Marrazki bizidunak

Amak egunero bezala "zelan ikastolan?" galdetu ziolarik, "ederto, ama" erantzun zion egunero bezala. Eta hori esan zion arren, barrenak lotzen zizkiona askatu eta "txarto, oso txarto" aitortuko ziokeen gustura. Baina isildu egin zen eta ez zuen ahoa berriz ireki, amaren eskaintzari baiezkoa emateko baizik. Haren eskutik otartekoa jaso eta bere gelarantz urrundu zen. Hango atea itxi arte, ez zen amiñi bat sosegatu.

Ohean eseri eta, otartekoa eskuan zeukala, sakon hartu zuen arnasa. Begibistan zuenari erreparatu zion. Ezker aldetik hasirik, so aritu zitzaien aurreko gauzei. Hara idazmahaitxoa, non etxerako lanak egiten gogaitu ohi zen. Hara Taugres-Baskoniaren afixa berde argiz margoturiko paretan. Hara pilaturik bere jostailuak. Haiexek atxiki zioten begirada eta haiei jarri zien arreta.

Hala egon zen luze. Eta jaiki zelarik, haien parean makurtzeko jaiki zen. Otartekoa utzi gabe, eskuetan hartu zuen Space Ranger jostailua. Espaziuntzi gorria azaldu zen pantailatxoan. Hegan zihoan galaxietan barrena. Errauts koloreko planeta batean pausatu zenean, alboko ate bat berehala ireki eta bertatik gorriz jantzitako gizon itxurako bat irten zen: Space Ranger ahalguztiduna.

Hainbeste ordutan gatibu edukitzen zuenak, nekez bereganatu ahal izan zuen mutilaren kupida ordukoan. Behin eta berriro utzi zuen hiltzen. Izarteria osoko etsaien erasoei betiko gisan bizkor erantzun ordez, ez zuen ia deus ere egin goian-behean zetozkion arraio laranjetatik babesteko. Arraio batek lurreratu eta erdi hilik altxatzen saiatzen zen bakoitzean, beste arraio batek jotzen zuen bete-betean, lurraren kontra berriz iltzatuz.

Antzera gertatu zitzaion Asterixarekin ere. Kartoizko ertzak maiztu eta orrialdeak erdi zimurturiko liburua abandonatu egin zuen hartu eta gutxira. Ezin Galiako herriska batean gogoa jarri. Askoz hurbilago zeukan —zegoen gelatik zortziehun, bederatziehun bat metrora— ikastola, eta hango borrokei legio erromatarren kontrakoei baino latzagoak zerizkien.

Gertaturikoa ekarri zuen gogora hainbatgarrenez.

Hots lehor bat entzun da, bakarra, motor urrunen baten ezusteko leherketa irudi. Ondorengo isiltasuna laburra izan da, unetxo bat besterik ez; baina iraun duen bitartean, erabatekoa izan da, mundua gelditu izan bailitzan. Ikaskideen barre algarek jarri zuten dena martxan berriro. Barrezka ari zitzaizkion. Isil zitezen agindu zien irakasleak.

— Galdos, hoa komunera orain eta niregana etorri eskola amaitutakoan.

Irakasleak ez zuen batere zorrotz jokatu. Bazkaldutako babarrunen aitzakia onartu ez bazion ere, zigorrik gabe bidali zuen etxera. Areago, gelatik irtetean, irriñoa antzeman uste izan zion ezpainetan.

Harrezkero geldigabe bere buruari eginiko galdera berritu zuen beste behin, bazterturiko jostailuetan begirada galdurik: "Zergatik ni?".

Galdera airean gelditu zitzaion. Guztiz zuzena ez zelako beharbada, edo guztiz osatu gabe zegoelako, aipatzen ausartzen ez zen izena faltan zuelako ziurrenik: Etxezarretarena. Hark jarri zituen ikaskideak bere kontra. Zer zela-eta zion gorroto ulertezin hura? Zerk eragina?

Hilabete gutxi batzuk baino ez ziren elkar ezagutzen zutela eta denboraldi hartan ez zuten ia hitzik trukatu. Hura alde batetik. Eta bestetik, ez zuen berak egin gelan entzundako aurren puzkerra. Hamaika egindakoa zen Etxezarreta ere. Zergatik orduan, zergatik bera?

— Ez zara gose ala? —amak pentsamenduen haria moztu zion.

Ezkerreko eskuan artean osorik zeukan otartekoari beha ari zitzaion ama.

— Bai, oraintxe jango dut —esanez urrunarazi nahi izan zuen gelatik.

