Proletargoaren malko erreak

Gaztela Gasteizen hasten zen guretzat. Bitoriyan, hobe esanda, hala deitzen baikenion Madrilerako bidean aitaren 1500 grisean noiz edo noiz zeharkatutako Arabako hiriburuari. Eskolan ikasita: Alava, capital Vitoria. Horrenbeste bagenekien. Hala ere, hiritzat baino herritzat jotzen genuen. Handia zen, bai, Tolosa antzeko bat gure orduko ustean, baina herria azken finean. Tamainaz zein itxuraz ere, Gasteizek eskas zuen benetako edozein hirik eduki beharrekoa. Edertasunari eta dotoretasunari zegokienez, barregarri geratzen zen gure Donostiaren aldean. Bizitasunari begiratuz gero, Iruñea, konparazio baterako, aise nagusitzen zitzaion. Are Bilbok, bere zatarrean ere, bazeukan zertaz harrotu. Militarrez betetako hiritxo hark ordea, zer zeukan nabarmentzeko modukoa? Vasquitos y nesquitas?

Joanean ez ginen sekula Gasteizen gelditzen. Itzultzean aldiz, Dato kaleko Goya gozotegi parean autoa martxan eta barruan ama eta anai-arrebok utzita, hara sartzen zen korrika batean aita. Lokarri urdin batetik helduta eta eskuan dilindan ekartzen zuen paketea erakusten zigun irribarre bihurriz. Osaba-izeba eta amonarentzat erosten genituen eta Tolosara orduko eramaten genizkien, Madrildik onik itzuliak ginela jakin zezaten.

Hori da, dagoeneko urte askotan bizi izan naizen Gasteiz honetaz txikitan neukan ustea.

Mundua den handia izanda eta hor zehar dauden toki ikusgarriak egonda, beraz, zerbait benetan handia behar planetako zoko honetaraino ni erakartzeko. Eta hala gertatu zitzaidan.

Izan ere, ba al da amodioa baino handiagorik maiteminduta dagoenarentzat? Bai, maitasunak ekarri ninduen, maitasun bikoitzak gainera. Manolori niona bateko eta Iraultzarekikoa besteko, nahiz bat eta bakarra besterik ez izan biak. Manolo maite nuen indar berberaz maite nituen orduan zapalduak, baztertuak, lur osoko langileak.

Garai hura gutxiestea erraza litzateke orain, egin nituenak deitoratu eta haien gainean trufa egitea. Errazegia. Horregatik ez dut egingo, horregatik eta, batik bat, damutuen zerrenda —noizbait miretsitako eta are maitatutako izen horiek guztiak— ikustearekin batera nabaritzen dudan nazka nire buruaz ez sentitzeko. Halaxe idazten da historia, nonbait. Francoren aurka ihardun omen zutenen sinestera, Francozalerik ez zela sekula egon irudituko luke. Izan baziren ordea. Ugari.

Baina jarrai dezadan nirearekin.

Ume zintzoa izan nintzen. Bost seme-alabatan hirugarrena, neskato jatortzat ninduten guztiek. Esanekoa nintzen eta ikasle ona; azkarra ez, baina bai oso saiatua. Halakoa izan naiz-eta betidanik: esanekoa. Anaia eta ahizpa zaharragoen atzetik, Donostiara behar nuen neronek ere Tolosan batxilergoa bukatu eta gero, baina, hara joan ordez, psikologia ikasi nahi nuela, Bartzelonan ikasi nahi nuela jakinarazi nien gurasoei. Zalantzan egon ziren hasieran, nire eskaera onartu ala ez onartu, baina amore eman zuten, Arantza Ormazabal nirekin etorriko zela aipatu nienean. Gure familiaren antzerakoxea zen Ormazabaldarrena ere, tolosar petoak eta dendariak, geu bezalaxe. Haiena janari-denda zen, oihal eta jantziak saltzen ziren gurean.

Egia esateko, erabat ahaztuta daukat nola edo zer zela medio bururatu zitzaidan Bartzelonakoa. Arantza Ormazabal nahiko mozoloa iruditzen zitzaidan orduan ere eta, hortaz, ez dut uste hark nire erabakiarekin zer ikusirik izan zuenik. Gisako zerbait aitortu behar dut psikologiaz. Diploma eduki badaukat, baina inoiz ez dut ezertarako erabili izan. Bartzelonako Central Unibertsitateko ikasle nintzelarik aspertzen ninduen eta urteek ez didate erakargarriagoa bilakatu. Zerk eraman ninduen bada haraino? Dudarik gabe: ezezagunaren lilurak.

