Gaueroko bisitaria
Bukatu da eguna. Duela ordubete gabon esan, masailean musua eman, beste aldera bueltatu eta argia itzali du Luisek. Orduerdi beranduago zaborraren kamioia igaro da eta ordubete barru beheko auzokidea entzungo dut, kafetegia itxi eta lanetik etxeratzen. Zarata eta hots guztiak mutututakoan, isiltasuna bere ozenera heltzen denean hasiko da okerrena niretzat. Mundua lorik beteenean dagoelarik esnatzen baitira gaueko piztiak.
Piztia zaharrak dira, damurik zaharrena bezain zimurrak. Gaur egin dudanaz eta bihar egingo dudanaz hausnartzeari lagatzen ez diodan bitartean, bakean uzten naute, baina kontu arrunt horiek garbitu bezain laster, inguratu eta egunsentira arte torturatzen naute. Orduan azaltzen zait ezinbestean, fantasma bat bezala, izebaren oroimena. Insomnioko gauetan oroitzea besterik ezin baitaiteke egin. Begiak itxi bai eta lo egiterik ez. Baina atseden hartuko dudalakoan behintzat, hala egoten naiz, begiak itxita, eta orduan hasten naiz izebarekin berriketan.
Izeba. Bizi izan zen bitartean bezalaxe, izeba deitzen ari natzaio orain ere, nahiz eta txikitatik ama osoa izan niretzat. Hala nahi zuen berak: nire benetako ama, bere ahizpa, ez nuen-eta inolaz ere ahaztu behar. Gurasoak istripuz hil zitzaizkidan urte t’erdi nuela, eta osaba-izebek hartu ninduten haiek desiratu eta eduki ezin zezaketen alabatzat.
Ezkutatu egin genion hasieran. Zertarako alferrik kezkatu?, bat etorri ginen Luis eta biok. Ordurako beranduegi zela eta kimioterapia baino ez zela geratzen esan zigutenean ordea, aitortu egin behar izan genion.
Txikia da, izeba, esan genion, saio gutxi batzuk eta osatu egingo zara, esan genion.
Ez dakit sinetsi ote zigun. Seguruena bai, orduan bai behintzat. Artean esperantza zor zion bere buruari.
Sekula ez zait nire ilea gustatu, esan zidan umorekoaren plantak eginez, aldatzeko aukera izango dut orain.
Bete-betean asmatu zuen. Handik aurrera, gaztetatik amorrua zion bere ile mehe kizkur hausterre kolorekoaren partez, panpina baten ile mardul eta beti ondo orraztua eraman ahal izango zuen. Ilearekikoa izan zen bere azken txantxa. Oso barregarria zen arren, guk ere ez genuen barrerik egin ile xelebre harekin lehen aldiz ikusitakoan. Ez guk ezta bere lagun eta ezagunek ere. Errukiz zenbaitek, ileordekoak adierazitakoaren beldurrez gehienak. Izan ere, izebaren adin beretsukoak ziren eta, elkartzen zirenetan, eguraldia eta heriotza izaten zituzten mintzagaiak: lagun zendu berriak, egun batzuk lehenagoko hileta elizkizunak, oso larri omen zegoen hau edo hura. Inork ez zien argitu behar ditxosozko kimioterapia zer zen, onkologoak bezain jantzita zeuden, inguruan zeukaten aspalditxotik. Senar-emazteengan, anai-arrebengan, are seme-alabengan ere, hainbestetan ikusita zeuden haren atzaparkadak.
Osabaren heriotza ere eramaten jakin izan zuen izebak, behera egin zuen kimioterapia saioak hasi orduko. Oinaze mota guztiak ezagutzen uste zituen hura, benetako min fisikoa zer zen ez zekiela jabetu zen bat-batean, ordura arte lotan egon eta norbaitek edo zerbaitek bortxaz esnarazi izan balu bezala.
