Nola hasi hala bukatu
Nekatuta oheratu arren, loak ez zuen Felix Antoñana gau hartan luze hartu. Hiruzpalau bider altxatu behar izan zuen eta, gainerakoan, lo urduria izan zuen. Zazpi t’erdietan esnatu zen, iratzargailuak jo baino ordu laurden lehenago. Begiak hertsita, ohean gelditzen ahalegindu zen.
Galtzak jantzi zituen handik laburrera. Gaizki zegoen. Bere hesteen gurguria adi zezakeen, xinaurri armada oso baten pausotsa. Komunera hurreratu zen aharrausika. Txorrotapean jarri zuen burua, begimakarrak zein gaueko lokamutsen hondar mingotsak ere urak eraman zitzan konketako zulotik behera. Konketa gaineko ispiluari bizkar emanda lehortu zuen aurpegia. Bere burua ikusteko posibilitaterik txikienak ere atsekabetu egiten zuen.
Hozkailua ireki zuen sukaldean. Hura bista etsipengarria! Coca-Cola lata piloa, gazta xaflak, txorizo eta beste hainbat txerriki mota, Igorrek maite eta berak gorrotatzen zuen plastikozko janari zabor hura guztia. Ezin asma zezakeen nondik zetorkion zikinkeria haiek irensteko zaletasun demasa. Ez berarengandik, hori ziur.
— Amerikano madarikatuak! —haserretu zen lata gorriak baztertuz.
Esne botila hartu eta berotzen paratu zuen. Esnea sutan utzita, semearen gelara jo zuen. Amorruz astindu zuen komiki baten gainean abailduta lo zegoen mutila.
— Honela prestatzen al duk etsamina? Honetarako esnatu haiz hain goiz!
— Aita...
— Honela aprobatu behar duk hik, komikiak leitzen?
— Ikasten aritu naiz barren!
— Ikasten? Bazekiat nola pasatuko dugun hurrengo uda ere.
— Aprobatuko dut...
— Aprobatuko dut, aprobatuko dut, lelo ederra hirea. Hiregatik berdin zaidak, ondo merezita daukak-eta.
— Eta zuk ere bai ni bezalako semea izateagatik! Lehenago pentsatu behar zenuen!
Akabatu behar zuen, goiz ala berandu semea akabatuko zuen, fubola gogoan besterik ez zeukan seme inozo hura. Berriki arte oso harro zuen Igor jator eta maitagarria, bera minduz gozatzen zuen munstroa bilakatu zen goizetik gauera, bere etxean bizi zen ezezagun ernegarria.
— Aurpegia garbitu eta etorri gosaltzera! Berandu habil beti bezala! —zakar agindu zion, haserreari nola-hala eutsi eta gelatik irteten ari zenean.
Esneaz oroitu zen supituki. Sukaldera heldu zenerako, esnea gain egina zegoen eta zabaltzen ari zen sutegi zuriaren gainean. Egun hasi berriko hainbatgarren madarikazioa irten zitzaion garbitu beharko zuenaren aurrean. Presaka, ontzian geratzen zenaz edalontzi bat bete, apalategi gaineko gailetak hartu eta esne beroan bustitzen hasi zen.
Gailetek bere urdailean izanen zuten eraginaz kezkatu zen. Oporretatik itzuli zenetik, ez zuen hark atarramentu onik izan. Sendagilearengana joana zen —bat baino gehiagorengana—, era askotako azterketak egin zizkioten, baina inork ezin izan zion asmatu oka eginarazi eta egun osoan beherakoan zeukan gaixotasuna. Gaitz tropikalen bat omen zen, Gasteizko medikuei guztiz arrotz zitzaiena.
— Aitzakia ederra!
Tropikala ala ez, Felix Antoñana seguru zegoen hura nolabaiteko zigorra zuela. Alizia berarekin egona zen denbora osoan, berak jandakoen parekoak jan izan zituen hark ere Mozanbiken. Nola zitekeen, hortaz, hura beti bezain alai eta apetitu oneko egotea? Jainkoa, deabrua, patua, zena zela, argi zuen norbait mendekua hartzen ari zitzaiola. Eta zigorraren arrazoia ere aise asmatu zuen: bera maite zuen emakumeari, bere kuttunari egindako traizio zentzugabea.