Gracia auzunean hartu genuen etxean hiru ginen: Marijo, Arantza bera eta neu, hirurok euskaldunak. Oinez egiten genuen unibertsitaterainoko bidea. Gustatu egiten zitzaigun paseo goiztiarra. Hiria, gu bezala esnatu berria, orduan hasten zen abian. Tabernak eta kafetegiak beteta egoten ziren eta, haien paretik igarotzean, kafe eta opil beroen usainak halako poz kaltegabea ematen zigun. Benetan pozgarria zitzaigun, han, bizitzak borborka ziharduen leku hartan eta ez gure jaioterri motelean egotea. Horrela bada, oharkabean pasa zitzaigun lehenbiziko ikasturtea.

Seniderik gabe, libre izateari ekin genion, gure betebeharrik funtsezkoena izango balitz bezala. Hartarako Bartzelonak bazuen zer eskaini, garai hartan batez ere, Franco hil eta urtebetera. Ozta-ozta lo egitera azaltzen ginen etxera, gainerakoan unibertsitateko kafetegian edo kalean egoten ginen, auzune gotikoan —hasiera hasieratik maitatuen izan nuena— edo Ramblas aldean.

Unibertsitatean nahiz kaleetan, politika ageri zen nonahi. Rambletan, edozein ideiari buruz hitz egiteko taldeak sortzen ziren bazterretan. Lagun pare bat elkartu, eztabaidan hasi eta berehala inguratuko zitzaien jende gehiago, eta auzian zegoenaz jabetu orduko, baten edo bestearen alde bero egingo zuten, urtetako isiltasun derrigortuaz azkenik askatzeaz ezin kontentuago, beren iritziak ahots goraz aldarrikatzen. Hitz-jario harekin mozkortzen ziren, inoiz alkohola edaten ez duena bizpahiru garagardo hartuta mozkortzen den bezain erraz. Goizetik gauera auskalo nondik irtendako alderdi, alderditxo eta sasialderdiek beren aldizkari eta panfletoak saldu edota banatzen zituzten.

Halakoei kasu gutxi egiten nien nik artean. Biztanle berri eta konplazitua ninduen hiri bukaezin eta harrigarriaren bizigarrietako bat baino ez zen politika niretzat, auzune txinatarreko mugetan ageri ziren trabestien eta prostituten antzekoa, edo uniforme zuriko marinel kaskamotz amerikarren koadrilen antzekoa, haren kosmopolitatasun nahasi, bizi eta koloretsuaren osagarrietako bat besterik ez, azken finean.

Giroan zegoen askatasun sentipen hark, dena den, neu ere kutsatu ninduen. Libre nintzen, erabat, eta libre izate horrek maitatzeko aukera ere eskaintzen zidan, eragozpenik gabe eta nahi adina.

Mikel Laboak unibertsitatean emandako kantaldi batean ezagutu nuen Manolo. Arantza eta Marijorekin joan nintzen, eta hura Manoloren koadrilakoen herrikidea zenez, Arrasatekoak guztiak, haiekin bildu ginen kantaldia bukatutakoan. Txikiteoan ibili ginen auzune gotikoko tabernetan, euskaldunon topaleku ziren haietan. Handik aurrera hasi ginen elkar ikusten. Ia konturatu gabe, gerora gure alderdia bilakatuko zenak antolatutako hitzaldi artean erdiezkutuetara joaten hasi ginenean. Manolok zuzentzen zituen gehientsuenak.