Amak ordea, ate ondoan jarraitu zuen geldirik.

— Ondo al zaude?

— Bai.

— Seguru?

— Bai.

"Ez al nau sekula bakean laga behar?", larritu zen be re kabutan. "Nire alboan pasa behar ote du arratsaldea?".

— Ba, ondo baldin bazaude, bakarrik geratuko zara. Nik Ladisenera joan behar dut egongelako kortinen bila.

— Noiz bueltatuko zara?

— Ordubete barru edo. Baina, edukiko duzu etxeko lanen bat gero!

— Jakina.

Amak logelako atea bere gibelean itxitakoan ez zen mugitu, atezuan gelditu zen kaleko atearen hotsa noiz entzunen zuen. Entzun bezain laster irten zen logelatik.

Etxean isiltasuna zen nagusi. Sukaldera jo zuen lehendabizi. Hozkailua ireki zuen. Hura arakatu eta, gustuko zerbait aurkitu ezinik, haren gaineko apalategira zuzendu zuen arreta. Txokolatea biltzen zuen paper urdin ezaguna antzeman zuen bi poteren artean. Behatz muturretan jarri eta hara luzatu zuen besoa. Hasi berria zegoen. Puskatxo bat kendu eta kausitu zuen bezalaxe ostera biltzen ahalegindu zen, ama ohar ez zedin.

Otartekoa eta txokolatea jandakoan, lehenagoko zalantzen korapiloa estuagotu egin zen bere baitan. Duda-kezkei itzuri egin nahi balie bezala, sukaldetik irten eta gelaz gela noragabe ibiltzeari lotu zitzaion. Maite zuen etxeko jabe sentitzea, ezohiko askatasun hura. Gurasoen begiradez libre, gozoa zitzaion muga eta arau falta hura. Etxeko zokorik zokoeneraino irits zitekeen, debekaturiko kaxoi eta kutxak zabaldu ahal zituen. Betiko etxe aspergarria, ezustez beteriko tokia bilakatzen zen bakarrik geratzearekin batera.

Egongelan, adibidez, telebista azpiko apalek gorderiko argazkiak zituen zain. Anitzetan ikusirik zeuzkan. Doi-doi ezagutu ahal zituen gurasoak argazkiotan, bertan agertzen zirenen eta egunero ikusten zituenen arteko aldea handia baitzen. Aitak ile luzea zeukan eta egun batzuk lehenago hildako Nirvana taldeko kantaria oroitarazten zion. Amarena ere luzea zen, baina hagitz argiagoa garai hartan, olatuz betea. Argazkia zuribeltzezkoa izan arren, ile horia zeukala eginen zuen, horia, ez oraingo ilun gorriska. Bien gibelean, auto txiki bat zuten eserleku, zenbaitetan telebistak emandako filme espainiar zaharretan ikusita zituenen modukoa.

Gurasoen logelan, halaber, hamaika gauza interesgarri aurki zezakeen. Pokerreko kartez gain, ezezagun zitzaion beste hainbat objektu; auskalo zertarako balioko zuten. Hantxe zeuden amaren jantziak ere; haien gainera irristatu zitzaion behakoa.

Horrela bada, etxeko gela bakoitza miatuta, inorentzat behar ez eta zernahi gauza biltzeko erabili ohi zen gelara iritsi zen. Han ziren hondartzan edo mendialdean pasatu igandeetako aulkiak, metalezko eta tolesgarriak, eta haiei zegokien itxura bereko mahaia. Han ziren gasa jarri aurreko berogailu elektrikoak, baita urte batzuk lehenago arte berak erabilitako bizikleta txikia ere. Haiei jaramonik egin gabe, armairu parera segitu zuen. Irekitakoan, aitaren arrantza aparailuak agertu zitzaizkion: kanabera pare bat, ia gerrirainoko kautxozko botatzar beltzak, zumezko otarra, kolore biziko amuak plastiko gogorrezko kutxatxoetan sarturik...

