Izarrak, planetak eta
Pravdako mirakulua
Ez dut mirakuluetan sekulan sinetsi, anaiak ez bezala. Kikek bai, ia egunero fortunatu izan zaio-eta mirakuluren baten lekuko izatea.
"Mirakulurik handiena, Jainkoari esker", esaten du, "nik bizirik irautea da. Begira zenbat geratzen garen hasi ginenetatik: bi besterik ez, Cantero eta biok. Besteak lurpean daude aspaldi: Txema, Jose, Markos...".
Eta hala da, bata bestearen atzetik eroriz joan dira Kikeren betiko lagunak. Kikek bizirik irauteak ez dakit zerikusirik ote daukan bere konbertsioarekin edo, berak dioenez, mirakulua izan ote den. Nolanahi ere, konbertsioaz gero eta oraintsu arte, ez dut bakerik izan anaiarekin.
Bere bizimodu txarreko urteetan zaharrak izorratzen bazituen, Jesukristok salbatu zuenetik, ni izorratzen hasi zen. Gasteizko jonki zaharrenetarikoa izatetik, bat-batean Remar-en sartu, bakailaoa utzi eta Jainkoaren hitza munduko zoko guztietara zabaltzera pasatu zen.
Osaba Martinek ongi esaten zuen moduan, Kike oso alferra da. Eta beraz, Angolara edo Txinara joan eta hangoak konbertitu beharrean, neu —bere anaia eta gertuen daukana— aukeratu ninduen bide zuzenera eramateko.
Halakoa izan da beti. Bere kolegak denda, auto eta etxeetan lapurtzera sartzen ziren bitartean, Kikeren lapurreta gehienak amaren edo osaba-izeben poltsikoetan izaten ziren.
Horregatik ez da harritzekoa ni aukeratzea. Egun osoa eduki izan dut aldamenean azken hilabeteetan, aldatu egin behar dudala esan eta esan, etxeko hormak ere aspertzeraino.
"Drogak txarrak dituk, oso txarrak. Eta ez gorputzarentzat bakarrik", errepikatu izan dit, garrasiraino iritsita askotan.
"Egia izango da. Zuk jakin behar duzu inork baino hobeto, Xiringa Jauna".
Horrela deitu izan diot, bere sermoiez aspertu eta mindu nahi izan dudanetan: Xiringa Jauna. Eta mindu egin dut. Bere iragana aipatu orduko, jotzeko asmotan etorri izan zait sututa.
"Bibliak ez al dio zure anaia maite behar duzula?", bota diot nik, gainera etorri izan zaidanean, ukabilak estu eta begiak gorri. "Jesus biolentziaren kontra zegoen, ezta?".
"Bai. Baina beste aukerarik ez zegoenean, bera izaten zen kolpe eta ostikoak banatzen lehena! Gogoratu tenpluko saltzaileez...".
Komun barruan itxi edo kalera ihes egin behar izan dut halakoetan, harrapatuz gero bapo berotuko ninduena ondo jakinda.
Heroinak baino nahasiago utzi du erlijioak anaia. Hain nahasita, ze azken aldian ezin izan baitut ura edan ere, batik bat botilakoa izanez gero. Bere oihuak entzunda, ura edan ordez whiskya edaten dudala pentsatuko luke edonork. Ura besterik ez da ordea.
"Pastillero nazkagarria!", deitu eta segituan bere lelo matraka horrekin hasi izan zait: "Drogak txarrak dituk, oso txarrak...".
Hobe luke ahoa itxian. Nik behintzat asteburuetan baino ez ditut hartzen, dantzan egin eta lagunekin gustura egoteko. Nik ez diot inori ezer lapurtzen. Ez dut inor hiltzen, berak ama hil zuen bezala, nahiz eta gaur goizera arte hori ere niri leporatu. Horrexek uzten du argien Kike zeinen burutik jota egon den.
Badakit jonkiak gaixoak direna, baina hamabost urtez gure amari sofriarazitakoa ez gogoratzea ere!
Egia esateko, Kike ez da sekula mundu honetan bizi izan. Hamazazpi urte zeuzkan ni jaio nintzenerako, baina gogoratzen dudanetik beti beste planeta batean egon izan da. Bakailaoaren planetan, harik eta betirako zerura bizitzera aldatu zen arte.
Hasieran, bingoa utzi zuen garaian, Evangelistekin ibili zen Remar horretan. Handik hilabete batzuetara, ama hil eta gutxira, Jesusek eliza berri bat egiteko agindu ziola jakinarazi zigun guztioi. Ez zegoen zalantzarik: erotu egin zen. Ni sermoitzen ari ez bazen, Biblia irakurri eta irakurri igarotzen zituen egunak. Hizkera ere aldatu egin zitzaion. Ordura arte isilik eta burumakur ibiltzen zena, Jesusek hizkuntza dohaina eman izan balio bezala, Aita Sainduak hitz egiten duen moduan mintzatzen hasi zen.