Ihardun ederra zeukan ordurako. Ahots sakon eta lodikoa zen eta bere hizkeraren sendotasun berbera antzematen zitzaien bere ideia eta sinesmenei ere. Ni baino zaharragoa zen eta, hara agertzen ginen nesken arabera, inguruko mutilik erakargarriena. Beltzarana, begi handien jabea, aurpegia bizar zaindu batek mugatzen zion. Larruazal ilunarekin kontraste bizian, bere hortzen zuria nabarmentzen zen irribarre egiten zuen bakoitzean. Ibilkera berriz (nahiz ni hartaz askoz geroago konturatu) trakets samarra zeukan, hanka eta soin luzeak zuzen mantentzeko arazoren bat izango balu bezala. Baina hura dena ezkutatzen zuen bere irribarreak, hura erakutsi bezain laster ikustezina bihurtzen baitzitzaizkion gorputzaren gainerako atalak. Irribarre hark gauez auto baten argiek intsektuak nola, hala liluratzen gintuen neskok.

Zergatik izan nintzen ni aukeratua eta ez Arantza, Marijo edo bilera haietara hutsik gabe joaten ginenon arteko beste inor, ez dakit. Galdera bera erabili izan dut nire kabutan askotan, erantzun egokia inoiz aurkitu gabe. Oraindik ere, garai hartako argazkiak aztertu eta ezinezkoa zait azalpen sinesgarririk asmatzea. Jeans eta jertse marroi zabalaz agertzen den ile luzeko neska pixka bat pottolo horrengan zaila egiten zait grazia apurrik topatzea. Kamerari zuzendutako irriñoak ezin du begiradari darion tristura puntua ezkutatu, nire oraingo ile motza, gorpuzkera argala eta janzteko gustu ustez hobea gorabehera, argazkietako neska gazte horrekin hain estu lotzen nauena, hain zuzen. Zer izan ote zen orduan?

Berari ere galdetu izan nion elkarrekin igarotako urteetan. Noizbait erantzun kunplitua eman bazidan, ahaztuta daukat. Txantxa itxuran hasieran, zakarrago denborak aurrera egin ahala, beti ahalegindu zen bere sentimenduen azalpenak saihesten. Maite ninduen eta hura omen zen aintzakotzat hartu behar nuen zera bakarra. Bere buruaz hitz egiteko uzkur ikusita, ni ere gutxi saiatu nintzen. Beldurrak nengoen. Nire galderaz gogoetan hasiz gero, ondoriozta baitzezakeen ezerk ez zuela niregan erakartzen eta hobe egongo litzatekeela beste norbaitekin.

Agian, iraultzaile handiek aldamenean izan bide duten emakume isil, nekagabe eta leiala bilatuko zuen niregan. Leninen Krupskaia, Trotskiren Lvovna. Borrokalariaren sosegua dei litekeena, esaera topikoa erabilita. Ulertzen?

Gasteizera etorri ginenerako, bolada batean hurbil samar eduki uste izandako iraultza amets urruna baino ez zen eta ezkerraren gainbehera aspalditxo hasita zegoen. Hazi ziren bezain bizkor ari ziren orduan alderdi eta mugimenduak militantez gabetzen. El desencanto esaten zioten aldizkarietan. Iraultzaren gora eta beheren berri bagenekien arren, nahikoa etsituta geunden geu ere. Unibertsitatea osoki menperatzen zuten komunisten —sasikomunistak deitu beharko nituzke, gure ustetan geu ginelako benetako komunista bakarrak— amarruez nazkatuta geunden eta, gainera, ordura arteko kamaradek banan-banan aldegiten ziguten. Lana aurkitu, dirua irabazten hasi eta ahaztu egiten zitzaizkien urtetako printzipio sendoak. Beste batzuk, langileriaz etsituta, lunpenarekin batu eta heroinak harrapatuta geratu ziren. Euskal Herriak soilik jarraitzen zuen borrokan.

Horregatik etorri ginen. Gu ere euskaldunak ginen eta, nahiz eta geure burua internazionalistatzat hartu, hemengo langileen gatazka beste inongoa baino gureago genuen nolabait.

Kosta egin zitzaigun lana aurkitzea. Manolo, bere zuzenbide ikasketak medio, ccoon sartu zen abokatu. Ni, Dulantziko bakailao lantegi batean hartu ninduten, goizeko txandarako.

Goizeko bost t’erdietan jaiki, gosaria irentsi, bezperan prestatutako hamaiketakoa besapean hartu eta korrika abiatzen nintzen autobusa itxaron beharreko lekurantz. Kalea hutsik egoten zen, artean ilunpean, hotz.