Kimioterapiarekin hasi aurretik egunero bi bider joaten nintzaion etxera, bakarrik goizez eta iluntze aldean senarrarekin batera. Telebistaren aurrean aurkitzen genuen, besaulkian tapaki arrosa zarpailtsu batean bilduta eta negarraren distira artean begietan. Gu iritsi eta alai agertzen saiatzen zen. Gauza bera egiten genuen geuk ere, baina berak hainbeste maite zituen telesaio humano (bihotzetik ateratzen zitzaion hitza) haietako bat ikusten hasi eta pixkanaka-pixkanaka itxurak egiteari uzten genion. Isilean denok telebistako tragediei adi geundelakoan, bere baitara biltzen zen gutako bakoitza.
Quién sabe dónde izena zuen izebaren gustukoenak. Emakume eta gizon abandonatuengan, desagertuengan, bizitzak jipoitu ondoren ia ihes egin zienengan, pantaila etsipenezko malkoez betetzen zuten haien guztiengan topatzen zuen nonbait kontsolamendua. Kidetzat zituen Sofrikarioaren Elkarte Unibertsaleko partaide haiek.
Niretzat bezala, okerrena gauarekin batera hasten zen izebarentzat ere, guk aldegin, telebista bukatu eta oheratutakoan. Biharamunean kontatzen zidanez, gau osoan ez zioten oroimenek bakerik ematen, trumilka etortzen zitzaizkion, inongo logika edo ordenarik gabe. Aitonaz gogoratzen zen, gaztetan berandu etxeratu zen batean hark uhalaz nola utzi zion gorputza ubelduez josita. Senarra ezagutu zuen eguna berritu zuen bere logabeko gauetan, eta nola hil zitzaion udazkeneko ilunabar epel batean. Ezkonaurreko sasoia ere sarri erabili zuen buruan. Gerra osteko urteak aipatzen zizkidan: Areitioko langile izan zenekoa, bere antzutasuna, Añua komandantearen seme atzeratuari buruzkoak, lehengusuaren estraperloa.
Ez pentsatu halako kontuez!, eskatzen nion nik.
Baietz, kasu egingo zidala agindu arren, antzeko gauzek eragotziko zioten loa berriro. Zalantzarik gabe, mundu honekiko kontuak behin betiko garbitzeko sasoia iritsi zitzaiola sentitzen zuen, atzera bueltatzeko eta bere bizitzak zerbaiterako balio izan ote zuen erabakitzeko. Ez zuen astirik. Hargatik hainbeste duda, hainbeste gogoeta eta gogorapen, etengabeko hausnartze mingarria.
Izebak ez zituen sendagileen promesak aintzakotzat hartu. Beno, minbizia iragarri zioten une berean bertan behera hilik ez erortzeko ezinbestekoa zitzaion itxaropen apurra soil-soilik. Gainerakoan bat ere ez.
Ahal den guztia egingo dugu, lasaitu nahi izan zuten ospitalean. Oraindik urte asko geratzen zaizkizu, ez estutu.
Ez zituen inoiz sinetsi. Bizarra urdintzen hasita zeukan onkologoaren asmo onek, lasaitu beharrean, areago aztoratu zuten izeba. Mehatxuak iruditzen zitzaizkion nolabait.
Halakoak entzun nizkien alargundu aurretixe ere, asaldatzen zen osaba Anselmoren azken egunak ahantzi ezinik.
Etor zaitez etxera, hobeto egongo zara gurekin, gonbitea egin genion askotan Luisek eta biok. Ez zara behinik-be hin bakarrik egongo.
Ez, ez dizuet trabarik egin nahi.
Harrotasun pixka bat gordetzen zuen artean.
Hogeita bederatzi eguneko aldia iragarri zioten kimioterapiarako. Bigarrenez sartzera zihoan ospitalera, eta zainak nahiz odola bera ere kiskaliko zizkion pozoina nozitzeari etsita zegoen. Latza zen. Ordurako dena esanda zegoen, egin beharrekoa eginda.
