Atea ustebakoan

Iluntzen hasia dago. Eta hala ere egun osoko sargori itogarria beti bezain astun jausi da hiriaren gainera. Giroan ez da brisarik txikerrena ere sumatzen.

Zapateria kaleko El Sotano tabernan daude Kike eta Cantero. Hemen daude, ez hau soto hezea izanik kanpoko sapaz libratzearren, egunero berton biltzen direlako baino, sekulan eguraldiari ardura ipini barik. Hotz zein bero, hauek biek gutxi aldatzen dute euren bizimodua: aldizkako bisnesen arabera antolatzen dute harakoa edo honakoa. Osterantzean, asteko edozein egunetan tabernan sartu eta hementxe ikusiko dituzu, bazterreko harrizko jesarlekuetan, pitxer bete garagardo bana eskuan eta lantzean behin baino ez berbetan.

— Hi motel, aipatu ez zidatek ba lehen, eguerdian, Alavesko presidentea goleatzaile frantses bat ekartzekotan dagoela eta Marseillara joana dela! Horixe bakarrik falta genian.

— Hi, ba niri ez zaidak gaizki iruditzen.

— Zer?

— Zer esango diat ba... Beste batzuei ondo joan zaiek atzerritarrekin. Bestela begira poloniar horiek guztiak zein ondo aritu ziren iazko ligan.

— Bai, baina poloniarrak poloniarrak dituk eta frantsesak frantsesak.

— Hala duk, dudarik gabe.

Berba gutxi behar dute hauek elkar ulertzeko. Duela bizpahiru urtetik hona baino elkar ezagutzen ez duten arren, dagoeneko makina bat nahastetan ibiliak dira. Cantero soldaduzkan egongo zen lehenengoz topo egin zutenean. Ederto moldatzen hasi ziren, eta lizentziatu ostean bere sorterrira itzuli ordez, Canterok gustua hartu zion nonbait Gasteizko neguaren izotzari eta bertan geratzea erabaki zuen. Harrezkero erdi bana dastatu dituzte saltsa guztiak.

— Hik nahi duana esango duk, baina niri frantsesarena ez zaidak batere gustatzen.

— Oraindik horri bueltak ematen ari al haiz? Zer edo zer kontatu beharko diat, bestela lelo horrekin jarraituko duk neu nazkatu arte.

— Ba, ea zer kontatzen didaan.

— Atzo txortan egin nian...

— Norekin? —Kikek ez zuen halakorik espero.

— Hik ez duk ezagutzen...

— Eta hori nola dakik hik? Esaidak nola duen izena eta ikusiko diagu.

— Nieves.

— Nieves?

— Ez al diat esan ez duala ezagutzen!

Jaiak oraintxe igaro berriak, hiria erdi-hutsik geratu da eta tabernazulo honetan ere ohi baino jende gutxiago dabil. Barraz harantz dagoen tabernariaren koadrilako laguna kenduta eta kantari diharduen Lou Reed, eurak dira bezero bakarrak. Oraingoz.

— Eta?

— Nola eta?

— Ea zer moduz joan zitzaian.

— Zakila odoletan utzi zidaan...

Sartu eta behingoan ikusi dituzte. Bi dira. Bat ilegorria. Ezagun dute kanpotarrak direna. Barrara jo dute artez, Heineken hotz bana eskatu eta, botilak eskuan, inguruari begira hasi dira: paretako hiru posterrak, komuneko ateak, bafleak. Pozarren dirudite. Doinua oinka segituz, berton daudenak aztertzen dituzten bitartean. Txistuka eta eskuaz izterrean erritmoa eramanez. Aspertu arte. Eta orduan Cantero eta Kikeren aldamenean jesarri dira, orain Kike eta Canteroren antzera, barrarantz begira eta mingaina lotuta. Tabernari erretxinak eta bere lagunak laser izpizko begiratua bota die laurei instant batez. Ez da ezer jazo. Ez zuen ezer jazo beharrik.