Autobusean sartu orduko, bakailao kirats gorrotatua aditu eta hark eragindako higuinari eutsi behar izaten nion botaka ez hasteko. Isilik joaten ginen langile guztiak. Irratiari zerion albisteen marmar zurruna baino ez zen entzuten. Eguneko lehen zigarreta pizten nuen orduan eta gogoa haren zapore mingotsean jartzen ahalegintzen nintzen. Harantzago, iluntasunean keinuka ari ziren beste puntu gorrien atzean, lankideen gorputz jadanik nekatuei erreparatzen nien.

Gehienok emakumeak ginen. Jasogailuak erabili, Fenwicka gidatu eta kamioiak zamatzen zituzten gizonezko batzuez aparte, emakumeak ginen gainerako guztiok. Bata berdea eta kolore bereko zapia buruan jantzi behar genituen lantegian. Plastikozko eskularruak ere ematen zizkiguten, baina gatzak eta arrainen hezurrek arrakalatu eta eskuak zauriez betetzen zitzaizkigun agudo. Laztu egiten zitzaizkigun, maskurtu.

Zenbait gazte izan ezik, edadetuak ziren hango emakumeak. Senar eta seme-alabez iharduten zuten, kexuka askotan. Edo bestela, etxean egin nahi zituzten aldaketa eta berrikuntzez amets egiten zuten. Printzesa eta zinemako izarren bizimodua miresteko beti topatzen zuten betarik.

Politika ez zuten ezta kasualitatez ere aipatzen. Ez bakarrik politika handia, telebista eta egunkarietan noiznahi agertzen ziren ahozuri korbatadun haiena, ezta bestea ere: txikia, langileak ziren aldetik zegokiena, beren eskubide eta klase interesetan eragin zuzena zeukana. Gainera, nagusia hurreratu eta lan erritmoa azkarragotzen zuten. Eta hura albotik pasatzean, ahal zuten irribarrerik zabalena eskaintzen zioten, beren hortz ustelduak erakutsiz. Tripak iraulika jartzen zitzaizkidan. Zer edo zer esatekotan egon nintzen sarri, baina Gasteizko kamaraden aholkuei kasu eginez, txintik atera gabe jarraitu nuen. Hala jokatu behar omen nuen hasierako sei hilabeteetan, harik eta probaldia igaro eta lanpostua erabat ziurtaturik izan arte. Bitartean, liburuetatik hain ezaguna zitzaidan zorioneko alienazioa bertatik bertara egiaztatzeari lotuko nintzaion.

Lantegiko bi andre datozkit gogora. Mila lehendabizikoa, berrogeita hamar urte ondo beteak zeuzkana ezagutu nuenerako. Emakume urduria, oso argala, sekula ikusi ditudan eskumuturrik meheenak zituen. Bere mugimendu biziek, aldiz, zena baino gazteagoa irudikatzen zuten. Milak seme jonkia zeukan eta zenbaezinak ziren hark emandako nahigabeak. Ia egunero izaten zuen bere Kikeren komeriaren bat kontatzeko. Antzera gertatzen zitzaion Elenari ere senarrarekin. Hark heroina maite ez, baina emaztea jipoitzea erruz maite zuen, lankideen hitzei eta aurpegia itsustzen zioten ubelduei kasu eginez gero. Eta Milak zeuzkanak baino urte gutxiago zituela bazirudien, Elenaren kasua kontrakoa zen. Nire adin berekoa nuen, baina zabartu eta zahartu egin zuten lanak, senarraren jipoiek eta munduratutako hiru seme-alabek.

Zergatik ez dun salatzen?, ausartu nintzaion behin.

Galdera behar bezala ulertu ote zuelako keinua egin zuen soilik.

Bere ordez ingurukoek erantzun zidaten: Eta umeak?

Zer gertatu behar zaie ba umeei? Baina nire kolkorako gorde nuen galdera, nola arrapostu zidaten ikusita, ez baitzitzaidan egoera behartzea komeni.

Komunistak bere lankideen begirunea bereganatu behar du eta horretarako langileetan onena behar du izan, lan gehien eta hobekien egiten duena. Burkideek emandako aholkua gogoratuz, buru-belarri segitu nuen bakailao lehor gatzatu ziztrinak kartoizko kutxetan sartzen, bakoitzean hamarna.