Urte eskas batean ikasi behar izan zuen oinazeaz ikas daitekeen guztia. Ebakuntza hasieran, kimioterapia gero, zatika-zatika kendu zioten esperantza.
Aukeran nahiago dut heriotza, aitortzen zidan, aurreko txandan pasatakoak kaskotik uxatu ezinik: ile erortzea, gonbitoak, lo egin ezina, urdaileko samina.
Heriotza, dena den, ez zegoen bere esku.
Ematea bezala, bizia kentzea ere Jainkoaren esku dago, esaten zidan. Ni prest nauka. Testamentua egina daukat eta, beraz, goiko deiaren zain baino ez nago.
Fede hark aho zabalik uzten gintuen Luis eta biok. Guri halakorik gertatuz gero zer egingo genukeen erabakitzen saiatu ginen garai hartan. Gauez egiten genituen hausnarketak, ohean, seme-alabek entzun ez gintzaten. Beldurraren beldurrez, inoiz baino trinkoagoa izaten zen biok lotzen gintuen besarkada. Izeba ispilu genuen eta bertan ikusten genuenak hezurmuinetaraino izutzen gintuen. Antzekoa izango ote zen gure akabera? Halako gurutze-bidean barrena ibili beharko ote genuen geuk ere? Baina gure baitan horrelako galderak ausikika eduki arren, sekulan ez ginen ahoskatzera ausartu.
Goizero, dutxatik irteten nintzen bakoitzean, bularrak aztertzen hasi nintzen, pikor edo ustezko minbizia salatuko lukeen zerbaiten bila. Ez nuen halakorik aurkitu, baina oraindik ere dutxatu bakoitzean erritual berbera erabiltzen dut. Telebistako beldurrezko filmeetan bezala, etsaia nire barruan daramadala iruditu eta bere seinaleak bilatzen ditut soinean, egunero, urteek apaldu ez duten aspaldiko ikaraz.
Deabruak ere ezingo zukeen inoiz asmatu izebak jasan behar izandako tortura zentzugabea. Zein izen eman heriotza ekidin ezin zuen tratamendu bihozgabe hari bestela? Poliki-po liki hiltzen utzi baitzuten, mina zenbat eta biziagoa izan, medikuak orduan eta konplazituagoak egongo balira bezala.
Esan, inork ez zuen esan, baina jakin, denok genekien: izebak, Luis eta biok... eta baita ospitalekoek ere. Haiek batik bat, seguru naiz-eta, izebarena ez zela izan euren eskuetatik igarotako estreinako minbizi menderakaitza.
Horrek ere zer pentsatu ugari eman dit aspaldi honetan. Oraindik ez dut ulertu ahal izan nola litekeen, sendatzerik ez zegoela jakin eta zoritxarreko komeria harekin jarraitzea. Zergatik ez zuten bakean laga? Zergatik ez zioten oinazearen aurkako zerbait eman eta era gozo batez hiltzen lagundu? Eta galderekin batera etortzen zait damua ere. Zentzugabekeria sadiko hura geldiarazi ez izatearen damua, Txagorritxutik korrika atera ez izatearena, sendagile guztiei aurre egin ez izatearena.
Baina orduan itsu nengoen. Menopausiaren estreinako zantzuak sumatzen hasia, ispiluaren aurrean nire burua aztertzeko baino ez neuzkan begiak. Itxura zen garai hartan gehien ardurarazten ninduena. Gaztetasuna jada nire atzean, zahartzaroaren hurbiltasunak ikaratzen ninduen. Orduan hasi nintzen begiak eta ezpainak egunero margotzen, orduan bihurtu nintzen Laliren ileapaindegiko bezero sarrikoa. Luis gal nezakeen beldurra jabetu zen nitaz, ospitaletako pasabideetan ikusitako atso makal haietako bat luze gabe neu izango nintzenarena.