— Igor, gosaldu eta etsaminara garaiz iritsi, aditu? —oi hukatu zion semeari atea hertsi aitzin.
Opel gorri metalizatuaren motorra martxan jarri eta bolante ondoko ordulariari begiratu zion. Berandu zebilen.
Lakuako aparkalekuan nekez aurkitu zuen tokia. Bai, berandu zebilen, oso berandu.
— Egun on.
— Egun on —zurrun ihardetsi zioten lankideek burua El Correo Españoletik altxatu gabe.
Bere mahaira eseri eta norbaitek egunkaria irakurtzea bukatu zain geratu zen. Kultura Saileko bulego hartako mahai banatan sei lagunek lan egiten zuten. Mahaiak oro nagusiaren bulegoko ateari so paratuta zeuden, baina hura ez zen eguerdia baino lehen sekula agertzen. Turismo Sailak argitaratu afixak eta Ardanzaren portreta zeuden paretetan. Buruaga zeritzan gizon txapal, betile ugariko batek bukatu zuen goiz hartan lehena.
— Laga egidak egunkaria, Antton —eskatu zion.
— Felix, zer pasatzen zaik, ez al haiz oraindik medikuarengana joan?
Erantzutekotan zegoenean, eztarritik gora zetorkion bulkada nabaritu zuen, norbaitek (jainkoak, deabruak, patuak menturaz) lepotik eutsi eta hura estutuko balio bezala. Behingoan bulegotik irten eta pasabidean barrena abiatu zen komunik hurbilenerantz. Aspaldian bere gorputzetik landa uste izan zituen bezperako arrozaren piper berdeen arrastoak ezagutu zituen goitiken ore ñabarrean. Paper zati batez garbitu zuen musua. Hatsaren mikatza aditu zuenean, berriz ere botaka hastekotan zela iruditu zitzaion amiñi batez. Baina bere soinaren kartzelatik ihes egiteko irrikan zeuden likidoek beste bide bat hautatu zuten ordukoan. Komunerako presaz, Buruagaren mahai gainean abandonatu egunkaria etorri zitzaion gogora. Txikitatik zuen komunean leitzeko ohitura —komikiak eta pornografia hastapenetan, marxismoari buruzko liburu mardulak aurrerago— eta deseroso egoten zen irakurgairik ezean.
— Zelan? Hobeto? —galdetu zion Madariagak bulegoan.
— Bai, hobeto.
Egunkaria irakurtzen jarraitzen zuten. Eseri eta gauza bera egitera prestatu zen Felix Antoñana ere. Baziren hainbat albiste leitu gogo zituenak, kirol sailekoak den-denak, urte batzuk baitziren egunkarietan besterik irakurtzen ez zuela. Baina ordukoan ere ezin izan zuen irakurketa burutu. Ordu erdi geroago, korrika batean irten behar izan zuen komunera berriz ere.
Hara egin zuen hirugarren bisitatik bueltan eman zioten amaren telefono deiaren berri.
— Ama!
— Felix?
— Zer gertatzen da?
— Aita berriro. Etorri azkar mesedez!
Hitz gutxi haiek aski izan ziren egin behar zuena jakiteko.
— Etxera noa, gero eta okerrago nago.
Antoñanaren despedidak bulegoko iharduna —egunkariak albo batera utzita, telefonoan ziharduten senide eta lagunekin egunero bezala— etenarazi ez zuen arren, ez zuen bederen bertakoek halakoetan ohi zuten keinu eta irribarre zuririk eragin.
— Zaindu zaitez, Felix —aholkatu zion bulegora sartzera zihoan nagusiak ere, pasabidean topo egindakoan.
Gaixotasunaren lehen agerraldia, Antoñana gurasoenean zegoen batean suertatu zen. Larunbata zen, eta ama arratseko mezetara joana, Santa Mariara. Aita egongelan zegoen, telebista aitzinean, sukaldean Igor eta bera.
— Felix, Felix —hots eginez sartu zen sukaldera.
Begiak aurpegitik jauzi egitera zihoazkiola, bere onetik irtenda zirudien gizon mehe kaskazuriak.
— Lasaitu aita, eta esaidazu zer duzun.
— Aitak hitz egin dit.
— Zein aitak?
— Neureak, zuen aitonak.
— Baina zer diozu? Aitona duela urte mordoa hil zen.