Eskuetako zauriena ez zen okerrena. Usaina zitzaidan jasangaitzena. Bi eta hiru bider dutxatzen nintzen egunero. Jantziak aldatzen nituen. Dena alferrik. Ez zegoen kentzerik. Edonora nindoala, nirekin batera eramaten nuen, larruazalari itsatsita. Lankideen garunetan alienazioa nola, hala sartzen zitzaidan gorputzean barrena. Sartu eta nitaz erabat jabetu. Baita nik ukitutako guztiaz ere. Ezer ez zen usain ustel sarkorraz libratzen.

Hainbesterainokoa zen, non egoera erridikuluetaraino eramaten ninduen. Katu bati ihes egin behar izan nion behin. Harrezkero, edozein katu kalean ikusi eta beste aldeko espaloira jotzen nuen, banekien-eta hura egiten ez banuen, atzetik izango nuela segituan, usnaka.

Manolorentzat ere ez zen gozoa izan. Ohean ni bilatu beharrean, niregandik ahalik eta gehien urruntzen saiatzen zen. Telebista sofa beretik begiratu ordez, ordura arte bezala, besaulki banatatik begiratzen hasi ginen. Ni neu nintzen itzuri egiten ziona. Ulertzen bainuen, nire gorputzari zerion kiratsa gerrateetako gas pozoindua baino erregarriagoa zela. Aitortu ez arren, lotsatuta nengoen. Kiratsa ezkutatu nahian, lurrin eta koloniak erabiltzen hasi nintzen, baina ahulak ziren haren aldean eta ezer gutxi ahal zuten bere kontra. Patxuli esaten dioten hori soilik izan zen bakailaoari gain hartzeko gauza. Hark berriz, gauzak hobetu beharrean, okerragotu baino ez zituen egin. Patxulia ezkero, arrazoi handiagoz saihestu ninduten ordurako ihes egiten zidatenek. Zakarretara bota nuen botilatxo hasi berria. Usain txarreko hippiea baino, usain txarreko langilea izatea nahiago.

Zenbat bider pentsatu ote nuen dena bertan behera uztea, bata berdea erantzi eta nagusi zakil haren muturrera botatzea? Baina ezin nuen. Arrazoi sendo parea neukan lantegi gorrotagarri hartan jarraitzeko. Lehena dirua, noski. Soldata txiki hura ezinbestekoa genuen. Manolorena nirea bezain urria zen, eta biok biziko baginen, bionaren premian geunden. Berastegitarrak, Manoloren familiakoak, aberatsak ziren, Circulo Vitoriano eta halakoetako aspaldiko bazkideak; Bartzelonan okertutako beren semea, ardi deslai hura laguntzeko prest zeuden. Baina Manolok errefusatu egiten zituen.

Bigarren arrazoia aurrenekoa bezain garrantzitsua zen niretzat. Nire konpromezu eta idealei zegokien. Emakume haiek, eurek ez bazekiten ere, behar ninduten. Ezin nien hutsik egin. Gaixorik zeuden eta nik baino beste inork ezin zituen sendatu. Nik banekien nondik zetozkien gaitz guztiak, zerk eragiten zizkien eta, garrantzitsuena, banekien haiek nola akabatu. Hondarrik txikiena ere deuseztatu arte akabatu.

Bakailao fabrikan jarraitu nuen beraz.

Seigarren hilabetea bukatu bezain laster erakutsi nien nire benetako aurpegia. Artean ezagututako neska isil baina atseginaz deabrua jabetu izan balitz bezala, eskubide, sindikatu eta borrokez hitz egiten hasi zitzaien halako batean. Katua nintzelakoan, tigrea nintzela ohartu ziren goizetik gauera. Eta ikaratu egin ziren, jakina. Ezin nuen ulertu nola niregana lasterka hurreratu beharrean, itzuri egiten zidaten. Ni saihesten saiatzen ziren eta, nirekin mintzatzea baino beste erremediorik ez zuten bakanetan, esaldi laburrez mintzo zitzaizkidan, monosilaboez.

Baina denborarekin ohitu egin ziren nire berriketetara. Kaltegabea nintzela konturatu ziren, hau jo eta hura apurtu aritzen zen ero kaltegabea. Ez nintzen arriskutsua, hitz eta pitz ahitzen zitzaizkidan-eta indarrak.