Plastikozko txano berde bat jantzi eta ate barneko ispiluan bere burua ikusirik, taxuz atondu zuen kasko gainean. Alde batera eta bestera okertu arren, ispiluak itzulitakoa maite ez eta txanoaren ordezko txapela beltza bekainetaraino zuela, bere itxura berria hobetsi zuen. Otar barruan aurkitu betaurreko beltzek poza areagotu zioten. Hala ere, zerbait falta zitzaion aldean. Eta zerbait haren bila arakatu zuen armairu barrukoa. Ezin deus egokirik topatu ordea. Azkenean, kanaberetariko bat hautatu behar izan zuen. Hark ez zeukan kitarra tankera handirik, baina betaurreko eta txapela beltzekin batera, Haritz lehengusuak utzi kaseteko doinu bat hortz tartean erdi marruka, erdi kantuka, rock’n’rolleko edozein izar bezain distiratsu sentitu zuen bere burua. Eta bat-batean kanabera fusil bilakatu eta harrotu egin zen, zeukan guerrillero piuraz miretsirik. Kitarra nahiz fusila, handik urrun zegoen: oihanean, Amerikako estadio itzel haietariko batean, aitamarik eta ikastolarik ez zegoen toki batean. Erasoan zetozkienenganantz fusila zuzendu, tiro egin eta dozenaka, ia ehundaka erortzen ziren berarengana ailegatu baino lehen. Kitarraren masta goitik behera erabili eta segituan entzun zuen jendetza ikaragarriaren orroa, txaloen zalaparta. Nirvanako kantaria zen.

Ez zen berehala gertaturikoaz ohartu. Hots txiki bat adituko zen apika, baina kitarraren irrintziak zein entzuleen harrabotsak aise mutuarazten zuten gainerako guztia. Mutu geratu zen bera ere zoritxarreko kanaberari so.

Ez zuen apurtu, pitzatu bai ordea.

Izerditan hasi zen. Belarriak zorroztu zituen, kanaberak zartatzerakoan atera soinua norbaitek entzun ote zuen beldur izanen bailitzan. Bere arnasa aztoratuaz gain deus ez!

Doi bat lehenago milaka lagunen aitzinean jotzen bere burua ikus zezakeen bezain argi zekusan orduan aita, haserreak aurpegia gorriturik eta berari amorruz oihuka. Izan ere, aita ez zen ez gaizto ez makurra. Aitzitik, maiz ama baino samurragoa izan ohi zen eta ulergarriagoa berarekin, urrikalkorragoa. Beharrik, bazekien-eta hura nekez barkatuko ziola. Aspaldi esana zion traste haiekin ez jolasteko.

— Armairu honen atea ez duk inoiz gehiago zabalduko —agindu zion behin—. Ez duk zabalduko, nik hala eskatuta ez bada.

Hangoa zuen aitak altxor. Irrikan egon ohi zen urtero ibai eta urtegietara berriro hurbiltzeko hilabeteak noiz iritsiko. Berak ere behin baino gehiagotan lagundu izan zuen Landa edo Elosu aldera. Haren ametsetako amuarrainaren atezuan ordu luzeak ematen zituen arreta guztia urazal nabarrean finko, harantzago bera aspertzen zen bitartean. Harrezkero herra zien baso eta mendiei eta bere burua hiritartzat jotzen hasi zen.

Estreinako ikara pixka bat baretu eta pentsatzeko gai ostera izan zelarik, suertaturikoaz aita ez jabetzeko egin beharrekoa asmatzeari ekin zion.

Urratua ez zen oso handia, aski hala ere, aitaren betiko kemenaz astinduz gero, eteteko. Eskuetan hartu orduko ohartuko zen beraz; argi baino argiago zegoen. Burutik igaro zitzaizkion konponbideak banan-banan alboratu zituen etsiturik. Hasiera batean betartea argitzen zioten asmakizun ustez zoragarri haiek, alferrikakotzat jo behar izan zituen pitin bat hausnartu eta laburrera. Azkenean, berak hartu aurretik zegoen armairuko zokora bihurtu eta pitzadura txikia ezkutaturik gera zedin antolatu zituen inguruko gauzak. Gehiago egin ezinean, otoitzean aritzea besterik ez zitzaion geratzen.

Armairua ixtera zihoalarik, artean kendu gabeko txapela eta betaurreko beltzei erreparatu zien. Arestian ez bezala, heroikoa iruditu beharrean, arrunt barregarria iritzi zion bere itxurari. Edo negargarria. Negarrerako aztoratuegia zegoen hargatik. Deblauki, ia amorruz, haiek erantzi eta armairuko ate kirrinkaria hertsi zuen.

Bere gelan bueltan, lasaitzen saiatu zen. Oheburuko mahaitxoan zegoen irratikaseta piztu zuen. Sosegatu baino, malenkoniaz bete zuen Nirvanaren musikak. Leihora hurbildu eta ireki egin zuen. Malenkoniarekin bat egin nahi izanen balu bezala, zerua goibel ageri zen, laino erasoan. Teilatu gabeak ziruditen Ariznabarra aldeko etxeek.