Luis ezagutu eta urtebetera ezkondu nintzen, hogeita lau urterekin. Kazetaritza ikasketak bukatu berria, bi urte lehenago Iruñetik itzuli eta Gasteizko egunkari bakarrean lanean hasi zen, El Pensamiento Alavés zeritzana itxuraldatu eta Norte Express bihurtu zutenean. Arratsaldean kaleratzen zen.
Nik ezagutu nuenerako, arreta berezia jartzen zioten irakurleek Luis Davila deiturak artikulu baten pean ikusitakoan. Aparteko arreta hura, hiria aztoratu zuen erreportaia sorta bati zor zion batez ere.
Gasteizko hippien gainekoa izan zen eta bazterrak astindu zituen egunetan. Zurrumurru asko zabaldu zen haien kontura. Egunkaria irakurri ondoren, otartekoak biltzeko erabiltzen ziren orrialde haietan esandakoari, hiri osoan sorturiko hainbat istorio gaineratu zitzaion. Kale, denda eta tabernetan ahotsa beheititu, eta izenik eman gabe erreportaiak aipaturiko familia printzipaletako alaben nortasuna asmatzen ahalegintzen zen jendea.
Luma dantzaria zuen Luisek eta artikuluetan erabiltzen zituen gaiak berriak ziren egunkariaren betiko kontuen aldean. Beste inor ausartzen ez zen arloetan ausartzen zen bera. Horra bere arrakastaren zergatia. Entzute handikoa izateak, bere ospeak nahikoa zerikusia izango zuen, ziur naiz, ezagutu eta lasterrera beregana modu bortitzean erakarri ninduenarekin. Aitortzeko samurra ez izanagatik ere, hala izango zen, zeren gure hamazortzi urteko alabari begiratu eta berarengan garai hartan nintzen hogeita hirukoa ikus baitezaket: sinesbera, eskarmentu txikikoa.
Filosofía y Letras ikasten ari nintzen, Mendizorrotza aldean urte gutxi batzuk lehenago zabaldutako Colegio Universitarioan. Mutilak, horixe ardura bakarra zuten neska koadrilarekin ibiltzen nintzen. Estadioan igarotzen genituen udak, piszinetan, eguzkipean, larrua ilargi gabeko gaua bezain beltza izatea lortu arte. Río eta Aquario kafetegietan eseri eta orduetan iharduten genuen berbetan. Igandean Canciller hoteleko dantzalekura joaten ginen. Zilarrezkoa zirudien eta pista gainean geldigabe jira eta bira aritzen zen kristalezko bola datorkit orain gogora. Han ezagutu nuen Luis.
Betaurrekorik gabea artean, ni baino lau urte nagusiago eta munduari zuzen-zuzen begiratzen zion gazte gihartsua zen, bizkar zabal eta ile argi luzekoa. Txolin hutsak izango ginen, baina Norte Expressko kazetariari zerion xarmaren menpe erori ginen koadrilako gehienok. Inguruetan mutil galantik bazegoen ere, inor ez Luis Davila bezainbat.
Ipuin batean bezala, Ciudad Jardín-go txalet batean norbaitek antolatu eta gonbidatuak izan ginen guateque haietako batean, printzea nigana hurreratu eta —nire harridurarako, nire pozaren pozerako— galdetu zidan:
Dantzatu nahi al duzu nirekin?
Sinetsi ezinezkoa gertatu zen: Marierrauskin izan zen aukeratua.
Eta Luisekin ezkondu nintzen.
Ezkonaurreko igandeak bezain agudo igaro ziren lehen bi urteak. Garaiko etxekoandre gazte bati zegozkion eginkizunetan murgildu nintzen, Desanparadas auzunean hartu genuen etxea atontzen eta, nire ustez, Luisek behar zuen guztia lortzen ahalegintzen.