Ez zaitu etsipenak hartu behar, aurrera segitu behar dugu, esaten zidan Manolok.

Ni kontsolatzeko hitz egokiak aurkitzen zituen beti. Rosa Luxemburg, Alexandra Kolontai eta sozialismoren alde nik baino askoz gehiago nozitutako milaka heroi anonimoak gogorarazten zizkidan eta komunista baten balioa bere sakrifiziorako ahalmenaren arabera neurtzen zela erabakitzen zuen. Nazismoaren aurka hildako milioika errusiarren eta Stalinen gulagetan suntsitutakoen oroimenak bihotz eman hasieran eta lotsatuta uzten ninduen gero. Lotsa eta damua sentitzen nituen batera eta Manoloren besoetan bilatzen nuen babesa.

Zenbat maite nuen halakoetan! Harro nengoen Manoloz. Nori eman behar nizkion eskerrak halako gizon osoa nire alboan egokitzeagatik! Seguru eta bide zuzenetik gindoazela sentiarazten zidan.

Handik hilabete batzuetara bera izan zen nitaz harrotu zena.

Harro nago zutaz, aitortu zidan, lantegiko komite sindikalerako hautatu nindutenean.

Egia osoa esateko, ez nuen kontrariorik eduki. Sindikatutako jende gutxi zegoen han, eta gutxi horiek nik hartaratuak guzti-guztiak. Papertxoa ontziratzearena ia formalitate hutsa izan zen, aukeratua ni izango nintzela erabakita baitzegoen lehenagotik.

Nola irabazi nuen ordea, ez bide zion inori axola.

Harro gaude zutaz, esan zidaten burkideek ere.

Eta egia biribila esan zuten. Loriatu egin ziren hausteskundeen emaitzak aztertuta. Gutxi ginen gu, lantegian sindikatuta zeudenak baino gutxiago, eta aitortu ez arren, harrigarria iruditu zitzaien bakailao fabrikakoek guregan ipinitako konfiantza.

Ezingo ditugu zapuztu, lan egin beharko dugu gogotik, esaten genion elkarri, orduko pozak nahastuko ote gintuen beldur.

Lan-hitzarmenaren negoziatzearekin batera iritsiko zen, azkenean, nirea ez zela erretolika edo politikakeria hutsa eta emandako hitza beti betetzen nuela lankideen aurrean argi uzteko aukera.

Aurrekoetan ozta-ozta izan zen negoziaziorik. Nagusiak deitutakoak bere goiko bulegoan hartu, agiria parean jarri eta, besterik gabe, sinarazi zien. Eta ondoren, ardo goxoa edanez ospatu omen zuten. Nire txanda heldutakoan, zin egina nion nire buruari ez nuela halakorik onartuko.

Neguko azken elurtearen egunean hots egin zidaten goitik. Ikaragarrizko gorpuzkera zeukan nagusiak, handikotea eta burusoila. Botila ikusi nuen bere eserleku atzeko apaletan. Dena betiko moduan joango zela espero zuen, argi eta garbi. Nirekin jai daukak!, aldarri egin nion nire artean.

Besterik gabe sinatuko dugula uste baduzu, oker zaude!, esaten ausartu nintzen bat-batean, nahi baino ahots ozenagoaz.

Ez dakit nola ez nintzen kikildu. Nire hitzak entzun eta berehala begiak iltzatu zizkidan, eskuak urratzen zizkiguten arrain hezur zorrotzen moduan, garunaren mintzak zulatu eta zeharkatu izan balidate bezala. Negoziatzeko nire asmoak aditu eta espantuka eta oihuka hasi zen. Gora eta behera mugitzen zituen besoak, astindu bortitzez. Mahaiaren kontra jo zuen eta alboan zuen kikara lurrera bidali. Kafeak paperak busti eta zikindu zizkion. Orduantxe lehertu zen.

Alde hemendik!, garrasi egin zidan, itotzeko zorian egongo balitz bezala gorri-gorri jarri eta bere onetik aterata. Alde behingoan nire fabrikatik!