— Telebistatik hitz egiten dit, pantailatik.
Argi zegoen aitari zer edo zer agitzen zitzaiola. Eldarnioetan zen, erotuta itxuraz. Segundo batzuez isilik geratu zen. Pentsatzeko astia behar zuen.
— Eta zer kontatu dizu bada? —galdetu zion, ama etxeratu arte hobe zuela deus ez egitea ebatzita.
Orduan kontatu ziona anitzetan aditu behar izan zuen harrezkero.
— Zoritxarrez, nik beti susmatu izan dudana: lurrak beraiek lapurtu zizkidatela. Beraiek aitaren anaiak ziren eta, bere azalpenaren arabera, Jungitu aldeko zelai batzuk lapurtutakoak.
Kontu haiek emaztea inguruan ez zebilenetan baino ez zizkion kontatzen, amaren aurrean haren aipamena egitea familiako tabua baitzen.
Felix jaio eta artean gurasoak bizi ziren etxearen parera heldutakoan ikusi zuenak susmorik beltzenak ekarri zizkion: Udaltzaingoaren autoa bertan zegoen, hutsik eta argiak oro keinuka, motorra martxan. Urduri, aparkatzeko toki baten bila hasi zen begiradaz. Alde zaharreko karrika meharretan eta goizeko ordu haietan autoa uzteko lekua kausitzea, Igorri ikastaraztea bezain zaila izan zitekeen. Alderdi hartan buelta osoa bizpahiru bider debaldetan burutu ondoren, Poliziarenaren gibelean uztea erabaki zuen etsituta. Badaezpada, keinuka jarri zituen Opeleko argiak berak ere.
Eskailera antigoaleko zurezko mailek bere oinpean kexu egiten zutelarik urrats bakoitzean, aitaren hondar zorakeriak larria izan behar zuela pentsatu zuen: inoizko larriena.
Zorakeria hitza bere kabutarako baino ez zuen onartzen, beste edonorekin xelebrekeria erabiltzen zuen aitaren ateraldi harrigarriez mintzatzean.
— Zahardadearen ajeak dira —azalduko zion—. Mundu honetan gero eta gutiago geratzen zaiola konturatu eta orain arte bere buruari debekatu dion guztia lehenbailehen eman nahi izango balio bezala jokatzen du. Sekula ez da Gasteiztik mugitu eta orain bidaiak antolatzen iharduten du egun osoan. Ia bera baino handiagoa den atlas itzel bat erosi du eta beldurtuta ditu bidai-agentzietakoak, hara agertuz gero, ordutan edukitzen baititu galde eta galde. Geuri ere antolatzen dizkigu. Egunen batean Amerikara joan behar omen dugu, Martzelo, aspaldi ikusi ez duen bere lehengusua bisitatzera; Afrikara hurrengo batean. Eta antzera gertatzen zaio diruarekin ere. Zikoitza izan da bere bizitza guztian, baina orain, zorabioa egiten zaion bakoitzean, dirua parrastaka ematen du txanponik gabe geratu arte. Edonorekin hizketan hasten denez (ze horretan ere erabat aldatu baita, betidanik gizon isila izan dena berritsu bilakatu da seko), ba, laster sakelak garbitzen dizkio kalean ibiltzen diren pikaroetako batek.
Gurasoen etxeko atea irekita aurkitu zuen. Ezezagun zituen hainbat ahots eta zotin antzeko hotsak zetozkion egongela aldetik. Bere gibelean hertsi zuen atea.
— Felix! —poztu zitzaion ama.
Aita bere besaulkian eserita zegoen, burusi marroi batean bilduta. Ama zuen bere aitzinean belauniko, udaltzainak albo banatan. Ilea nahasita, begiak gorri-gorri, ubeldu eta odol arrastoak zeuzkan kopetan, masailetan, ezpain ertzetan, erori eta zauritu egin izan balitz bezala.
— Zer moduz zaude aita? —galdetu zion, burusiaren azpian dardarka zituen eskuetako bat bereetan hartuta. Hura ere zauriez josita zeukan.
— Begira zer egin didaten txatxu horiek!
Felix Antoñanaren begirada udaltzainengan pausatu zen.
— Kontra egin digu —ekin zioten haiek, artean eskatu gabeko azalpenari—. Lotuta eraman behar izan dugu handik.