Koadrilako lagunak asteburuetan baino ez nituen ikusten. Izebarekin elkartzen nintzen sarrienik. Bazkalostean biltzen ginen, nik ordurako harrikoa eta gainerakoak eginda. Dendetara laguntzen ninduen, aholkuak ematen zizkidan erosi nahi nituenez. Zezen-plaza aldeko leihoetarako kortinak aukeratu genituen eta salarako behar nuen mahaitxoa. Eta ondoren kafetegira, Volgara.
Ezkondu eta urtebetera geratu nintzen haurdun. Roberto jaio zenean izeba neukan alboan, urte t’erdi beranduago Dorleta jaio zenean bezala. Berari uzten nizkion Luis eta biok norabait joan behar genuen bakoitzean, eta ordurako maiz irten behar izaten genuen Luisen lanagatik. Camara de Comercio delakoaren eskaintza onartu eta utzi egin zuen egunkaria. Handik gutxira hasi zen El Correoko zutabearekin. Edonora gindoazela, edozer behar genuela, izebarengana jotzen nuen bi aldiz pentsatu gabe. Han egongo zen bera, beti laguntzeko prest.
Txagorritxun ez zuen piztu ere egin nahi izaten.
Ikus ezazu Lo que necesitas es amor, esaten nion.
Ezin zuen. Irudi koloretsuak laino bilakatzen zitzaizkion, eta hitzak eta hotsak halako istilu nahasia. Bizkarretik heldu, burkoak harrotu eta lepoan egokitzen nizkion. Txokoko aparailuari begira geratzea baino ez nuen lortzen. Burua alboratu eta astun erortzen zitzaion alde batera. Pisuegia zuen, sofrikario eta atsekabeez beteegia. Eta zama hura ezin nik arindu.
Pantailak jaurtikitako hots eta kolore urduriei ezaxola, bere buruaz beste egiteko erarik egokiena bilatzen ihardungo zuen agian, nola gelditu tantaz tanta itotzen ari zitzaion urjario etengabea. Beharbada, telebistari begiak itxi eta lotan zegoela amets egingo zuen.
Sarri errepikatzen zidan: Lo egin nahi dut.
Izugarria behar zuen bere minak. Haren aurkako botikak zirela medio, begiak ozta-ozta zabaltzen zituen izebak, baina esna zegoen aldietan ere lo egon nahi izaten zuen gaixoak.
Ospitaleko paretak bezain zuriak ziren pilula haiek guztiak ordea, ezer gutxi egin zezaketen bolada baten ondoren. Egunez gauaren etorrerak kezkatzen zuen eta, hura heldutakoan, egunsentiaren irrikan ematen zituen atsedenik gabeko ordu bukagaitzak. Zein ongi ulertzen dudan oraintxe! Ni etxera itzultzeko unea iritsi eta eskua berean estutzen zidan modu ia bortitzean antzeman zitekeen izebaren izua. Ni ere izutzeraino estutu eta, ohean Luisen alboan neutzala, barrenak jaten hasia zitzaidan minbiziaren ziztada senti nezakeen, isiltasunean sagutxo baten iharduna adi daitekeen bezain argi. Eta entzun uste izaten nuen hotsa hain zen ozena, ze Luisen zurrunga astirotsuari parekatzen zitzaion.
Kimioterapia osteko botalarriak, beherakoak, orpo aldeko erredura zikin itxurakoek ez zuten aditzera ematen pairatu behar izaten zuenaren laurdena. Esku ubeldu haiek dardarka ikusten nituen bakoitzean, dardara batean nabaritzen nuen nire bihotza ere. Jaikitzen saiatzen baldin bazen, bere aldamenean egon beharko nuen, bestela erori egingo zen-eta alditxarturik.