Dorre bateko hamahirugarren solairuan bizi ziren eta, zenbait urte lehenago, artean leihora nekez iristen zen ume mokoa besterik ez zelarik ohi zuen moduan geratu zen makurturik. Gerria leihoko ertzean bermaturik, gorputzaren erdia gela barruan eta kanpoan beste erdia, balantzaka, buruz behera, han behean igarotzen ziren autotxo eta lagun ia nabariezinengan begirada nekatua.

Jarrera hartan mundua ikusi zuen lehendabizikoan bezalaxe, orduko galdera eta zalantza berberak etorri zitzaizkion gogora: "Zer sentituko ote da hemendik jauzi eginda?".

Egongelara jo zuen aitzitik eta, han, telebista piztu eta Dragoi Bolaren esperoan geratu zen.

Atsedenaldiak izaten ziren gogorrenak. Gelan zegoelarik, ikaskidez inguraturik eta irakaslea haiei adi, babesturik sentitzen zen. Ikastolako patioan ordea, ikasgelan bezain ikustezina izanagatik, min hartzen zuen. Inork ez zion beste mutikoekin jolastea debekatu, baina haien begirada hutsa aski zen hartarako izan zitzakeen asmo guztiak ahantzarazteko. Begiradan igartzen zielako ez zutela bera ikusten. Beraz, bazter batean paratu eta bertan gelditzen zen aisialdiaren bukaera iragarriko zuen txirrinotsaren zain. Talaia hartatik, baloiaren joan-etorriei jarraitu, jokalarien deiadar eta keinu amorratuei erreparatu eta saio haietan aritu ahal izanen zuen egunaz egiten zuen amets. Istilu hartan Etxezarretaren ahotsa nabarmentzen zen beti.

Eta halako batean irakasle batek kargu hartuko zion.

— Zer egiten duzu hemen?

— Begiratu...

— Zergatik ez zara besteekin batera jolasten?

— Ez zait fubola gustatzen.

— Fubolaz aparte badituzu beste hainbat gauza: saskibaloia, pilota. Mugi zaitez! Ez zaitut zoko honetan geldirik berriro topatu nahi. Aditu?

— Bai.

Bazterretik aldendu, eta fubolean hastera zihoalako plantak egiten zituen. Irakaslea urrundu arte bederen. Gero, hura zelatan ez zegokiola ohartu ondoren, komunetara jo, haietariko batean sartu, atea txingetaz hertsi eta, besterik gabe, bertan egon zen harik eta arestian gorrotatu eta orduan irrikaturiko txirrinotsa berriro entzun arte.

Orduan baizik ez zuten ikaskideek ikusi.

— Gera hadi zulo horretan, hori da-eta hire lekua! —esan zioten hiena baten irriaz.

— Hustuta geldituko hintzen! Ea horrela ez duan gelan puzker gehiago egiten!

— Puzkerrero!, puzkerrero!

Aspalditik ez zuen puzkerrik egiten ordea. Pairatzen ari zen madarikazioaren eragile izandakoaz geroztik, ezta txikiena, arinena ere; ziur zegoen.

Puzker haren ondoren, arreta osoa jarria zion bere gorputzaren martxari. Haren hotsei. Mekanikari onak motorraren era guztietako doinuak ezagutzen dituen bezain ongi iritsi zen bere barrenenak ezagutzera. Belarriak kanpo alderantz izan ordez barnerantz izanen balitu bezala, sabel aldeko edozein hots zitzaion alarmagarri. Zer esanik ez, hots hura ziztada batek lagunduta etorriz gero. Beste edonork estetoskopioz ere nekez aditu ahal izanen zituenak, ozen entzuten zituen berak. Izendaturik ezean, sailkaturik zeuzkan. Denek larritzen zuten, denei zeritzen kezkagarri. Hala eta guztiz, bazen bat beste zernahi baino izugarriagoa zitzaiona: hesteena. Haien gurguria nabaritu eta berahala, uzki aldeko kirioak tenkatu eta izerdi batean egonen zen.

— Zer diozu? Orain arte gustura asko jan izan dituzu —ha serretu zitzaion ama, ez zuela babarrun gehiago jan nahi jakinarazi zionean.

— Urdaila zurrunbilo batean uzten didate, ama.

Babak baino izan ez baziren, beharbada semearen eskari bitxiari amore eman eta ez ziokeen halakorik berriz aurrean paratuko. Handik egun batzuetara, garbantzuak jo zituen kaltegarritzat eta, haiek biak gutxi balira, aurrerago beste hainbeste gehitu zizkion janari zitalen zerrendari. Eta horrek bere onetik atera zuen ama.

