez eta nabarmena ere ikusi ezinik. Harro daude gainera, adar-jotzaileren batek Gasteiz Europako hiri atseginenetako bat dela esan eta, ez bat ez bi, behingoan sinetsi dute.

Eskerrak egunkarietan lantzean behin badagoen besterik. Diotenez, gero eta ume gutxiago jaiotzen da hemen eta jaio berriak hilko direnak baino askoz urriago izango ei dira. Horri Justizia Poetikoa esango liokete Amerikan. Bonba barik desagertuko dira, gutxika-gutxika, ia oharbakoan. Hori gogoan hartu eta pena bakarra ematen dit: gertatzen denerako hautsa ere ez naizela izango, ezingo dudala neronek ikusi.

Edozelan ere, ondo da hori dena berez pasatzea, ze, bonba ipini beharra edukiz gero, zein bonba mota ipiniko luke fraketan txiza egiten duen norbaitek?

Horixe egin dut-eta nik. Gaur eguerdian jazo zait lehendabizikoz. Txizagura nabaritu eta komunera joaten saiatu naiz. Baina hain dut ibilera motela, hain astiro egiten dut pauso bakoitza, ze, luzeago eutsi ezinik, nire ditxosozko bonba horietako bat izango balitz legez, puxika ere halako batean lehertu eta gernuaren beroa sentitu dut izter bietan behera.

Inork ikusi ez nauen arren, oso umiliagarria izan da. Hori du zahartzaroak latzena: umiliazioa, eguneroko umiliaziotxoak. Urtetan arreta berezirik ipini barik egin ditugun gauzak, bat-batean, egiten ikaragarri gaitz bilakatu eta, ahaleginduta ere, ezinezkoak zaizkigu. Hala bada, hiru pausoko komunerainoko bidaia, Afrikako oihanetan barrenakoa baino epikoagoa izan daiteke.

Horren gaineko poemarik ez diot inoiz Kavafisi irakurri, baina seguru naiz, berari ere kezkagarriagoa zitzaiola amodiorako ezintasunak baino. Ni poeta banintz, esate baterako, akorduaren gaineko bat idatziko nuke, zelan eguneroko gauza ezinbestekoak ahazten zaizkigun, barregarri lagaz, eta zelan ahaztu gura duguna setatzen zaigun gogoan.

Arin ostera, ez dut ezer gomutatu behar izango. Bere gernuak sorturiko putzuan datzan elefante nekatu eta tristea naiz, eta esperoan baino ez nago. Dena hasi zen lekuan nago zain, jaioterri txatxar honetan, amaiera noiz helduko. Eta dagoeneko Henryren ahotsa entzun ahal dut niri deika.

 

© Xabier Montoia

 


susa-literatura.com