— Nondik?
— Diputaziotik.
— Diputaziotik?
— Bai, berari ostutako lurrak eskatu omen ditu eta kasu egin ez diotenez, oihuka hasi da funtzionarioei lapur deitzen eta inguruko gauzak txikitzen. Guri hots egin behar izan digute.
— Faxistak! —oldartu zitzaien berriz ere Antoñana zaharra.
— Lasai zaitez aita, dena pasa da. Etxean zaude.
Ondoren, udaltzainengana itzuli, eta galdetu zien:
— Zerbait izenpetu behar al da?
— Ez, ez duzu ezer sinatu beharrik. Zuen eskuetan uzten dugu —ihardetsi zioten ate aldera zihoazelarik, besaulkiko gizonttoak jaurtiki irainei ihesi.
— Zoazte, zoazte torturatzaileak, zoazte zuen jabeen saria jasotzera. Txakurrak!
Poliziek aldegitearekin batera aita amiñi bat baretuko zelakoan, areago larritu zen, halakorik gertatu ordez, kontrakoa agitzen ari zela ikustean.
— Faborez, aita! —erregutu zion.
— Neure anaiek, konturatzen al zara?, neure odol berekoek lapurtu zidaten gure aitak niri utzitakoa.
— Bai, aita, hala da.
— Eta zer egiten du Justiziak? Zer egiten dute gure bizkarretik bizi diren parasito horiek?
Zaharraren kalapita gero eta ozenagoa zen, gero eta biziagoa odolaren kolorea bere begi, masail eta lepoko kirioetan. Zalantzarik ez, zerbait egiteko premia zegoen.
— Ama, eraman ezazu logelara mesedez, telefono dei bat egin behar dut-eta.
Amak besaulkitik jaikiarazi zuenean, burusi marroia sorbaldan behera irristatu eta aitaren itxura osoa ikusi ahal izan zuen: alkandora urratuta eta lohiez eta odolez zikinduta zeukan eta berdintsu galtzak ere. Astirik galdu gabe, telefono gidaren orrialdeetan bilatzeari ekin zion.
Elektroshocka eman zioten ospitalera heldu eta berehala, hainbesterainokoa zen-eta haren aztoramendua. Harainoko bidean baretu beharrean, gorantz egin zion amorruaren aparrak. Haserrearen haserrez, bere anai-arrebak madarikatzen jarraitu zuen, polizia, legegizon eta epaileak oro. Are apaizen aurka ihardun zuen, nahiz eta bera betidanik elizazulo porrokatua izan. Aitaren ahotik entzunda beste egoera batean txundituko zuten hitz haiek kezka bizia eragin zioten. Argi zuen aita bere onetik irtenda zegoela. Bere onera noizbait itzuliko ote zen ez ordea.
Ez zuen ikusi elektroshocka nola eman zioten, aita erizainen eskuetan utzi bezain laster, komuna non zegoen lotsagorrituta galdetu eta erakutsi zioten aldera abiatu baitzen ia korrika. Handik irten zenerako, ez zuen aitaren arrastorik topatu. Sarrerako erizainaz oroitu zen.
— Gora eraman dute. Nahi baduzu aulki horietako batean eseri eta nik deituko dizut handik ateratzen dutenean —lasaitu nahi izan zuen erizainak.
Hark esandakoa egin zuen, eseri eta mahaitxo baten gainean erreparatu Hola zahar bat hartu zuen. Hain urduri egon izan ez balitz, barrez hasiko zatekeen Monakoko Carolinaren laranja larruazalarekiko hura irakurtzean. Eufemismo polita. Hartan zegoelarik, ama etorri zitzaion gogora. Estu eta larri egonen zen etxean senarraren albisterik gabe.
— Barkatu berriro. Nondik dei dezaket?
— Telefono bat duzu pasabide honen amaieran. Txanponak beharko dituzu.
— Badauzkat, eskerrik asko.
Handia zen amaren ezinegona.
— Goiko pisura eraman dute —esan zion—. Mediku batekin dago orain. Trankil egon zaitez, ama, jakinaren gainean edukiko zaitut.
Gelako atea irekitakoan, haragi errearen usaina aditu uste izan zuen giroan.
— Ondo al zaude, aita?