— To platerkada bete!

Salda gorriz inguraturiko babarrunak begiztatzearekin batera aditu zuen hesteen protesta. Hiriko estolderietako ur likitsak eramandako labezomorro gorpuen itxura hartu zien. Nazka. Hala ere, mutu iraun zuen, aita betarteko ilunaz eskaintzen ari zitzaion platera onarturik. Kexarik biziena ere alferrikakoa izanen zelakoan eta haren kanabera pitzatua uneoro gogoan zuela, baba pozoitsu haiek desagertarazteko biderik samurrena bilatzeari lotu zitzaion.

Banan-banan ahoratu zituen hasieran. Laster baina, era hartan bere nozitzearen luzapena besterik ez zuela lortuko oharturik, koilarakadaka ekin zion. Doi mastekaturiko baba gorriek ore potoloa osatu zuten, justu aho-sabaiari itsasten zitzaiona. Hala sorturiko pilota tankerakoa kostata jaitsi ahal zen eztarrian behera. Platerean ale bakarra —itsaso zikin uher hartan uharte irudi— geratu zelarik, mahaitik altxa eta bere norabidea hitzik gabe adieraziz, komunera oldartu zen. Atea bere gibelean itxi ahala, burua zuloan sartu eta sabeletik gora indarrez zetorkion bulkadari paso eman zion botaka.

Goitikekin batera barrenak ere bota izan balitu bezala geratu zen. Gauza bera eginen zuen handik aitzina, kaltegarri zitzazkionetariko bat amak mahairatu bakoitzean. Irentsi eta bota, irentsi eta bota.

Janariekikoa aldiz, ez zen izan gurasoek berarengan sumaturiko aldaketa bakarra garai hartan. Ordura arte astean behin besterik bainurik hartzen ez zuen beren semeak, goizero dutxatxeari ekin zion gurasoen harridurarako. Nahiz aski ulertezina iruditu, ohitura berriak zinez poztu zituen. Bazkalaurretik eskuak garbitzeko eguerdiro oroitarazi behar zitzaion hark, xaboia erabiltzeari gustu hartu, nonbait, eta hura eskuetan ikusten zuten maiz. Etengabe mozten zituen atzazalak, hainbeste non zenbaitetan odoletan uzten zituen hatz puntak. Kalera baino lehen arretaz orraztu eta distira batean ikusi arte lustratzen zituen oinetakoak.

— Zenbat bider garbitzen ote ditu hortzak! —nahasturik kontatzen zion amak aitari.

— Lasai, andrea; gaztetako kontuak dira horiek!

Urtero izaten zen arrantzaldiaren beldur. Hartarako itsua zuen aita, ametsetan ere amuarrainak ikusi ohi zituztenetarikoa. Haien gainean nolako grinaz mintzo zen aditurik, irudi luke besterik ez zuela gogoan. Eta hala zen apika, zeren amak noizbehinka aurpegiratzen zionez, amuarrainei bere familiari baino kasu handiagoa egiten baitzien.

— Ez da hainbesterako —argudiatzen zuen—. Arrantzak hilabete gutxi batzuetako asteburuak baino ez dizkit hartzen. Eta gainera, urte osoan lanez lepo ibilita, hainbeste merezi izango dut ba!

— Egin ezazu nahi duzuna —bukatzen zuen amak—, baina nik ez dizut lagunduko.

Beraz, bakarrik joanen ez bazen, semea eraman behar.

Makarrak kendu gabe, eguna argitu berria, autoan sartu eta artean esnatu gabe zegoen hiria gibelean utzirik, iparralderantz abiatzen ziren, Albina edo Ganboako urtegietarantz. Besteetan, aitak hegoalderako bidea hautatzen zuen, baso ospel batek ezkutaturiko errekara eramaten zituena. Ura oso hotz etortzen zen eta aitaren botatzarrek ere deus gutxirako balio zuten bertan aldi batez sarturik egoteko. Iritsi orduko pizturiko sutara biltzen zen orduan, haren arrimora egoten zen semearengana, eta oin izoztuak berotzen saiatzen zen, kautxozko bota luzeak erantzirik.

— Mugitu apur bat! Ez gelditu sutondoan ezer egin barik —errieta modukoa egiten zion aitak.

Mugitu, zerbait egin. Zer ordea? Sutondoan egotea salbu, zer egin zitekeen leku madarikatu hartan? Han ez zegoen ezer. Hitz egiterik ere ez, ahotsak arrainak uxatzen omen zituen-eta.