"Damu zaitez zure bekatuez. Itzul zaitez lehenbailehen Aitaren etxera...".
Jesusen Odolaren Eliza deitu zion bere asmakizunari. Bere eliza zera horrek ez baitu asmakizun izena baino merezi; nik dakidala, Kike bera dauka-eta kide bakarra.
Saiatu, saiatu da. Hori ezin da ukatu. Duela gutxi arte, taberna eta diskoetara inguratu izan da asteburuero. Esan gabe doa, horietan ez diola inortxok kasu apurrik egin. Barre bai, askotan. Eta horrek bost axola izango zidan, niri ere barre egin izan ez balidate. Baina orain, Profetaren Anaia esaten didate Pravdan. Lagunak ere barrez aritzen zaizkit sarri. Kate bati lotutako gurutze bat oparitu zidaten nire urtebetetzetarako.
Polita da gurutzea eta, Kikerengatik izan ez balitz, pozik eramango nuke lepotik zintzilik. Ondo emango luke nire alkandora beltzaren gainean.
Batzuetan, lagunen batek aitaren autoa lortzen duenean, Pravdara joan ordez, Mirandara joaten gara. Edo Etxarri aldera, Matrakara. Ondo pasatzen dugu halakoetan. Zoritxarrez, horretarako oso aukera gutxi daukagu. Gehienetan Gasteizen bertan geratu behar izaten dugu, eta hemen geratuz gero, superargi dago: Pravdara, goiz ala berandu. Eta hori bezain argi egon da Pravdan norekin topo egingo genuen: Jesusen Odolaren Elizarekin, jakina.
A ze ikuskizuna, Kike auto batera igota, garrasika:
"Ohar zaitezte, bekatariok, infernuko etsaiak ez duela beti itxura bera izaten. Mozorro berriak erabiltzen ditu zuek bekatuaren amildegira erakartzeko. Ongi ohar zaitezte, zuetako askok deabrua daramazuela poltsikoan oharkabean. Baina estasi bakarra, benetakoa, Jainkoaren eskua zuengan nabaritzearekin batera sentitutakoa duzue! Ez ahaztu!".
Arriskutsuen, dena den, ni ikusitakoan jarri izan da. Ni ikusi eta sugeak, arraioak, bonbak eta labanak irteten zaizkio ahotik, komiki japo-etan bezala.
"Nora hoa, bekatari lizun hori! Zein irrits lohitan zikinduko dituk gaur gauean, Jainko ahalguztidun eta orojakileak, Gure Aita zerukoak hiri emandako gogo-gorputzak, bere tenplua izan beharko luketenak?".
Hantxe bertan akabatuko nuke, benetan. Ia korrika sartu behar izan dut Pravdara, lotsagorrituta, lagunak nire kontura berriro barre algaratan. Ahaztuta daukat zenbat bider egin izan didan hori. Gehiegitan, edozein modutan ere.
Hura zela-eta, erabaki serio bat hartu behar izan dut, batik bat duela aste pare bat egin zidana egin eta gero.
Ordurako nazka-nazka eginda ninduen. Pravda aurreko sermoiak, eguneroko errietak, nire gelaren eta nire gauzen miaketa errepikatuak drogaren bila, noizbehinkako jipoiak. Potroetaraino nengoen. Eta hura guztia gutxi baldin bazen, larunbat gau hartan Pravdan gertatu zena gainera.
Kike ez zuten Pravda barruan onartzen, erraz ulertuko duzuen bezala. Gau hartan aldiz, auskalo nola, lortu zuen sartzea. Pistan geunden gu, ordurako planeta bana mingainean eta dantzan. Eta hain sartuta geunden musikan, hainbeste gozatzen ari ginen, ze nire gainean egon zen arte ez baitzen inor konturatu bertan zegoela.
Eskuan neukan ur botila esku zartadaz kendu eta burutik behera bota zidan oso-osorik.
"Damu hadi hire bekatuez! Irten berehala Satanen tenplu kiratsu honetatik!", aldarrikatu zidan nire alkandora beltzetik eta ileetatik aldi berean tiraka, ni berarekin eramateko ahaleginean.