Galdera egiten bukatu aurretik, damututa zegoen egin izanaz. Edonork ikus zezakeen ez zegoela ondo. Elektroshockaren ondorioak nabarmenegiak ziren aita deitzen zuen gizonttoarengan. Ez zion erantzun. Soineko zuri antzeko batez jantzita, begiak biraka bezala, lerdea zerion ezpain ertzetik.
Esku hezurtsua bereetan bildu eta estutu egin zion. Zalantzan zegoen ikusi ahal ote zuen. Sendagilearekin mintzatu beharko zuen.
— Bihar arte berton edukiko dugu —azaldu zion bizar gorriko sendagile gazteak—. Dena normal joanez gero, arratsalderako etxera eraman ahal izango duzue.
Horixe jakinarazi zion amari, handik egin zion bigarren telefono deian.
— Gaua pasatzeko behar ditudanak bildu eta segituan egongo naiz hor. Zuk baduzu nahikoa lan Igorrekin.
Semearen izena entzuteak eragin gogoeta maltzurrak ahanzten ahalegindu eta zuriz margotu metalezko ohean zetzanarengan jarri zuen arreta. Aitak mutu zirauen. Non izanen zuen hark gogoa, aspaldian ebatsi omen zizkioten eremuetan agian?
Agindu bezala ama laster agertu izanagatik, ospitaletik irten zenerako, iluntzen hasia zen eguna.
Opela martxan jartzean jabetu zen: bazeraman ia bi ordu komuna bisitatu gabe. Eta hartaz konturatzearekin batera beste zerbaitez ere oroitu zen: Aliziari bezperan agindutakoaz.
Autoko ordulariari so egin eta ia zortzi t’erdiak zirela ikusi zuen. Telefono bat ediren behar zuen lehenbailehen. Minutu pare bat geroago kabina bat begietsi zuen izkina batean. Haren aitzinean autoa gelditu eta galtzetako sakelñoa arakatu zuen txanponen bila.
— Kakazaharra! —irten zitzaion, zeukan txikiena bostehun pezetakoa zela ohartuta.
Ingurura begiratu zuen larriturik. Harantzago, litxarkeriak saltzen zituen dendatxo bat ikusi zuen. Gozoki batzuk erosi eta diru xehea artean esku ahurrean zeukala, kabinara sartu zen.
Ezin izan zuen deirik egin. Norbaitek kablea moztu eta telefonoa eraman egin zuen. Haserre bueltatu zen Opelera. Ostaturen batetik hots egin beharko zuen. Zorionez, Gasteizen ez zegoen taberna faltarik eta handik gertu aurkitu zuen bat.
— Beltza berezia jarri eta pasa telefonoa, mesedez —es katu zion zerbitzariari.
Alizia ez zegoen etxean. Badaezpada ere, beste bi bider osatu zuen haren zenbakia, baina guztietan bip-bip nazkantea baino ez zitzaion bestaldetik belarriratu.
"Nire zain egoteaz aspertu eta kalera joango zen", kontu egin zuen Felix Antoñanak.
Argi zegoen bolada hartan ez zuela Aliziarekin asmatzen. Azken bi hilabeteetan maiz bezala, bere kuttuna traizionatu zuen gauaren oroimenak zigortu zuen berriro. Urteroko ex-combatientesen —hala esaten zien garai batean berarekin politikan sartuta egondakoei— afariaren ondoren agitu zen. Ostatuz ostatu ibili ziren sasoi zahar eta, gehienen ustez, hobe haiek ahotan. 76ko greba orokorra aipatu zuten, Zaramagako sarraskia, langileak benetan langileak ziren —eta ez geroko ergel koadrila— urte gogoangarri eta urrunak. Gero, gin-tonic eta patxaranen dantza hastearekin batera iritsi zitzaien ezkontza eta dibortzioen txanda.
Orduantxe okertu ziren gauzak.
— Manolok utzi egin ninduen —hitz haiek erabili zituen Nekane tolosarrak, bertan bildutakoei azaltzeko urtetan bere gizona izandako Manolo Durana abokatua eta bera nola bereizi ziren.