Larunbat edota igande aspergarri haietan, hamaiketakoa zuen une gozo bakarrenetarikoa. Aitak txorizoak zotz batez zeharkaturik sutara jarri eta bueltaka erabiltzen zituen. Hura usain zoragarria! Txorizo erreei zerien izerdiak beren azpiko harriak gorriztatzen zituen eta zuhaitzetako adar okerrak saihestu behar izaten zuen keak zeru-goiaren xerka. Zahatoa orduantxe altxatzen zuen aitak estreinakoz. Berak, Coca-Cola nahiago.

— Oraindik Coca-Cola...? Gizonak ardoa edan behar dik!

Hamaiketakoa bukatu eta gero, aitak berriz ere botak jantzi eta errekara jotzen zuen zuzen. Bazkalorduaren esperoan geratzen zen bera, hartarako zenbat falta ote zen kontu eginez.

Zoritxarrez, denbora ez zihoan errekako ura bezain arin, ez zen goiko hodeiak bezain agudo igarotzen. Aitzitik, amona Franciscaren ibilera geldoa zuen, urrats bat orain, auskalo noiz hurrengoa.

Bitartean, aspertu eginen zen. Sutara kizkurturik, denaz aspertuko zen, baita bere kautarako abesten zituen Nirvanaren kantuez ere.

Etxerako bueltan, egun osoko hotzak artean hezurretan, aldi bakanetan ekartzen zuten zer edo zer otarrean. Halakoetan pozez gainezka itzultzen zen aita. Bidean etengabe mintzatzen zitzaion eta inoiz harrapaturiko beste aleak aipatzen zizkion banan-banan, haietariko bakoitzarekikoak zehaztasunez kontatuz.

Amak, senarraren alaitasunaz kutsaturik, amuarraina garbitu eta gainean baratzuri zuritu berriak atontzen zituen labera baino lehen.

Hirurak afaltzera esertzen zirelarik, harrotasuna igar zitekeen aitaren hitz bakoitzean. Arrantzaren artea azaltzen zien, ihardun itxuraz arrunt hark gordetzen zituen sekretuak. Harentzat arrantza zerbait izpirituzkoa zen, ia kosmikoa. Hartan hartu ahal zitzaion norberari neurria.

Arrantzale gehienak politikoak bezain gezurtiak zirela ukatzen ez bazuen ere, argi uzten zuen berak ez zuela sekula gezurrik esan. Eta egia izanen zen, zeren anitzetan aditua zion:

— Seme, ez dago gezurra baino zera makurragorik!

Hartara, beharbada, harrapaturiko amuarrain bakoitza egoki pisatzeko eta neurtzeko bere tema. Hura burutu eta emaitzak azal berdeko liburuxkan jaso arte, ez zion pieza emazteari emanen. Ondoren, orrialde haietara bueltatuko zen eta beren mirespenean geldituko, afaltzeko gonbitea eginen zion deiaren aiduru.

Oroitze hutsak izu ikaretan jarri zuen egunetik gauza asko izan zitzaion mingarri. Etxezarretaren txantxak eta haiei barre egiten zieten ikaskideen mesprezu lerdoa baino hagitz mingarriagoa izan zitzaion Jonena. Betiko lagunminaren galerak etsipenez bete zuen. Haren adiskidetasuna egundo baino premiazkoagoa zitzaiolarik, berarengandik aldendu eta etsaien aldera igaro izateak, labanarik zorrotzenak baino larriago urratu zion bihotza.

"Ez dut ulertzen".

Ez zuen ulertzen eta bere baitako nahasmena erantzunik gabeko galderetan aletzen zuen.

"Zer egin dut nik!".

Nola zitekeen aspalditik biak hain estu lotzen zituena era hartan etetea? Zer gertatu zen benetan, ustez sendoa zen lokarria instant batean hauts bilakatu eta, sekula egon izan ez bailitzan, haren arrastorik ñimiñoena ere desagertzeko haizeak eramana bezala?

"Mindu egin ote dut oharkabean eta horregatik jarri da orain nire aurka?".

Berriki arte ez bezala, etxerainokoa bakarrik egiten zuen arren, egunero ikusten zuen Jon ikastolatik irtendakoan, hura ere etxerako bidean. Beste mutiko batzuek lagundurik, begiratu ere ez zion egiten aldamenetik igarotzean.