Kristoren istilua sortu genuen. Kanporatu egin zuten azkenean, baina ordurako gaua ederki izorratua zidan. Pistatik urrundu nintzen, behin eta berriz kolorez aldatzen ziren argietatik. Aurreko hilabeteetako gertakizunak pasa zitzaizkidan burutik, video-clip baten antzeko abiadura bizian. Musuka elkar irentsi nahian ari zen aldameneko bikoteari eta kortina atzean erdi ezkutatuta koka lerroak prestatzen ari zirenei ezaxola, diskoaren etengabeko biran iltzatu nuen begirada. Hantxe, DJaren tokiaren aldameneko zokoan, dantza egiteko gogorik gabe, bakarrik nengoela erabaki nuen planto egitea eta hainbeste nahigabetzen ninduen erokeriarekin betirako bukatzea.
Kalera irten ginenerako gogor jotzen zuen eguzkiak. Txitxarrora joateko gonbiteari ezetz esan eta etxe aldera abiatu nintzen. Ordu batzuk lehenago gertatutakoa artean ezin ahaztuz nindoan, baina pozik nolabait. Ezin nuen sinetsi ideia zoragarri hura lehenago ez bururatua, hain sinplea izanik. Mendi aldera zihoazen mendigoizale osasuntsuei kasurik egin gabe, elizatik irteten ari zirenei eta egunkaria eta ogi epel egin berriak besapean zeramatzatenei kasurik egin gabe, planaren urrats bakoitza finkatu nuen nire baitan. Ekitea baino ez zitzaidan falta.
Eta astelehenean bertan ekin nion.
Institututik eguerdian irten eta berehala jo nuen Doña Ortxandaren dorrearen pareko plazatxora. Uste bezala, han aurkitu nuen Cantero, Vital Kutxako edozein langile bezain serio beti, hura ere bere lanean.
"Hara nor daukagun hemen!", irribarre egin zuen bere Bugs Bunny aurpegi horrekin ni ikustean, geratzen zaizkion hiru hortz bakartietatik goialdeko biak kanporantz ateraz.
"Epa!".
Ez zait inoiz Cantero gustatu. Ez Cantero ez gainerako jonkiak ere. Nazka ematen dit, urteko egun guztiak txandal zikin berberarekin jantzita eta beti eskean —dirua, tabakoa, ordua— ibiltzen den koadrila horrek. Aspaldi ezagutzen ditut, amarekin Kike bisitatzera Nanclaresera joaten nintzen garaitik.
"Zer etorri haiz, ni konbentzitzera, hire anaia zoro horren modura?".
"Ez, trankil Cante. Bisnes baterako natorrek!".
"Hi bisnes baterako?".
"Bai horixe".
"Norentzat? Kikerentzat? Deabruaren atzaparretan erori al duk berriro?".
"Ez, lagun batentzat".
"Seguru? Ez nikek nahi hi eguerdiro hemen ikustea. Hau ez duk bizimodua, batez ere hi bezalako batentzat. Gazteegia haiz".
Gazteegia ni? Gremlins horiek zainetan sartzen duten zaborra sartzeko bai, argi eta garbi. Bakailaoa sartu eta aita telebista parean egoten den modura geratzen dira, lo antzera, lerdea dariela. Batetik bestera joaten diren sonanbuloak dira, usain txarreko zonbiak. Eta gainera, zer axola berari norentzat erostera nindoan? Aurrezki kutxan ez dizute galdetzen atera duzun dirua zertarako den. Hoa popatik hartzera!
Ez nion pentsatutakotik ezer esan. Dirua pasa, bakailaoa patrikan sartu eta handik urrundu nintzen azkar, Kikeri bera konturatu gabe nola harraraziko nion hausnartzen. Hobe jonki bat etxean, profeta ero bat baino!
Mila buelta eman ondoren, bakailaoa Kikeren gorputzean sartzeko modu bakarra zegoela jabetu nintzen: janarian jarriko nion, kafesnean seguruena, azukrearekin nahastuta beharbada. Brown Sugar. Ezingo zen kexatu.
Bazkari osoan adi egon nintzaion, Kikek kafea noiz hartuko. Presaz zebilen eta beste nonbaiten edango zuela esan zion aitari. Eta gauean ez zen afaltzera azaldu.
Berriro saiatu nintzen hurrengo egunean, eta Kikek egun hartan kafea hartu zuen arren, zerbitzatzen aita niri aurreratu eta ezin izan nuen ezer egin. Afaltzera agertu ez zena neu izan nintzen. Jai bezpera zen, Constitución egunaren bezpera. Ospatu beharra zegoen beraz.