Bi egunetik behin jartzen zizkioten zainetan barrena pozoia hedatuko zuten hodiak. Gogorrena lehendabizikoa izaten zen. Bigarrenean sosegu pixka bat inguratu ahalko zuen eta masailek gaixotasun aurreko gorritasuna bereganatzen zuten aldi labur batez. Horiexek ziren itxaropenaren landare erkindua zuzpertu egiten zeneko egunak, bizitza beste edozer baino indartsuagoa zela sinestera bultzatzen gintuztenak.
Lagunak etorri zitzaizkion bisitan, kimioterapia ondoko egun haietako batean. Hiru andre txiki berritsu. Bakarra ezagutzen nuen: Francisca, urtetan gure auzoa. Opariak ekarri zizkioten. Kolonia botilatxo bat gordetzen zuen kartoizko kutxa gorri bat eman zioten eta, Franciscak, berak brodaturiko bi muki-zapi. Izebaren izena ageri zen hari berdezko letretan. Esku dardartiez jaso eta opariak eskertzeko besteko indarra lortu bazuen ere, ezer gutxi esan zuen ondoren. Ezer esateko behar txikia, bisitariak ederki arduratu baitziren gelako isiltasuna eta sosegua hondatzen. Beraiek kalakan zihardutelarik, epelak esaten ari nintzaien nire kolkorako. Zer egiten zuten atso hitzontzi haiek izeba gogaitzen? Ez al ziren haren egoera penagarriaz jabetzen? Nola ez zioten erruki pixka bat? Etxera bezain laster kontatu nion Luisi: Atso nekoso horiek!
Zein modu ezberdinez akordatzen zaidan bisita hura orain. Andre haiek, hirurek, ondo zekiten izebaren sofrikarioaren berri; hargatik ari zitzaizkion geldigabe solasean, aldi labur batez besterik ez izanagatik, izebaren gogoa ospitaleko hormetatik kanpora atera eta bere nozitzeaz ahantz zedin. Hartan ahalegindu ziren, nahiz orduan nik ez ulertu. Beharbada, nire baitako haserre ustez zuzenari hainbeste kasu egin ordez, Francisca eta bere lagunen hitzei kasu handiagoa egin izan banie, haietan ezkutaturiko larritasunaz ohartuko nintzatekeen.
Gertakizunei beren benetako neurria hartzen jakitea falta nuen artean. Baina neurri hori ez da erraz ikasten. Horretarako behar den jakinduria apurra ez dugu sekula musutruk gureganatzen. Nekea, laztura eta etsipena dira ordaina, eta gelan geunden bostetatik neu nintzen halakorik gutxien probatuta zegoena. Hiru andre berritsuek, aspalditik ezagutzen zuten atsekabea. Franciscak, esaterako. Alargundu eta lasterrera, seme gazteena, etxean geratzen zitzaion bakarra, betirako elbarri geratu zen Dulantzi aldeko bakailaotegian izandako istripuan. Ezindurik gerritik behera, amak bultzatu behar zuen semea aulki gurpildunean.
Luisen ondoan igarotako urteekin, uste nuen banekiela zer zen bakardadea, izebaren gauerokoaren aldean nirea zelako huskeria zen konturatu gabe. Txagorritxuko barnebideetako pauso hotsak bakandu eta ilunpeko zurrumurruari erne egongo zen, alboko geletan gau eta egun martxan zeuden makinen marruma entzuten, hots zurrun eta taigabea, ia mehatxagarria, bere ohe aurrean etzanda legokeen piztia baten arnasaldi astuna balitz bezala.
Horregatik, izebak hala eskatuta, bere etxean pasa zituen azken egunak. Hobetuxeago egon zen bakanetan gure Roberto eta Dorleta eraman genizkion. Kostata, egia osoa esateko, nahiz eta gaztetxoak izan, berehala nabaritzen baitzuten herioaren usaina amonaren etxean. Maite izan zituen izebak une haiek. Geratzen zitzaizkon kemen hondarrak erabiliz, bilobak ferekatzen zituen.