Zenbait aste lehenago apenas, eskolak amaitu eta elkarrekin kaleratzen ziren. Norabide berbera zeukaten biek. Huraxe izaten zuen eguneko unerik gozoena, ikastolako ordu finiezinetan hainbeste desiratutakoa. Hitzaspertu luzeak egiten zituzten, hain luzeak non, zenbaitetan bere etxera iritsi eta bertako atarian gelditzen ziren, elkarrengandik bereizi ezinik. Beste batzuetan, bere etxea atzean utzi eta Joneneraino joaten ziren eleketan, egindako bidea atzera desegiteko gero. Denetarik izaten zuten mintzagai: ikastolako kontuak edo beren familienak, bezperan telebistan ikusitakoa. Zergatik ez, politikaz ere iharduten zuten noizbehinka; Bosnian gertatzen ari zenaz batik bat.

— Serbiarrek irabaziko ditek.

Biak ala biak bosniarren aldeko sutsuak ziren. Gerraren martxari zegokionez, kontrako iritziak zituzten hala ere.

— Tristea duk, baina serbiarrak nagusituko dituk —iragartzen zion lagunari, sorbaldak jaso eta ezintasun keinua eskuaz marraztuz.

— Ez diat uste —tematzen zitzaion Jon—. Munduak ez dik halakorik ametituko.

— Bai, zera, mundua!

— Ikusiko duk! Eta bestela... Space Rangerra apustu!

Iritziak iritzi, lagunik onenak ziren. Beren solasean murgildurik, sorbaldatik elkar loturik joaten ziren maiz kalean barna. Beltz-beltza zuen Jonek ilea eta buru gibelean mototsa antzeko batean bildua. Bertan eskua pausatu eta haren lepoaren epelaz gozatzen zuelarik sentitzen zuen ezerk ezinen zituela inoiz bereizi.

Jonen familia ere ezagutzen zuen, gurasoak eta arreba txikia. Anitzetan egona zen bere etxean. Han maite zuten. Udan haiekin eramaten zuten Gasteizko inguruko herrietara arratsaldepasan. Asteburuetan izan ezik, bazkalostero Jonen amak gidaturiko auto berdean sartu eta Estibalizera joanen ziren, Murgiara edo urtegietara bestela, bainatzera. Ama eta alabatxoa eguzkipean etzanda zeudelarik, uretan jolasten ziren adiskide biak.

— Ea nork denbora gehiago burua urpean!

— Bale. Space Rangerra apustu?

Oporretako egun haiek, eskola osteko berbaldiak, haiek guztiak berritzen zituen, berari inongo jaramonik egin gabe Jon albotik igarotzean.

Amuarrain aldia martxoaren amaieran hasi eta abuztuan bukatzen zen. Hainbeste bazekien berak, amari galdetu beharrik gabe. Aitak hilabetetan antsia biziz itxarondako egunaren bezperan, arrantzarako tresnak prest zeudela ziurtatzeko asmoz, armairua irekiko zuen unea irudikatu bakoitzean beldur urduri batek hartzen zuen. Beldur hura, betartea tristetu eta hankak indargabetzen zizkion izua, Etxezarretari ziona baino larriagoa zen, jakitun baitzen, nola edo hala, handik hamar, hogei urtera, ikastolan pasatakoaz oroitu eta barre eginen zuena. Aitari egindakoa ordea, gainean eraman beharko zuen beti, eta zama hartaz libratzea ezinezkoa izanen zitzaion. Zama hura arindu aldera edo, bere errugabetasunari zirrikituak irekitzen saiatzen zen eta, hala, gezurrik esan ez ziola argudiatzen zuen berekiko.

— Seme, ez dago gezurra baino zera makurragorik! —en tzuten zuen aitaren oihartzuna.

Eta ez zion gezurrik esan. Ez zion deus esan. Baina luze gabe, gorpuak urazalera bezala, sekula baino indartsuago berragertzen zitzaion egia. Zirrikituak oro ixten zizkion egia. Ezin hari izkin egin. Bertan zuen, parean, bere inguru osoan, bekoz beko, aitari egin zekiokeen makurkeriarik gaitzesgarriena egina ziola salatzen.

Aitarengana joan eta dena aitortu, hara egin beharko zukeena.

Eta aitortzekotan egon zen anitzetan. Saiatu zenetan aldiz, lepotik heldu eta aitarenganaino ailegatzea eragozten zion zerbait nabaritzen zuen. Zegoen toki berean bat-batean irmo sustraitu eta erori arte lurrari atxikiriko zuhaitz baten traza hartzen zion bere buruari. Izu laborriaren sustrai sendoak.