Oskarbi zegoen kanpoan. Eguzkiaren argia errepide alboko zelai eta soro elurtuetan islatu eta begiak mindu zizkidan. Triste, kezkatuta egon beharko nukeela uste banuen ere, Gasteizera eramango ninduen tren geltokirantz nindoala, kolkoan pozezko bulkadak nabaritzen nituen. Burgestxikikeriak ziren, nolabait adierazteko, baina nire alaitasuna barne-barnetik sortua izanik, nekez uxa nezakeen gogotik. Kantari ari nintzela ohartu nintzen. Nahikoa kantu inozoa gainera, kolejioko moja moderno batek kitarraren laguntzaz abestu ohi ziguna. Kantu egokiagoren bat topatzen ahalegindu nintzen, himnoren bat edo Silvio Rodriguezen zoragarri haietako bat behinik behin. Baina kantu txoropito hark, oinetakoaren zolan itsatsitako txikle temosoaren gisan, ez ninduen inolaz ere utzi nahi.

Manolok iragarri bezala, nagusiak berriz hartu behar izan ninduen. Etxera hots egin zidanean, ez nengoela eta aurreko egunetan ere ez nintzela handik agertu, gezurra esan zion Manolok.

Aste osoa pasa nuen lanera gabe. Agertu nintzenean, uste baino harrera hobea egin zidaten. Alde batetik, nagusiak —damututa ez baina beharbada pixka bat arduratuta— ezer pasatu izan ez balitz bezala jokatu zuelako. Bestetik, lankideak gertatutakoaz jakitun, ezberdin begiratzen hasi zitzaizkidalako. Etxean geratu nintzen aste eskas hartan hazi egin zen nire itzala. Herriko neskatoak bahitu eta biztanle guztiak izuturik zeuzkan herensuge alimalekoa suntsitu zuen zaldun beldurgabea nintzen haientzat. Nirekiko mirespena atsegin nuela ez dut ukatuko. Lanera itzuli nintzeneko egun hura dexentetan gogoratzen zait oraindik: nolako barre algarak egin zituzten lankideek, nagusiaren kontura hartu nuen astebeteko oporraldia zela-eta.

Azkarregi ari ginen jabearen lepotik barrezka. Luze gabe ikusi ahal izan zenez, herensugea bizi-bizirik zegoen.

Horrenak ez ditun kontu garbiak, laburbildu zidan Manolok.

Negoziazioan ari ginen bete-betean eta nik kontatutakoak zein emandako paperen azterketek ondorio horretara eraman zuten. Bere ustez, krisiaren aitzakiatan, langileon erdia baino gehiago (zaharrenak seguruen) langabeziara bidali eta makinak jarriko zituen haien ordez. Berritze industriala deitzen omen zuten.

Eta gainera Gobernuak dirua emango die!, kexatu zen.

Kale gorrian geratu nahi ez bagenuen, zer edo zer egin beharrean geunden. Halaxe azaldu nuen nik ere batzarrean. Baina ez zidaten ulertu edo, hobe esanda, ez zidaten ulertu nahi izan. Beldurtuta zeuden.

Greba egitea baino ez zaigu geratzen, esan nien sindikatuaren egoitzako bileran.

Larunbata zen eta txanda biak ginen bertan, goizekoa nahiz arratsaldekoa. Bozketan gehiengoa nire proposamenaren alde agertu bazen ere, oso tarte txikiaz izan zen, txikiegiaz aukeran. Botoak zenbatu eta segituan konturatu nintzen greba hura ez zela sekula egingo.

Nagusiak laster izan zuen langileon duda-muden berri. Negoziazioetan igartzen zitzaion. Oilartuta zegoen berriro. Azken bolada hartan ia ahaztuta genuen muturbeltz harroa itzuli zitzaigun bileretara. Haizea alde zuela ondo zekien.

Bulegoetatik jaitsi eta lantegian aurkitzen nuen giroak, ordea, nagusiaren ahoberokeriak baino askoz gehiago kezkatzen ninduen. Gero eta eroriagoa sumatzen nuen nire armada, goiko munstroa borrokatu behar omen zuen nire armada elbarria. Banan-banan begiratu eta gehienengan aurki nezakeen gutxienez historia triste bana. Historia haiexek elbarritzen zituzten. Zama astunegi haiek bizkar gainean eramanda, oso zaila zitzaien burua altxatzea. Ezindurik zeuden beste edozertarako. Burumakur ibiltzea besterik ezin zuten, itxuraz.