Joan gaztetasunaren oroiminez blaituriko giroan, emakumearen adierazpenaren argiak hunkitu egin zuen. Berak inoiz ez zuen halako aitormena egiteko adina indarrik izan, lagunek oro ongi zekiten arren emazteak nola utzi zituen bera eta Igor ttikia. Beharbada, horregatik ez zion trabarik jarri, bizi zen lekuraino heldu eta Opeletik irtetera zihoazela, Nekanek besarkatu eta musuka hasi zitzaionean.
Ez zuen biharamunera arte itxaron behar izan, egin berri zuenaz damutzeko. Harekin oheratu, eta segituan madarikatu zuen bere buru alkoholizatua. Absurdua zeritzon. Zer egiten ote zuen han, maite eta desiratzen ez zuen bular eroritako andere harekin, Aliziarekin egon beharrean? Nekane masturbatu eta, semea aitzakia, ospa egin zuen handik Antoñanak azkar, eskuineko besoa artean zurrunduta zuela.
Hartan zegoen, ongiegi ezagutzen zuen bor-bor mehatxukorra aditu zuenean. Zer edo zer egosten ari zitzaion urdailean. Telefonoa utzi eta, egun hartan hainbatgarrenez, komunaren bila hasi zen.
Zuloaren gainean kokoriko zegoela, etxean zuen haxixa gogoratu zitzaion. Horixe, etxera joanen zen, haxix pixkat erre eta egun tamalgarri hartako guztiak ahanzten ahaleginduko zen. Hesteak hustu eta, burutazio hark lasaituta, ordurako sakelean beti eramaten ohituta zegoen kleenex haietariko batekin ipurtzulo oinazetua garbitu zuen emeki.
Igor ez zegoen etxean. Gasa piztu eta dutxapean paratu zen, ur beroak on eginen ziolakoan. Lasaiarazteaz gain, kaka usaina ere kenduko zion gainetik, ordurako sinetsita baitzegoen beti kiratsa zeriola.
Luze egon zen dutxan. Logelan, mustu gabeko pijama urdina jantzi zuen. Ehun garbiaren ukipenak halako hotzikara gozoa eragin zuen Antoñanaren larruazal epelean. Lehendabizikoz egun osoan aski ongi sentitu zen.
— Eta orain —hasperen egin zuen— erre dezagun!
Egongelan Igorren arrastoak igartzen ziren: zigarrokinez gainezka hautsontzia, Coca-Cola lata hutsak, Indiana Jonesen bideoak. Han egonen ez balira bezala jokatu eta argazkigintzarako trasteak biltzen zituen armairu txikira hurbildu zen. Berehala begietsi zuen noizbait filmea gordetzeko erabili plastikozko kutxatxoa. Eskuan heldutakoan konturatu zen: arinegia. Astindu eta handik inolako hotsik ateratzen ez zuela ohartzeak, betartea zimurtu zion. Estalki grisa jaso eta, halaxe zen, hutsik zegoen; han ez zegoen bere haxixaren kondarrik.
— Igor! —garrasi amorratua irten zitzaion, bakarrik zegoela ahantzirik—. Akabatu egingo haut putaseme hori!, hil egingo haut!
Sinestezina iruditzen zitzaion: bere semeak aitari, berari ebastea. Alferra izateaz aparte, lapurra ere izan behar. Hantxe ukan izan balu, bertan itoko zukeen inongo kupidarik gabe.
— Alua! —deitu zuen ukabilak estutuz, semeaz edo bere buruaz ari zenentz ongi ez zekiela.
Halako batean ordea, mutu gelditu zen. Zerbait hezea nabaritu zuen zango artean, ordurako ondoegi ezagutzen zuen hezetasuna. Eta harekin batera, dozenaka arrautza ustelduren sunda zirudienak jo zuen sudurrean. Komunerantz irten zen lasterka.
Eserita, bere oinetan zetzan pijama urdinean likido marroiska nola hedatzen zen begira, Igor madarikatu zuen berriz ere. Etsituta madarikatu zuen, indarge, nahiz eta bere urdailaren haserrea semeak eragindakoaren ondorio zuzena ez zela jakin.
Begiak hertsi zituen. Ez zuen ostera irekitzeko desiorik.
Osorik husten ari zela iruditu zitzaion. Larritu beharrean, irudipena atsegin izan zitzaion. Huts zedila, zulotik behera joan zedila bere aztarrenik ñimiñoena ere, mundu doilor hartan utzi gabe.
© Xabier Montoia