Iluntze partean Zapako tabernetan ibili ginen, porrotxo batzuk erretzen. Gero bokata bat jan eta postretzat irentsi genuen estreinako izarra. Hortik aurrera ez ginen gelditu ere egin eta taberna zulo mordoa bisitatu genuen. Egia esateko, orain ez naiz justu gogoratzen non egon ginen, ezta zenbat izar gehiago jan genituen lehendabizikoaren ondotik. Gogoratzen dudana, eta superargi gainera, hauxe da: Pravdako komunetan egon nintzela Igorrekin, beste izar bana gehiago irentsi genuela eta, plastikozko botilatxoak beteta, zuzenean joan ginela pista erdira.
Izugarri gustatzen zaizkit casper-ak, eta planetak ere bai, baina izarrak dira megagustatzen zaizkidanak. Ez dute konparaziorik beste edozeinekin. Flotatzen uzten zaituzte pistako argien urdinak bilduta, ingurukoekin primeran, pozik zeu eta pozik haiek ere. Horrela egon izan naiz ni Pravdako pistan, musikarekin bat eginda. Normala da gainera, Carlos bezalako DJrik nekez aurkituko duzu beste inon. Hemengo gehienen kontrara, Carlos da sekula bakailaoa jartzen ez duen bakarra, nahiz eta batzuentzat dena bakailaoa izan, berdin tekno, trance, house edo elektro. Kikerentzat, adibidez. Nire gelan sartu ohi zen oihuka:
"Bakailao nazkagarri horrekin zoratzen ari nauk! Ken ezak segituan!".
Nire musika, heroina, amak garai batean lantokitik merke ekarri eta tomate saltsan atontzen ziguna, dena bakailaoa Kikerentzat.
Gau hartan ere zorion betean nengoen Pravdako pistan, Carlos DJa jartzen ari zen musika zerutiarrari jarraituz, zakur arrak altan dagoen emeari jarraitzen dion bezala. Jo eta ke irabazi arte nengoen, topera, kantu tarteetan ere gelditu gabe.
Eta orduantxe entzun nuen Ahotsa... patrikan neraman bakailaoa botatzeko esan zidana.
Badakit pentsatuko duzuela, neu ere burutik jota nagoela, Kikeren moduan. Ni ere aingeruak eta deabruak eta jainkoak ikusten hasia naizela. Baina ez da hala. Oraindik badakit errealitatea eta ametsa bereizten, badakit entzun nuen Ahotsa —neronek bakarrik entzunda ere— egiatan entzun nuela, benetakoa zela eta ez nintzela flipatzen ari. Hura ez zen teknikaren trikimailu merkea, han ez zegoen ez mix ez remix ez sampler ez ostiarik. Ahots hura nirea bezain erreala izan zen, nirea bezain erreala baina askoz erakargarriagoa.
Horregatik egin nion kasu, horregatik joan nintzen berehala komunera eta handik behera bota nuen Canterori erositakoa, Ahotsak eskatu bezala.
Biharamunean, esnatu nintzenean hutsik zegoen etxea. Sukaldeko ordularian arratsaldeko bostak zirela ikusi nuen. Frigoko atea ireki eta haginak lanean jartzeko zerbaiten bila hasi nintzen. Harrigarria zen, ordu hartan, jaiegun batean etxean inor ez egotea. Telebista piztu eta frigoan topatu nuenaz bokata handi bat egin eta gosaltzera eseri nintzen.
Zazpiak aldera agertu zen aita. Txagorritxutik zetorren.
"Kike gaixotu egin da bart gauean eta anbulantzia batean eraman behar izan dute".
"Ez da egia!".
Hasiera batean ez, baina egun batzuk pasatuta, ikusi nahi izan ez nuena ikustea baino ez zitzaidan geratu: nik Pravdan entzundako ahotsaren eta Kikeren gaixotasunaren artean lotura bazegoen, inolako dudarik gabe. Eta hori onartu behar izan nuenean supergaizki sentitu nintzen. Kike berriro etxera ekarri duten arte bai behintzat.
Orain hobeto nago. Kike ez hainbeste. Argal-argal dago, telebistan ikusten diren Ruandako haur gosetuen antzera. Eta izugarri kostatzen zaio hitz egitea.
Bere ondoan eseri eta begira geratzen natzaio. Eta seguru nago, Kike ospitalera eraman zuten gauean niri gertatu zitzaidana mirakulua izan zela —ezin zaio beste modu batean deitu—. Ez dakit nork egin zuen, baina mirakulua izan zen azken finean. Ahotsa entzun izan ez banu, jaramonik egin izan ez banio, hil arte eraman beharko nuke orain damuaren zama astuna gainean, Kikek —gaur goizean, ahalegin itzela eginik aitortu didanez— gure amaren heriotzarena gainean daraman bezalaxe.
Maite dut anaia.
© Xabier Montoia