Bi bider bakarrik gertatu zen hori, hil arteko asteetan. Gainerantzean, oinazea baretzeko emandako drogen linboan egon zen. Auskalo zer egingo zuen han. Beharbada senarra topatuko zuen, edo bere gurasoak. Beharbada, nire ama eta bere ahizpa kuttuna izandakoarekin hitz egingo zuen eta gure berri emango.
Nire besoetan hil zen. Eguerdi batean. Trumoiek leihoko kristalen kontra sortutako zalapartak bere azken hatsa entzutea eragotzi zidaten. Bere aldamenean eserita ere, euri hotsa eta kaleko auto zarata baino ez nituen aditu.
Harrezkero ez da izebaz gogoratu ez naizen egunik izan. Adibidez, zigarreta bat piztean etortzen zait burura. Askotan beraz, hogeitik gora erretzen baititut. Eta bestela ere, ia edozerk gogorarazten dit: telebistan ikusitako zerbaitek edo seme-alabek esandako zer edo zerk. Dena delako horrek bere irudia ekartzen dit —hilurren zegoenekoa zein lehenagokoa— eta gauzak haren begiez ikustera eramaten nau. Dorleta gaixotzen denetan batik bat. Ikaratu egiten naiz. Eta damutu ere bai, ezin dudalako ulertu nola ez nuen ospitaletik atera, nola onartu nuen tortura hura. Aspirina batek osatzen didan burukomina eramanezina iruditzen zaidanean, heriotzari ihes egin alde, bizitza pixka bat luzatu alde, hark egindako ahaleginaren izugarriaz jabetzen naiz, bere agoniaren latzaz. Eta horrekin batera, izebaren bakardadeaz, orain nireaz jabetzen naizen antzera. Neu ere zeharo bakarrik geratzen ari naizelako.
Badira bi urte t’erdi Robertok etxetik aldegin zuela eta laster Dorleta ere joango zaigu, Amerikako eskola batean batxilergoaren azken urtea egitera deliberatuta. Hara bada, nola geratzen ari naizen pixkanaka. Luis alboan izanik ere, aspaldi ez daukat bere laguntasunik. Elkarren ondoko bi bakardade gara.
Garai batean Luis uztekotan egon nintzen. Ez nintzen ausartu. Roberto eta Dorleta izan nituen aitzakia. Gaur egun ordea, ez nuke utziko, ahaleginak ez luke mereziko. Ezagutu nuenean bere burua poetatzat zuen gazte harroak, aurrezki kutxak argitaraturiko liburuxka baten bitartez bete behar izan ditu Parnaso ametsak, Babazorros ilustres deritzan arlotekeriaren bitartez. Hala ere, seme-alabak joan ondoren, bera baino ez zait geratuko. Hori alde batetik. Bestetik, nire ametsak bertakoago eta apalagoak ziren arren, Luisi zapuztu zaizkion era berean zapuztu zaizkit niri ere. Zurrungaka ari da Luis. Begiratzen diot eta, nahigabeturik, neure burua ikus dezaket berarengan.
Edozein emakumek adinari zor dion ordaina —ordainetariko bat— besterik ez den nire insomnioaren alderdi jasangaitzena ez da lo egin ezina, gaueroko gogoratze gogaikarri hau baizik: izebaren agonia luzea. Hasieratik has naiteke edo bukaeratik, bideak beti toki berera eramaten nau, azken hatsa eman zuen unera edo minbiziaren lehen atzarpakada nozitu zuen arratsaldera; telefonoa jaso eta Telefónica-tik deitzen zuen ahotsak senarraz galdetu zion arratsaldera, hain zuzen.
Nire senarra aspaldi zendu zen esateko baino ez zuen astirik izan, bat-batean alditxartu eta ziplo erori baitzen. Halaxe azaldu zidan, arratsaldero bezala bere etxera ailegatu eta lurrean aurkitu nuenean.
© Xabier Montoia