Canterok sorots egiten die ezezagun biei, ilegorriari eta kanperak daroatzanari. Ke botaka dihardute, hodei potoloak eragiten. Erretzeko gogo itzela egin zaie eurei ere eta zigarreta bat eskatzeko dago Cantero. Kike ausartu da ordea.

— Camel, hi! Eskerrik asko.

— Hi, txokolaterik-eta izango duzue hemen ere —galdetu dio ilegorriak.

Nondarrak diren ezin jakin justu-justu, baina ingurukoak ez, seguru. Berba egiteko erak salatzen ditu.

— Ba bai, zerbait izaten duk. Ez asko. Badakik. Pasatzeko guk ez, baina kontakturen bat edo bai.

— Geuk ere badiagu pasatzeko —botadun harroxkoak— eta nahi baduzue...

— Beharbada bai. Ez zakiat. Zer moduzkoa duk? —inuzentea da gero Kike batzuetan.

— Kristorena! —andaluziarrak dira hauek seguru—. Probatu nahi al duzue?

— Tira, guk ez diagu tabakorik eta...

Arin eta erraz bildu du ilegorriak. Eskaini die isiotzeko. Benetan ari dira andaluziarrak: gozoa dago, horixe gozoa dagoela!

— Ona zirudik gero!

— Zergatik ez zian izan behar ba —botadun honek putakume samarra ematen du.

— Eta zenbat pasatzen ahal diguzue?

— Ez asko ere.

— Baina pixka bat bai?

— Talego batzuk bai.

— Eta hori baino gehiago, zenbat?

— Ez asko ere.

— Guk diru pixka bat inguratuko diagu...

— Eta?

— Ba zuek pasako zeniguketen adina edo...

— Kilo laurdena, gehienez —kosta zaio mingaina askatzea botadun honi.

— Zenbatean?

— Zer iruditzen hogeita hamabost?

— Ondo, ondo zagok. Baina noizko?

— Hi, hori zuek esan. Zuen arazoa duk.

— Ba, guk bihar arratsaldera arte ezingo diagu diru guztia lortu.

— Bihar beraz.

— Bihar, primeran. Non baina?

Paramo ostatua hiriko kale nagusi bi lotzen dituen pasabide estalian dago. Ostatuaz gain, han aldamenean badaude jantzi-denda batzuk eta tabako-denda bat, eta baita beste zenbait negozio mozkinmerke ere.

— Paramo ostatuan orduan —onetsi du Canterok andaluziarrek ipinitako zita.

Bezperan legez, gaur ere egun sargoria ekarri du. Baina Stonestik irten dutenetik eguzkia nagusi izanagatik, Paramoko atariraino heldu direnerako hodei beltzek ostenduta dago eta euria arin hasiko delako itxura hartu diote zeruari kalean dabiltzan apurrek.

— Majo bota behar dik gaur.

— Ez diat uste. Eutsiko ziok oraindik.

Cantero eta Kike legez, ilegorria eta botaduna ere zorrotz agertu dira behera: zazpietan.

— Dena al daukazue?

— Bai, noski.

— Gelara igoko gaituk orduan.

Lehen solairuan hartuta duten gelako leku gehiena ohe pareak betetzen du. Haietan jesarrita ekin beharko diote hartu-emanari.

Ilegorriak botadunaren otsein itxura dauka eta artega samar dagoela antzemango lioke Kikeren birraitonak ere. Beraz, botadunak agintzen du gaur ere. Larruzko zamarra ohe gainera bota duenean utzi ditu agerian beso gihartsuak eta eskuineko bizepsean gora eta behera eragiten duen Betisko ikur tatuatua.

— Pozik egongo zarete Betisekin aurten —Cantero ona da izotza urtzen.

— Hurrengoan liga lapurtuko diegu Barça eta Real Madridi. Eta Sevilla bigarrenera! —harroputza da gero botaduna.

— Gu berriz, beti bigarren edo hirugarren mailan —ez dakit non ikasi duen Kikek ergelarena hain ederto egiten.

— Goleatzaile on bat fitxatuko bazenute... —ilegorri honek izorratzeko gogoa dauka, antza.