Gure ametsetako langileengandik, irakurgai genituen liburuetako langile harro, argi eta jakintsuengandik inguruan nituenenganainoko tartea handiegia zen ez nabaritzeko. Itsu egongo nintzen, baina ez hainbeste. Eta halakoetan, aurrez aurre neukan ikuskizun etsigarriak bortxaz jotzen ninduela, amorrua sentitzen nuen gorputzeko kirio bakoitzean.

Esna zaitezte!, hots egingo nien, ireki itzazue begiak! Libra zaitezte kate astun horiez! Libra zaitezte zuen gizonez! Libra zaitez bizitzen uzten ez zaituen seme kirten horretaz, Mila! Libra zaitez kolpe eta ostikoak besterik ematen ez dizkizun senar alfer eta bihozgabe horretaz, Elena! Moztu-iz kiozu barrabilak!

Baina ez nien tutik esan.

Goiz batzuetan, zegozkidan ordu sindikalak profitatuz, fabrikatik aldegiten nuen. Hamarretako trena hartu eta, sindikatura joan behar ezean behintzat, paseatzeko erabiltzen nituen.

Egin erosi eta kafetegi batean eseritzen nintzen, hura leitu eta bigarrenez gosaltzeko. Nola gozatzen nuen gosari berantiar haietan. Bost edo sei ordu lehenago eduki ezin izaten nuen patxada hartzen nuen orduan. Egunkaria zein gosalondoko zigarreta muturrez mutur bukatu arte ez nintzen altxatzen. Udaberriko eguzkiaren laztanaren xerkan abiatzen nintzen gero, kaleko alderdi ospelak alboratuz eta egutera bilatuz beti. Hala ematen nituen orduak bueltako trenaren tenorea heldu bitartean, denbora igarotzeaz aparte beste asmorik eta norabide zehatzik gabe.

Goiz haietako batean ikusi nituen elkarrekin lehen aldiz.

Sindikatura joan behar nuen, paper batzuk eramatera. Eseri, kafea eskatu eta orduantxe konturatu nintzen paperak etxean ahaztu zitzaizkidala. Paperen bila itzuli nintzen, beraz. Etxe ondoan nengoela, Rosa Anitua ikusi nuen handik irteten. Gona motzeko traje grisa zeraman, galtzerdi beltzak.

Oraintxe pare-parean edukiko banu bezala gogoratzen dut. Urdaila estutu zidan korapiloa egin zitzaidan. Eta areago trinkotu zen korapiloa, Manolo ikusi nuenean burgeskume txoropito hura atetik keinu fribolo batez agurtzen. Garrasi egitear nengoela iruditu zitzaidan, botaka hasiko nintzela.

Segundo gutxi batzuetan asmatu nituen hamaika aitzakia eta azalpen, zein baino zein hutsalagoak. Aspaldiko ezagunak zirela banekien, Manolok berak aipatua zidan-eta, nola zenbait urte lehenago haurdun gelditu eta haren familiak korrika eta presaka ezkondu egin behar izan zuen, nola dibortziatzekotan zegoen...

Baina nengoen bezala egonda, argi neukan munduko aitzakia guztiak alferrikakoak zirela Manoloren traizioa —ni ri zein bere ideiei eginikoa— zuritzeko.

Nire lankideengandik oso gertu sentitu nintzen, ordura arte sekula ez bezala. Haietako beste bat nintzen, teoria edo beste edozein motatako babesik gabe, larrugorritan, haiek bezain ahul, errukarri eta minbera. Areago, nire ustezko jakintza barregarria iruditu zitzaidan une hartan eta lotsatu egin nintzen. Eta hartaz jabetzearekin batera, jabetu nintzen Elena nintzela. Elena eta Mila nintzela, eta Adela eta Rocio eta Paqui, penatzeaz hainbeste zekiten emakume haiek guztiak batera. Haiek jasotako jipoiek mintzen ninduten ni ere, haiei egindako mesprezuek. Eta berriro lotsatu nintzen. Haiengatik eta niregatik lotsatu aldi berean.

Lortu nuen azkenean langilea izatea, benetako proletarioa. Baina horretarako ordaindu beharreko prezioa, ikasi berri nuenez, liburuek eta alderdikideek esandakoa baino handiagoa zen, askoz handiagoa.

 

© Xabier Montoia

 


susa-literatura.com