Afaltzen ari zirelarik, aita amuarrainen gainean mintzatzen hasi eta berehala ahalegintzen zen hizpidera beste edozer ekartzen. Oso bakanetan aipatu zuen kanabera pitzatu eta ondorengo asteetan. Baina neguko hilabeteak aurrera egin ahala, aita gero eta sarriago aritu zen hartaz.

Behin saihesbide bat aurkitu uste izan zuen. "Aitari kontatu ordez, amari aitortuko diot". Hark jakinen zuen gertaturikoaren berri era egokian aitari ematen.

Baina halabeharrak ez zion halakorik onartu. Dena aitortzera zihoala, osaba betirako elbarri utzi zuen istripua suertatu zen.

Osaba Ritxi, aitaren anaia bakarra, osaba gazte eta berak maitatuena zen. Aitabitxia zuen gainera. Larunbatero bisitatu, goxokiak ekarri eta diru pixka bat ematen zion. Hark opariturikoa zen Space Rangerra ere.

Lantegian gertatu zitzaion, bakailaoz beteriko kutxen garraioan ziharduela, berak gidaturiko Fenwicketik erori eta ibilgailu horiak bi zangoak ebaki zizkiolarik.

Bolada batez errotik aldatu zen familiaren bizimodua. Osaba Ritxi amona Franciscarekin bizi zen. Seme gazteena Txagorritxuko ospitalean zuelarik, bakarrik ez uztearren, beren etxera ekarri zuten gurasoek. Aitak edo amak ospitalean ematen zituzten gauak, txandaka.

Istripua otsailaren hogeigarrenean izan zen, eta hurrengo hilabetean telebistako albistegian amuarrain aldiaren zabaltzearen berria entzun zuenean, doi oroitu zen aste gutxi batzuk arte hainbesterainoko larritasuna sortzen zionaz.

Gauzak ordea, astiro-astiro beren onera bueltatu ziren nolabait. Udan ondo sartuak zirelarik, laster ospitaletik irten ahalko zela jakinarazi zioten osabari. Amona ere berera itzuli zen, seme zorigaiztokoaren etxeratzea prestatzera. Garai hartako igande sargoritsu bateko bazkarian esan zuen aitak:

— Aldia amaitu baino lehen amuarrainetara joan beharko dut... behin sikiera!

Hitzok, aspaldi hartan itzalitzat zuena tupustean zuzpertu eta ordura arte bere baitako zokoren batean lozorroan izandako beldurrak iratzarri zizkioten. Egundo baino ke-mentsuago oldartu zitzaizkion.

Marrazki bizidunak izanen bailiren, aitaren kanabera aitzindari zutela, inguruan hasi ziren dantzan, mehatxagarri. Han zegoen Etxezarreta ere, ikastolako gainerakoekin batera, denak barre algara batean, berari harrika. Jendetzaren artean antzeman zuen Jon: altxaturik zuen besoa eta harri bat eskuan.

Adiskiderik gabe, zeharo bakarrik zegoen uda hartan.

— Hoa lagunekin kalera! —esaten zion amak—. Hoa Mendizorrotzara bainatzera!

Etxean gelditzen zen hala ere. Telebista aitzinean geratzen zen, besaulkian hondoraturik. Izerditan, uda deitoratzen zuen. Ohi zuenaz beste, gau batzuetan, oheratu eta, komikirik irakurri gabe, itzaltzen zuen argia segituan. Iluntasunean, beste uda batzuetako irudiak etortzen zitzaizkion oroimenera: Jon, haren familia eta bera... Landako tabernaren kanpoaldean eserita, Argomanizen, Murgian. Ezin argiago ikus zitzakeen haiek guztiak, harik eta malkoek begiak lausotzen zizkioten arte.

Baina negar gauez bakarrik egiten zuen, ez beste inoiz. Egunez, asteburuaren hurbila gogotik erauzi ezinik, telebistari josten zizkion begiak. Edo han azpian, kalean pasatzen zirenei. Gurasoak norabait joan eta etxean bakarrik uzten zutelarik, leihora joaten zen eta, gorputzaren erdia gela barruan, kanpoan beste erdia, balantzaka, buruz behera gelditzen zen. Huraxe iruditzen zitzaion munduari begiratzeko erarik egokiena, huraxe baitzen munduaren benetako jarrera: hankaz gora eta buruz beherakoa.

Eta batzuetan, bi zangoak ebakita ohean zetzan osabaz oroitzen zenetan, edo marrazki bizidunen tankerakoak ziren beldur gorriek erasotzen ziotenetan, ahaleginak egin behar izaten zituen gorputza leihoan behera lerratzen ez uzteko.

 

© Xabier Montoia

 


susa-literatura.com