— Bai, goleatzaile frantses bat, ezta? —Kikek muturra apurtu behar dio.

Noizbait gorri izandako ohe estalkien koloreak, aje egun batzuetan berak botatako txahalarena ekarri dio Canterori gogora. Patrikatik billete mordoa atera du eta aurrean duen bikote malapartatuari erakutsi.

— Joan den astean saldutako kitarra zaharrak balio izan ziguk zerbaitetarako —gezurra galanta.

Diruak ederto ikusi dituztela begiradaz ziurtatu eta patrikara sartu ditu ostera Canterok.

Antzera jokatu dute saltzaileek ere. Ilegorriak ohepetik plastikozko zorro urdina atera, apur bat zabaldu eta eurengana hurreratu du, barrura begira dezaten keinua egingo balu legez.

— Eta hau ere joan den astean egon duk moroan —bi zepsko tatuajeak esan duela iruditu zaio Kikeri.

Zorro urdinaren barruan zilar paperetan bildutako bost puska zenbatu uste izan dituzte.

Trukatu dituzte zorroa eta dirua. Banan-banan bost puskak aztertzen hasi da Cantero, eta zilarrak erantsi ostean burua makurtu, altzoan duen haxixa usaindu eta isiogailuaz apur batean erretzen ipini du. Sudurrera eraman dizkio eskuineko atzamarrak Kikeri. Bere birraitonak ere antzemango lioke haxixa benetan ona dena.

— Hogeita bost, hogeita hamar, hogeita hamabi, hogeita hamalau eta hogeita hamabost. Dena primeran.

— Denok konforme —ozen iragarri du orduan Canterok.

Eta bat-batean gelako atea ustebakoan zabaldu dute ostiko indartsuz.

— Polizia! Denak lurrera! Agudo!

Hiru lagun dira deiadarka sartu direnak. Uniforme barik. Pistola bana eurengana arteztuta. Berba, oihu, keinu eta mugimendu bakoitzak argi adierazten du, behar izanez gero behintzat, tiro egiteko ez direla duda-mudatan ibiliko.

— Lasai, lasai! —harrokeriak amaitu zaizkio botadunari.

— Ez tira, ez tira! —Kikek.

Inork ez die kontrarik egin. Agindu moduan paratu dira laurak ahuspez eta isilik. Kanoipean beti, polizietarik bat miaka hasi zaie.

— Ezta puzker bat bera ere! —garrasi egin die beste batek, patrikak husten dizkiela.

— Zertarako behar dituzue jostailutxo hauek? —adarra jo diete andaluziarrei, idoro berri dizkieten laban automatikoak erakutsiz.

Saltzaile gizajoak izerditan blai daude. Tantaka dauka sudurra ilegorriak.

— Atzazalak hauekin mozten al dituzue? —Betisko ikurrean ziztatu diote labanetako bat botadunari.

— Etxetik urrun zabiltzate, ezta? —ostera miaketa egin duenak, lurrean dautzanen nortasun agiriei begira.

— Han behean ezin diagu abuztuko beroa eraman —au sartu da ilegorria. Antza denez, muturra apurtzeko eskatzen ari da berriro.

Eta ostikoak bete-betean harrapatu du sabelean.

— To!, gurekin hain azkarra ez izateko —barrezka orain poliziak.

Botaduna geldi; bihurrika ari da lurrean ilegorria, samin ulu batean.

— Isil hadi memelo hori! —hurrengo ostikoak odol jarioz tindatu dio aurpegia. Eta isildu beharrean, ozenago bilakatu da piztia zaurituaren deiadarra.

— Isiltzeko esan diat. Akabatu egingo haut bestela.

Ilegorriak eragindako istiluaz baliatuta, atera jo dute Cantero eta Kikek. Arineketan irten dute eta jauzi batean jaitsi dituzte eskailerak, atzera begiratu bakar bat egin barik.

— Geldi edo tiro egingo dut! —polizia batek.

Baina esan duenerako galdu dituzte bistatik. Galopan segitu dute kaleraino, eta orduan ere ez diote korrika egiteari utzi.

Paramo ostatuko pasabide estalian trumoi hotsaren antzeko eztanda entzun da. Dardarka ipini ditu dendetako kristalak. Eztanda gehiago entzun dira gero. Baina ez dira gelditu euri tanta lodiak erortzen diren kaleetatik barrena.

Kike eta Cantero izan dira heltzen lehenak. Kaseta martxan ipini dute eta zigarreta bana isiotu.

— Nondik atera duk Camel hori?

Sofan jesarri dira musika hasteaz bat. Izerdi patsetan daude. Alkandora mela-mela eginda, sofaren plastikozko bizkarraldeari itsatsita.

— Hi, aizak, atzo ez huen neskarena kontatzen bukatu.

— Zein neskarena?

— Nieves horrena, zakila odoletan utzi zianarena.

— Zakila odoletan, bai horixe! —barrez hasi da Cantero Kikeren harridura aurpegia ikusita.

Lagunari azalpena zor diola erabaki du.

— Egia esateko, ondo baino hobeto zakik puta horrek larrutan. Gutxitan topatu diat hori bezalako artista ohean. Sekulakoak egin zizkidaan. Dena ondo joan zuan, zakila ahoan sartu eta hari gora eta behera ekin zion arte. Hasieran primeran, baina halako batean min itzela nabaritu nian zakilburuan, laban batek ebaki izan balit bezalaxe. Begiratu eta, bai, odoletan neukaan. Hark ere gorri-gorri zeuzkaan ezpainak. Orduantxe aitortu zidaan: hortzak gezurrezkoak ziren eta haiek lotzen zituen burdinak ebaki zidaan katxarro...

Ezin esaldia amaitu. Kike barre zantzoka dago.

Hala topatu dituzte Txema, Jose eta Markosek, algaraka, pozez zoratzen eurak ere, ailegatu direnean.

— Kristorena hi, kristorena!

Txema mardakoteak botadunari kendutako zamarraren barnepatrikatik pistola atera du, aurreko mahaitxoaren gainean paratzeko. Detonadora esaten dioten horietakoa da. Berekin zordun zegoen bati atera zizkion halako hiru, aspaldi.

— Ederra, benetakoa ematen dik —Kikeren birraitonak oraingoan ez luke igarriko pistola benetakoa ez dela.

Gauza gehiago agertu dira mahai gainera. Markosek ipinitako hogeita hamabost milak eta Josek garraiatutako plastikozko zorro urdina.

— Hi haiz astapotroa, Txema! —errieta antza egin dio Canterok—; ilegorri gizajo hori horrela ostikatzea ere.

— Hainbesterako izan al duk ba?

Pistolak gela zokoko aulkiaren gainera jaso ditu Markosek. Kikek balantzatxo bat atera du alboko armairutik eta mahai gainean utzi. Zorroa zabaldu eta zilar paperetan bildutako bost puskak eskuratu ditu Canterok eta haiek pisatzeari ekin dio.

— Aluak! Galanta sartu nahi izan zigutek! Hauek ez dituk laurdenera iristen. Berrehun gramo pasatxo zaudek justu-justu. Espero dezagun haxixa izatea eta ez Starlux edo beste zerrikeriaren bat.

— Putakume horiek!

— Azken ostiko bat merezi zian horrek barrabilak lehertzeko —damutu egin zaio Txemari.

Baina tira, puska haietako bati apur bat kendu eta erretzeko papera atera dute. Kikek atzera bere balantzatxoa gorde eta, lagunekin jesartzera doala, leihoa zabaldu du.

— Ez zabilek inortxo ere kalean.

— Bero honekin eta bota duen euri jasarekin sugandilak ere ezkutatuko zituan.

Leihoa zabaltzeaz bat beroa, egun sargori pisua jabetu da gela osoaz. Euriak ez du ez aroa ez beste ezer freskatu.

Eta orduan, ustebakoan atea kolpatu dute indartsu kanpotik.

 

© Xabier Montoia

 


susa-literatura.com